
93. zk., 2021eko maiatzaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (271 KB - 4 orri.)
- EPUB (222 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2719
EBAZPENA, 2021eko apirilaren 9koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Zuzenbide Publikoa eta Zientzia Historiko-Juridikoak eta Pentsamendu Politikoarenak Sailaren arautegian egindako aldaketak onartzekoa.
Saileko Kontseiluak, 2021eko urtarrilaren 22an egindako bileran, onartu zuen sailaren behin-behineko euskarazko izena aldatzea, eta Zuzenbide Publikoa eta Zientzia Historiko-juridikoak eta Pentsamendu Politikoarenak Saila izan beharrean izena, aurrerantzean, Zuzenbide Publikoa eta Zientzia Historiko-Juridikoak eta Pentsamendu Politikoaren Historia Saila izatea. Kontseiluak berretsi egin zuen gainerako testua.
Proposamen horrek unibertsitateko Itzulpen Zerbitzuaren oniritzia dauka, bai eta Lege Zerbitzuaren aldeko txostena ere.
Sailen Esparru Arautegiak, 5.2 artikuluan, dio: Gobernu Kontseiluari dagokio sailak sortu, aldatu edo kentzeko erabakia hartzea, kasuan zerikusia duten sailek aurretik iritzia emanda eta egoki diren txostenak eginda.
Sailen Esparru Arautegian, 4.3 artikuluan, jasotakoari jarraituz, idazkari nagusiari dagokio sailen arautegiaren aldaketak onartzea, Gobernu Kontseiluak horretarako eskumenak eskuordetuta, betiere txosten guztiak aldekoak badira eta inork eskatu ez badu proposamena Gobernu Kontseiluan aurkezteko artikulu horretan zehaztutakoaren arabera, bestalde, honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15ek, gutxienez. 2021eko martxoaren 18ko Gobernu Kontseiluan Zuzenbide Publikoa eta Zientzia Historiko-juridikoak eta Pentsamendu Politikoarenak Sailaren arautegiko aldaketei buruzko informazioa aurkeztu eta emandako epea behin bukatuta, nik, UPV/EHUko idazkari nagusiak, eskuordetuta ditudan eskumen eta emanda ditudan ahalmenen babesean,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Onartzea Zuzenbide Publikoa eta Zientzia Historiko-juridikoak eta Pentsamendu Politikoarenak Sailaren arautegian egindako aldaketak, eta, ondorioz, aurrerantzean Zuzenbide Publikoa eta Zientzia Historiko-Juridikoak eta Pentsamendu Politikoaren Historia Saila izatea sailaren izena. Horrela, bada, aipatutako arautegian sailaren izena aipatzen den bakoitzean ulertuko da izen berriari dagokiola aipamena.
Bigarrena.– Agindua ematea arautegi osoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, onartutako aldaketarekin bat etorrita.
Hirugarrena.– Izen aldaketa indarrean sartuko da argitaratu eta biharamunean.
Leioa, 2021eko apirilaren 9a.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
ERANSKINA
«ZUZENBIDE PUBLIKOA ETA ZIENTZIA HISTORIKO-JURIDIKOAK ETA PENTSAMENDU POLITIKOAREN HISTORIA» SAILAREN ARAUTEGIA
1. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 3.1 artikuluaren zehaztapena.
1.– Zuzenbide Publikoa eta Zientzia Historiko-juridikoak eta Pentsamendu Politikoaren Historia sailaren egoitza administratiboa Zuzenbide Fakultatearen Bizkaiko Atalean dago (Sarriena auzoa z. G., Leioa, 48940 Bizkaia).
2. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 8.2 artikuluaren zehaztapena.
1.– Zuzenbide Publikoa eta Zientzia Historiko-juridikoak eta Pentsamendu Politikoaren Historia sailak campuseko sail atal hauek dauzka:
a) Bizkaiko Campuseko Atala, egoitza Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean izango duena (Leioa).
b) Gipuzkoako Campuseko Atala, egoitza Donostiako Zuzenbide Fakultatean izango duena.
2.– Sail ataleko koordinatzailea ataleko kontseiluak hautatuko du, saileko zuzendaria hautatzeko arau berberei jarraikiz.
3. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 10.1 artikuluaren zehaztapena.
1.– Hauek izango dira saileko kontseiluaren osakideak: zuzendaria, idazkaria, irakasle-ikertzaile iraunkor guztiak eta irakasle ez-iraunkor doktore guztiak, sailari atxikitako gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkari bat, sailak ematen duen zikloetako (graduko, masterreko eta doktoregoko) ordezkari bana ikasleen aldetik, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.
4. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 13. artikuluaren zehaztapena.
Sailak batzorde iraunkor bat izango du, osakide hauek izango dituena:
• Saileko zuzendaria.
• Saileko idazkari akademikoa.
• Sail ataletako koordinatzaileak.
• Jakintza arloetako koordinatzaileak, saileko kontseiluak izendatu dituenak, jakintza arlo bakoitzak proposatuak.
• Irakasle-ikertzaileen sei ordezkari, haiek izendatuak beren artetik.
• Ikasleen ordezkari bat.
• AZPkoen ordezkari bat.
5. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 14. artikuluaren zehaztapena.
1.– Batzorde Iraunkorrak Saileko Kontseiluaren eginkizun guztiak izango ditu, kenduta arautegiaren aldaketak onartzea eta zuzendaria hautatzea, artikulu honetan zehazten diren baldintzetan.
2.– Jakintza arlo bakoitzari dagokio, irakaskuntza eta ikerketa egiteko eta antolatzeko oinarrizko eremua diren aldetik, proposamenak prestatzea Batzorde Iraunkorrak eztabaidatu eta onar ditzan honako gai hauei dagokienez:
a) Bere irakasle-ikertzaileen irakaslana antolatu eta banatzea.
b) Bere irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, ikasketa planen arabera.
c) Epaimahahiak osatzea doktorego tesietarako eta arloari dagozkion beste arlo guztietarako.
d) Saileko irakasle-ikertzaileen ikerketa jarduera eta ekimenei sostengua emateko neurriak.
e) Arloko irakasleen plazak sortu, aldatu, amortizatu eta deialdian ateratzea, eta horretarako epaimahaiak osatzea.
f) Bere irakasleen irakaslanari buruzko txosten arrazoituak, irakaskuntzako merezimenduak eta gehigarrizko ordainsari osagarriak esleitzeari eta kontratuak berritzeari begira.
g) Dagozkion «venia docendi»-ei buruzko txostenak egitea.
h) Jakintza arloko koordinatzailea izendatzea.
3.– Batzorde iraunkorrean eztabaidatzen denean aurreko atalean aipatutako gaietakoren bat, sail ataletako koordinatzaile bakoitzak eta jakintza arloetako koordinatzaile bakoitzak, edo batzorde iraunkorreko kideen herenek eskatu ahal izango dute gaia saileko kontseilura eramatea, hark erabaki dezan. Kasu horretan hamar eguneko epearen barruan Saileko Kontseilua biltzeko deia egingo da, gaia eztabaidatu eta erabaki bat har dezan.
6. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 22.4 artikuluaren zehaztapena.
Botoa kide anitzeko organoko beste kide bati eskuordetu ahalko zaio. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.
7. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 24.2 artikuluaren zehaztapena.
Idazkariak ziurtagiri batean jasoko du sailak hartutako erabakien zerrenda, eta horixe emango da argitara. Ziurtagiria saileko idazkaritzako iragarki oholetan jarriko da, bai eta sailaren ohol birtualean ere, halakorik egonez gero. Era berean, posta elektronikoz bidaliko zaie saileko kide guztiei, jakitun egon daitezen.
8. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 27.4 artikuluaren zehaztapena.
Zuzendaritzak gehienez ere jarraiko bi agintaldi bete ahalko ditu.
9. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.
Saileko Kontseiluan eta Batzorde Iraunkorrean hutsune bat sortzen denean, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du lekua, hamabost eguneko epean, organoko idazkaria jakitun jartzen denetik hasita.
10. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.
Saileko kontseiluko kide titularren bat ez dagoenean edo gaixorik dagoenean, eta, oro har, behar bezala arrazoitutako beste egoeraren bategatik ez dagoenean, hautagai zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak ordezkatuko du. Halakoetan, dena delako egoera egiaztatzen duen agiria helarazi beharko zaio saileko idazkariari, kide anitzeko organoaren bilera egin baino 72 ordu lehenago, gutxienez.
11. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7 artikuluaren zehaztapena.
Botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.
XEDAPEN IRAGANKORRA
1.– Sailen Esparru Arautegiko azken xedapenetatik lehengoan, 6. atalean, zehaztutakoari jarraikiz, sail atal hauek mantenduko dira 2022ko abenduaren 31ra arte:
– Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidearen Historia saila.
– Konstituzio Zuzenbidea eta Gizarte eta Politika Pentsamenduaren eta Mugimenduen Historia saila.
– Estatuaren Eliza Zuzenbidea eta Erromatar Zuzenbidea saila.
2.– Sailen Esparru Arautegiko azken xedapenetatik lehengoan, 7. atalean, zehaztutakoari jarraikiz, sail atal hauek mantenduko dira 2022ko abenduaren 31ra arte, eta Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidearen Historia sail atalaren menpekoak izango dira:
– Donostiako Zuzenbide Fakultateko sail atala, egoitza fakultate horretan izango duena.
– Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko sail atala, egoitza fakultate horretan izango duena.
RSS