Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2021eko maiatzaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2798

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 22koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2021eko deialdia, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko apirilaren 21eko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, onartu egin du enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2021eko deialdia, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Bada, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, organismo autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2021eko deialdia, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2021eko apirilaren 21eko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez onartu da deialdia, eta ebazpen honen eranskin gisa argitaratuta dago.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 22.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
ENPLEGU LAGUNDUKO JARDUKETETARA BIDERATUTAKO LAGUNTZEN 2021EKO EKITALDIKO DEIALDIA, URRIAREN 29KO 168/2019 DEKRETUAN AURREIKUSITAKOARI JARRAITUZ EGINA. DEKRETU HORREN BIDEZ, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN DESGAITASUNEN BAT DUTEN PERTSONEN ENPLEGAGARRITASUNAREKIN LOTURIKO PROGRAMAK ETA ZERBITZUAK ETA ENPLEGU ZENTRO BEREZIEN EUSKAL ERREGISTROA ARAUTZEN DIRA.

Urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira (2019ko azaroaren 28ko EHAA, 227. zk.; huts-zuzenketa 2020ko urtarrilaren 24ko EHAAn 16. zk.– argitaratua). Bada, dekretu horren II. kapituluko 2. atalean, enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzak arautzen dira, hain zuzen ere desgaitasun larriak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean txertatzen laguntzeko. Dirulaguntza hauen hartzaile izan daitezke elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuk, eta Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako enplegu-zentro bereziak –kalifikazio hori dutenak eta hala inskribatuta daudenak– baldin eta, helburu sozial gisa, desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzea edota haientzako enplegua sortzea badute.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 49.5 artikuluan ezarrita dagoenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarri egingo dira programen dirulaguntzak emateko arauak, eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu ziren dirulaguntzetarako.

Urriaren 29ko 168/2019 Dekretua xedapen orokor bat da, indarraldi mugagabea duena, eta, 26. artikuluan, berariaz ezartzen du enplegu lagunduko jarduketetarako laguntzen deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabaki baten bidez egingo dela, eta han, alderdi hauek zehaztuko dira gutxienez: finantzaketarako baliatuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea, dirulaguntza justifikatzeko epea eta horretarako beharrezko dokumentazioa.

Halaber, 168/2019 Dekretuaren 76. artikuluak ezartzen duenez, dekretu horretan araututako laguntzak Europako Gizarte Funtsak lagunduta finantzatzen badira –eta hala gertatzen da laguntza hauetan–, kasuan kasuko deialdia onartzen duen Lanbideren Administrazio Kontseiluaren erabakian zehaztuko da zer programa operatibo den Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa babesten duena; erabaki horrek ezarriko ditu, orobat, finantzaketa horretatik eratorritako betekizunak edo baldintza espezifikoak.

Enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2021eko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2020ko abenduaren 15eko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa.

Otsailaren 11ko 1/2021 Legearen bidez onartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko Aurrekontu Orokorrak, zeinetan aurreikusita baitago laguntza hauek finantzatzera bideratuko den kreditua.

Hori guztia aintzat hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren proposamenez, organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2021eko apirilaren 21eko batzarrean, onartu egiten du enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2021eko deialdia, urriaren 29ko 198/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Hona deialdiaren ezaugarriak:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren II. kapituluaren 2. atalean aurreikusita dauden laguntzak ematea 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egingo diren enplegu lagunduko jarduketetarako. Urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira.

2. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.000.000 eurokoak dira guztira; horietatik, 500.000 euro 2021eko ordainketa-kreditukoak dira, eta, 500.000 euro, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 41. ataleko 3211-Enplegurako programaren 2022ko konpromiso-kreditukoak.

2.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako enplegu lagunduko jarduketak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren esparruan, baita berariaz REACT-EU ardatzaren barruan ere, Europar Batasunak COVID-19 pandemiari emandako erantzunaren barruan.

4. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak azken memoria bat aurkeztu beharko du, 2022ko martxoaren 31 baino lehen, dokumentazio hau bilduko duena:

a) Memoria deskribatzailea, diruz lagundutako aldian enplegu lagunduko unitateak izandako jarduerari buruzkoa, garatutako jarduketei buruzko informazio kualitatiboa bilduko duena, bai eta egindako jardueratik ateratako ondorio nagusiak ere. Memoriak oinarrizko eduki hauek jaso beharko ditu: pertsona lanpostura egokitzeko metodologia; pertsona lanpostura egokitzeko eta laneratzeko prozesuari buruzko banakako laburpen-txostenak; prospekzio-jarduketetan oinarrituta aztertutako lanpostu moten zerrenda, eta enpresek enplegu lagundurako metodologiarekin duten gogobetetze-maila. Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:

1.– Enplegu lagunduko jarduketak jaso dituzten eta desgaitasunen bat duten pertsonen zerrenda, laneratu berriak eta aurreko laneratzeen jarraipenak bereizita.

2.– Desgaitasunen bat duten laneratuei –dirulaguntzaren urtean laneratuei– egindako lan-kontratuen kopiak. Dena dela, kontratua bera eta iraupena egiaztatzeko, Gizarte Segurantzako lan-bizitzaren erregistroa kontsultatuko da.

3.– Artatutako pertsonen desgaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiriaren kopia, dagokion organo eskudunak emana.

4.– Enplegu lagunduko jarduketak gauzatu diren enpresekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak. Laguntze aldera, hitzarmen-eredu bat eskuragarri jarriko da Lanbideren web-orrian: www.lanbide.euskadi.eus.

5.– 2021ean eta aurreko ekitaldietan egindako laneratzeen prestakuntzari eta jarraipenari buruzko fitxak.

6.– Bisita-orriak eta egindako prospekzio-jarduketen eta kontaktatutako enpresen zerrenda.

7.– Enplegu lagunduko jarduketetan esku hartu duten prospekziogileek eta lan-prestatzaileek diruz lagundu daitezkeen jardueretan eman duten denbora jasotzen duten orriak.

b) Memoria ekonomikoa, non labur jasoko baitira egindako gastuak, kontzeptuka zehaztuta urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren 25. artikuluko 2. apartatuan ezarritako diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen arabera, eta, halakorik izan bada, zehatz adierazita zer beste diru-sarrera edo dirulaguntza jaso den diruz lagundutako jarduera finantzatzeko. Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:

1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak gauzatu dituzten enplegu lagunduko unitateko langileen zerrenda, soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak zehaztuz, bai eta justifikatutako jarduketei kontzeptu horiengatik egotzi zaien gastua ere.

2.– Enplegu lagunduko unitateko langileen nominak, 2021. urtekoak; nomina horietan, zigilu batek adierazi beharko du Europako Gizarte Funtsaren finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko aldirako EGIF programa operatiboaren barruan. Gainera, erakundeak nomina bakoitzari dagokion zenbatekoaren banku-transferentzia egin izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Bankuko kontu-laburpenaren oharra globala bada eta haren zenbatekoa hainbat langileri badagokio, transferentzia-agindua aurkeztu beharko da laburpen horrekin batera, eta, han, azalduko da zein diren enplegu lagunduko unitateko pertsonak, behar bezala identifikatuta, ordainketa bakoitza zeini dagokion argi ikusteko moduan.

3.– Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuak (kotizazio-likidazioen zerrenda eta langileen zerrenda nominala), 2021ekoak, ordainagiriekin batera. Halaber, kotizazio-datuen txostena aurkeztuko da (IDC dokumentua), enplegu lagunduko unitateko pertsona bakoitzari buruzkoa.

4.– Erantzukizunpeko adierazpena, enpresaren legezko ordezkariak sinatua, non zerrenda zehatz batean bilduko baitira jasotako beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuk –edota eskatu diren baina oraindik ebatzi gabe dauden beste batzuk–, deialdi honen babespean diruz lagundutako jarduketetan aritutako langileen kostuak finantzatzera bideratuak.

5.– Auditoretza-txosten bat, non egiaztatuko baita azken justifikazio ekonomikoan aitortutako gastuak egozgarriak direla, diruz lagundutako aldiari dagozkiola eta urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren 25. artikuluan aurreikusitako mugei egokitzen zaizkiela. Hain zuzen ere, soldata-kostuei eta gizarte-segurantzakoei dagokienez, jasota geratu beharko da gastu horiek nominekin eta gizarte-aseguruekin egiazta daitezkeela, haietan agertzen diren zenbateko berak dituztela, egiaz ordainduta daudela eta ordainketa gauzatu izana jasota dagoela. Hauek ere jaso beharko ditu: kontzeptu hauengatik justifikatutako gastuaren zenbatekoa dirulaguntzari osorik edo partez egozten zaion, eta, azken kasu horretan, justifikatutako jarduketei egotzitako zenbateko zehatza zein den. Gastua egozteko irizpideak eta kalkuluak behar bezala dokumentatuta daudela ere egiaztatu beharko du, bai eta diruz lagundu daitezkeen jardueretan izan duten dedikazioa jasotzen duten orriekin bat datozela ere. Kalkulu-irizpide horiek xehetasunez azaldu behar dira auditoretza-txostenean.

Onuradunak nahi duen auditorea aukeratu eta kontratatuko du, Kontabilitatearen eta Kontu Auditoretzaren Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako jarduneko auditoreen artean, sektoreko merkatu aske eta lehiakortasunezkoaren batez besteko ordainsariak gainditu gabe.

2.– Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus web-orrian eskuragarri dauden eredu eta inprimakien arabera aurkeztuko da lehenagoko a).1, a).5, a).6, a).7 eta b).1 apartatuetan aipatzen den dokumentazioa.

3.– Azken memoria osatzen duten egiaztagirien multzoa aurkezteko, laguntza hauek izapidetzeko baliatutako bitarteko elektronikoak erabiliko dira.

5. artikulua.– Laguntzak jasotzeko baldintzak eta erakunde onuradunen betebeharrak, Europako Gizarte Funtsaren finantzaziotik eratorriak.

1.– Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuak direnez, hauetan xedatutakoa aplikatu behar da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamendua (EB); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 Erregelamendua (EB), Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzekoa, eta ESS/1924/2016 Agindua, abenduaren 13koa, Europako Gizarte Funtsak 2014-2020 programazio-aldian diruz lagun ditzakeen gastuak zehazten dituena.

2.– Urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren II. kapituluaren 2. atalean eta 71. artikuluan aurreikusitako betebeharrak bete beharko dituzte laguntzen onuradunek, betebehar hauek batez ere:

a) Berariaz aipatzea, diruz lagundutako jarduketak jakinarazteko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kofinantzaketarekin batera, Europako Gizarte Funtsarena, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan gauzatua.

b) Gastuaren kontabilitate-erregistro bat bermatzea, kontabilitate-identifikazio bereizia edo kontabilitate-kode egokia duela.

c) Gutxienez 2028ra arte gordetzea diruz lagundutako kontratu guztiei buruzko dokumentazioa, badaezpada inoiz egiaztatzen bada deialdi honen arabera bete beharreko konpromiso eta betebehar guztiak bete direla.

d) Honako hauek eginiko egiaztatze-jarduketak onartzea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

3.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako zerrenda publikoan.


Azterketa dokumentala