Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2021eko maiatzaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2682

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko Arabako Parke Teknologikoaren aprobetxamenduen transferentziari buruzko Plan Partzialaren 10. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko urtarrilaren 19an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskaera egin zion ingurumen-organoari, Arabako Parke Teknologikoaren aprobetxamenduen transferentziari buruzko Plan Partzialaren (aurrerantzean, Plana) 10. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa eman zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, kontsulta-izapidea egin zitzaien administrazio publikoei eta interesdunei, eta jasotako erantzunen emaitzak espedientean sartu dira. Era berean, izapidea hasi zela jakinarazi zitzaion Vitoria-Gasteizko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Arabako Parke Teknologikoaren aprobetxamenduen transferentziari buruzko Plan Partzialaren 10. aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko Arabako Parke Teknologikoaren aprobetxamenduen transferentziari buruzko Plan Partzialaren (aurrerantzean, Plana) 10. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa ematea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan honen xedea da lurzatien arteko aprobetxamenduen transferentzia arautzea, II. kapituluan, Plan Partziala Arautzeko Ordenantzen Lurzoruaren Hirigintza Araubidea, sartuko den artikulu berri batean (12.b artikulua. Aprobetxamenduen transferentzia). Prozedura honen bidez, lurzatien eraikigarritasunak eta aprobetxamenduak haien behar zehatzetara egokitu daitezke, zehaztutako Parke Teknologikoaren eredua aldatu gabe, eta hasiera batean sektore osoari esleitutako aprobetxamendua eta eraikigarritasuna ere aldatu gabe.

Hori lortzeko, honako hau proposatzen du Planak:

– Lurzatien arteko aprobetxamendu-transferentzia baimentzea, hutsik dauden lurzatien gehieneko okupazio- eta eraikigarritasun-parametroak handituz, betiere transferentzia-erabakia Parque Tecnológico de Álava-Arabako Teknologi Elkartegia SAren onarpenarekin hartzen bada. Inola ere ez da handituko Arabako Parke Teknologikoa ST-5 sektoreari esleitutako guztizko eraikigarritasuna, eta bere aprobetxamenduaren zati bat laga lezaketen lurzatien gutxieneko okupazio- eta eraikigarritasun-transferentziak finkatuko dira.

Proposatutako aldaketak 0,20ko gutxieneko eraikigarritasuna proposatzen du PT2, PT4, PT5, PTi-2 eta PTi-3 lurzatietarako, 0,60ko gehieneko eraikigarritasuna PT2 lurzatirako, eta 0,75ekoa gainerakoetarako. Beste alde batetik, finkatutako gehieneko okupazioa % 50ekoa izango da PT2 lurzatirako, eta % 60koa gainerakoetarako.

– PT3-1 eta PT3-3 lurzatiak, gaur egun irabazizko aprobetxamendua duten lurzati gisa sailkatuta daudenak, Oinarrizko Azpiegituren Asentu Sisteman sartzea, gaur egun duten erabilerara egokitzeko (ureztapen-urmaela eta ur edangarriaren andela).

– Aparkaleku-eremuen ratioa egokitzea jardueren behar errealetara; ratioa 1 plaza/65 m2-ra murriztuko litzateke PT4, PT5, PTi-1, PTi-2 eta PTi-3 eremuetan.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planaren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: planak ez du aldatzen lurzoruaren xedea; hiri-lurzorua da, jarduera ekonomikoetarako erabiltzen dena, Plan Partzialaren, Partzelazio Proiektuaren eta Hirigintza Proiektuaren bidez garatua. Beraz, ondorioztatu da ez duela ondorio nabarmenik eragingo beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Plana garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-arloko kontsiderazioak integratzeko egokia dela irizten da. Ez dakar artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatzea, eta eraikin berriak eraikitzeak energia aurreztera eta energia-efizientzia lortzera bideratutako jardunbideak erabiltzea eragingo du.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: ingurumen-inpaktu nagusia planaren garapenarekin lotutako proiektuen obra-fasean kultura-ondareak nozitu dezakeen eragina da. Gainera, obra-fase horretan egingo diren zenbait jarduketek nolabaiteko inpaktua izan dezakete ingurumenean: lur-mugimenduak, bereziki lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lurzatiei eragiten dietenak, hondakin-sorrera eta atmosferaren kutsadura handitzea dakarten jarduketak, dela partikulak aireratzeagatik, dela soinu-maila handitzeagatik.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta ondoriook nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak.

Plan honen xede den eremua ST5 sektorea da (11. Sektore zaharra), alegia, Arabako Parke Teknologiko osoa. Parkea Vitoria-Gasteiz hiriaren iparraldean dago, Miñao udalerritik gertu, Vitoria-Gasteiz udalerrian bertan. Hiri-lurzorua da, Plan Partzialaren, Partzelazio Proiektuaren eta Hirigintza Proiektuaren bidez garatua, lurzoru urbanizaezineko ingurune batean.

Esparruaren azalera 1.171.864 m2-koa da, produktibo gisa sailkatua orokorrean, eta indarreko Plan Partzialean honela xehatuta dago haren sailkapena: Industrial Teknologikoa, biltegiak eta lantegiak eta bulegoak.

Parke Teknologiko honetan, guztira, erabilera produktiboa/tertziarioa duten berrogeita hamar lurzati daude, eta horien azalera 607.313 m2-koa da guztira. Lurzati guztietatik, hamar hutsik daude, eta beste berrogeiak eraikinez okupatuta daude, edo etorkizunean egin daitezkeen hedapenetarako gordeta. Eremu osoa behar bezala urbanizatuta dago, eta hutsik dauden lurzatiak lorategi gisa tratatzen dira.

Planaren esparruan ez da identifikatu kaltetu daitekeen fauna eta flora interesgarririk, ezta eremu babestu eta Batasunaren intereseko eremurik ere.

Kultura-ondarean ikuspegitik, aipatu behar da ustezko zona arkeologiko gisa aitortutako bi eremu daudela: San Andres herrixka eta tenplua, egitura agerikorik ez duena, gaur egun urbanizatu gabe dauden larre batzuetan, Parke Teknologikoaren sarreran, eta San Juan Baseliza, hori ere egitura agerikorik gabea. Hortaz, plana garatzeko egiten diren jarduketetan kontuan hartu beharko da hori.

Horregatik guztiagatik, esan daiteke ez dela hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, eragindako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez.

3.– Neurri babesleak eta zuzentzaileak honako hauen arabera gauzatuko dira: indarreko araudia, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko txostena, eta, aurrekoari kalterik egin gabe, ingurumen-dokumentu estrategikoa eta Planean jasotakoa. Planarekin lotutako proiektuak betetzeko hartu behar diren neurri nagusiak honako hauek dira:

– Kultura Ondarea babestea.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikulua bete beharko da, gutxienez azterketa arkeologiko bat eginda aldez aurretik, eta Arabako Foru Aldundiak erabakiko du proiektu arkeologiko bat egin behar ote den.

– Proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da. Jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, gehieneko okupazio-azalera, landaredian duen eragina kontrolatzea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta ez botatzea, olio-isuriengatik edo lur-arrasteengatik lurzorua edo urak kutsatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko da biltegia.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Vitoria-Gasteizko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako hauetan izan beharko dute eragina:

Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea eta/edo -kontsumoa murriztea.

Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

Hondakin solido gutxiago sortzea.

Lurzoruaren okupazioa murriztea.

Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

Ur gris gutxiago sortzea.

Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.

Barneko airearen kalitatea hobetzea.

Konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Vitoria-Gasteizko Arabako Parke Teknologikoaren aprobetxamenduen transferentziari buruzko Plan Partzialaren 10. aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean onartzen ez bada Vitoria-Gasteizko Arabako Parke Teknologikoaren aprobetxamenduen transferentziari buruzko Plan Partzialaren 10. aldaketa. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 20a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala