Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2021eko ekainaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3191

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 18koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2021ean dirulaguntzak emateko erakunde jakin batzuei; hain zuzen ere, emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeko xedea duten erakundeei. Era berean, agindu honen bidez, dirulaguntza horiek arautzen dira.

Autonomia Estatutuaren 10. artikuluak zehazten du Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela EAEko jarduera ekonomikoa planifikatzeko, sustatzeko eta arlo ekonomikoa garatzeko, ekonomiaren antolaketa orokorraren arabera. 9. artikuluak, berriz, adierazten du ezen euskal botere publikoek, beren eskumenen esparruan, bizitza eta lan arloko baldintzak hobetzeko politika bultzatuko dutela, eta neurriak hartuko dituztela enpleguaren hazkundea eta ekonomiaren egonkortasuna sustatzen laguntzeko.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, 24.3 artikuluan, EAEko administrazio publikoei eskatzen die susta ditzatela emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarteak, bai eta emakumeen autonomia bultzatu eta emakumeen estatus soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea helburu dutenak ere.

Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 13.j) artikuluaren arabera, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzak, besteak beste, enpresa- eta hezkuntza-munduarekin lankidetzan jardun behar du, enpleguaren eta prestakuntzaren arloko ikerketarako, eremu horretan irtenbide berritzaileak aplikatzen lagunduz.

Hori horrela, deialdi honen bitartez, bi helburu lortu nahi dira batez ere: alde batetik, dirulaguntza-deialdi guztietan izan beharreko objektibotasun-, lehia- eta publikotasun-printzipioak bermatzeko legezko oinarriak ezartzea; eta, bestetik, beharrezkoak diren mekanismoak finkatzea, Lan eta Enplegu Sailak jakin ahal izan dezan funts publikoak modu egokian erabiltzen ote diren.

Laguntza hori, agindu honen bidez lortu nahi dena Autonomia Erkidegoko enpleguaren alorrean, beste tresna bat bezala planteatzen du Lan eta Enplegu Sailak; hain zuzen ere, emakumeen ekintzailetza sustatzen eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzen lagunduko duen tresna gisa.

Agindu hau Lan eta Enplegu Sailaren 2021eko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago. Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2021eko otsailaren 23ko Aginduaren bidez onartu zen plan hori.

Esandako helburua betetzeko, eta aipatutako aurrekontu-aurreikuspena gauzatzeko asmoz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluan eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 3.2.e) artikuluan ezarritako eskumena baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen xedea da, 2021eko ekitaldirako, lehia bidezko erregimenean, oinarri arautzaileak eta deialdia finkatzea, dirulaguntzak emateko elkarte jakin batzuei; hain zuzen ere, emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeko xedea duten elkarteei.

Deialdi honen ondorioetarako, eta emakumeen ekintzailetzari eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeari dagokienez, jarduera hauek hartuko dira sustapen eta laguntza gisa:

– Emakumeen ekintzailetza sustatzea eta emakumeek gidatutako enpresak edo enpresa berriak bultzatzea.

– Enpresetako zuzendaritzetan eta zuzendaritza-organo zein -postuetan emakumeak sartzen laguntzea.

– Emakume enpresaburu eta/edo zuzendarien elkartegintza garatzea.

– Erakundeen eta emakumeen arteko lankidetza-sareak sortzea, haien parte-hartze soziala eta elkarte-garapena ahalbidetuz.

– Emakume enpresaburuen, zuzendarien eta profesionalen ikusgarritasuna sustatzea erabaki-eremuetan.

Egiaztatuak izan daitezen, deskribatutako xedeak erakundearen helburu sozialean edo estatutuetan agertu beharko dira. Halakorik ezean, erakundeek egiaztatu beharko dute xede horiek beren jardueren eta helburuen parte direla; horretarako, jarduerak justifikatzeko txosten bat egin beharko dute, eta, bertan, helburu horiekin lotutako ekintzak zehaztu (0.1 eranskina). Memoria horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako aurrekontu-kredituaren kontura finantzatuko dira (100.000 euro).

Eskabideek, dirulaguntza jaso ahal izateko, gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte dirulaguntzaren 1. lerroan, agindu honen 4. eta 6. artikuluetan deskribatzen diren irizpide, baremo eta puntuazioen arabera. Gainerakoak ezetsi egingo dira.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira egoitza soziala, jarduera-garapena eta ezarpen nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakundeak, baldin eta beren helburuen artean badaude emakumeen ekintzailetza sustatzea eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzea, betiere irabazi-asmorik ez badute eta Administrazio Publikoarekiko independenteak badira, eta, agindu hau argitaratzen den egunean, legez eratuta badaude eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude, eta, gutxienez, deialdia argitaratu baino bi urte lehenago eratu baziren.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluarekin bat etorriz, elkarteren bat egoera hauetakoren batean badago, ezin izango ditu jaso agindu honetan ezarritako laguntzak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak, edo zigorra jaso dutenak prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta.

b) Erakundearen legezko ordezkaritza duen pertsona Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean edo Administrazio Publikoen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aipatutako kasuren batean dagoenean, edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsia denean, lege horretan ezarritako baldintzetan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudietako baldintzetan.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez dituztenak.

e) Epai irmo bidez zehatuta daudenak eta, beraz, dirulaguntzak lortzeko aukera galdu dutenak.

f) Sexu-bereizkeria dela-eta jasotako zehapen penal edo administratiboaren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu dutenak, edo debeku hori dutenak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela-eta.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, dirulaguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala badagokio, erakunde onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitakoak.

4.– Erakunde eskatzaileek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute aurreko baldintza guztiak betetzen dituztela.

5.– Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta itzulketa-betebeharrak egunean izateko baldintza beteta izan beharko da laguntza ematerakoan eta ordaintzerakoan.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Deialdi honen bidez finantzatu edo diruz lagundu ahal izango diren gastuak 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean ordainduko dira, betiere dirulaguntzaren xedearekin lotuta badaude.

2.– Erakunde onuradunen instalazio eta egoitza sozialen mantentze-lanei eta funtzionamenduari zuzenean lotuta dauden eta erakundeak betearazpen-aldian izan dituen gastuak lagundu ahal izango dira diruz, hau da, hornidura-gastuak (argia, ura), lokalaren errentamendu-gastuak, kanpoko zerbitzuen gastuak, bai eta euren langileen edo kanpoko langileen gastuak ere, baldin eta dirulaguntzaren xede diren helburuen zerbitzura badaude eta erakundea sendotzen eta garatzen laguntzen badute. Inputatu beharreko egitura-gastuen ehunekoaren muga dirulaguntzaren xedearekin lotutako jardueren ehunekoaren arabera finkatuko da.

3.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek: finantza-gastuak; inbertsio-gastuak; administrazio-lizentziak; berandutze-errekarguak, eta zehapen administratibo eta penalak, honako hauek barne direla: ordainketetan berandutzearen ondoriozko zehapenak; zerga, tributu eta tasak edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak, eta prozedura judizialen eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozeduren gastuak.

4.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaiei dagokionez, oinarrizko araudi gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

4. artikulua.– Dirulaguntza-lerroak: balorazio-irizpide orokorrak eta espezifikoak.

Bi dirulaguntza-lerro ezartzen dira, baliabideak esleitzeko irizpide orokor eta espezifikoen arabera.

1. lerroa: erakundeen jarduera eta ekintza-eremua (sareko lana, ikusgarritasuna, zabalkundea, jardueren jarraipena eta abar). Balorazio-irizpide orokorrak.

1.– Lurralde-ezarpena.

Lehenik eta behin, baloratuko da erakundeak EAEko lurralde historikoan izatea jarduera-eremua eta presentzia instituzionalaren eremua. Horretarako, estatutuetan agertzen den lurralde-eremua egiaztatuko da.

Bigarrenik, tokiko jardun-eremua baloratuko da.

2.– Sareko lana: beste erakunde batzuekin lankidetzan egindako jarduerak.

Baloratuko da erakundeak sarean egitea ahalik eta jarduera gehien, eta ahalik eta erakunde gehienekin. Horretarako, 2019. urtea hartuko da erreferentzia gisa, bai eta aurreikusitako jarduera-plana eta 2021ean egindako jarduerak ere (III. eranskina).

3.– Dirulaguntzaren xede diren jardueretan izandako dedikazioa eta espezializazioa.

Baloratuko da erakundeak dirulaguntzaren xedearekin lotutako ekintzetan kontzentratzea bere jarduera; beraz, erakundeei puntuazio handiagoa emango zaie, baldin eta egiaztatzen badute 2021erako dituzten programa eta jarduera guztiak zuzenean daudela lotuta dirulaguntzaren xede den gaiarekin, hau da, emakumeen ekintzailetza sustatzearekin eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzearekin (IV. eranskineko eredua).

4.– Afiliazioa.

Erakunde osoan bazkidetutako pertsonen kopuru osoa baloratuko da.

Hori baloratzeko, egoera hori legez egiaztatzen duen edozein dokumentu aurkeztuko da, edo, halakorik ezean, legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat, non zehaztuko baita zenbat afiliatu dauden eskabidea aurkeztu den egunean.

Bereizi egingo da zenbat diren partaidetza-kuota ordaintzen duten bazkideak, eta zenbat, bazkide izanda ere, kuota ordaintzen ez dutenak. Balorazio handiagoa emango zaie kuota ordaintzen duten bazkide kopuru handiena duten erakundeei.

5.– Boluntariotza.

Baloratuko da zenbat pertsona aritzen diren boluntario gisa, dirulaguntzaren xede diren helburuak betetzeko.

Balorazioa egiteko, tarteen araberako boluntario kopuruari dagokion puntuazio-banaketa finkatuko da. Hori baloratzeko, egoera hori legez egiaztatzen duen edozein dokumentu aurkeztuko da, edo, halakorik ezean, legezko ordezkariak sinatutako dokumentu bat, non zehaztuko baita zenbat boluntario dauden eskabidea aurkeztu den egunean.

6.– 2019an egindako jarduerak.

2019an egindako jarduerak baloratuko dira, bereziki dirulaguntzaren xedearekin zerikusia dutenak.

Eskabidearekin batera, memoria deskribatzaile bat aurkeztu beharko da (II. eranskina), gutxienez honako hauek jasoko dituena 2019. urteari dagokionez:

– Helburuak.

– Jarduera-plana (jarduerak, proiektuak...)

– Jardueren jarraipen-plana.

– Emaitzak ebaluatzeko plana.

– Aurrekontua eta finantzaketa.

– Aholkularitzarako eta informaziorako baliabideak, didaktikoak eta suntsikorrak.

Memoriarekin batera, laburpen-taula bat aurkeztu beharko da, datu hauekin:

– Emakume ekintzaileak eta zuzendaritza-postuetan dauden emakumeak ikusarazteko jardueretan (ikastaroak, proiektuak, jardunaldiak, sariak eta abar) parte hartzen duten pertsonen kopuru osoa.

– Bazkideei eta bazkide ez direnei informazioa, zabalkundea eta aholkularitza emateko jardueren kopurua.

– Bazkide berriak eta beste finantzaketa-iturri pribatu batzuk erakartzeko egindako merkataritza- eta marketin-ekintzen kopurua.

– Jardueren eragina ebaluatzeko plana: baloratuko da erakundeak ebaluazio-plan bat izatea, programatutako jardueren eraginaren jarraipena eta ebaluazioa deskribatuko dituena, horretarako helburuen eta emaitzen adierazleak erabiliz.

7.– 2021eko ekintzen programa.

Eskabidearekin batera, 2021. urterako memoria deskribatzailea aurkeztu beharko da (II. eranskina):

2021ean planifikatutako/egindako jarduerak baloratuko dira, bereziki dirulaguntzaren xedearekin zerikusia dutenak.

Balorazioa egiteko, aurreko apartatuan (2019an egindako jarduerak) deskribatutako aurkezpen-formatu bera erabiliko da.

8.– Finantza-kontrola.

Elkarteen legeriak ezartzen dituen kontabilitate- eta finantza-baldintzak betetzen ote diren baloratuko da (VI. eranskina).

Modu positiboan baloratuko da erakundeak efizientzia-, legezkotasun-, berrikuspen- eta finantza-kontroleko jardueren mende jartzea bere kudeaketa. Arlo honetan, balorazio-maila hauek zehazten dira:

– Gehieneko puntuazioarekin baloratuko da kanpoko auditoretza independente batek azken 2 urteetan egiaztatu izana.

– Kanpoko erakunde batek ikuskatu ez badu, bigarren puntuazio-mailan baloratuko da ekonomia- eta finantza-arloko barne-kontrola, kontabilitate-arauen arabera.

2. lerroa: bazkideen ordezkaritza txikiagoa eta/edo finantza-nahikotasun txikiagoa duten erakundeen hazkundea bultzatzea. Balorazio-irizpide espezifikoak.

Irizpide hori dirulaguntzaren 1. lerroan 50 puntu edo gehiago lortu dituzten erakundeei aplikatuko zaie, eta oinarri sozial eta finantza-nahikotasun gutxien duten erakundeei banatuko zaie, hazkundea pizteko kontzeptu gisa, eta, betiere, 6. artikuluan (2. lerroa) deskribatutako irizpide espezifikoen, baremoen eta puntuazioen arabera:

Baremoei eta puntuazioei buruzko xehetasunak 6. artikuluan daude jasota.

5. artikulua.– Dirulaguntza-lerroak eta esleitutako zenbatekoak.

Erakunde bakoitzari emango zaion gehieneko zenbatekoa lerro bakoitzean diruz lagundu daitekeen jardueraren guztizko zenbatekoaren adinakoa izango da; hau da, dirulaguntzaren 1. lerroaren kasuan, 95.000,00 euro, eta dirulaguntzaren 2. lerroaren kasuan, 5.000,00 euro.

Dirulaguntzen partidak bereizteko, betiere baliabideen banaketarako irizpide orokor eta espezifikoekin bat etorriz, dirulaguntzaren zenbateko osoaren banaketa 2 dirulaguntza-lerrotan aurkezten da:

1. lerroa: erakundeen jarduera eta ekintza-eremua (sareko lana, ikusgarritasuna, zabalkundea, jardueren jarraipena eta abar). Oinarrizko zenbatekoa eta zenbateko aldakorra (95.000,00 euro).

a) Oinarrizko zenbatekoa:

Lerro honen zenbateko osotik, 50.000,00 euro banatuko dira (zati berdinetan) 50 puntu edo gehiago lortzen dituzten erakundeen artean, 6. artikuluan adierazitako balorazio-irizpide orokorren haztapenean definitutako puntuazioak oinarri hartuta.

50 puntu edo gehiago lortzen dituzten erakundeak 6 baino gehiago badira, puntuazio handiena lortu duten 6 erakundeetara mugatuko da oinarrizko zenbatekoaren banaketa. Seigarren tokian geratu diren erakundeen puntuazioan berdinketa badago, zenbateko proportzionala (guztizkoaren 1/6) haien artean banatuko da.

b) Zenbateko aldakorra:

Gainerako zenbatekoa, 45.000,00 euro, puntuazio onenak lortzen dituzten 4 erakundeen artean banatuko da, 6. artikuluan adierazitako balorazio-irizpide orokorren haztapenean zehaztutako puntuazioak oinarri hartuta, ehuneko hauen arabera:

– % 32 esleituko zaio puntuazio handiena lortzen duen erakundeari.

– % 27, bigarren puntuaziorik handiena lortzen duen erakundeari.

– % 23, hirugarren puntuaziorik handiena lortzen duen erakundeari.

– % 18, laugarren puntuazio handiena lortzen duen erakundeari.

Baldin eta 50 puntu edo gehiago lortu dituzten 4 erakunde parte-hartzaile baino gutxiago badaude, soberakina bidezko eran banatuko da eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten erakundeen artean.

Puntuazioetan berdinketa badago, balorazio-fase aldakorrean esleitutako gehieneko zenbatekoa (45.000,00 euro) ezin izango da inoiz gainditu. Hala badagokio, banaketa hau aplikatuko da: puntuazio onena lortzen duten bi erakunde badaude, adibidez, puntuaziorik handienean (% 32), portzentaje hori % 29,5era egokituko da erakunde bakoitzarentzat. Ondorioz, hurrengo sailkatuak 3. postua izango du eta % 23 egokituko zaio, eta horrela hurrenez hurren.

2. lerroa: bazkideen ordezkaritza txikiagoa eta/edo finantza-nahikotasun txikiagoa duten erakundeen hazkundea bultzatzea. Zenbateko aldakorra (5.000,00 euro).

Dirulaguntzaren 1. lerroan 50 puntu edo gehiago lortu dituzten erakundeei baino ez zaie aplikatuko dirulaguntza-lerro honen zenbatekoa (5.000,00 euro). Zenbateko hori hazkunderako pizgarri gisa banatuko zaie, bai bazkideen kopuruari dagokionez, bai beste finantzaketa-iturri pribatu batzuk erakartzeari dagokionez, oinarri sozial txikiena eta finantza-nahikotasun txikiena duten erakundeei, 6. artikuluan (2. lerroa) deskribatutako irizpide espezifikoen, baremoen eta puntuazioen arabera:

Zenbatekoaren banaketa:

– 2.500,00 euro, puntuazio handiena lortzen duen erakundeari.

– 1.500,00 euro, bigarren puntuazio handiena lortzen duen erakundeari.

– 1.000,00 euro, hirugarren puntuazio handiena lortzen duen erakundeari.

6. artikulua.– Balorazio-irizpide orokorrak eta espezifikoak: mailaketa eta puntuazioak.

Dirulaguntza esleitzeko, agindu honen 1. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako aurrekontu-kredituaren zenbatekoaz gain, balorazio-irizpideen baremo eta puntuazio hauek hartuko dira kontuan:

1. lerroa: oinarrizko zenbatekoa eta zenbateko aldakorra zehazteko irizpideak, mailaketa eta puntuazioak.

(Ikus .PDF)

2. lerroa: zenbateko aldakorra zehazteko irizpideak, mailaketa eta puntuazioak.

(Ikus .PDF)

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Laguntzak emateko deialdi honetako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz egingo dira.

2.– Helbide honetara jo behar da administrazio-prozeduraren informazio-fitxa ikusteko, non eskuragarri baitaude eskaera izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskaera-inprimakia: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1112301

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazioko eta sinadura elektronikoko bitartekoak helbide honetan jasota daude: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskaera elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro elektronikoan inskriba daiteke ordezkaritza, helbide honetan sartuta: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Agindu honetako espedienterako irispidea, eta errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta eskabidearen osteko gainerako kudeaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren «Nire Karpeta» atalaren bitartez egingo dira (https://www.euskadi.eus/micarpeta).

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta.

3.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

4.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

9. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu daitekeen inprimakian egin beharko da (I. eranskina).

2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Sinatzailearen identifikazioa, edo, hala badagokio, deialdi hau kudeatzen duen organoari hura egiaztatzeko emandako baimena, eta haren ordezkaritza egiaztatzen duen agiria, edo erakundeko organo eskudunak emandako ziurtagiria, sinatzaileak haren izenean jarduteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

b) Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ).

c) Behar bezala legeztatutako estatutuak.

d) 2019ko eta 2021eko jarduera-memoriak (II. eranskina).

3.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, zeina eskabidearen inprimakian baitago eta eskatzaileak bete baitu bere erantzukizunpean (V. eranskina), honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatuko da:

a) Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren egoera (eskatuta, jasota edo izapidetzen).

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduren egoera, artean izapidetzen ari direnak.

c) Erakunde eskatzailea ez egotea epai irmo bidez zigortuta dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrarekin, edo ez izatea zigorrik prebarikazioagatik, eroskeriagatik, diru publikoen erabilera bidegabeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur eta ordainarazpen ilegalengatik edo hirigintza-delituengatik.

d) Erakunde eskatzaileak egunean izatea dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa, erregelamenduz ezarritako eran.

e) Erakunde eskatzailea ez egotea epai irmo bidez zigortuta dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zigorrarekin, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoaren arabera.

f) Erakunde eskatzaileak, sexu-bereizkeria dela-eta, ez izatea zehapen penal edo administratiborik dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrarekin, eta debeku hori ere ez izatea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela-eta.

g) Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta eskatzaileak betetzen dituela dirulaguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

4.– Organo kudeatzaileak automatikoki eta beharrezkoa den guztietan egiaztatuko du laguntzak eskatzen dituzten erakundeek egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, horretarako haien baimena behar izan gabe. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Elkarteen Erregistroan inskribatuta egoteari buruzko ziurtagiria ofizioz egingo da, organo kudeatzailearen bitartez.

10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo nahitaezko agiri guztiak ez baditu, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak adierazitako ondorioetarako.

11. artikulua.– Eskabideak baloratzeko batzordea.

1.– Balorazio-batzorde batek baloratuko ditu aurkezten diren proiektuak, ezarrita dauden irizpideak aplikatuz, eta ebazpen-proposamena bidaliko dio organo eskudunari.

2.– Hauek izango dira Balorazio Batzordeko kideak:

– Francisco Pedraza Moreno, Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendaria.

– Iratxe Moreno Yarritu, Enplegu eta Gizarteratze Zerbitzuaren arduraduna.

– Helena Flores Serrano, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzako teknikaria.

– María Sanz de las Heras, Lan eta Enplegu Saileko berdintasun-teknikaria.

12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek xede eta helburu bererako ematen dituztenekin. Edonola ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ezingo du gainditu diruz lagunduko den jardueraren kostu osoa.

2.– Agindu honetan jasotako laguntzekin batera, erakunde onuradunak jasotzen baldin baditu beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek arrazoi eta helburu bererako emandako beste laguntza batzuk, eta laguntza horien baturak diruz lagundu den jardueraren kostu osoa gainditzen badu, soberakina bateraezina dela adieraziko da, eta gutxitu egingo da Eusko Jaurlaritzak Lan eta Enplegu Sailaren bitartez eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasuna.

1.– Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzaren titularrak emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Ebazpena, gehienez ere, 4 hilabeteko epean eman beharko da, bai eta erakunde interesdunei jakinarazi ere, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Epe hori igaro, eta ez bada ebazpena berariaz jakinarazi, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie elkarte interesdunei, eta, horrez gain, urtero, esleipendunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

14. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, eta ulertzen baldin bada dirulaguntzaren helburua bete egin dela eta, hala badagokio, beste edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk emandako dirulaguntzak edo laguntzak lortu badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta erakunde onuraduna izateko agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen badira. Ondorio horietarako, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berregokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakin gisa jasotako zenbatekoak.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan aipatutako betebeharrak betetzeaz gain, laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluaren arabera egingo da hori, 2021eko abenduaren 31 baino lehen, dirulaguntzak eman zireneko helburua bete dela egiaztatzeko. Horretarako, egindako jardueren azalpen-memoria aurkeztu beharko da. Gainera, justifikazio-kontu bat erantsi beharko da (VIII. eranskina) 2021. urtean egindako gastuekin. Kontu horretan jasoko da gastu arrunten eta funtzionamendu-gastuen zerrenda, aintzat hartuta eskuratze-kostua ezin dela izan merkatuko balioa –nominak, fakturak eta abar– baino handiagoa. Horien originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, bai eta, hala badagokio, kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioa egiaztatzen duten TC kotizazio-buletinak ere. Eskaeraren ondorengo izapide elektronikoak, justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Laguntzak zertan eta zelan erabili diren ziurtatu beharko da zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betetzeko. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren. Horretarako, betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, fiskalizazio-eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatutako informazioa ematea.

3.– Era berean, erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betekizunak bete behar dituzte.

16. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Ordainketa zatika egingo da, honela:

a) Lehenengo ordainketa dirulaguntzaren % 50 izango da, eta dirulaguntza emateko Ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da.

b) Bigarren ordainketa, dirulaguntzaren gastu osoa justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoari dagokiona, 2021eko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da.

Ebazpena aldekoa bada, erakunde eskatzaileek alta emanda egon beharko dute Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan, ordainketak egin ahal izan daitezen.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu zen baldintzaren bat bete ez dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu behar den berandutze-interesa itzuli egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluarekin bat etorriz eta horietan ezarritako moduan.

2.– Erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

3.– Era berean, dirulaguntza bueltatzeko arrazoiei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluak ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

18. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuz biltzen diren datu pertsonalak tratatu egingo dira, tratatu ere Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera eta arlo horretan aplikatu beharreko gainerako araudiaren arabera.

Hona jo dezakezu datu-babesari buruzko informazioa eskuratzeko: https://www.euskadi.eus/dbao/1112301

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 18a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala