Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2021eko maiatzaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2683

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 4koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, 2030erako EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren hasierako bertsioa eta ingurumen-azterketa estrategikoa jendeaurrean jartzea erabakitzen duena.

AURREKARIAK

Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokio hiri-hondakin solidoak kudeatzeko esparru-plangintza egitea, bai eta hondakin arriskutsuen eta beste hondakin-tipologia batzuen plan zuzentzaileak ere.

Era berean, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean dago ezarrita autonomia-erkidegoei dagokiela hondakinak prebenitzeko programak eta hondakinak kudeatzeko plan autonomikoak egitea.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezartzen duenez, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egingo zaie administrazio publikoek hartzen dituzten planei, baldin eta plan horiek egiteko eta onartzeko legezko edo erregelamenduzko xedapen bat badago, edo Ministroen Kontseiluaren edo autonomia-erkidegoren bateko gobernu-kontseiluaren erabaki baten bidez behartzen bada.

2021eko martxoaren 30ean, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren ebazpenaren bidez, 2030erako EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren irismenari buruzko dokumentua egin zen, behar ziren kontsultak egin ondoren.

Dokumentu hori ikusita, planaren hasierako bertsioa eta ingurumen-azterketa estrategikoa egin dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera, organo substantiboak jendaurrean jarriko ditu planaren hasierako bertsio hori eta ingurumen-azterketa estrategikoa, gutxienez berrogeita bost egun baliodunean, dagokion aldizkari ofizialean eta, hala badagokio, egoitza elektronikoan. Era berean, jendaurrean jarritako dokumentazioak ingurumen-azterketa estrategikoaren laburpen ez-tekniko bat ere izango du.

Lege horren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, organo substantiboak planaren hasierako bertsioaren eta ingurumen-azterketa estrategikoaren mende jarriko ditu eraginpeko administrazio publikoak eta aldez aurretik kontsulta egin zaien interesdunak.

Honako hauek ikusi dira: 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta aplikazio bereziko gainerako araudi orokorra. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Egoki iritzitako alegazioak aurkezteko aukera emateko, jendaurrean jartzea 45 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, bai planaren hasierako bertsioa, bai ingurumen-azterketa estrategikoa eta bai ingurumen-azterketa estrategikoaren laburpen ez-teknikoa.

Bigarrena.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa betetzeko, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren egoitzan egongo da eskuragarri dokumentazioa (Donostia kalea 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz).

Era berean, dokumentazioa herritarren eskura egongo da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan eta sailburuordetzaren webgunean, https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumena

Hirugarrena.– Aldi berean, kontsultak egitea eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak egin ditzaten.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 4a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala