Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2021eko ekainaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3621

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 27koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Eraiki Bide izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa.

2021eko martxoaren 9an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación Eraiki Bide izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori estatutuen 3.1 artikulua aldatzeko egin zen, fundazioaren helburuak zabaltzeko, hain zuzen ere. Fundazioaren patronatuak 2020ko abenduaren 26an erabaki zuen gehikuntza hori, eta eskritura publikoa egin zen 2021eko urtarrilaren 26an, Vitoria-Gasteizen, Francisco Rodríguez-Poyo Segura notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 361). Eskabideari espedienteko dokumentazioa erantsi zitzaion.

Erabakitako aldaketaren ondoren, estatutuen 3.1 artikulua honela idatzita geratuko da:

1.– Fundazioak interes orokorreko helburu hauek ditu:

– Desgaitasuna, mendekotasuna, gaixotasun neurodegeneratiboak, garapenaren nahasmenduak eta, oro har, gaixotasun organikoak dituzten pertsonen bizi-proiektuak garatzeko laguntzak sortzea.

– Desgaitasuna, mendekotasuna, gaixotasun neurodegeneratiboak eta garapenaren nahasmenduak dituzten pertsonen arreta, laguntza eta sustapen pertsonala, haien eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko, autonomia pertsonala indartuz eta gizarteratzea eta laneratzea sustatuz.

– Mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonen eskubideak eta interesak babestea eta defendatzea, baldin eta pertsona horiek ez badute ahalmen osoa beren bizitza zuzentzeko eta ondarea administratzeko.

– Tresna klinikoak eta gizarte- eta osasun-arlokoak ikertzea, diseinatzea eta garatzea desgaitasuna, mendekotasuna, gaixotasun neurodegeneratiboak, garapenaren nahasmenduak eta, oro har, gaixotasun organikoak dituzten pertsonentzat. Ikerketa, garapen eta berrikuntzako (I+G+b) proiektuak eta azterlanak egitea, ezagutza eskuratzeko metodoak eta programak errazteko.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak erabakitako xedeen aldaketari berariazko onarpena emateko txostena egin du.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Fundación Eraiki Bide izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Francisco Rodríguez-Poyo Segura notario jaunaren aurrean, 2021eko urtarrilaren 26an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 361).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 27a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala