Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2021eko maiatzaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
2832

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 28koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, Euskadiko toki-administrazio publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programaren oinarri arautzaileak onartzen, deialdia egiten eta argitaratzen dituena.

Energiaren Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa dugu, eta bere gain hartzen ditu aurrezpena eta energia-efizientzia, energia-baliabide berriztagarriak, energia-dibertsifikazioa eta energia-azpiegituren sustapena bultzatzera bideratutako jardunak, betiere EAE Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.

Horri dagokionez, 2030erako 3E-2030 Euskadiko Energia Estrategian bildutako helburuak betetzera bideratutako hainbat ekintza garatzen ari da Energiaren Euskal Erakundea. Jardun horien artean aipatzekoak dira laguntzen zenbait programa, zeinen bidez energia-efizientzia eta energia-berriztagarrien aprobetxamendua sustatu nahi baita jarduera-sektore guztietan.

Horrenbestez, aurrezpena eta energia-efizientzia, eta, horrekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden instalazio eta eraikin publikoetan energia berriztagarrien erabilera jomuga duten ekintzak identifikatu eta sustatzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da laguntzen programa hau.

Azaldutako guztia dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen martxoaren 5eko 64/1985 Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Euskadiko toki-administrazio publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programaren oinarri arautzaileak eta dagokion deialdia onartzea (programaren edukia ebazpen honen eranskinean jasota dago).

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea Euskadiko toki-administrazio publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz.

Hirugarrena.– Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, haren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzien Auzitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bilbao, 2021eko apirilaren 28a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala