Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2021eko ekainaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3247

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 26koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2021ean eta 2022an euskal kultura-ondarearen babesaren arlora bideratutako ikerketa-lanak egiteko dirulaguntzen deialdia egin eta hartarako araubidea arautzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak 10. artikuluaren 19. apartatuan Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoaren gaineko eskumen esklusiboa, eta Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen du Estatuak ondare hori esportazioaren eta espoliazioaren aurrean babesteko ezarritako arauak eta betebeharrak betetzea.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak, 1. artikuluan, hau ezartzen du: Lege honen xedea da EAEko euskal kultura-ondarearen araubide juridikoa ezartzea, beraren babesa, kontserbazioa eta balio-nabarmentzea bermatzeko, bai eta pertsona guztiek, oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek, irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan posible direnean, ondare hori ezagutu, ikertu, hedatu eta goza dezatela erraztea ere.

Sustapen-neurriei dagokienez, 6/2019 Legearen 79.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin eta udalekin elkarlanean, kultura-ondareari buruzko gaietan ikerkuntza eta prestakuntza sustatuko ditu. Orain dela urte batzuetara arte, ondare hori, dokumentazioari eta babesari dagokienez, ondare historiko-arkitektonikora eta arkeologikora mugatzen zen, baina, denbora igaro ahala, zientzialariek ia landu ez dituzten eremuetara zabaldu da: industria-ondarea, ondare immaterial edo ukiezin deitutakoa, eta, nola ez, memoria historikoaren ondarea, bai eta ondare higigarria ere. Horrez gain, ez da ahaztu behar genero-ikuspegia txertatu behar dela ondare horiek identifikatu eta baloratzean.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren bidez garatzen ditu 6/2019 Legeak esleitzen dizkion eskumenak. Egun, zentro hori Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, hala zehaztuta baitago sail horren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuan (2021eko martxoaren 5eko EHAA, 47. zenbakia).

Agindu honek, bada, kultura-ondarearen babesari aplikatutako ikerketa-proiektuak egiteko dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak arautzeko esparrua zehazten du, eta dirulaguntzon deialdia egiten du 2021erako eta 2022rako.

Agindu hau sartuta dago 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina onartu baitzen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez.

Hori dena kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deitutako laguntzen helburua ikerketa-proiektuak egitea da, ezagutza berria sortzeko eta, horrela, haren babesa hobetzeko, ondare material higiezina eta higigarria barnean direla. Agindu honen xedetik kanpo geratzen da kultura-ondare immaterialaren ikerketa.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Euskal kultura-ondarea hobeto ezagutzen laguntzen duten eta berau babesteko irizpide oinarridunak zehazten eta tresna erabilgarriak egiten laguntzen duten ikerketa-proiektuak lagundu ahal izango dira diruz. Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-ondareari buruzkoak izango dira proiektuak, eta iturri dokumental, bibliografiko, arkeologiko, toponimiko, grafiko, ikusizkoak izango dituzte oinarri, bai eta ahozko transmisioko iturriak ere.

Dirulaguntzen lerro honetatik kanpo egongo dira:

– Laborategi edo profesional espezializatuek analitikak egiteko xede bakarra duten proiektuak; adibidez eta zerrenda osoa emateko asmorik gabe: datazio absolutuak, dendrokronologia, DNA analitikak edo biologia molekularra, isotopo egonkorrak, etab. Halere, kultura-ondarea –higigarria edo higiezina– ikertzeko proiektuek dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte baldin eta analitikak egin behar badituzte proiektuaren xede den ondarea ikertzeko erabilitako informazioa hobetu eta zehazteko laguntza gisa. Betiere proiektuan esplizituki justifikatu beharko da analitika horiek osagarriak direla, eta ez funtsezkoak.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzak deialdi honen aurretik egin dituen ondare-katalogoak egitea xede duten proiektuak.

– Jarduera bakartzat edo nagusitzat honako hauek dituzten proiektuak: bibliografia-iturrietan, ahozko iturrietan, artxibo- eta dokumentu-funtsetan, museo-funtsetan eta memoria eta dokumentazio arkeologikoetan jasotako datuak edo informazioa hustea eta biltzea, zabaltzeko edo argitaratzeko, edo datu-baseetan, dokumentuen eta/edo geografiaren informazio-sistemetan edo higiezinen dokumentazio geometrikoan lortutako informazioa, edo ondare-dokumentu edo -objektuen irudi edo eredu digitalak lortzea.

– Landako lan arkeologikoak, lurpean nahiz eraikinetan (altxaeren analisia) eginak, foru-aldundiek abiarazitako beste dirulaguntza-lerro batzuen xede badira, lan horiek ikerketaren xede nagusia direnean.

– Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legea aplikatuta nahitaezkoak diren lan arkeologikoak, babes bereziko eta ertaineko kultura-ondasun deklaratutako eremu arkeologikoei eta ustezko zona arkeologikoei eragiten dieten obren ondoriozkoak.

– Foru-aldundiak edo beste administrazio publiko batzuk egiten ari diren ikerketa-jarduerak, giza baliabide propioekin edo kontratatuta.

3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

1.– Dirulaguntza hau eskatu eta lortu ahal izango dute pertsona fisikoek, bai eta pertsona juridiko-pribatuek ere, baldin eta sozietate- edo estatutu-helburutzat kultura-ondarearekin zerikusia duten jarduerak garatzea badute.

2.– Sektore publiko instituzionala eratzen duten erakundeek ezin izango dituzte laguntza hauek jaso, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 2. artikuluaren arabera.

3.– Dirulaguntza pertsona fisiko batek eskatzen badu, bai proiektua berak bakarrik egikaritzen badu, bai proiektua beste pertsona batzuekin partzialki azpikontratatuta egikaritzen badu, eskatzailea dirulaguntzaren onuradun bakarra izango da, eta bere gain hartu beharko du proiektuaren zuzendaritza zientifikoa.

4. artikulua.– Diru-baliabideak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako xedera, 160.000 (ehun eta hirurogei mila) euro bideratuko dira. Horietatik 80.000 (laurogei mila) euro 2021eko aurrekontuari dagozkio, eta 80.000 (laurogei mila) euro 2022ko konpromiso-kredituetarako dira.

5. artikulua.– Muga edo gehieneko zenbatekoa, diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1.– Onartutako aurrekontuan jasotako diruz laguntzeko moduko gastuen ehuneko ehun (% 100) hartu ahal izango dute dirulaguntzek, proiektuko 13.500 (hamahiru mila eta bostehun) euro gainditu gabe; betiere, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontu-kontsignazioen barruan.

2.– Diruz lagungarritzat hartzen dira zuzenean lana egitearen ondorioz sortu direnak, baldin eta agindu honen 21. artikuluan lana justifikatzeko ezarri den aldia amaitu baino lehen egin badira, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduaren –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsia– 83. artikulua.

3.– Zehazki, honako gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz: langileen gastuak, hau da, pertsona edo erakunde onuradunak kontratatutako langileen gastuak, hirugarrenen zerbitzu profesionalak, joan-etorrien gastuak, kontsumigarrien erosketa, baita tresnak eta erremintak ere, NBE (norbera babesteko ekipamendua) landa-lanerako, erreprografia-zerbitzuak, landa-lana egiteko ibilgailu motordunak alokatzea, eta lurrak mugitzeko makinak alokatzea. Diruz lagundutako programari egotz dakizkiokeen zuzeneko kostu guztien % 10eko mugaraino lagundu ahal izango dira diruz berariazko administrazio-gastuak ere, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotuta badaude eta jarduera behar bezala prestatzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak badira, eta betiere horiek berariaz aurreikusita eta kuantifikatuta badaude proiektuaren aurrekontuan.

4.– Mantenu- eta desplazamendu-gastuak diruz lagundu ahal izateko, ezinbestekoa izango da arrazoituta egotea eta landa-lanak egiteko behar-beharrezkoak izatea; horiek berariaz justifikatu beharko dira proiektuan, eta eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan dagokion partida ekonomikoa izan beharko dute. Joan-etorrien gastuei dagokienez, diruz lagundu ahal izango dira garraiobide publikoak erabiltzeagatiko gastuak eta norberaren ibilgailua erabiltzeagatiko bidaia-ordainak. Azken horiek egindako km bakoitzeko 0,29 euro-ko gehieneko mugarekin lagunduko dira diruz. Hala badagokio, landa-lanak egiteko beharrezkoak diren autobide-bidesariak eta aparkaleku-gastuak diruz lagundu ahal izango dira. Garraio publikoko joan-etorriak diruz lagunduko dira bidaia-tituluaren edo dagokion fakturaren ziurtagiriaren bidez egiaztatutako zenbatekoagatik. Hotel-establezimenduetako egonaldiagatiko gastuak diruz lagundu ahal izango dira, betiere ostatua hartu duten pertsonak eta ostatu-datak identifikatzen badira gastu horiek justifikatzeko fakturetan.

5.– Ez da diruz lagunduko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa aurreikusitako zuzeneko gastuen eta egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da. Pertsona edo erakunde eskatzaileak eskabidean adierazi beharko du BEZaren aitorpena egitera behartuta dagoen eta zerga hori kendu edo konpentsatu ahal duen.

6.– Dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada eta deialdi honetan ezarritako mugak gainditzen ez badira. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

6. artikulua.– Eskaera egiten duten pertsona edo erakundeen betekizunak.

1.– Jarduteko gaitasun osoa izatea.

2.– Pertsona juridikoen kasuan, kultura-ondarearekin zerikusia duten jarduerak garatzea izango da haien helburu soziala.

3.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzarekikoak.

4.– Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik jaso duten eskatzaileak, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoa barnean dela.

5.– Edonola ere, ezingo dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan onuradun izateko debekuaren kausa gisa ezarritako kasuren batean dauden pertsona fisiko edo juridikoek.

6.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratzeko, pertsona edo erakunde onuradunek ordainduta izan beharko dituzte dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo haren sektore publikoko edozein erakunderekiko zorrik ez badute dirulaguntzak betearazpen-aldian itzultzeagatik, edo, premiamendu-bidea erabiltzea ez dagokien pertsona onuradunen edo erakunde laguntzaileen kasuan, borondatezko aldian ordaindu gabeko zorrik ez badute. Pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta eta bermatuta daudenean, edo dagokion itzulketa-ebazpenaren aurkaratzea dela-eta horiek etetea erabaki denean.

7. artikulua.– Proiektuen zuzendaritza zientifikoa eta betekizunak.

1.– Eskabidea pertsona fisiko batek zein pertsona juridiko batek eskatu, lana banaka edo taldean egin ahal izango da.

2.– Nolanahi ere, lana banaka egiten duen edo, hala badagokio, talde baten zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsonak lizentziatura edo gradu titulua izan beharko du, eta horren ikasketa-plana honako ikasketa-arlo hauetan oinarrituko da: Historia, Artearen Historia, Arkeologia edo Kultura Ondarea. Bestela, graduondoko titulazio ofizial bat (ikasketa aurreratuen diploma, masterra edo doktoregoa) ere baliozkoa izango da, baldin eta titulu hori lortzeko ikerketa-lan bat egin bada eta lan horren helburuak lotura zuzena badu jakintza-arlo horiekin.

3.– Proiektu baten zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsona deialdi honetara aurkeztutako proiektu bakarrean baino ezingo da halakotzat agertu.

4.– Dirulaguntzaren eskatzaile gisa pertsona fisiko bat agertzen bada, eskatzaile horrek berak hartuko du bere gain proiektuaren zuzendaritza zientifikoa, edo berak bakarrik gauzatuko du proiektua. Horretarako, artikulu honen 2. puntuan adierazitako kualifikazio zientifiko-akademikoaren betekizuna bete beharko du. Eskatzaile gisa pertsona juridiko bat agertzen bada, artikulu honen 2. puntuan ezarritako titulazio-betekizunak betetzen dituen pertsona bat izendatu beharko du proiektuaren zuzendaritzaren arduradun.

5.– Unibertsitateko irakasle baten edo doktore-titulua duen pertsona baten –unibertsitate edo erakunde zientifiko batekiko lotura estatutario edo laboral iraunkorra duena– abal zientifikoa izan beharko du proiektuaren zuzendaritza bere gain hartzen duen pertsonak.

6.– Diruz lagundutako jarduera gauzatzeko azpikontratazio partziala egin ahal izango da, aurrekontuaren % 80ko mugarekin. Ondorio horietarako, azpikontrataziotzat hartuko da hirugarrenekin hitzartzea dirulaguntzaren xede den jarduera gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira pertsona edo erakunde onuradunak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak. Jarduera azpikontratatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio; beraz, ezin izango da azpikontratatu artikulu horren 7. apartatuan ezarritako kasuren batean dauden pertsonekin edo erakundeekin.

8. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea.

Diruz lagundutako proiektuek 2021eko ekitaldian hasi behar dute edo dagoeneko hasita egon behar dute. Proiektuak amaitzeko azken eguna 2022ko urriaren 25a izango da, eta egiteko epea ezin izango da luzatu edo geroratu data horietatik aurrera.

9. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona fisiko interesdunek bide elektronikoak edo presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko. Pertsona juridikoek bide elektronikoak erabili beharko dituzte, nahitaez.

3.– Eskabideak modu presentzialean ere aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da aurretiazko hitzordua eskatzea honako bide hauetako bat erabiliz: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidearen bidez; aurretiazko hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko beren-beregi jarritako 945 01 90 00 telefonora deituta; EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan aurreikusitako toki edo bulegoen bidez. Eskabideetan, Kultura Ondarearen Zuzendaritza adierazi beharko da, hura baita eskabidea zuzentzen zaion organo kudeatzailea.

4.– Eskaera-formularioa eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan –artikulu honen 5. apartatuan adierazten den helbide elektronikoan–, bai eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzan eta Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan ere.

5.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu ahalko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030006

6.– Bide elektronikotik eginiko eskaeraren osteko izapideak egoitza elektronikoaren bitartez egingo dira. artikulu honen 5. apartatuan adierazitako helbidetik sar daiteke egoitza elektroniko horretara; bestela, zuzenean dagokion espedientera sar daiteke Nire Karpeta ataletik, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

7.– Pertsona fisikoen kasuan, eskaera egiteko eta dokumentuak aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzen badute, ez dituzte nahitaez baliabide horiek erabili behar prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta. Zuzendaritza Kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio abisuak eta jakinarazpenak jasotzeko bidearen aldaketa, egoitza elektronikoan eskura daitekeen formularioaren bitartez.

8.– Eskabideak bide presentzialez nahiz bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak eta ereduak eskuragarri egongo dira egoitza elektronikoan, artikulu honen 5. apartatuan zehaztutako helbidean eta artikulu honen beraren 4. apartatuan adierazitako tokietan.

9.– Eskatzaileek eskaera eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, aukeran. Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, hala xedatuta baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

10.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

11.– Eskaera eta ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek –pertsona fisikoa edo juridikoa– egin ahal izango ditu, hori ere modu elektronikoan; horretarako, ordezkaritza ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

10. artikulua.– Pertsona edo erakunde eskatzailearen eta proiektuaren zuzendaritza zientifikoa egin edo hartzen duen pertsonaren betekizunak egiaztatzea.

1.– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileen edo, hala badagokio, horiek ordezkatzen dituen pertsona fisikoaren nortasuna automatikoki egiaztatu ahal izango du organo kudeatzaileak, pertsona fisiko edo erakunde eskatzaileen baimenik behar izan gabe. Hala ere, pertsona edo erakundeak espresuki egin diezaioke uko organo kudeatzailearen ofiziozko egiaztapenari, eskaeran dagokion aukera markatuz, eta, kasu horretan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.

2.– Dirulaguntza pertsona juridiko batek eskatzen badu, egiaztatu beharko da xede sozialean sartzen dela kultura-ondarearekin lotutako jarduerak garatzea. Hori egiaztatzeko, erakundearen eratze-eskrituren edo estatutuen kopia bat aurkeztu beharko da.

3.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Pertsona eta erakunde eskatzaileek zuzeneko egiaztatze horren kontra daudela adierazi ahal izango dute espresuki. Hori egitekotan, betekizuna betetzen dutela egiaztatzeko behar diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera. Ordainketa horietan egunean egotea eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketan egunean egotea bete beharreko betekizunak dira bai onuradun-izaera lortzeko bai onuradun izaten jarraitzeko.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 artikuluari jarraituz, eskaera-formularioarekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Eskabidea izapidetzeko unean ebazteke dauden edo, hala badagokio, lortu diren xede berarako beste dirulaguntza, laguntza edo sarrera batzuk eskatu direla jakinarazi behar du eskatzaileak.

– Eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena).

– Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko ezarritako betekizunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoak.

5.– Pertsona fisikoen zein juridikoen kasuan, 7. artikuluan proiektua zuzentzeko eskatzen den titulazioa badutela egiaztatzeko, tituluaren kopia edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriaren kopia aurkeztuko da.

Lanaren zuzendaritza bere gain hartzen duen pertsonak 7. artikulu horretan adierazitako jakintza-arloetan oinarritutako graduko edo lizentziaturako titulaziorik ez badu, eta, beraz, graduondoko goi-mailako titulu ofizial bat –masterra, ikasketa aurreratuen diploma edo doktoretza– duela egiaztatu behar badu, eta titulu hori lortzeko arlo horiekin zuzenean lotutako ikerketa-lan bat egin badu, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

– Graduondoko titulua lortzeko aurkeztutako ikerketa-lanaren kopia (ikerketa-nahikotasunaren ziurtagiria edo ikasketa aurreratuen diploma), edo master amaierako lanarena, master-titulua bada, edo emaitzak jasotzen dituen argitaratutako artikulu zientifiko batena.

– Doktorego-titulua izanez gero, doktorego-tesiaren defentsa egiaztatzen duen ziurtagiri bat aurkeztuko da, unibertsitateak emana, non egilea, titulua eta lortutako kalifikazioa adieraziko baitira. Laguntzak kudeatzen dituen zuzendaritzak informazioa zabaltzeko eskatu ahal izango du. Horretarako, doktorego-tesiaren edukiaren lagin bat edo emaitzak argitaratu dituen artikulu edo monografia bat aurkeztu beharko du, baldin eta tesiaren tituluak ez badu behar bezala adierazten egin den ikerketaren xedea, betekizuna betetzen duela egiaztatzeko.

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak eskubidea dauka lehendik administrazio publikoen esku dauden datuak eta agiriak ez aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluarekin bat etorriz. Hala eginez gero, adierazi beharko du zer administrazio-organotan eta noiz aurkeztu zituen; datu pertsonalak jasotzen dituzten agirien kasuan, interesdunaren berariazko baimena beharko da.

11. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaeraz gainera, eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1.– Egingo duen ikerketa-proiektuaren memoria. Memoriak 15 orri izango ditu gehienez, eta epigrafe hauetan egituratuta egongo da:

– Titulua.

– Proiektuaren aurkezpena.

– Proiektuaren helburu zehatzak (dirulaguntzaren iraupena aintzat hartuta).

– Gaiaren interesa eta ikerketen uneko egoera.

– Lan-hipotesia, -metodologia eta -plana, eta dagokion kronograma.

– Hala badagokio, proiektua gauzatzen lagunduko duen giza taldearen osaera, bere gain hartuko dituen edo lagunduko dituen zereginak adierazita.

– Iturri eta bibliografia espezifikoak.

2.– Proiektuaren zuzendaritza bere gain hartuko duen pertsonaren eta proiektua gauzatzen lagunduko duten langile kualifikatuen CV laburtua.

3.– Proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua, 9. artikuluan adierazitako tokietan eskuragarri dagoen «Gastuen aurrekontua» izeneko ereduaren araberakoa.

4.– Zientzia-erakunde bati lotutako –lotura estatutarioa edo laborala– unibertsitate-irakasle edo ikerlari doktore baten txostena, aurkeztutako proiektua bermatzen duena, inprimaki-ereduaren arabera.

5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak edo haren ordezkariak eskaera-inprimakian adierazten badu nortasun-datuak automatikoki egiaztatzearen aurka dagoela: eskatzailearen, eta, hala badagokio, haren ordezkariaren NANaren fotokopia, pertsona fisikoa bada.

6.– Zerga-egoitza EAEn duten pertsonek edo erakundeek, eskaera-inprimakian adierazi badute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean dituztela automatikoki egiaztatzearen aurka daudela, horren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte. Zerga-egoitza EAEtik kanpo duten pertsonek edo erakundeek zerga-betebeharrak beteta dituztela egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko dute zerga-egoitza Nafarroan edo zerga-araubide komuneko lurraldeetan badute (Estatuko Zerga Agentziaren ziurtagiria). Zerga-egoitza atzerrian duten pertsonek edo erakundeek dagokion zerga-administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

7.– Lizentziatura edo gradu, master, ikasketa aurreratuen diploma edo doktorego tituluaren kopia, edo titulu hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriarena, 7. artikuluan eskatutakoaren arabera.

8.– Alegatutako graduondoko titulua lortzeko egindako ikerketa-lanaren kopia, formatu elektronikoan. Dokumentazioa aurrez aurre aurkezten bada, ahal dela formatu elektronikoan aurkeztuko da, memoria-unitate ateragarri batean grabatuta (DVD, CD edo USB memoria). Fitxategiak 30 Mb-tik gorako pisua badu, hiperesteka bat duen dokumentu bat aurkeztu ahal izango da, eta, horren bidez, dokumentua dagoen gordailuan sartu eta zuzendaritza kudeatzaileak deskargatu ahal izango du.

9.– Erakunde juridiko-pribatu batek eskatzen badu dirulaguntza, haren estatutuen edo eratze-eskrituren fotokopia.

12. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

13. artikulua.– Dokumentazioa aztertzea eta akatsak zuzentzea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiaztatuko du eskaera epe barruan eta behar bezala egin dela eta eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela.

2.– Eskabidea izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; hartarako, ebazpen bat emango da aldez aurretik.

3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 eta 14.3 artikuluen arabera eskabidea edo laguntzak kudeatzeko eskatutako gainerako dokumentazioa bide elektronikoa erabiliz aurkeztera behartuta dagoen pertsona edo erakunderen batek eskabidea modu presentzialean aurkezten badu, interesdunari eskatuko zaio zuzen dezala, modu elektronikoan aurkeztuz. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

14. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eskabideok aztertu eta horiek onartu ala ez ebazteko eta onartutako eskabideen jarduerak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari.

2.– Batzordeak osaera orekatua izan beharko du. Hain zuzen ere, bi sexuek gutxienez % 40ko ordezkaritza izango dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera. Honako hauek osatuko dute batzordea:

a) Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak bere kalitate-botoaz ebatziko ditu. Batzordeburuaren kargua hutsik badago, edo absente edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat badago, batzordean hierarkia-maila, antzinatasun eta adinik handiena duen kideak ordeztuko du, betiere hurrenkera horretan.

b) Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren arduraduna.

c) Kultura Ondarearen Zuzendaritzako bi teknikari, Kultura Sailburuordetzako titularrak izendatuak.

d) Hiru lurralde historikoetako edozeinetako foru-sektore publikoko teknikari bat, kultura-ondarearen eremuari atxikitako zerbitzu teknikoetan jarduten duena. Kulturako sailburuordeak izendatuko du.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko pertsona bat. Batzordeko idazkaria izango da, eta hitza izango du, baina botorik ez. Idazkariari dagokio kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, organo horren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespeta daitezela bermatzea.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Balorazio Batzordearen osaera, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan.

4.– Salbuespenez, Balorazio Batzordeak egoki deritzonean, proiektuaren gai zehatz eta espezifikoan edo zeharkako gaietan (adibidez, genero-ikuspegian) aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

5.– Balorazio Batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da, gutxienez, batzordeburua eta idazkaria egotea, bai eta, gutxienez, batzordekideen erdiak ere.

6.– Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira, eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

15. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak emateko, norgehiagoka-prozedura hau erabiliko da:

– Behin eskaerak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, kasua bada, 13.2 artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatzean, agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskabideak ebaluatu egingo ditu balorazio-batzordeak, 16. artikuluan finkatzen diren irizpideekin bat etorriaz.

– Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek, gutxienez, 50 puntu jaso behar dituzte ebaluazio-fasean.

2.– Bi proiektuk edo gehiagok ikerketa-, ikuspegi- eta metodologia-helburu berdinak edo oso antzekoak badituzte, eta, horiek gauzatzeko, ondasun berean teknika suntsitzaile edo erdi-suntsitzaileen bidez esku hartu behar bada, edo Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen araberako administrazio-baimena behar bada, eta proiektu horiek ebaluatu ondoren 50 puntu edo gehiago lortzen badituzte, puntuazio txikiena lortu dutenak baztertuko dira, eta puntuazio handiena lortu duena bakarrik mantenduko da.

3.– Hainbat proiektuk puntuazio bera lortzen badute, agindu honen 16. artikuluaren e) letran puntuaziorik handiena lortu duenak izango du abantaila. Berdinketak jarraitzen badu, abantaila izango du agindu honen 16. artikuluaren i) irizpidea betetzen duen eskatzaileak. Eskatzaile batek ere ez badu baldintza hori betetzen, agindu honen 16. artikuluaren b) irizpidean lortutako puntuaziorik handienak erabakiko du berdinketa.

4.– Gehienez ere onartutako aurrekontuaren % 100 emango zaie horiei, gainfinantzaketarik sortu gabe, eta betiere agindu honen 5. artikuluan zehaztutako gehieneko muga errespetatuta. Proiektuek lortutako puntuazioak markatzen duen ordenari jarraikiz emango da laguntza, harik eta baliabide ekonomikoak agortu arte. Azkeneko lekuan dagoen proiektua diruz laguntzeko zenbatekoari dagokionez, zenbatekoa ez bada % 100era iristen, zenbateko txikiagoa emango da; betiere, balorazio-batzordeak uste badu hala eta guztiz ere bermez gauzatu ahal izango dela. Dena dela, kasu horretan, gutxitzeak ezingo du gainditu eskatutako dirulaguntzaren % 25.

16. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Dirulaguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko, alderdi hauek baloratuko dira (guztira, 100 puntu izango dira):

a) Azterketaren xede den esparruaren orokortasun-maila (kultura-ondasun ugari biltzen dituen edo ez; hori ez da ulertuko kopuruari dagokionez, baizik eta koherentzia duen ondasun-multzo gisa, hala nola tipologia, kronologia, geografia-esparrua, etab.):

– 5 eta 10 puntu artean emango dira tipologia baten ondasun orokorrak direnean edo xede-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa denean, edota, lurralde historiko batean ondasun-multzo partzial bat izan arren, multzo esanguratsua denean.

– 1 eta 4 puntu artean emango dira elementuak modu isolatuan aztertzen direnean (ez du nahitaez banaka izan behar).

b) Baldintzengatik lehentasunezkotzat jo daitezkeen kultura-ondareak aztergai dituzten proiektuak, honako irizpide hauek tarteko: ondarea zer inguru geografikotan dagoen edo zer jakintza-arlotakoa den, nolako kontserbazio-egoeran dagoen, babes-mekanismoak ezartzeko zailtasun handia duen: gehienez, 15 puntu.

c) Beste iturri batzuen artean landa-lana baliatzen duten proiektuak: gehienez ere, 15 puntu, egin beharreko landa-lanen intentsitatearen, hedaduraren eta bolumenaren arabera. Puntu hauek emango dira:

– 10 eta 15 puntu artean, hainbat elementutan luze-zabaleko indusketa arkeologikoak edo zundaketa arkeologikoak egitea eskatzen duten lanetarako.

– 5 eta 9 puntu artean, elementu batean zundaketa puntualak egin behar badira edo hainbat elementutan administrazio-baimenik behar ez duten landa-lanak egin behar badira.

– 1 eta 4 puntu artean, administrazio-baimenik behar ez duen landako prospekzio edo esku-hartze puntualak egin behar badira.

Landa-lanak izango dira Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 64. artikuluan jasotakoak –ondare arkeologikorako–, bai eta azterlanaren xede diren kultura-ondasunei buruzko datuak "in situ" biltzea dakarten beste modalitate batzuk ere: elkarrizketak, inkestak, ondasunak berrikustea datuak biltzeko, higiezinen azterketa estratigrafikoa eta abar.

d) Ikerketa gauzatzeko, jatorrizko dokumentu-iturrietara sistematikoki jotzen duten proiektuak: gehienez ere, 15 puntu, kontsultatu beharreko dokumentazio-bolumenaren arabera. Puntu hauek emango dira:

– 10 eta 15 puntu artean, hainbat agiritegi kontsultatzea eskatzen duten proiektuetarako.

– 6 eta 9 puntu artean, agiritegi batera jotzen dutenentzat.

– 1 eta 5 puntu artean, bestelako iturri berrietara jotzen duten proiektuetarako.

e) Proiektuaren kalitatea eta interesa. Atal hau baloratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: xedearen deskribapenaren xehetasun-maila eta planteatutako metodologiaren arabera garatu beharreko jarduerak; pertsonaren edo, hala badagokio, giza taldearen profil akademiko-ikertzailearen egokitasuna, proiektua behar bezala gauzatzeko; aurrekontuaren arrazionaltasuna, eta ikerketa berria izatea. Gehienez, 15 puntu.

f) Euskaraz egiten diren proiektuak, betiere onuradunak betebeharra hartzen badu ikerketaren azken emaitza euskaraz edo EAEko bi hizkuntza ofizialetan aurkezteko. 5 puntu

g) Ikerketaren emaitzek kultura-ondarea babesteko duten aplikazio praktikoa: 1 eta 15 puntu artean.

h) Ondare higigarria aztergai nagusi duten proiektuei 5 puntu emango zaizkie.

i) Ikerketa-proiektuaren zuzendaritza zientifikoa emakume batek egitea, edo proiektuak genero-ikuspegia txertatzea ikerketaren xedean. Bi egoera horietako edozein gertatzen bada, 5 puntu emango dira.

Ondorio horietarako, ulertuko da proiektuak genero-ikuspegia txertatzen duela ikerketaren xedean, baldin eta aurkeztutako proiektuaren memoriak analisi espezifiko baten bidez justifikatzen badu ikerketaren xedeari kontzeptualki edo metodologikoki heltzean genero-alborapenak egon direla, eta alborapen horiek eragin nabarmena izan dutela ezagutzaren egungo egoeran, informazio-hutsune edo interpretazio-alborapen gisa. Halakorik egon bada, baloratzeko aurkeztu den proiektuan horiek zuzentzen lagunduko duen ikuspegi edo metodologia bat aplikatu beharko da.

17. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta, espediente osoarekin batera, Kulturako sailburuordeari igorriko dio, ebazpena eman dezan.

2.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Diruz lagundutako proiektuak eta adjudikatutako diru-zenbatekoak, bai eta ordainketa-faseak ere.

b) Eskatutako laguntza ukatu zaien proiektuen zerrenda, horretarako arrazoiak azalduta.

c) Onartu ez diren proiektuak, horretarako arrazoiak azalduta.

d) Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

e) Behin proiektua amaituta, emandako dirulaguntzak justifikatzeko era eta epea, agindu honetako 20.2 artikuluak dioenari jarraituz.

f) Diruz lagundutako jarduera gauzatuko dela bermatzeko bidezkotzat jotzen den beste edozein betebehar.

3.– Ebazpena, gehienez, bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita.

Nolanahi ere, akatsak zuzentzeko epea irekitzen bada, aipatu den epea etenda geratuko da, pertsona edo erakunde eskatzaileari bidalitako errekerimenduaren jakinarazpena jasotzen denetik benetan betetzen den arte edo, bestela, emandako epeagatik.

4.– Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskabideak isiltasun administratiboaren bidez ukatu direla ulertu ahal izango da, administrazio-prozedurari buruzko araudiari jarraituz.

5.– Laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie ebazpena, eta, horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jakinarazpen-ondorioak izan ditzan eta herritar oro jakitun izan dadin. Dena den, lehenago egin den jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

6.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa aurkez dezakete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatuari jarraikiz.

18. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan zehaztu eta arautzen diren dirulaguntzen onuradunek ondoren azaltzen diren betebeharrak bete beharko dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari idatziz eta espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

3.– Edozer administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk xede berarako emandako dirulaguntzen, sarreren edo baliabideen berri ematea, lortutako laguntza horien ukoari edo onarpenari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea. Batez ere, ahal den lasterren jakinarazi beharko dira diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen jazoerak edo zirkunstantziak, baldin eta proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte.

5.– Euren funtzioak egiten ari direlarik, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematea, jasotako dirulaguntzei dagokienez, eta, orobat, haiek dituzten ikuskatze-, segimendu-, egiaztapen- eta kontrol-ahalmen zein -funtzioei men egitea.

6.– Argitara daitezkeen testu edo dokumentuetan aipatzea –ikerketaren emaitzen ondoriozkoetan– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso dela, eta sailaren logotipo ofiziala ere jasotzea. Proposatutako ikerketarako eman den dirulaguntzak etorkizunean master amaierako lana edo doktorego-tesia egiteko bide ematen badu, lan edo tesi horretan jaso beharko da Eusko Jaurlaritzak eman duen laguntza, eta ale bat igorri beharko zaio Kultura Ondarearen Zuzendaritzari.

7.– Dirulaguntza baliatzen duen bitartean, oinarri hauen ondoriozko arauak betetzea etenik gabe.

8.– Ikerlana amaitzea eta dirulaguntza justifikatzeko eskatutako dokumentazioa igortzea agindu honetan ezarritako epean. 9. Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako gainerako betebeharrak.

19. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta segimendua.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, agindu hau kudeatzeko arduraduna den aldetik, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egingo du.

Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskatze eta egiaztapenak egitea.

20. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta ordaintzeko era.

1.– Agindu honen babespean eman beharreko dirulaguntzak atalka ordainduko dira, era honetan:

a) Lehen ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 50ekoa, dirulaguntza eman ostean.

b) Gainerako % 50a dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutakoari jarraikiz ordainduko da, eskatutako dokumentazioa aurkeztuta gastua justifikatu ondoren, eta ez 2022. urtea baino lehen.

2.– Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago erregistratuta Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan edo aldatu egin nahi baditu erregistro horretan dituen banku-datuak, helbide elektroniko honen bidez egin ahalko du: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

3.– Zergei buruzko araudia aplikatzerakoan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta konturako ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari. Horretarako, pertsona fisiko eskatzaileek beren egoitza fiskala adierazi beharko dute eskabidean. Hala badagokio, onuradunak berariaz eskatu beharko du jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa.

21. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete justifikazioak:

– Justifikazioak modu presentzialean ere aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da aurretiazko hitzordua eskatzea honako bide hauetako bat erabiliz: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidearen bidez; aurretiazko hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko beren-beregi jarritako 945 01 90 00 telefonora deituta; EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako toki edo bulegoen bidez.

– Halaber, justifikazioak bide elektronikoetatik aurkeztu ahal izango dira gobernuaren egoitza elektronikoan, Nire Karpeta atalaren bitartez espedientera sartuta: www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, aurretik aipatutako helbide elektronikoaren bitartez.

3.– Justifikazioak bide presentzialez nahiz elektronikoz nola izapidetu jakiteko zehaztapenak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan, agindu honen 9. artikuluaren 5. apartatuan zehaztutako helbidean.

4.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, dirulaguntza arrazoitu duen jarduera jada burutu duela eta horrek eragin dituen gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Horretarako, gutxienez honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Egindako jarduera bete izanaren justifikazio-memoria, ahalik eta xehakatuena; eta, horrekin batera, eskaerarako azterlana bermatu duen pertsonak idatzitako txostena, egindako lanari oniritzia emateko eta egoki iritzitako beste ohar batzuk egiteko.

b) Diruz lagundutako ikerlanaren amaiera-dokumentuaren kopia bat, formatu elektronikoan; eta, horrekin batera, laburpen elebidun bat (euskaraz eta gaztelaniaz), gehienez ere 1.800 karakterekoa. Amaiera-dokumentuaren testua Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuaren estilo-arauei jarraikiz idatziko da. Justifikazioa era presentzialean egiten bada, formatu digitalean aurkeztuko da, euskarri fisiko batean grabatuta (CD/DVD, USB memoria, eta abar). Bide elektronikoa erabiltzen bada eta 30 MB baino handiagoa bada, helbide elektroniko bat adieraziko da memorian, hain zuzen ere organo kudeatzaileak lana jasotzen duten fitxategiak deskargatu ahal izan ditzan. Bide presentziala hautatzen dutenek ere erabil dezakete prozedura hori.

Nolanahi ere, aurkeztutako emaitzek hasiera batean eskaerarekin batera aurkeztutako memoriaren planteamenduekin bat etorri beharko dute.

c) Zinpeko deklarazioaren bidez, diruz lagundutako jardueraren gastuen eta sarreren behin betiko balantze orekatua –ahalik eta banakatuena–, egoitza elektronikoan eta agindu honen 9. artikuluaren 5. apartatuan adierazitako tokietan eskura daitekeen ereduaren arabera.

Ondoren pertsona edo erakunde onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain bestelako dirulaguntzarik edo kanpoko ekarpenik jasoko ez balu, hori horrela dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du –balantzearen formularioan jasoa–. Eskaera-izapidearen ostean lana egiteko beste dirulaguntza ezberdin bat edo bestelako sarreraren bat jaso badu, zehaztu egin beharko du, hauek adierazita dirulaguntza edo ekarpen bakoitzeko: kopurua eta hura eman duen pertsona edo erakundea, balantzeko sarreren atalean.

d) Egindako gastuen zerrenda sailkatua eta korrelatiboki zenbakitua, hartzekoduna eta egiaztagiria adierazita, baita alderdi hauek ere: zenbatekoa, jaulkipen-data, jarduerari egotzitako gastuaren zenbatekoa –zerga-oinarria eta BEZa banakatuta–. Balantzea izeneko inprimakian bertan jasotako taularen bidez egin daiteke, edo bereiz aurkeztu, kalkulu-orri batean, betiere datu-eredu berari jarraituta.

e) Gastuak egiaztatzea –horien zenbatekoak aurkeztutako gastu-aurrekontuaren zenbateko osoaren baliokide izan behar du– fakturak, faktura sinplifikatuak eta/edo langileen nominak aurkeztuta edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera duen edota administrazio-eraginkortasuna duen beste edozein dokumentu gastuen zerrenda sailkatuan erantsita. Zerrenda sailkatuan eman zaien zenbakia eraman beharko dute ziurtagiriek. Ziurtagiriak DIN-A4 neurria baino txikiagoak badira, orri bati itsatsi beharko zaizkio. Orri horiek ere zenbakituta egon beharko dute beheko eskuineko ertzean.

5.– Justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2022ko azaroaren 11 da, egun hori barnean dela.

6.– Betiere Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 30. artikuluan ezarritakoa beteko da.

22. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.

1.– Helburua eta irizpideak.

Justifikatutako diru-zenbatekoa eskaerarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontua baino handiagoa izateak ez du emango eskubiderik hasieran onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzeko.

2.– Prozedura.

a) Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak behin aztertuta egokitzat jotzen badira, ordaintzeke dagoen diru-kopurua ordainduko da.

b) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, benetako kostuak aurrekontuan jasotakoak baino txikiagoak direnean, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egingo da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, bi hilabeteko epean, jarduera justifikatzen duen dokumentazioa aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita.

Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari diru-zenbatekorik itzuli behar bazaio, itzulketa egiteko bi hilabeteko epea emango da likidazio-ebazpenean, jakinarazpena egiten denetik hasita; betiere, abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan ezarritako prozedura errespetatuta (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak zehazten dira).

23. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

d) Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legeari eta hura garatzekoei jarraikiz nahitaez bete behar den beste edozer betebehar.

2.– Artikulu honetako aurreko zenbakian zehaztutako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak, osorik edo partez, eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusi bezala, arau horietan ezarritakoa bete ondoren eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

Tratamenduaren arduraduna:

Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila. Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba Telefonoa: 945 01 80 00.

Xedea: Kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa:

Interes publikoan edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoak erabili bitartean eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua.

– 6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena.

– 7/1997 Legea, ekainaren 19koa, dirulaguntzen erregimena arautu eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea aldatzen duena.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: Zuk eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu zein aurkaratzeko ere. Ikus informazio gehigarria.

Datuak babesteko ordezkaria:

Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefonoa: 945 01 86 80.

Web orria: www.euskadi.eus/datu-babesa.

Kontserbazio-epea:

Datuak atzemateko eta egon litezkeen erantzukizunak ezartzeko xedea betetzeko behar den denbora. Artxibo eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa beteko da.

Interesdunen kategoriak:

– Eskatzaileak.

Hartzaile-kategoriak (datuen komunikazioa):

– Arloan eskumena duten administrazioak.

Datuen kategoriak:

– Identifikazio-datuak.

– Ezaugarri pertsonalak.

– Ekonomia- eta finantza-datuak eta aseguru-datuak.

Nazioarteko transferentziak:

– Ez daude aurreikusita.

Segurtasun-neurriak:

– Hartutako segurtasun-neurriak hemen jasotzen dira: Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren II. eranskina (Segurtasun-neurriak).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 26a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala