Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2021eko maiatzaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2757

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 30ekoa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez sailkatzen baita Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Elkargoko Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostua.

Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Elkargoko Batzorde Iraunkorrak, 2021eko urtarrilaren 21ean egindako bileran, honako erabaki hau hartu zuen: Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea Idazkaritza lanpostua, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordea, hirugarren mailan sailka zezala.

Horren harira, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (TAOL, aurrerantzean) 92 bis artikuluaren lehenengo apartatuak xedatutakoaren arabera –Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legea indarrean jarri ondoren emandako idazkuntzan–, toki-korporazio guztietan beharrezkoak diren zenbait eginkizun publiko daude –artikulu horren a) eta b) letretan zerrendatzen direnak–, eta horien gaineko administrazio-erantzukizuna Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei dagokie.

Halaber, aipatu 92 bis artikuluaren laugarren apartatuak xedatzen duenez, Gobernuak errege-dekretu baten bidez arautuko ditu Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko espezialitateak.

2018ko martxoaren 17an, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legearen 92 bis artikuluaren laugarren apartatuan jasotakoaren arabera, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (128/2018 Errege Dekretua, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duena).

TAOLen 92 bis artikuluaren arabera beharrezkoak diren eginkizun publikoak betetzen dituzten eta toki-korporazio guztietan egon behar diren lanpostuen sailkapenari dagokionez –horien gaineko administrazio-erantzukizuna Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei dagokie–, 128/2018 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren bigarren apartatuak berariaz ezartzen du udalerrien mankomunitateetako idazkaritzak artikulu horren lehen apartatuan aipatutako motaren batean sailkatuko dituztela autonomia-erkidegoek, beren ezaugarri propioen arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoan ez dagoenez indarrean lege-manu hori garatzen duen araudi autonomikorik, mankomunitateetan aplikatu daitekeenik, 128/2018 Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritako parametroak hartu behar dira kontuan.

Horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Mankomunitatearen eskaeraren gainean, eta Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak txosten hori jaso du, zeinaren bidez Bizkaiko Foru Foru Aldundiak aldeko txostena eman baitio Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Elkargoko Idazkaritza Kontu-hartzailetza lanpostua sailkatzeko eskabideari.

Horrenbestez, kontuan hartuta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Elkargoaren aurrekontua eta haren jatorrizko xedeak, Mankomunitatearen Idazkaritza hirugarren motan sailkatu behar da (Idazkaritza Kontu-hartzailetza Azpieskalako funtzionarioentzat gordea), eta Mankomunitateak bere lanpostu-zerrendan sartu behar du.

Era berean, Mankomunitatearen Estatutuak aldatzea beharrezkoa izango da, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei buruz indarrean dagoen araudian aurreikusitakora egokitzeko.

Horregatik guztiagatik, Mankomunitateak aurkeztutako eskabidea ikusirik, TAOLen 92 bis artikuluarekin eta 128/2018 Errege Dekretuaren 7., 8., eta 24.3 artikuluekin bat etorriz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 11. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Elkargoaren Idazkaritza lanpostua hirugarren motan sailkatzea; lanpostu hori Idazkaritza Kontu-hartzailetza Azpieskalakoak diren eta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeko da.

Bigarrena.– Sailkatutako lanpostua betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.

Hirugarrena.– Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Elkargoak bere Estatutuak aldatu beharko ditu, eta lanpostua lanpostu-zerrendan sartu beharko du, hura bete baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraikiz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Hala ere, errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justiziako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hileko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz. Lehenago eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzari eskatu ahal izango diote ebazpen hau deuseztatu edo atzera bota dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 30a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN JOSUNE IRABIEN MARIGORTA.


Azterketa dokumentala