Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2021eko ekainaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3580

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 21ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Bekoibarran bide berri bat eraikitzeko Gernika-Lumoko Udalak (Bizkaia) sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2021eko otsailaren 23an, Gernika-Lumoko Udalak eskaera bat aurkeztu zuen, Bekoibarran bide berri bat eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egin zedin, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuz, kontsulta-izapidea abiarazi zuen, eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta eginez. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Bukatu da jada kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea, eta bitarte horretan zenbait erakundek bidalitako txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu duela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, haren xedea da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko da, besteak beste, aipaturiko legearen I. eranskinean eta II. eranskinean ageri ez diren arren, Natura 2000 Sareko gune babestuetan nabarmen eragin dezaketen proiektuak. Hain zuzen ere, hori da Bekoibarran bide berria eraikitzeko proiektuaren kasua. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio proiektu honi. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bekoibarran bide berria eraikitzeko Gernika-Lumoko Udalak (Bizkaia) sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako alderdi hauek aintzat hartuta:

A) Proiektuaren xedea Bekoibarra kaleari jarraipena emango dion bide berria egitea da, Aldape kalearekin lotu arte, Gernika-Lumoko HAPOn aurreikusita dagoen moduan. Bide berriari esker, Bekoibarrako industrialdea herrigunearekin eta Txaportako industrialdearekin lotu ahalko da.

B) Aipatutako bidea eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat aztertzen da proiektuaren ingurumen-dokumentua:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proposatutako bideak 347,39 m-ko luzera du; bertan, 6,70 m-ko zabalera izango du galtzadak, eta 2,00 m-ko zabalera izango dute espaloiek. Oka ibaiaren ezkerreko ertzarekiko paraleloan joango da eta, neurri batean, bertan den galtzada zahar bat baliatuko du. Galtzada hori, nolanahi ere, oso hondatuta dago eta eten egiten da, bidearen eskemari jarraipenik eman gabe.

Jarduketa-eremu osoa uholde-eremuan eta lehentasunezko fluxu-eremuan dago, Oka Ibaiaren Uholde Arrisku Potentzial Handiko Eremuaren (UAPHE) parte da (ES017-BIZ-OKA-01 kodea); horrenbestez, eremu horrek arrisku hori txikiagotzeko neurrien programa bat du. Bidea eraikitzeko proiektuak uholdeen ondorioak arintzeko hartutako neurriak honako programa honen bigarren eranskinean jasota dauden berberak dira: Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko 2015-2021 Planaren Neurrien Programa.

Hona hemen zeintzuk diren neurriok:

– Ibaiaren ezkerreko ertzean, Bekoibarra kalearen alboan, 1,00 m-ko altuera izango duen hormigoizko hormatxoa egingo da, bidearen luzera osoan zehar, espaloiaren kanpoko ertzean. Ibaira sartzeko eremuetan, bi igarobide proiektatu dira: hormatxoaren mutur bakoitzean, bat. Igarobide horiek uholdeen aurkako hesi mugikorrak izango dituzte; hala, etorrera handiak aurreikus daitezkeen uneetan, itxi egin ahal izango dira, eta, horrelakoetan, bidearen eskuineko ertzeko espaloia erabili beharko da.

– Bideko euri-uren hustubideetan klapetak jarriko dira, ur-goraldietan ura sartzea eragozteko.

– Eskuineko aldean (Uharte kalea), hiru motatako neurriak aurreikusi dira uholdeak saihesteko: egun dagoen horma handitzea, hasierako tartean uholdeen aurkako hesia jartzea hegal-espaloiarekin, eta Uharte kalearen amaieran dagoen aparkaleku-eremuan lur-lubeta eraikitzea, Ajangiz udal-mugartean.

Obra hauek egiteko, 8 hilabete beharko direla aurreikusi da, eta lur-mugimenduen soberakinak 5.643 m3 izango direla kalkulatu da.

Proiektuan Oka ibaiaren ibilguaren eta bidearen arteko eremua lehengoratzeko neurriak jaso dira, betiere ibilguaren trazadura aldatu gabe eta 4 m-ko atzeraemangunea errespetatuz, ertzetan dagoen landarediari kalterik ez egiteko. Landareztatze-jarduketak Uharte kaleko ibilgailuen aparkalekuaren alboko lur-lubetan ere egingo dira.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Proiektua egingo den eremu guztia oso hondatuta dago. Honako hauek daude bertan: LOSAL enpresaren alboan isuriak dituen eremu bat, enpresa horren beraren zabalgune bat, Gernikako hondakin-uren ponpategira iristeko behin-behineko sarbideak eta ia aurri-egoeran dagoen garai bateko DALIA enpresaren ondoan dagoen irteerarik gabeko bide bat. Gaur egungo urbanizazioa oso hondatuta dago.

Bidearen trazadura Oka ibaiarekiko paraleloan joango da. Oka ibaiak egoera ekologiko kaskarra du eremu horretan, bai uraren kalitateari dagokionez, bai ertzeko landarediaren egoerari eta egiturari dagokienez. Ibaia kanalizatuta dago, hormigoizko murruen artean konfinatuta. Zona batzuetan haltzadiak daude oraindik, 91E0* habitat lehenetsia (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieak dituzten alubioi-basoak). Haltzadiek hartutako azalera oso txikia da eta haren kontserbazio-egoera ez da ona, trazaduratik 40 m-ra dagoen haltzadi baten kasuan salbu. Proiektuaren eremuan eta inguruan dagoen gainerako landaredian landare erruderalak, espezie inbaditzaileak (Cortaderia selloana, Buddleja davidii eta Arundo donax), lorezaintzako espezieak, eta interes natural txikiko zenbait zuhaitz eta zuhaixka isolatu daude (platanondoak, sahatsak, eta abar).

Indarrean dagoen Urdaibai Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Gida Planaren arabera (irailaren 27ko 139/2016 Dekretua), proiektuaren eremua hiri-plangintzak antolatu beharreko eremua da. Uholdeen aurkako babes-lubeta kokatzeko lurzoruak «N4, Urdaibaiko Ibai-sarearen Eremua» eta «B4.1 Ibai-sarea Babesteko Eremua» babesguneetan daude. Hala ere, lubeta eremu hondatu batean egingo da; eremu hori aparkaleku batek hartzen du gaur egun, eta landaredi erruderala dago bertan.

Bidea itsas-lehorreko jabari publikotik kanpo egongo da eta, partzialki, babes-zortasuneko zonaren barruan.

Bide berria Gernikako Unitate Hidrogeologikoaren Babes-perimetroaren barruan dago. Babes-perimetro hori halakotzat izendatu zen Uren zuzendariaren 2004ko azaroaren 21eko Ebazpenaren bidez, eta Vega, Eusko Trenbideak eta Ajangiz-A harguneak babestea du helburu. Lurpeko ur-hargune horiek Gernika-Bermeo eskualdea urez hornitzeko dagoen iturririk garrantzitsuenetako bat dira. Proiektua 2. zona edo babes fisikoko zona izenekoan dago. Zona horren helburuak honako hauek dira: akuiferoaren inbasio fisiko kontrolatugabeak saihestea, akuifero jurasikoa kanpotik kutsatzaileak sartzetik babestea eta harguneetan baliabide kopurua bermatzea.

Obrek eragin partziala izan dezakete lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan (48046-00152, 48046-00150 eta 48046-00202 kodeak). Bide berria eraikitzeak laugarren lurzati bati ere eragingo dio; lurzati hori ez dago inbentarioan jasota, baina ikerketak egin dira bertan, lurzoruaren kalitatea aztertzeko (Girberger SLren lurzatia). Proiektu teknikoaren arabera, lurzoruaren kalitatea aztertzeko ikerketa eta indusketa-plana egin dira. Indusketako material batzuk geldoen zabortegietan kudeatu ahal izango dira; gainerakoak, berriz, hondakin ez-arriskutsuen zabortegian.

Inguruneari lotutako beste alderdi nabarmen batzuk honako hauek dira:

– Proiektua ES0000144 «Urdaibaiko itsasadarra» HBBEtik (Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua) eta ES2130007 «Urdaibaiko itsasertzak eta padurak» KBEtik (Kontserbazio Bereziko Eremua) gora dago kokatuta. Aipatutako bi eremuak Natura 2000 Sarean sartuta daude.

– Gainera, Oka ibaia eta estuarioa bat datoz bisoi europarraren (Mustela lutreola) Interes Bereziko Eremuarekin, bisoi europarra edo Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Bizkaiko Lurralde Historikoan Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat etorriz, galtzeko arriskuan dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

– Proiektuaren eragin-eremutik gora, Oxygastra curtisii sorgin-orratzaren presentzia atzeman da. Urdaibai Biosfera Erreserba Kudeatzeko eta Erabiltzeko Planak babestutako espeziea da hori.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla medio, eragin adierazgarrienak obren fasean sortuko dira, hain zuzen ere lur-mugimenduak egiteagatik lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten lurzoruen inbentarioan dauden lurzatietan, azaleko uren kalitateari kalte egin ahal zaiolako solido esekiekin jariatzeak isurtzeagatik, bereziki ibaiaren ibilgutik gertuen dauden puntuetan, eta Gernikako akuiferoan ekarpen kutsagarrien ondorioz lur azpiko urak kaltetzeagatik.

Bidea eraiki ondoren, euri-urak Oka ibaira isurtzeko puntu berri bat ezarriko da, eta hura izango da puntu bakarra. Horren aurretik, koipea/harea kentzeko kutxatila batetik igaroko dira euri-urak.

Funtzionamendu-fasean zarata apur bat handitu egin daitekeela aurreikusi da, galtzada berriko zirkulazioaren ondorioz; nolanahi ere, zarata ez da adierazgarria izango, bidea laburra delako eta industrialde baten alboan dagoelako.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuak ez du eragin negatiboa izango eragin-eremutik behera dauden Natura 2000 Sareko espazioetan, ez eta Urdaibai Biosfera Erreserba Erabiltzeko eta Kudeatzeko Gida Planak definitutako espazioetan ere. Proiektuak ez du eraginik izango Oxygastra curtissii sorgin-orratzak egun duen banaketa-eremuan.

Arrisku nagusia eremuan uholdeak izateko aukerarekin dago lotuta. Proiektuak arrisku hori murrizteko jarduketak jaso ditu, eta bateragarriak dira Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko 2015-2021 Planean definitutako egitura-neurriekin.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Bekoibarran bide berria eraikitzeko proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa hartuko da kontuan: indarreko araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza honen aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obran.

Hurrengo apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Natura-ondarea babestera zuzendutako neurriak.

– Bizkaiko Lurralde Historikoan Bisoi Europarra edo Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onetsi zuen Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren 9. artikuluaren arabera, galzorian dagoen espeziea denez eta hura babesteko neurri bereziak behar direnez, Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren aurretiazko baimena beharko du interes bereziko guneetako jarduera orok, baldin eta jarduera horrek espezieak ugaltzeko edo babes gisa erabilitako habitataren ezaugarriak aldatzea badakar, eta baimen horretan mugak ezarri ahal izango zaizkio bai lanak egiteko moduari, bai lanak egiteko uneari.

– Lan-azalera obrak egiteko ezinbestekoa dena bakarrik izango da. Obrako material eta tresnek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako eremuetatik kanpo ibili.

– Obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta in situ balizatu beharko dira obrak egiteko nahitaez moztu behar ez diren zuhaitz autoktonoak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, kolpeak saihesteko eta sustrai-sistemak kalterik ez izateko.

Urak babestera zuzendutako neurriak.

Ur-gaietan eskumena duen organoak ezarriko duena errespetatuta, itsas-lehorreko jabari publikoan eta horren babes-zortasunetan eragina duten obretarako, eta euri-urak isurtzeko baimenari dagokionez, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartu beharko dira:

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Proiektua garatzeko beharrezko jarduketa oro garatzean, zorrozki bete beharko da Uren zuzendariaren 2004ko azaroaren 21eko Ebazpenean xedatutakoa, zeinaren bidez Ibarra, Eusko Trenbideak eta Ajangiz-A Hartuneak (Bizkaia) babesteko Gernikako Unitate Hidrogeologikoaren babes-perimetroa adieraztea erabakitzen baita.

– Eraikuntza-fasean, Losal enpresaren lurzatian dagoen uren hargunea babesteko beharrezko neurriak hartuko dira. Hargunea zigilatu egin beharko da, Gernikako akuifero kuaternarioko ur kutsaturik sar ez dadin.

– Materialak ibilguetara arrastan joan daitezkeela edo Oka ibaira isurketa zehaztugabeak gerta daitezkeela aurreikusten den eremuetan, jalkinei eusteko hesiak jarriko dira, ingurumen-agirian aurreikusi bezala.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiz egon beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko ohiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

– Obrako instalazio osagarriak itsas-lehorreko jabari publikoko zortasun-zonatik kanpo jarri beharko dira, etorrera izanez gero eraginik izango ez duten eremuetan, ertzetako landaredia errespetatuz.

– Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-upeletako kanaletak garbitzeko esneak ezin izango dira inola ere lurrera isuri. Hormigoi-hondakinak kudeatzean, Ebazpen honen hurrengo apartatuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria izango dela bermatzera zuzendutako neurriak.

– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioa eguneratzen duen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko abenduaren 21eko Aginduan sartutako hainbat gunetan gauzatzen da proiektua; zehazki, honako kode hauek dituzten lurzatietan: 48046-00152, 48046-00150 eta 48046-00202. Bide berria eraikitzeak laugarren lurzati bati ere eragingo dio; lurzati hori ez dago inbentarioan jasota, baina ikerketak egin dira bertan, lurzoruaren kalitatea aztertzeko (Girberger SLren lurzatia).

– Horren harira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikulua betez, artikulu horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak, ebazpen bidez, lurzoruaren kalitatea adierazi beharko du, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen bidez araututako prozedurari jarraikiz.

– Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat izan zuten eta gaur egun jarduerarik gabe dauden lurrak mugitzeko jarduketak aurreko artikuluan adierazita daude, eta, horrenbestez, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren mendean geratzen dira. Era berean, EAEko ingurumen-organoak hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aurrez, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotakoa betez.

– Aurrekoarekin lotuta, lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura horren esparruan ezarritako baldintzetan egin beharko dira obrak, aipatutako lurzorua aurreikusitako erabilerekin bateragarria izango dela bermatzeko. Halaber, lurzoruaren kalitatea adierazten duen ebazpenean ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira.

– Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legean kasu horietarako ezarritakoa beteko da.

Paisaia babestera eta ukitutako eremuak leheneratzera zuzendutako neurriak.

– Proiektua gauzatzean eragindako gune guztietan egingo dira paisaia integratzeko lanak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, eta abar).

– Ibaiertzak leheneratzeko lanak egitean, ingurumen-agirian proposatutakoari jarraituko zaio.

– Kanpoko landare-espezie inbaditzailerik baden detektatzeko kontrol-neurriak hartuko dira, eta halako espeziak bertan sartu eta hedatzea saihesteko. Jarduteko eremuan espezie horiek badaude, desagerrarazteko ahaleginak egingo dira. Lurren jatorria kontrolatu egin beharko da; bereziki, landare-estalkia leheneratzeko lanetan erabilitako lurren kasuan. Ahal dela, ez da erabiliko aipatutako espezieekin kutsatuta egon litekeen lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak joan baitaitezke.

– Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-eremuetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

– Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan, partida bat jasoko da hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren obrako jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Hondakinak kudeatzera zuzendutako neurriak.

– Sortutako hondakinak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira hondakinak, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota isurkari batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Amiantoa duen hondakinik erretiratzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak (amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoa) ezartzen dituen eskakizunak bete beharko ditu sustatzaileak. Halaber, amiantoa daukaten hondakinak kudeatzeko manipulazio-eragiketak, amiantoaren eraginpean jartzeko arriskua dakarten lanei aplikagarri zaizkien gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako betekizunen arabera egingo dira.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, duten tipologia dela eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Sortutako olio erabilia kudeatzeko, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura murriztera zuzendutako neurriak.

– Airearen kutsadurari dagokionez, ahalegin berezia egingo da ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Airearen kalitatean ez eragiteko, honako neurri hauek hartuko dira materialak garraiatzean eta zamalanak egitean, atmosferara partikularik ez igortzeko:

– Aldian-aldian, garbitu egingo dira sarbideak, bai eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatuko ere. Sarbideak baldintza onenetan mantenduko dira une oro.

– Ez da erreko ez hondarrik, ez beste inolako materialik.

Kultura-ondarea babestera zuzendutako neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Garbiketa eta obren akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin egin beharko dira.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Bekoibarran (Gernika-Lumo) bide berri bat eraikitzeko Gernika-Lumoko Udalak sustatuko proiektuari dagokionez ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Gernika-Lumoko Udalari Ebazpen honen edukiaren berri ematea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txostena indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektu hori baimendu. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 21a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala