Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2021eko maiatzaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3017

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 5ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena, zeinaren bidez zenbait laborategi izendatzen baitira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko irailaren 16ko Aginduan aipatzen diren kontrol ofizialetarako laginen analisiak egiteko –agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana onesten da–.

Europar Batasuneko araudiarekin bat etorriz, Batasuneko estatuek zaindu behar dute pentsuei eta elikagaiei buruzko legeria eta animalien osasunari eta ongizateari buruzko araudia betetzen direla, eta jarraipena egin eta egiaztatu behar dute enpresek arau horietan ezarritako baldintzak betetzen dituztela ekoizpenaren, transformazioaren eta banaketaren etapa guztietan. Horretarako, kontrol ofizialak ezarri behar dituzte.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko (EB) 2017/625 Erregelamendua –elikagaien eta pentsuen legedia eta animalien osasunari eta ongizateari, landareen osasunari eta produktu fitosanitarioei buruzko arauak aplikatzen direla bermatzeko egiten diren kontrolei eta jarduera ofizialei buruzkoa– onartu zen, hain zuzen ere, arauak betetzen direla ziurtatze aldera kontrol ofizialetan gorde behar diren arau orokorrak ezartzeko.

Espainiako Estatuan, elikagaien katearen kontrol ofizialerako planen diseinua eta aplikazioa Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzko uztailaren 5eko 17/2011 Legean daude araututa, funtsean. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko 17/2008 Legeak 101.2 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzi edo merkaturatutako nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuak kontrolatzeko planak ezarriko dituzte euskal administrazio publikoek, arriskuei aurre egiteko eta ekintzen koordinazio-printzipioak betetzeko.

Aurrekoa aplikatuz, eta bat etorriz Elikagaien Katea Kontrolatzeko Plan Nazionalaren jarraibide orokorrekin, eta harekin koordinatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana onartu zen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko irailaren 16ko Aginduaren bidez. Horrez gainera, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren 2021eko apirilaren 14ko Ebazpenaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana eguneratu da.

Aipatutako aginduaren ebazpen-ataleko laugarren zenbakiaren arabera, laborategi berriak izendatzeko, edo dagoeneko izendatuta dauden laborategiei kontrol edo analitika berriak esleitzeko, edo, hala badagokio, izendapen horiek baliogabetzeko, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzako titularraren ebazpen bat beharko da. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar dira, eta Estatuko Administrazio Orokorrari horien berri eman beharko zaio.

Aurreko hori guztia aplikatzeko, 2018ko martxoaren 5ean (EHAA, 45. zk.), Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren 2018ko urtarrilaren 25eko Ebazpena argitaratu zen, zeinaren bidez laborategi batzuk izendatzen baitira 2016ko irailaren 16ko Aginduan aipatzen diren kontrol ofizialetarako laginen analisiak egiteko –2016ko irailaren 16ko Agindua, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana onesten baita–.

Nolanahi ere, kontuan hartuta zenbat denbora igaro den harrezkero, eta aintzat hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana eguneratu dela (2021eko apirilaren 14ko Ebazpenaren bidez) eta laborategi berriak eta analisi-teknikak txertatu direla, nahitaezkoa da laborategien zerrenda berria izendatu eta argitaratzea; zerrenda horrek ordeztu egingo du 2018ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren bidez argitaratu zena.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– I. eta II. eranskinetan adierazitako laborategiak laborategi ofizial izendatzea, kontrol ofizialen eta bestelako jarduera ofizialen ondoriozko laginen analisiak, entseguak eta diagnostikoak egiteko, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko (EB) 2017/625 Erregelamenduaren 37. artikuluarekin eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko irailaren 16ko Aginduaren ebazpen-ataleko laugarren zenbakiarekin (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana onesten da).

Bigarrena.– I. eranskineko laborategien izendapenak irismen hau du: egiaztapen-espedienteko eranskin teknikoan kontrol ofizialeko laginetarako jasota dauden entsegu guztiak eta zerbitzu-zorroan bestelako jarduera ofizialen ondoriozko laginetarako jasota dauden entsegu guztiak.

Hirugarrena.– II. eranskineko laborategien izendapenak irismen hau du: laborategiaren zerbitzu-zorroan bestelako jarduera ofizialen ondoriozko laginetarako jasota dauden entsegu guztiak.

Laugarrena.– Izendatutako laborategiek honako konpromiso hauek hartzen dituzte:

a) Egiaztapenerako eranskin teknikoan adierazitako teknikei, matrizeei eta analitoei eustea eta nekazaritza eta abeltzaintzako eskumena duen zuzendaritzari eranskin tekniko horretan egiten duten edozein aldaketaren berri ematea.

b) Laborategiaren eta agintaritza eskudunaren artean, eta laborategiaren eta Erreferentziazko Laborategi Nazionalaren artean (ELN) –halakorik badago–, koordinazio eta elkarlan efizientea eta eraginkorra bermatzeko beharrezkoak diren mekanismoak izatea.

c) ELNk –edo halakorik ez badago, Europar Batasuneko Erreferentziazko Laborategiak, EB-EL– antolatzen dituen laborategien arteko konparazio-entseguetan (gaitasun-entseguak) parte hartzea, izendapenaren xede izan diren entsegu-prozedurekin, beren gaitasun teknikoa frogatzeko.

d) Laborategi pribatuen kasuan, erantzukizun zibil profesionaleko asegurua edo bestelako berme baliokide bat izatea, zerbitzua ematean hartzailearen edo hirugarren baten osasunean edo segurtasunean edo hartzailearen segurtasun finantzarioan eragin ditzaketen kalteak estaltzeko.

e) Organo eskudunari eskatzen dituen datuak eta dokumentuak ematea, egiazta dezan baldintza galdagarriak betetzen dituela laborategiak eta ikus dezan zer jarduera egin dituen.

f) Nekazaritza eta abeltzaintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzari kontrol ofizialetan edo bestelako jarduera ofizialetan hartutako laginekin egindako analisi, entsegu edo diagnostikoen emaitzak jakinaraztea berehala, gizakien osasunerako, animalien osasunerako edo landare-osasunerako arriskuren bat adierazten badute, edo, GEOei eta produktu fitosanitarioei dagokienez, ingurumenerako arriskua edo urraketaren baten probabilitatea adierazten badute.

g) Inpartzialtasuna eta interes-gatazkarik eza ziurtatzea laborategi ofizial gisa dagozkien eginkizunak betetzeari dagokionez.

h) Gardentasun- eta konfidentzialtasun-printzipioak bermatzeko beharrezkoak diren mekanismoak edukitzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko (EB) 2017/625 Erregelamenduan adierazitakoaren arabera.

Bosgarrena.– Nekazaritza eta abeltzaintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak laborategiari izendapena osoki edo partzialki kenduko dio, neurri zuzentzaile egokiak hartzen ez baditu honako egoeretatik edozein agerian uzten duen auditoria edo ikuskaritza baten emaitzaren aurrean:

a) Izendatua izateko finkatutako baldintzaren bat betetzeari uztea.

b) Ebazpen honen ebazpen-ataleko 3. zenbakian adierazitako konpromisoak ez betetzea.

c) Laborategien arteko konparazio-probetan eskatutako mailara ez iristea.

d) Laborategiak kontrol ofizialak egiteko laborategiaren izendapena baliogabetzeko eskatzea.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta Estatuko Administrazio Orokorrean arlo horretan eskumena duen ministerioari jakinaraztea.

Zazpigarrena.– Ondoriorik gabe uztea Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren 2018ko urtarrilaren 25eko Ebazpena, zeinaren bidez laborategi batzuk izendatzen baitira 2016ko irailaren 16ko Aginduan aipatzen diren kontrol ofizialetarako laginen analisiak egiteko –2016ko irailaren 16ko Agindua, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana onesten baita–.

Zortzigarrena.– Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 5a.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria,

JORGE GARBISU BUESA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala