Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2021eko maiatzaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2483

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 24koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Hondarribiko (Gipuzkoa) Gaintzaberriko lurretan Altuna y Uría SAk sustatutako betelanak egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2021eko urtarrilaren 14an, Hondarribiko Udalak Hondarribiko udal-mugarteko Gaintzaberriko lurretan betelanak egiteko proiektuari buruzko eskabide bat aurkeztu zuen orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuari buruzko txostena lortzeko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren barnean, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin eta hurrengoekin.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2021eko otsailaren 3an, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunak espedientean bildu dira. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko c) epigrafean dago jasota («Beste proiektu batzuk»; «Ibaietatik, lurretik edo itsasotik erauzitako materialak isurtzeko edo jalkitzeko lurreko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, hektarea bat baino gehiagoko azalera hartzen badute»). Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean dagoen legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio proiektu horri. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-agiria zuzena dela eta bat datorrela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Hondarribiko udal-mugarteko (Gipuzkoa) Gaintzaberriko lurretan Altuna y Uria SAk sustatutako betelanak egiteko proiektuari. Hurrengo hauek jasoko ditu txostenak:

A) Proiektuaren xedea da 2,024 ha-ko lurzati bat lurrez betetzeko lanak egitea; lurzatia Jaitzubia auzoan dago, Hondarribiko udal-mugartean. Betelana enpresa sustatzailea egiten ari den indusketa-obren soberakinekin egingo da. Betelanerako material onargarriak indusketetako lur eta haitzak izango dira (EHZ kodea: 170504), betiere kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetatik ez badatoz. Betelanak amaitu ondoren, lurzatia mahastiak landatzeko erabiliko da, merkataritza-xedearekin.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez egiten baita Hondarribiko udal-mugarteko (Gipuzkoa) Gaintzaberriko lurretan Altuna y Uría SAk sustatutako betelanak egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena, proiektuaren ingurumen-agiriaren edukia aztertzen da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Betelanaren ezaugarri orokorrak honako hauek izango dira:

– Betelana ibarbide batean dago, eta beheranzko malda du ipar-ekialderanzko norabidearekin. Etorkizuneko betelanaren goiko kota +40 da, eta puntu beherena +14 inguruko kotan legoke. Ez da tarteko bermarik sortzen. Oinplanoan, betelanak 2,024 ha-ko azalera hartuko du.

– Betelanaren bolumen osoa 63.000 m3-koa izango dela kalkulatzen da. Egunean gehienez 100 t-ko betelanak egin ahalko dira, kontuan hartuta kamioien gehieneko karga 12 t dela eta egunean 9 ibilgailu astun sartuko direla, lan-karga handieneko egunetan. Betelanak beharren eta betegarrien eskuragarritasunaren arabera egingo dira; beraz, ez dute erritmo bera izango beti.

– Betelana 5 urtez egongo dela aktibo kalkulatzen da; epe hori luzatu ahalko da, beharrezkoa bada.

– Lur gaineko drainatzea sekzio trapezoidaleko bi areka perimetralekin egingo da, zeinak 500 urteko errepikatze-denborarako proiektatzen baitira. Arekak masa-hormigoiz estalita egingo dira, harrizko blokeak hormigoitan murgilduta.

– Hondoko drainatze bat egingo da: bi drain nagusi eta bigarren mailako drainak izango ditu, sardinezurka jarrita. Drainatze horretan bildutako urak betelanaren oinean dagoen dekantazio-putzu batera eramango dira.

– Instalazioak honako elementu hauek izango ditu:

● Harrera- eta ustiapen-instalazioak: kontrol-hesia eta zerbitzu-etxola ditu.

● Gurpilak garbitzeko sistema automatikoaren instalazioa; presiopeko ur-aspertsioa izango du, 10.000 litroko ur-depositua, eta 4 metroko plataforma. Hala, garbiketaren ondoriozko ur zikinak bildu eta birziklatu ahalko dira. Larrialdi batean, aurreikusitakoa baino ur gehiago hustu behar bada, zisterna-kamioiak erabiliko dira ur horiek husteko.

● Itxitura betelanaren inguru osoan eta sarbideen kontrola. Hesiaren behealdean, 15-20 cm-ko garaierako baoak utziko dira lursailaren sestratik, animaliak igaro ahal izateko. Betelana amaituta, itxitura desegingo da.

● Barruko pistak, betelana egiteko.

● Hondakinak metatzeko bilketa-gunea; sarbideak kontrolatzeko etxolaren ondoan egongo da.

– Betelana eremu urbanizatu batean egingo da; beraz, beharrezkoak diren zerbitzu-sareak (elektrizitatea, ura eta komunikazioak) esku-eskura daude.

– Urak dekantatzeko putzu edo depositu bat eraikiko da betelanaren oinean, jariatze-uretako solido esekien kontzentrazioa murrizteko, euri-uren sarera isuri aurretik. Honako hauek dira neurriak: 5,2 m luze; 2,1 m zabal, eta 1,8 m garai. Depositua lurperatuta egongo da eta, behin-behinekoa izango denez, ez da hormigoizko lauzaz estaliko; beraz, perimetroan itxitura bat egingo da, 2,0 metro garaiko bihurdura bakuneko hesi batekin. Dekantatutako urak kontrol-kutxatila batetik igaroko dira, euri-uren sarera isuri aurretik.

– Lurzatirako sarbidea Gaintzaberri baserria eta GI-636 errepidea lotzen dituen 500 m inguruko bide batetik egingo da. Aztertutako dokumentazioarekin bat etorriz, sarbidean hobekuntza puntualak baino ez dira egingo, hala nola zuloak harrobiko zabor-legarrarekin estaltzea, oinplanoan eta altxaeran ezaugarriak aldatu gabe.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektuaren xede den eremua lurzoru urbanizaezina da, eta ipar-ekialdean eta hegoaldean hiri-lurzoruarekin egiten du muga (Jaitzubia urbanizazioa).

Betelanaren eremu osoa sega- eta bazka-belardia da. Ingurumen-agiriaren arabera, Batasunaren intereseko 6510 habitatekoak dira belardi horiek («Behe-altitudeko sega-belardi elkorrak»).

Betelanaren esparruan ez da ur-punturik. Akuiferoak kutsatzeko kalteberatasun nabarmenik gabeko eremua da. Bestalde, azaleko ur-ibilgurik ere ez dago, baina bete beharreko lurzatia Jaitzubia errekara isurtzen den Trikune errekastoren zaintza-eremuaren barruan dago.

Lurzatiaren azaleraren zati bat (1.000 m2 inguru) interes hidrogeologikoko leku batean dago (GZ041-3-17 kodea du), Zumaia-Irun lur azpiko ur-masari dagokiona. Betelanak egingo diren eremua, eremu osoaren aldean, oso txikia da, eta betelana ertz batean da egitekoa.

Eremuan ez dago bestelako naturagune babesturik, ezta natura-intereseko eremu inbentariaturik ere, eta ez da, orobat, EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen azterlanak zehaztutako egiturazko elementua edo paisaia-interes bereziko eremua.

Lurzoruaren erabilera-ahalmenari dagokionez, lurzatiaren zati txiki bat (1.000 m2 ingurukoa) balio estrategiko handiko lurzoruetan dago, EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera. Gainerakoan, eremuko lurzoruak nekazaritza- eta abeltzaintza-kategoriakoak dira: trantsizioko landa-paisaia.

Kultura-ondareari dagokionez, proiektuaren eremuan ez dago kultura-ondasun kalifikaturik edo inbentariaturik.

Azkenik, ez da hauteman uholde-arriskurik, kutsatutako lurzorurik edo akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handirik. Era berean, ez da hauteman baldintza geotekniko kaltegarririk.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak honako hauen ondoriozkoak izango dira: hondoko drainak, kanal perimetralak eta dekantazio-putzua eraikitzea eta gaur egun belardia dena betelanarekin eraldatzea.

Beste inpaktu batzuk ere egongo dira, zerikusia izango dutenak betelana egingo den lekuraino materialak garraiatzearekin eta kokalekuan bertan makinak mugitzearekin; haien ondorioz, giza habitataren kalitatean eragina izango da, hautsa, zarata eta bibrazioak sortuko direlako. Aipatu behar da betelanetik oso hurbil etxebizitzak daudela, eta batzuk ia mugakideak direla.

Betelana Txingudi-Bidasoa KBEtik 225 metrora dago. Eremu hori ES0000243 Txingudi HBBEn eta Ramsar 3ES048 Txingudi hezegunean sartuta dago. Hala ere, ez da espero betelanek horietan kalterik eragitea, betelanen eta babestutako eremuen arteko distantzia kontuan hartuta.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Hondarribiko udal-mugarteko (Gipuzkoa) Gaintzaberriko lurretan Altuna y Uría SAk sustatutako betelanak egiteko proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira, ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Hurrengo apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

Betelana egiteko erabiliko diren materialen jatorria.

Betelanean onartuko diren material bakarrak lurzoru naturaleko indusketetan ateratako lurrak eta haitzak izango dira, eta, beraz, ez da onartuko 170504 EHZ kodean («170503 kodean zehaztutakoez bestelako lurrak eta harriak») adierazitakoez bestelako materialik, honako dekretu hauetan xedatutakoaren arabera: 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena; eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duena. Ez da onartuko adierazitakoez kanpoko beste materialik.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Aplikatu behar diren prozeduren barnean uren arloko organo eskudunak ezar ditzakeen baldintzak betetzeaz gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

– Betelanean sartuko diren materialak metatzearekin lotuta egiten diren jarduera guztiak garatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintza guztiak bete beharko dira lurzorua, lur azpiko urak eta azaleko urak ez kutsatzeko.

– Drainatze-sarera isurtzen diren hondakin finen kopurua minimizatu beharko da, eta uraren kalitatean eraginik ez dutela bermatu. Horretarako, errepideetatik, sarbide-pistetatik, garbiketarako ureztatzeetatik eta gurpilen garbitokiak eta dekantazio-sistemak gainez egiteagatik sor daitezkeen jariatze-urak egoki tratatu beharko dira, eta debekatuta egongo da zuzenean isurtzea.

– Betelanaren azpian dekantazio-putzu bat jarriko da, azaleko uretara solidoak biltzea saihesteko; putzua erabilgarri egongo da proiektuaren fase guztietan. Pilatzen diren jalkinak garbitu egin beharko dira, sistemak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko behar den maiztasunarekin garbitu ere.

– Betelanak iraun bitartean, kamioiek obran sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira, dekantazio-putzura konektatuta egongo diren gurpilak garbitzeko gailuak erabiliz.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.

– Ezin izango da azaleko edo lur azpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Obrak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak.

– Proposatutako drainatze perimetralaren ohiko mantentze-lanak egingo dira, ornodun txikiak igaro ahal izatea ziurtatzeko.

– Lurraldearen iragazkortasun edo konektagarritasun ekologikoari eusteko, perimetroko itxituran, gune libre bat mantendu beharko da azpialdean, lurzoruaren sestratik 15-20 cm bitarteko altuerakoa, eta betelanaren amaierako fasean kendu egingo dira.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Kanal perimetralen ingurumen-integrazioan, ibaiertzeko zuhaitz- eta zuhaixka-espezieak erabiliko dira (haltzak, sahatsak, lizarrak, hurritzak...).

– Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, ukitutako eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Jarduketa-eremuan landare horiek badaude, desagerrarazteko ahaleginak egingo dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

– Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afektaziorik egonez gero, zuzentze- eta lehengoratze-neurri egokienak aplikatuko dira.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Zarata sorburuan murrizteko hainbat jardunbide egoki aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatzeko eta deskargatzeko eragiketetan, erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, zarata eta bibrazioak sorburuan murrizteko eragiketetan, makineria mugitzearen ondoriozko zarata gutxitzen saiatzean, obretan erabilitako tresnerien soinu-emisioak kontrolatzeko orduan, eta abarretan. Nolanahi ere, eta edozein kasutan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horrekin bat datorren araudian aipatutako zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

Ahalik eta hauts gutxien sortzeko ahaleginak egingo dira betelana egiten den bitartean, bai materialak garraiatzeko eragiketetan, bai materialak lurrean uzten diren bitartean. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira:

– Sarbidean, ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da.

– Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, gain-gainetik ureztatuko da.

– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, bai eta atzemandako hauts-emisioen arabera ureztatuko ere. Sarbideak baldintza onenetan mantenduko dira une oro.

– Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.

– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurra erauzteko eta iraultzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, behar diren neurriak har ditzan.

Jarduera uztea.

– Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Behin jarduera amaitu denean, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu ostean.

Hirugarrena.– Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumenaren jarraipena egiteko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Jarduerak sortutako zarataren kontrola egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlanean 3. hartzaile (209. eraikina) eta 4. hartzaile (49. eraikina) gisa identifikatutako etxebizitzetako fatxadetan.

Emaitzak zein diren, segimenduaren maiztasuna zehaztuko da, bai eta eguneroko betelanen bolumena ere, beharrezkoa izanez gero zaratak eragindako afektazio-maila murrizteko. Egindako modelizazio akustikoa eguneratuko da, eta, hala badagokio, neurri zuzentzaileak proposatuko dira, zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

Laugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten ingurumenean ondorio negatibo esanguratsurik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Hondarribiko udal-mugarteko (Gipuzkoa) Gaintzaberriko lurretan Altuna y Uría SAk sustatutako betelanak egiteko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektua baimendu. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 24a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala