
127. zk., 2021eko ekainaren 29a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (593 KB - 22 orri.)
- EPUB (883 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3702
AGINDUA, 2021eko ekainaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2021eko deialdia egiten da.
Bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan, ezagutzaren edozer eremutan bizialdi osoko ikaskuntzarekin lotutako ikaskuntza-ekintzak egin daitezela sustatzeko laguntzak arautu dira.
Era berean, Bizialdi Osoko Ikaskuntzaren urriaren 10eko 1/2013 Legeko 4. artikuluan aurreikusitako xedeak betetzen lagunduko dute agindu honetako laguntzek.
Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoak ekitaldi ekonomiko bakoitzean indarrean izango dituen aurrekontu orokorrak zehaztuta daudenean, programei dirulaguntzak eman edo ez erabakitzeko arauak eguneratu, berrikusi edo, hala behar badu, ezarri egin beharko dira. Zehaztugabeko indarraldia eman zitzaien dirulaguntzen kasuan, dagokien deialdia egin beharko da; halaxe xedatu baita, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan.
Kontuan izanik diruz lagun daitezkeen jardueretatik indarraldi zehaztugabea nahiz aldi baterako indarraldia izango dutenak arautu direla uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan, eta dekretu horretako 10.2 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, hots, publikotasunaren printzipioa betetze aldera, egoki den deialdia egingo du Hezkuntza Sailak. Hortaz, agindu hau eman eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharra dago.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
Agindu honen xedea da Bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzak 2021erako deitzea.
2. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Diruz laguntzekoak diren jarduerak hasi beharko dira eskabidea aurkeztu den egutegiko urtean, eta garatu ahal izango dira hurrengo ekitaldiko uztailaren 31ra arte.
3. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.
1.– Erakunde eskatzaileak behartuta daude laguntzen deialdi honek eskatzen dituen izapide guztiak modu telematikoan egitera.
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide honetan eskura daiteke: www.euskadi.eus/servicios/0051209. Fitxa horren bitartez, izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuragarri daude eta eskabide-formularioan sartzeko erabiltzen da.
2.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera eta berorri atxikitako dokumentazioa. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen erabilpena arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
Eskabideak aurkezteak adierazten du deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla.
4. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.
118/2019 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutako irizpideak betez ebaluatuko dira eskaerak, II., III. eta IV. eranskinetako eskemak oinarri hartuta.
Horretarako, uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuaren 11. artikuluan xedatzen den bezala, dirulaguntzaren eskabidearekin batera, besteak beste, proiektuan egin beharreko ekintza guztiak deskribatzen dituen memoria aurkeztu beharko da. Memoria honek V., VI. eta VII. eranskinetan jarduera-mota bakoitzerako definitutako formulario normalizatuan finkatutako eskemari jarraitu beharko dio. Formulario horiek euskadi.eus egoitza elektronikotik jaitsi daitezke, pdf formatu betegarrian.
5. artikulua.– Finantzazioa.
1.– 930.000,00 euro erabiliko dira deialdi hau finantzatzeko, beti ere Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.
2.– Hona jarduera-mota bakoitzaren zenbateko erabilgarri maximoa:
a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: 235.000,00 euro.
b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: 595.000,00 euro.
c) Esperimentazio-proiektuak: 100.000,00 euro.
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
Deialdi honen funtsen kargura honako gastu hauek finantzatu ahal izango dira: proiektuan zuzenean parte hartzen duten eta diruz lagundutako jarduera garatzeko ezinbestekoak diren langileen gastuak; eta diruz lagundutako jarduera garatzearen ondorioz zuzenean sortutako funtzionamendu-gastuak.
Finantza daitezkeen gastu guztien % 10 izan daitezke, gehienez ere, funtzionamendu arrunteko gastu; besteak beste: proiektuaren zuzendaritza-, koordinazio-, kudeaketa- eta administrazio-gastuak; komunikazio-gastuak; ura; argia; eta lokalen alokairua edo amortizazioa.
7. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.
Hona hemen jarduera-mota bakoitza finantzatzeko zenbateko maximoa:
a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: plaza eta prestakuntza-ordu bakoitzeko 7 euro gehienez; 18.000 euro gehienez jarduera bakoitzeko.
b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: gehienez ere 35.000 euro, 12 hileko zerbitzuko eta bitartekaritza-zerbitzuari egozten zaion eta lanaldi osoz arituko den bitartekari bakoitzeko. Bitartekaritza-zerbitzua gutxienez 100.000 biztanleko udalerri batean edo gutxienez 60.000 biztanleko eskualde batean ematen bada, lanaldi osoz arituko den bitartekari bat egotziko da. Bitartekaritza-zerbitzua 12 hileko epean baino denbora gutxiagotan egiten bada, gehieneko zenbatekoa hainbanatuko da.
c) Esperimentazio-proiektuak: 20.000 euro gehienez jarduera bakoitzeko.
8. artikulua.– Diruaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
1.– 118/2019 Dekretuaren 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, aurreikusitako jarduerak egiteko emandako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira.
Lehenengo ordainketa, erakunde onuradunak dirulaguntza onartzen duenean, emandako dirulaguntzaren guztizkoaren % 45.
Bigarren ordainketa, gainerako % 55a, 118/2019 Dekretuaren 18.1.b) artikuluan aipatutako dokumentazioa jaso ondoren. Dokumentazio hori aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa da, ebazpenean jasotako ekintza guztiak amaitzen direnetik hasita.
Konturako ordainketa bat egin ahal izango da, bigarren ordainketaren % 50ekoa, 118/2019 Dekretuaren 18.2 artikuluan ezarritako baldintzen arabera.
2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du.
Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko duzu, Eusko Jaurlaritzak emanda, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
9. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa
Datu pertsonalak tratatu eta «Dirulaguntzak entitate laguntzaileei eta lanbide heziketako ikastetxeei» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.
Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Xedea: Dirulaguntzak tramitatzea eskatzaile edota interesatuen datuak jasoz. Entitate laguntzaileei dirulaguntzak.
Legitimazioa:
1.– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
2.– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, dirulaguntzei buruzko Orokorra.
3.– 1/1997 Legegintza dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.
Hartzaileak:
1.– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
2.– Ekonomia eta Ogasun Saila.
Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean.
Araudia:
1.– Datuak Babesteko Araudi Orokorra.
2.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari. Hilabeteko epea izango da horretarako, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; halaxe xedatu baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123 eta 124. artikuluetan. Bestela ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Bi hilabeteko epea izango da horretarako, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita; halaxe xedatu baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a eta 46.1 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 15a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
RSS