Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2021eko uztailaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3972

176/2021 DEKRETUA, uztailaren 6koa, zeinaren bitartez udal eta/edo toki-erakunde jakin batzuei oinarrizko mailako heziketa-zikloak emateko eskumena eskuordetzen baitzaie.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak du irakaskuntzaren gaineko eskumena –irismen, maila eta gradu guztietan eta modalitate eta espezialitate guztietan–, betiere ezertan eragotzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua eta hura garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30.a artikuluak Estatuari esleitzen dizkion ahalmenak, eta haiek betetzeko eta bermatzeko beharrezko goi-ikuskapena ere.

Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak egiaztatu zuen autonomia-erkidegoko araudian emandako orientazioak oso emaitza onuragarriak lortu zituela ikasleei dagokienez, bai 1/1990 Lege Organikotik eratorritako Lanbide Hastapeneko Programen esparruan eta bai abenduaren 29ko 3/2020 Legeak aldarazitako 2/2006 Lege Organikoan (LOE) jasota dauden Hastapeneko Lanbide Trebakuntzako Programen esparruan. Gainera, lanbide-trebakuntzaz gain, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan graduatu-titulua edo lanbide-heziketarako sarbidea izatea lortu da, eta bide horietatik erdi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko aukera ere badago, laneratze hobea ahalbidetzen duen lanbide-trebakuntzara iristeko.

Programa horiek arrakasta nabarmenarekin eraman ziren aurrera, ikastetxe-sare zabal baten bidez. Ikastetxe horien artean, udal-kopuru handi baten titulartasunekoak daude. Udal-ikastetxe horiek lehendik ere bazituzten instalazioak, bai eta ikasketa horietan aritu behar duten adingabeekin lan egiten esperientzia handia duten irakasleak ere. Ondorioz, gomendagarria zen eskaintza horri bere erreferentziako tokian eustea, bai eta sektorean lanean ari ziren profesionalen ezagutza eta trebakuntza baliatzea ere.

Hezkuntza-kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren artikulu bakarreko hirugarren apartatuak aldatu egin zuen hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, eta, aldaketa horren bidez, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak sortu ziren hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren barruan, eta Hastapeneko Lanbide Trebakuntzako Programak kendu ziren. Horrek haustura eragin zuen hezkuntzaren arloan; izan ere, ordura arte, hezkuntza arrakasta handiz ari zen artatzen ikasketak arinegi uzteko arriskuan zeuden ikasleak.

Oinarrizko Lanbide Heziketa arautzen duen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorraren bidez, Hastapeneko Lanbide Trebakuntzako Programak eman zituzten toki-korporazioei baimena eman zitzaien, besteak beste, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetan Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-ziklo berrien lehenengo kurtsoa emateko, lehendik ematen ari ziren programen lanbide-profilekin bat datozen tituluetan. Horrek esan nahi zuen 2016-2017 ikasturtetik aurrera ezingo zutela ordura arte egiten ari ziren hezkuntza-jarduera egiten jarraitu.

2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak hainbat berrikuspen ekarri dizkio lanbide-heziketari, helburu bikoitzarekin: lanbide-heziketako prestakuntza-ibilbideen aintzatespen soziala hobetzea (Europako gainerako herrialdeetan bide hori aukeratzen duten ikasle-tasetara hurbiltzeko) eta irakaskuntzak malgutzea eta eduki berriak sartzeko prozesuak arintzea. Oinarrizko mailako heziketa-zikloei dagokienez, derrigorrezko bigarren hezkuntzako gaitasunak eskuratzen lagunduko dute, honako eremu hauetan antolatutako irakaskuntzen bitartez: Komunikazioa eta Gizarte Zientziak, Zientzia Aplikatuak eta Lanbide eremua. Era berean, gaitasunak garatzen lagunduko duten beste irakaskuntza batzuk ere gehitu ahal izango dira.

Gaitasunak eskuordetzeari dagokionez, 3/2020 Legeak aldarazitako 2/2006 Lege Organikoaren 8.3 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoek zenbait hezkuntza-zerbitzu kudeatzeko eskumenak eskuordetu diezazkiekete udalei edo udal-elkarteei.

Era berean, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 22.1 artikuluak dio Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunek eskumenak eskuordetu ahal izango dizkietela udalei edo beste toki-erakunde batzuei.

Ondorioz, azaldutako guztiagatik, eta Toki-araubidearen arloan indarrean diren legezko xedapenen testu bategina onartzen duen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 68.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, Eusko Jaurlaritzak, 2015eko uztailaren 27an egindako bileran, eskumena eskuordetzeko erabakia hartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eman ditzaten.

2015eko uztailaren 27ko Erabakiaren bidez, Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloak emateko eskumena eskuordetu zitzaien hala eskatu zuten udalei (erabakiaren eranskinean daude adierazita), betiere udal-erakundeak onartzen bazuen eta Hezkuntza Sailak egiaztatzen bazuen irakaskuntza horiek emateko baldintzak betetzen zirela. 2016an, udal horiek eskaera egin ondoren, otsailaren 23ko 28/2016 Dekretuaren eta abenduaren 7ko 210/2016 Dekretuaren bidez, EAEn udal-titulartasuneko ikastetxe publiko jakin batzuk sortzea xedatu zen, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak (OLHUI) emateko, 2015-2016 ikasturtetik aurrerako ondorioekin.

Gobernu Kontseiluaren 2016ko uztailaren 19ko Erabakiak 2015-2016 ikasturtearen hasierara arteko atzeraeraginezko ondorioak zituen, bai eta bost urteko epea ere, eta Aiako udalari eskuordetu zion Oinarrizko Lanbide Heziketa emateko eskumena. Aipatutako udalerria ez zegoen jasota 2015eko uztailaren 27ko Erabakiaren eranskinean.

Gerora, 2015eko uztailaren 27ko Erabakiak bi aldaketa izan ditu:

– 2017ko uztailaren 26an egindako bileran, Eibarko udalerrirako baimendutako zikloak/taldeak eta zenbatekoak aldatu ziren.

– 2018ko urtarrilaren 23an egindako bileran, hirugarren eta laugarren puntuak aldatu ziren, hartara, irakasleez gain, premia berezi jakin batzuk dituzten ikasleak artatzen dituzten hezkuntza-langileak ere gehitu ahal izateko.

Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak emateko eskumenaren eskuordetze horiek, bai 2015eko uztailaren 27ko Akordioan sartutako udalei emandakoak, bai 2016ko uztailaren 19ko Akordioaren bidez Aiako udalari emandakoak, 5 urteko indarraldia ezarri zuten, eta, epe hori amaitzean, eskuordetza iraungi egin zen; hau da, 2019-2020 ikasturtea amaitzean.

Alarma-egoera deklaratzeari buruzko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriko 1. puntuak sektore publikoko erakundeetan prozedurak izapidetzeko epeak etetea ezartzen zuen, eta, ondorioz, eskumena hurrengo 5 urteetarako eskuordetzeko dekretua ezin izan zen izapidetzen hasi; beraz, ezinbestekotzat jo zen eskumenak eskuordetzeko erabaki horien indarraldia 2020-2021 ikasturtearen amaierara arte luzatzea, Oinarrizko Lanbide Heziketako plazen eskaintza bermatzeko. Hori dela eta, aukera eman zen EAEko udalek baimendutako zikloak eskaintzen eta ematen jarrai zezaten. Luzapen hori 2020ko uztailaren 28ko bilkuran onartu zuen Eusko Jaurlaritzak.

Kontuan hartuta egokia dela zerrendan jasotako udal eta toki-erakundeetan oinarrizko mailako heziketa-zikloen eskaintza bermatzen jarraitzea, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 6ko bileran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Oinarrizko mailako heziketa-zikloak emateko eskumena bost ikasturtez eskuordetzen zaie dekretu honen I. eranskinean adierazitako udalei eta/edo toki-erakundeei; lehenengo ikasturtea 2021-2022koa izango da, eta azkena 2025-2026koa.

2.– Eskumen-eskuordetze horretan sartuta dago oinarrizko mailako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoei esleitutako zereginak egitea, dekretu honen I. eranskinean ageri diren zikloetarako (tituluak), ikastaroetarako eta eskola-unitateetarako (taldeak).

3.– Udalek eta/edo toki-erakundeek I. eranskinean adierazitako heziketa-eskaintza aldatzeko eskaera egin ahal izango dute, honako baldintza hauek metatuta betetzen badira:

a) Hala badagokio, eman beharreko heziketa-ziklo berriak oinarrizko mailakoak izatea, eta, lanbide-familiari dagokionez, udalerrian eta/edo toki-erakundean ematen denean, beste ezein ikastetxe publikotan ez ematea halakorik.

b) Hala badagokio, eman beharreko heziketa-ziklo berriak oinarrizko mailakoak izatea eta udalerrian eta mankomunitatean beste ikastetxe publiko batean ematen ez diren lanbide-familietakoak izatea.

c) Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak egiaztatzea betekizunak betetzen ote diren, dagokien zerbitzuek egiaztatu ondoren irakaskuntzak emateko eskatutako betekizunak betetzen direla.

4.– Salbuespen gisa, eskatu ahal izango da I. eranskinean adierazitako heziketa-eskaintza handituko duen oinarrizko mailako heziketa-ziklo bat planifikatzeko, jarraian zehaztutako bi egoeretako bat betetzen denean:

a) Aldi berean adierazle hauek betetzea:

– Eskatutako zikloaren eskaria askoz handiagoa izatea dagoen eskaintza baino (gutxienez 2,5 aldiz handiagoa), eta zentro eskatzailearen eskualdeko sare publikoko zentroek bakarrik ezin erantzutea eskari horri.

– Eskatutako zikloaren enplegagarritasun-ehunekoa % 75etik gorakoa izatea.

– Gutxienez 10 enpresak egiaztatu behar dute eskatutako zikloa ezarri behar dela, eta, horrez gain, ikasleak hartzeko konpromisoa hartu behar dute Lantokiko Prestakuntza modulua egin dezaten eta/edo zikloa ikas-ekinezko erregimeneko modalitate dualean egin dezaten.

b) Planifikatutako eskaintzak estaltzen ez duen eta sare publikoko zentroek eskaini ezin duten lanbide-profil baten behar espezifikoa egiaztatzea ekoizpen-ingurunean.

2. artikulua.– Eskuordetzearen zenbatekoa.

1.– Eskuordetzaren zenbatekoa II. eranskinean zehazten da, udalerrika eta mankomunitateka, zikloka (titulua), ikasturteka eta taldeka (eskola-unitateak); guztira, 37.572.593,50 euro.

2.– Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak udal eta/edo toki-erakunde bakoitzari finantzatuko dio eskuordetutako zerbitzua ematearen kostu osoa, baldin eta ikastaro eta titulu bakoitzerako ikasle-taldea osatzen bada, titulartasun publikoko ikastetxeetarako ezarritako irizpide eta orduekin bat etorrita.

3.– Eskuordetutako eskumena gauzatzeko, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak ez du langilerik eta baliabide materialik jarriko.

4.– Hasieran onartutako finantzaketa baino zenbateko handiagoko gastu-konpromisoak edo bestelako betebehar ekonomikoak hartu behar badira bere gain, dagokion gastu-baimenaren eskaera igorri beharko zaio LHko Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari, aztertu dezan, eta, hala badagokio, aurrekontu-zuzkidura nahikoa badago, dagozkion izapideak egin ditzan, Gobernu Kontseiluak baimena eman dezan.

5.– Eskuordetutako eskumena baliatuz, udalerriek eta mankomunitateak finantza-baliabide gehigarriak jarri ahal izango dituzte dekretu honetan onartutako zenbatekoez gain.

3. artikulua.– Finantzatu daitezkeen gastuak.

1.– Eskuordetutako zerbitzuaren benetako kostua kalkulatzeko, irakaskuntza horiek ematen dituzten hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko ikastetxeen gastu-irizpideak hartuko dira kontuan, eskuordetzea eman den oinarrizko mailako heziketa-zikloari egotz dakizkiokeen ondorengo gastu-kontzeptuen arabera. Era berean, apartatu honetako 2., 3. eta 4. puntuetan jasotako arauak aplikatuko dira:

– Irakasleen eta irakasle ez diren langileen gastuak.

– Funtzionamendu- eta mantentze-gastuak (FUNTZ. eta MANT.).

– Inbertsio errealak birjartzea (IEB).

2.– Irakasleen eta irakasle ez diren langileen gastuak.

Kontzeptu honetan, irakasleen eta irakasle ez diren langileen soldatei dagozkien kostuak egotziko dira, kostu sozialekin batera. Gainera, ordainketa egin dela egiaztatzen duten agiriak erantsiko dira, bai eta hartu izanaren agiria ere, ikasturte horretan ordainketarako eskubidea duten langileek sinatutakoa, eta Gizarte Segurantzako kotizazioen eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenen diru-sarrerei dagozkien egiaztagiriak.

3.– Funtzionamendu- eta mantentze-gastuak.

Kontzeptu honetan, ondorengo hauek justifikatzen dituzten fakturak egotziko dira:

a) Irakaskuntzako gastu espezifikoak: material suntsikorraren kontsumoa, material didaktikoarena, laborategiko eta lantegietako material eta energiarena, ebaluazio-materialarena.

b) Askotariko hornidura- eta zerbitzu-gastuak: garbiketa, berokuntza eta hozketa, ura, gasa, argindarra, kontserbazio eta konponketa arruntak eta higiezinetako bestelako gastuak.

c) Administrazio-gastuak: material inbentariaezinaren kontsumoa; telefono-, posta- eta telegrafo-komunikazioak; bulegoko altzarien kontserbazioa eta konponketa; erreprografia; eta beste administrazio-gastu batzuk.

4.– Inbertsio errealak birjartzea (IEB).

Kontzeptu honetan, material inbentariagarria (eskola-materiala eta ekipamendu didaktikoa) konpontzeko gastuak justifikatzeko fakturak egotziko dira.

5.– Bestelako gastuak.

Gastu hauetan, besteak beste, langileen gastuak sartu ahal izango dira. Horien artean, zeinu-mintzairaren interpreteen hezkuntza-langileei buruzkoak, ikusmen-desgaitasuna duten ikasleentzako materiala transkribatzen eta egokitzen duten hezkuntza-langileei buruzkoak eta mugitzeko desgaitasuna duten ikasleentzako hezkuntza-langile laguntzaileei buruzkoak. Dekretu honetan, ulertuko da hezkuntza-langileei buruzko ondorengo aipamen guztiak soilik hiru figura horiei buruzkoak izango direla. Era berean, gizarte-integratzaileen gastuak ere sartu ahal izango dira.

Kasu horietan, eta aurreko artikuluaren 4. apartatuak ezartzen duen bezala, Dekretu honetan kuantifikatutako zerbitzuaren benetako kostuaren gainetik salbuespenez sortzen den edozein gastu-konpromisori buruzko akordioa izapidetuko du Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak Gobernu Kontseiluari.

Era berean, aurreko artikuluko 5. paragrafoan ezartzen denez, udalerriek eta/edo toki-erakundeek baliabide propioekin finantzatu ahal izango dituzte beste gastu horiek.

4. artikulua.– Udalerrien eta mankomunitatearen baldintzak eta betebeharrak.

1.– Eskuordetzea baliozkoa eta eraginkorra izan dadin, udal eta/edo toki-erakunde interesdunak berariaz onartu beharko du, eta eskuordetzearen xede diren irakaskuntzak emateko baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da; bestela, eskuordetzea eten ahal izango da.

2.– Irakaskuntzak doakoak izango dira, eta egokitu egingo dira irakaskuntza horiek ematen dituzten ikastetxe publikoentzat indarrean dagoen araudian ezarritakora.

3.– Eskumen eskuordetua erantzukizun osoz garatuko da, udalaren eta/edo toki-erakundearen autoantolakuntzako ahalmena errespetatuz, eta hargatik eragotzi gabe hezkuntza-administrazioari dagozkion zuzendaritza- eta kontrol-ahalmenak.

4.– Eskuordetutako zerbitzua emango duen ikastetxearen titularra den udalak eta/edo toki-erakundeak kudeatuko du zerbitzu hori, dekretu honetan eta ikastetxe publikoetarako irakaskuntza eskuordetuak arautzen dituen araudian aurreikusitakoaren arabera.

5. artikulua.– Ikastetxeen kudeaketa eta ikuskatzea.

1.– Ikastetxearen zuzendaritza akademikoa eta kudeaketa haren titularra den udalari eta/edo toki-erakundeari dagokio. Irakasleak eta irakasle ez diren langileak ikastetxearen titularraren mende egongo dira soil-soilik eta ondorio guztietarako.

2.– Ikastetxeko gobernu-organoak Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuen Eskola Kontseilua hautatzeko eta eratzeko eta zuzendaria izendatzeko prozedura arautzen duen urtarrilaren 22ko 7/1997 Dekretuan ezarritakoak izango dira (urtarrilaren 30eko 10/2007 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori). Udalerriari eta/edo toki-erakundeari dagokio pertsona bakarreko gobernu-organoak izendatzea eta kargutik kentzea.

3.– Eskumenak eskuordetzan ematen dituen erakundea hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren gainbegiratze- eta kontrol-jarduera guztien mende egongo da.

4.– Hezkuntza-arloko eskumena duen sailak edozein unetan eman ahal izango ditu zerbitzu eskuordetuaren kudeaketari buruzko jarraibideak eta informazioa eskatu ahal izango du, bai eta ordezkariak bidali eta antzemandako akatsak zuzentzeko errekerimenduak egin ere. Jarraibideak betetzen ez badira, eskatutako informazioa ukatzen bada edo egindako errekerimenduak betetzen ez badira, eskuordetza eman duen administrazioak eskuordetza ezeztatu ahal izango du, edo eskuordetutako eskumena bere kabuz gauzatu, udalerriaren eta/edo toki-erakundearen ordez. Udalerriek eta mankomunitateak emandako egintzen aurka errekurtsoa jarri ahal izango da administrazio eskuordetza-emailearen organo eskudunen aurrean.

6. artikulua.– Irakasleen prestakuntza eta hobekuntza.

Ikastetxeko irakasleak hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak abiarazitako prestakuntza- eta hobekuntza-planetan aritu ahalko dira, ikastetxe publikoetako langileen baldintza berberetan, baldin eta horretarako ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

7. artikulua.– Zenbatekoak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Dagozkion zenbatekoak lau hilean behin ordainduko dira, aurretiaz, irailean, urtarrilean eta maiatzean. Ordainketa bakoitza egiteko, udalerriak eta mankomunitateak:

a) Udaleko eta/edo toki-erakundeko idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiria, zeinaren bidez egiaztatuko baita aurreko lauhilekoari zegokion zenbatekoa eman zen helbururako erabili zela.

b) Fakturen zerrenda, non adieraziko baita hornitzailearen/finantza-erakundearen identifikazioa, faktura-zenbakia, jaulkipen-data eta ordainketa-data. Zerrenda horrekin batera, fakturak eta horiek ordaindu izana egiaztatzen duten agiriak aurkeztuko dira, formatu elektronikoan edo kopia digitalizatuekin.

c) Ikastetxearen funtzionamendu-gastuak ikasturtea amaitu ondoren eta urte bakoitzeko urriaren 31 baino lehen justifikatuko dira.

2.– Era berean, ikasturte bakoitza amaitzean, eta urte bakoitzeko urriaren 31 baino lehen, udalerriak eta mankomunitateak honako datu hauek bilduko dituzte memoria batean:

– Emandako oinarrizko prestakuntza-zikloen eskaintza eta ezaugarriak.

– Irakasleen, hezkuntza-langileen (baldin badaude) eta irakasle ez diren langileen kopurua.

– Heziketa-ziklo bakoitzerako programatutako eta benetan emandako eskola-orduak.

– Ikasleen jarraipen-adierazleak (mailaz igotzen da, ez da mailaz igarotzen eta utzi egiten du).

– Memoria ekonomiko bat, gastuen eta sarreren balantzea eta eskuordetutako eskumenak gauzatzeko finantza-baliabideen azterketa bilduko dituena. Era berean, ikasturtean zehar aparteko kopuruak baimendu badira gerora sortutako egoerei aurre egiteko, une horretan aztertuko da nola gauzatu eta ordaindu.

3.– LanLanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak egokitzat jotzen duen beste edozein justifikazio-agiri eskatu ahal izango dio udalerriari edo/eta toki-erakundeari, eskumenen eskuordetzea gauzatu dela egiaztatzeko.

4.– Udalerriak edo mankomunitateak hezkuntza-arloko eskumena duen sailari itzuliko dizkio gastatu gabeko edo gastatutako zenbatekoak, dekretu honetan jasotako baldintzak bete gabe.

8. artikulua.– Eskuordetza egin duen administrazioaren ordainketari buruzko berme-klausula.

1.– Ordainketa ezarritako moduan egiten ez bada, eskuordetza egin duen administrazioak baimena ematen dio Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari, aurreko aurrekontu-ekitaldian udalei eta/edo toki-erakundeei egin ez zaizkien finantza-transferentziak atxikitzeko sistema bat adosteko ondorengo aurrekontu-ekitaldirako, eta transferentzia horiek eragindako udalari edo toki-erakundeari esleitzeko. Transferentzia hori konpentsatu egin beharko da ordaintzeko betebeharra bete ez zen aurrekontu-ekitaldiaren ondorengo ekitaldiko lehen hiru hilabeteetan.

2.– Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren erabakian zehaztuko da zein izango den atxikipenak eta funtsen transferentziak aplikatzeko prozedura.

9. artikulua.– Indarraldia eta azkentzea.

1.– Eskumenen eskuordetze honek 2021-2022 ikasturtearen hasieratik izango ditu ondorioak, baldin eta, aldez aurretik, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak egiaztatzen badu dekretu honen lehenengo apartatuaren 2. puntuan etenerako baldintza gisa ezarritako ezaugarria betetzen dela, eta 5 ikasturtez luzatuko da.

Indarraldia eraginkorra izan dadin, udaleko eta mankomunitatearen idazkariak edo kontu-hartzaileak erabakiaren ziurtagiri bat bidali beharko dio Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari. Ziurtagiri horretan jasoko da udaleko eta mankomunitatearen organo eskudunak onartu egiten duela eskumenaren eskuordetzea, dekretu honetan ezarritako baldintzetan.

2.– Modu positiboan ebaluatu ondoren eskumenak dekretu honetan adierazitako bost ikasturteetan eskuordetu izana, eta udalek eta/edo toki-erakundeek eskuordetzarekin jarraitzeko interesa dutela adierazi ondoren, dekretu hau bost ikasturterik behin luzatu ahal izango da Gobernu Kontseiluaren erabaki bidez, dekretuaren eranskinak eguneratuz.

3.– Ondoren adierazitako arrazoietako bat gertatzen bada, dekretuaren xede den eskumenaren eskuordetzea azkendu egingo da:

a) Epea bete izana.

b) Eskuordetza eman duen organoak egindako baliogabetzea, baldin eta irakaskuntza emateko arauz ezarritako baldintzak edo hezkuntza-administrazioaren jarraibideak edo zuzentarauak betetzen ez badira, eskatutako informazioa ukatzen bada edo formulatutako eskakizunak betetzen ez badira.

c) Udalaren eta/edo toki-erakundearen organo eskudunak berariaz uko egitea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 27.7 artikuluan jasotako arrazoietako batengatik.

4.– Kasu horietako edozeinetan, alde biek bermatu beharko dute heziketa-eskaintza modu ordenatuan azkenduko dela, matrikulatutako ikasleek aukera izan dezaten ikasketak ohiko epeen barruan amaitzeko.

10. artikulua.– Bost milioi eurotik gorako gastua baimentzea.

Aurrekontu-araudiak ezartzen duenaren arabera, Gobernu Kontseiluari dagokio bost milioi eurotik gorako gastua baimentzea, I. eranskineko banakapenari jarraituz.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek ondorioak izango ditu onartzen den egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 6an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala