Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2021eko maiatzaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2800

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 4koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira garapenerako lankidetza-proiektuetarako 2021eko laguntzak.

Deialdi-agindu honen bidez, otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuan biltzen diren aurreikuspenak betetzen dira 2021erako; Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen ditu dekretu horrek (martxoaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), zeina, gerora, aldatu egin baitzen Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez (uztailaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria).

34/2007 Dekretuak garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzak arautzen ditu, oso lagungarriak baitira pobreziaren aurka borrokatzeko eta hegoaldeko herrialde pobretuen prozesu endogenoak eta gaitasunak indartzeko. Horretarako, tokikoari lehentasuna eman nahi zaio, estatukoari eta nazioartekoari loturik betiere, garapenerako lankidetzako irabazi-asmorik gabeko entitateen bitartez.

Aipatutako dekretuak 2. artikuluan ezartzen duenez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia atxikita dagoen saileko organo eskudunak xedatuta, laguntzen deialdia egingo da. Deialdi horretan, honako hauek adieraziko dira: deialdiaren xedea, zuzkidura ekonomiko orokorra, hiru laguntza-modalitateetarako aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa, entitate bakoitzak gehienez eska dezakeen zenbatekoa, hautaketa-irizpideak, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eta eskabide-eredua.

Beste alde batetik, dekretuaren 22.4 artikuluaren arabera, deialdiaren aginduan ezarriko da entitate bakoitzak zenbat eskabide aurkez ditzakeen gehienez eta/edo entitate bakoitzak zenbateko laguntza eska dezakeen gehienez proiektu guztietarako.

Halaber, 24. artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzaren ordainketa bakoitzaren ehunekoak ere deialdiaren aginduan ezarriko dira.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuarekin bat etorriz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio garapenerako lankidetzarekin zerikusia duten egitekoak (18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak du eskumena laguntza horiek eta emango diren ebazpenak kudeatzeko, hala xedatuta baitago, batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikuluan, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Antolaketa eta Funtzionamenduko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 5.b) artikuluan.

Horrez gainera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, 2021eko otsailaren 16an egindako bileran, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10. artikuluak ematen dizkion ahalmenekin bat etorriz, erabaki zuen eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari proposatu zion onar zitzala deialdi-agindu hau eta laguntzak emateko oinarrizko irizpideak.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da garapenerako lankidetza-proiektuetarako 2021eko laguntza-deialdia egitea; laguntza horiek, hain zuzen, uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuak arautzen ditu (34/2007 Dekretua, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena).

2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa.

1.– Deialdi honetara bideratuko den zuzkidura ekonomikoa 32.000.000 euro izango da, guztira. Laguntza-modalitate bakoitzerako, honako zuzkidura ekonomiko hau kalkulatu da:

a) Garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzetara 26.000.000 euro bideratuko dira.

b) Ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuetarako laguntzetara 1.200.000 euro bideratuko dira.

c) Garapenerako hezkuntza-proiektuetarako laguntzetara 4.800.000 euro bideratuko dira.

3. artikulua.– Proiektu bakoitzeko eska daitekeen dirulaguntza.

Proiektu bakoitzeko, gehienez, 600.000 euro eskatu ahal izango dira.

4. artikulua.– Entitate bakoitzeko eska daitekeen gehieneko zenbatekoa, guztira.

Entitate bakoitzak, banaka edo beste batzuekin elkartuta, gehienez 4 proiektutarako laguntza eskatu ahal izango du, eta horien guztien gehieneko zenbatekoa aurreko artikuluan aipatutakoa izango da. Kopuru hori 5 proiektutara zabaldu ahal izango da, baldin eta horietako bat Afrikako kontinentean gauzatzen bada.

Entitateari eman ahal izango zaion zenbatekoak ez du inola ere gaindituko 3.320.228,00 euroko zenbatekoa; alegia, 2021eko ekitaldirako onartutako funts banagarrien % 7.

5. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

Emandako dirulaguntza epe hauetan ordainduko da:

a) Emandako dirulaguntzaren % 25 (lehenengo ordainketa), dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren.

b) Emandako dirulaguntzaren % 40 (bigarren ordainketa), ordaindutako dirulaguntzaren % 80 edo hortik gora egin dela justifikatu ondoren.

c) Emandako dirulaguntzaren % 35 (hirugarren ordainketa), ordaindutako dirulaguntzaren % 80 edo hortik gora egin dela justifikatu ondoren.

6. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.

1.– Entitate interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Hemen eskura daitezke eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta agiriak nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak: www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Laguntzak eta dirulaguntzak atalean) eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian (Deialdiak atalean).

3.– Espedientean sartu, jakinarazpenak gauzatu, agiriak bidali eta prozedurako beste edozein izapide egiteko, nahitaez erabili behar dira www.euskadi.eus/micarpeta egoitza elektronikoa eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orria

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskabidea aurkezteko, bitarteko elektronikoak erabili beharko dira: www.euskadi.eus egoitza elektronikoa (Laguntzak eta dirulaguntzak atala) edo www.elankidetza.euskadi.eus web-orria (Deialdiak atala).

3.– Eskabidea egiteko, eskabide normalizatu bat aurkeztu beharko da –behar bezala eta osorik beteta–, zeina lehen aipatutako egoitza elektronikoan eskura baitaiteke.

8. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Agiri hauek aurkeztu beharko dira dirulaguntzaren eskabidearekin batera:

a) Proposamen teknikoa eta aurrekontua, eredu normalizatuan. Bata zein bestea aipatutako egoitza elektronikoan eskura daitezke, eta behar bezala bete behar dira. Proposamen teknikoak, gehienez, 35.000 hitz izango ditu.

b) Lege-ordezkaritzaren egiaztapena, eskabidea sinatzen duen pertsona ez bada entitate eskatzailearen lege-ordezkari gisa inskribatuta agertzen Eusko Jaurlaritzako ordezkarien erregistroan, eta egiaztapen hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian agertzen ez bada.

c) Lankidetzaren esparruan gutxienez bi urteko etengabeko esperientzia duela adierazten duen egiaztagiria, baldin eta entitatearen estatutuetan ez badago berariaz jasota entitatearen helburua dela hegoaldeko herrialdeen garapenera bideratutako proiektuak gauzatzea.

d) Elkartutako entitateak badira, hitzarmena aurkeztuko da, behar bezala beteta eta sinatuta, egoitza elektronikoan eskura daitekeen eredu normalizatuaren arabera.

e) Gastuak fakturekin ez baizik eta ordainagirien bidez justifikatzea aurreikusi bada, azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da, hori justifikatzen duten arrazoiekin. Azalpen-memoria hori egoitza elektronikoan eskura daiteke.

f) Entitate eskatzaileak erbesteratutako pertsonak bidaltzen baditu, egin beharreko lanak eta iraupena azalduko dituen eta beharrezkoak diren gaitasun- eta kalifikazio-irizpideak jasoko dituen azalpen-memoria aurkeztu beharko da (egoitza elektronikoan eskura daiteke).

g) Proformako fakturak, aurrekontuak edo kanpoko zenbatespenak, diruz lagundu daitezkeen gastuei dagozkienak.

h) Nagusiki hegoaldeko herrialde batean egiten diren proiektuen kasuan, txandakako funtsaren azalpen-memoria aurkeztu beharko da.

2.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztean, entitate eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiazta dezan betetzen dituela Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan ezarritako inguruabarrak, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzkoak. Entitate eskatzaileak berariaz ukatzen badu baimen hori, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako errege-dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

3.– Ezingo dira laguntzaren onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden entitateak.

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio dirulaguntza-lerro honen kudeaketa-lanak egitea, eta Agentziaren Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuak egingo ditu laguntza-eskaeren analisi teknikoa eta balorazioa; gero, horren berri emango dio Kontseilu Errektoreari, zeinak dagozkion laguntzak ematea proposatuko baitu.

10. artikulua.– Laguntzak esleitzeko organo eskuduna.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria da iragarritako laguntzak esleitzeko eskumena duen organoa.

11. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

Eskatutako betekizun guztiak biltzen dituzten eskabideak agindu honen I. eranskinean jasotako hautaketa-irizpideen arabera baloratuko dira.

12. artikulua.– Hitzarmena izenpetzea.

1.– Dirulaguntza onartu ondoren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta entitate esleipendunak hitzarmen bat izenpetuko dute emandako dirulaguntza bakoitzeko, finantzatzen den proiektu motaren arabera.

2.– Izenpetu beharreko hitzarmenaren eredu normalizatua www.euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian eskura daiteke, eta bidali, berriz, egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez bidaliko da, behar bezala beteta.

13. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskabideko datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «Garapenerako lankidetzarako laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko. Bi xedapen hauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira datu pertsonalak: Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua (Datu pertsonalen tratamenduari eta zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan bildutako laguntzak hauen mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 34/2007 Dekretua, otsailaren 27koa, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena (uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez aldatua).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 4a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala