Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2021eko apirilaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2446

AGINDUA, 2021eko apirilaren 6koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Zuzendariordetzan Laborategi Zerbitzuko zerbitzuburu lanpostu bat berariazko merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 532. eta 533. artikuluetan eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, berariazko merezimendu-lehiaketa iragartzen da, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Zuzendariordetzan Laborategi Zerbitzuko zerbitzuburu lanpostu bat betetzeko.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Zuzendariordetzan Laborategi Zerbitzuko zerbitzuburu lanpostua, eskakizun bereziko lanpostu hutsa, berariazko merezimendu-lehiaketa bidez betetzea –lanpostu-zerrenda jasotzen duen I. eranskinean dago–.

2. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Betekizun orokorrak:

a) Destinoa edozein lurralde-eremutan daukaten eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean deialdi honetan ezarritako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen dituzten Auzitegiko Medikuen Kidegoko karrerako funtzionarioek parte hartu dezakete. Lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte jarraitu behar da baldintzak eta betekizunak betetzen.

b) Ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu honako hauek: interes partikularrarengatik borondatezko eszedentzian dauden karrerako funtzionarioek, egoera horretan egoteko gutxieneko aldiak dirauen bitartean; lan-etenaldi irmoan daudenek, etenaldi horrek dirauen artean; eta nahitaezko lekualdatze bidez zehatutakoek, zehapena ezarri zaien herri berean bada destinoa, betiere urtebete edo hiru urte igaro arte, falta astuna edo oso astuna bada, hurrenez hurren.

c) Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denbora arautzeko, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49.7 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da aplikatuko dekretu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.

d) Berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askez bereziturik dagoen lanpostua betetzen ari diren funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostua jabetzan hartu zutenetik urtebetez gutxienez bete badute betiere (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. edo 62. artikulua, hurrenez hurren).

2.– Berariazko betekizunak:

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, honako betekizun hauek izan beharko dira:

a) Prestakuntza espezifikoa arlo eta teknika toxikologiko, biologiko eta analitikoetan, UNE 17025 Kalitate Araua barnean dela.

b) 4 urteko esperientzia auzitegi-mediku gisa.

c) Kudeaketa-sistemetako eta -tresnetako nahiz etengabeko hobekuntzako ezagupenak eta esperientzia.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.

1.– Lehiaketan parte hartzeko eskabideak agindu honen II. eranskin gisa argitaratutako ereduari jarraituz beteko dira («Parte hartzeko eskabidea»). Hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bi aldizkarietan aldi berean ezin bada argitaratu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira epeak.

2.– Justizia Administrazioko Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio eskabideak, eta aurkeztu ahal izango dira bai Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATeko sarrera-erregistroan, bai Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Erregistro Orokorrean –Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz–.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoari jarraituz ere bidali ahal izango dira eskabideak.

Postetxeetan aurkezten direnak bi modutara bidal daitezke:

a) Posta arruntaren bitartez. Kasu horretan, aurkezteko epea amaitu aurretik iritsi beharko dute eskabideek Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATeko erregistrora edo Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren erregistrora.

b) Posta ziurtatuz. Eskabideak gutun-azal irekien barruan aurkeztu beharko dira postetxean, postako funtzionarioak, bidali baino lehen, eguna eta zigilua jar diezaien. Postetxeko zigilua duen eskabidea bidali beharko da; eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, ez da baldintza hori betetzen ez duen eskabiderik onartuko, nahiz eta eskabidea postaz bidali eta gero egiaztatu ahal izan.

3.– Agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:

– Auzitegi-medikuen kidegoko karrerako funtzionario izendapenaren fotokopia konpultsatua, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioa ez bada bakarrik.

– Jabetzan betetako azken lanpostuaz jabetzeko eginbidearen fotokopia konpultsatua, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioa ez bada bakarrik.

– Kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua. Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioko Zuzendaritzak ofizioz emango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioei dagozkien ziurtagiriak. Emandako zerbitzuak agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunera arte zenbatuko dira.

– Alegatutako merezimenduak justifikatzen dituen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Lehiaketan parte hartzen duenak, eszedentzian badago –baldin eta ez bada Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren funtzionarioa–, eszedentzia emateko ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztuko du.

4.– Eskaerak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskaera loteslea izango da, hau da, eskaera ezin izango da aldatu. Norbaitek bere eskabidea zuzendu nahi badu, beste eskabide bat aurkeztu ahal izango du, eskabideak aurkezteko epean, eta azken eskabideak aurrekoa automatikoki ezeztatuko du. Eskabideak onartzeko epea amaitu aurretik soilik egin ahal izango zaio uko lehiaketan parte hartzeari.

4. artikulua.– Faseak eta baremoa.

Berariazko lehiaketa honek bi fase ditu:

1.– Lehenengo fasea: merezimendu orokorrak baloratzea. Kontzeptu horretan 72 puntu emango dira gehienez.

a) Antzinatasuna: auzitegi-medikuen kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako egiazko zerbitzuengatik bi puntu emango dira urte oso bakoitzeko; epe laburragoak, berriz, proportzioz zenbatuko dira (0,00555556 eguneko). Horretarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak direla joko da, eta, urteak, berriz, 360 egunekoak. Kontzeptu horretan 60 puntu emango dira gehienez.

b) Euskara jakitea: plazan jarduteko eskatzen den baino euskararen jakite-maila altuagoa egiaztatzeak 12 puntura arteko balioa izango du, baina bakarrik ondorio hauetarako. Adierazitako jakite-maila hori behar bezala egiaztatu beharko da aurkeztutako tituluaren eta titulu horri dagokion mailaren ziurtagiri ofizialaren edo homologazioaren bitartez, eta horiek eskabideak aurkezteko epearen barruan entregatu beharko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuan eta Autonomia Erkidego horren eremuan gauzatu ahal izango diren euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Hizkuntza-eskakizuna esleitu gabe duten lanpostuak:

2. hizkuntza-eskakizuna: 6 puntu.

3. hizkuntza-eskakizuna: 8 puntu.

4. hizkuntza-eskakizuna: 12 puntu.

2.– Bigarren fasea: merezimendu espezifikoak baloratzea. Kontzeptu horretan 43 puntu emango dira gehienez.

a) Erakunde sanitarioetan kudeaketa-lanetan edo zerbitzu-zuzendaritzetan erantzukizuna duten lanpostuetan aritu izana. 0,25 puntu, zerbitzu-hilabete bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu.

b) Arlo toxikologiko eta biologikoarekin eta analisi klinikoekin lotutako eginkizunak dituzten lanpostuak betetzeagatik, lanpostu-zerrendan ezarritakoarekin bat etorriz: 0,25 puntu, zerbitzu-hilabete bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu.

c) Lanpostuaren eginkizunen berezko arlo edo diziplinetan prestakuntza espezifikoa izateagatik: 0,2 puntu, jasotako 10 prestakuntza-orduko, eta gehienez ere 4 puntu.

Atal honetako merezimendu gisa baloratuko dira hobekuntza-ikastaroak, baldin eta unibertsitateek edo institutu edo eskola ofizialek deituak eta antolatuak izan badira, bai eta beste erakunde batzuek deitu eta antolatutakoak ere, betiere herri-administrazioren batek homologatu baditu. Atal honetan kontuan hartuko dira lanpostuarekin lotutako titulu akademiko ofizialak, auzitegi-medikuen kidegoan sartzeko eskatzen direnez bestelakoak.

d) Eskatutako lanpostuarekin lotutako argitalpenengatik: 4 puntu gehienez ere; puntu 1 argitaratutako lan bakoitzarengatik.

e) Memoria: gehienez ere 20 puntu lor daitezke hemen. Bete beharreko lanpostuaren eginkizunei buruzkoa izango da memoria, lanpostu-zerrendan azaltzen den informazioarekin bat etorriz, eta, batez ere, ezagutza espezifikoak ataleko edukia izango da kontuan. Bi zati izango ditu memoriak; batean, deitutako lanpostuaren eginkizunen azterketa egingo da, eta, bestean, antolaketa eta/edo eginkizunak hobetzeko azterlana edo proiektua egingo da. Memoriak 15 orrialde izango ditu gutxienez, eta, gehienez, 30 orrialde (DIN A4), lerro artean tarte bikoitza utziz; eta hiru ale aurkeztuko dira, eskabideak aurkezteko epearen barruan. Era berean, komenigarria dela iritziz gero, memoria Balorazio Batzordearen aurrean aurkeztuko da, eta nahi diren galderak egin edo adierazpenak eskatu ahal izango dira.

3.– Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean baloratuko dira merezimenduak. Agirien fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta, eskakizun hori bete ezean, ez dira aintzat hartuko.

5. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez izendatutako balorazio-batzordeak ebaluatuko ditu merezimenduak.

Administrazioaren ordezkari diren lau kidek osatuko dute, eta haietarik bat gutxienez Justizia Administrazioko funtzionario izango da. Administrazioak aukeratutako langileen artean izendatuko dira lehendakaria eta idazkaria. Dagokion alorrean ordezkari gehien duten sindikatuek bi ordezkari izango dituzte batzorde horretan.

Deitutako lanpostuaren kidegoan sartzeko eskatzen den titulazio bera edo maila handiagokoa eskatzen den kidegoetakoak izan beharko dute batzordeko kideek.

Batzordea osatzeko, gizonen eta emakumeen arteko oreka bilatuko da, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 eta 23. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Justizia Administrazioaren Zuzendaritzak aztertu egingo du parte-hartzaileek betekizun espezifikoak betetzen dituzten ala ez, eta Balorazio Batzordeari laguntza emango dio merezimenduak baloratzerakoan, betiere parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuak aintzat hartuta, eta parte-hartzaileek, eskariak aurkezteko epean, aurkezten duten dokumentazioaren arabera.

6. artikulua.– Esleipenak.

1.– Lanpostuak esleitzeko hurrenkera merezimenduak baloratu ondoren lorturiko guztizko puntuaziotik ateratzen dena izango da.

2.– Guztizko puntuazioa batuta berdinketa gertatuz gero, lanpostua nori eman behar zaion erabakitzeko, kidegoan antzinatasun handiena nork duen hartuko da aintzat, eta, hala eta guztiz ere, berdinketa badago, kidegoan sartzeko hautatze-prozesuan lortutako hurrenkera hartuko da kontuan. Berdinketak iraunez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna, dena delako kidego, aukera edo eskala eta kokapen-mailan emakumeak % 40 baino gutxiago direnean. Salbuespena izango da plazarako beste hautagai batek neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu, betiere sexuagatiko diskriminaziorik eragin gabe (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4 a artikulua).

7. artikulua.– Behin-behineko ebazpena.

1.– Deialdi honen behin-behineko ebazpena Justizia Administrazioko zuzendariak emango du, eta aldi berean argitaratuko da bai Justiziako Langileen Atarian eta bai Justiziako web-orrialdean, www.justizia.eus

2.– Behin-behineko ebazpenean adieraziko dira: esleipendunaren jatorrizko lanpostua eta udalerria, merezimendu alegatuen balorazioan izandako puntuazioa, eta behin-behinean esleitutako lanpostua.

3.– Behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, argitaratzen denetik hamar egun balioduneko epean.

4.– Adierazitako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da ados dagoela eta onartzen dituela bildutako datuak, merezimendu alegatuen balorazioan emandako puntuazioa eta behin-behinean emandako lanpostua.

5.– Behin-behinean emandako destinoak ez du eskubiderik ematen lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.

8. artikulua.– Behin betiko ebazpena.

1.– Alegazioak ikusita, deialdi honen gaineko behin betiko ebazpena Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez emango da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2.– Lehiaketa honen ebazpena hiru hilabeteko epean emango da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik kontatzen hasita, 1451/2005 Errege Dekretuko 51.3 artikuluarekin bat etorriz.

3.– Ebazpenean destinoa esleitzen zaion funtzionarioaren jatorrizko lanpostua adierazi beharko da.

4.– Lortutako destino berriaz jabetzeko epea hiru egun baliodunekoa izango da, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; zortzi egun baliodunekoa Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu, eta hogei egun baliodunekoa beste autonomia-erkidego batera joan behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Komunitate Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa. Azken kasu horietan epea hilabetekoa izango da, bai lanpostua jatorrikoa bada, bai destinokoa bada. Plazaren jabetza hartzearekin batera zerbitzu aktibora itzultzea lortzen bada, epea hogei egunekoa izango da.

Jabetza hartzeko epe hori lanpostua uzten den egunaren biharamunean hasiko da kontatzen, eta lanpostua lehiaketaren behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hiru egun baliodunen barruan utzi beharko da. Ebazpenak zerbitzu aktiboko egoerara itzultzea badakar, ebazpena argitaratzen denetik hasiko da zenbatzen jabetzeko epea.

Funtzionarioa baliatzen ari den oporrak, baimenak edo lizentziak amaitzen direnean hasiko dira zenbatzen lanpostuaz jabetzeko epeak, salbu eta lizentziak edo baimenak eteteko edo baliogabetzeko adinako salbuespenezko zirkunstantziak badaude (behar bezala justifikatuta).

Lanpostuaz jabetu ondoren, lanpostuaz jabetzeko epea zerbitzu aktibo gisa hartuko da ondorio guztietarako, zerbitzu aktibora itzultzen den kasuetan izan ezik.

9. artikulua.– Esleitutako destinoen izaera.

1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira Zerbitzuagatiko Kalte Ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako eta, hortaz, ez dute inolako kalte-ordainik kobratzeko eskubiderik emango.

2.– Esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Nolanahi ere, berariazko lehiaketa honen bidez lanpostu bat lortu duen funtzionarioak uko egin ahal izango dio, baldin eta, lanpostuaz jabetzeko epea bukatu baino lehen, deialdi publiko bidez behin betiko beste destino bat lortu badu; hala gertatuz gero, interesdunak horren berri eman beharko dio erakunde deitzaileari. Jakinarazteko betebehar hori bete ezean, esleitutako lehen destinoa hartu beharko du jabetzan funtzionarioak.

10. artikulua.– Zuzenbide osagarria.

Deialdi honek zehazki aurreikusten ez dituen kontu guztietan, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa beteko da, eta, osagarri moduan, funtzio publikoari buruzko legedi orokorra aplikatuko da.

11. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Ezin bada argitaratu bi aldizkarietan aldi berean, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 6a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala