Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2021eko apirilaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2223

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 17koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Jaizkibelgo komunikazio-zentroan transformazio-zentro bat jartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena. Proiektu hori Itelazpi SAk sustatu du Pasaiako udal-mugartean.

AURREKARIAK

2020ko abuztuaren 28an, Pasaiako Udalak jendaurreko informazioaren izapidea egin zuen, Itelazpi SAk sustatuta Jaizkibelgo komunikazio-zentroan (Paisaiako udal-mugartean) transformazio-zentro bat jartzeko proiektuari dagokionez eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketari dagokionez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, interesdunek egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2020ko irailaren 15eko Gipuzkoako Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (176. zk.).

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Pasaiako Udalak egiaztatu zuen ez zela alegazio berririk jaso.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Pasaiako Udalak eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Emaitza espedientean jasota dago.

2021eko otsailaren 9an, Pasaiako Udalak ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Itelazpi SAk sustatuta Jaizkibelgo komunikazio-zentroan (Paisaiako udal-mugartean) transformazio-zentro bat jartzeko proiektuari buruzkoa.

Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu zuen:

– Itelazpi SAk sustatuta, Eusko Jaurlaritzaren Jaizkibelgo komunikazio-zentroan transformazio-zentro bat jartzeko proiektua, 2018ko urrikoa.

– Itelazpi SAk sustatuta, Eusko Jaurlaritzaren Jaizkibelgo komunikazio-zentroan transformazio-zentro bat jartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2019ko martxoan amaitua eta 2021eko urtarrilean eguneratua.

– Jendaurrean erakutsi ondoren, jasotako emaitzei buruzko dokumentuak.

– Eraginpeko administrazio publikoei egindako kontsulten emaitzei buruzko agiriak, jasotako txostenen hitzez hitzezko kopiak barne.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Itelazpi SAk sustatuta, Eusko Jaurlaritzaren Jaizkibelgo komunikazio-zentroan transformazio-zentro bat jartzeko proiektua arau horren I.B) eranskineko 18. epigrafean jasotzen da.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Pasaiako Udalak, organo substantibo gisa, beharrezkoa den guztia xedatu du, Itelazpi SAk sustatuta Jaizkibelgo komunikazio-zentroan transformazio-zentro bat jartzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera ere.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Itelazpi SAk sustatuta, Jaizkibelgo komunikazio-zentroan (Paisaiako udal-mugartean) transformazio-zentro bat jartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea.

Jaizkibelgo telekomunikazio-zentroan transformazio-zentro bat jartzeko proiektuaren helburua lehendik dagoen zentroaren prestazioak optimizatzea da. Horretarako, transformazio-zentro berri bat jarri behar da; lur gaineko etxola prefabrikatu bat, alegia. Jarduketa horretarako, desegin egin behar dira gaur egun dagoen aire-transformadorea, behe-tentsioko bi zutoinak eta horiei dagozkien aireko kableak, eta lurpeko elikadura-kanalizazio berri bat egin behar da konexio-puntuaren eta transformazio-zentro berriaren artean, baita transformazio-zentro berriaren eta dauden horniduren artean ere.

Aurreikuspenen arabera, etxola prefabrikatuak 15 m2 inguruko azalera izango du, eta Jaizkibelgo telekomunikazio-zentrotik 85 metrora bakarrik jarriko da, erabiltzen ez den lurzati batean. Lurpeko kanalizazio berrien irekierak 140 m inguruko luzera izango du, eta horien indusketa-sakonera 1 m-koa izango da gehienez.

Gaur egun, telekomunikazio-zentroak hormigoizko errodadura-geruza duen bide bat du, besteak beste, mantentze-lanetarako sarbidea errazteko. Beraz, ez da pista berririk irekiko birmoldaketarako beharrezkoak diren makinetarako; era berean, ez da lehendik dagoena birmoldatu beharrik izango.

Horrez gain, lehendik dagoen telekomunikazio-zentroa birmoldatu egingo da, eta, horretarako, erdi-tentsioko transformadore bihurgailu berri bat (behe-tentsioan) eta behe-tentsioko transformadore bereizle berri bat (behe-tentsioan) jarriko dira. Etxola hori Jaizkibelgo telekomunikazio-zentroaren barruan kokatuko da, desegin egingo den gaur egungo transformadore bereizlearen etxolaren ondoan dagoen eta erabiltzen ez den lurzati batean.

Obra egiteko 12 asteko epea ezarri da, lanak hasten diren egunetik aurrera.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzea, lotesleak izango direnak, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintzak:

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzaren orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.

Baldin eta lanak egiteko falta diren izapideetan proiektuari buruzko aldaketa puntualak agertzen badira, eta aldaketa horiek ez badira aurreko paragrafoan adierazitakoak bezain garrantzitsuak, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, Ingurumena Zaintzeko Programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Proiektuaren eremua Natura 2000 Sareari dagokion ES2120017 Jaizkibel KBEren kontserbazio bereziko eremuan dago.

Gainera, Jaizkibel mendia interes naturalistikoko gunetzat jotzen da Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan, eta EAEko natura-gune garrantzitsuen katalogo irekian dago. Era berean, eremua onura publikoko mendi batean dago (2.064.1 zk.).

Eremua Jaizkibelgo sektorearen eta lurpeko masaren gainean dago, Goi Kretazeoko kosta-katearen eremuan, eta interes hidrogeologikoko kokaleku gisa dago identifikatuta.

Transformazio-zentroaren etxola (15 m2) gaur egungo telekomunikazio-zentroaren esparrutik kanpo kokatuko da, Molinia nagusi den Batasunaren intereseko belardi heze azidofiloen habitatean (EB.6410).

Jaizkibel mendia eta, beraz, telekomunikazio-zentroari eta etorkizuneko transformazio-instalazioari dagokien eremua, interes bereziko eremu eta elikadurarako babes-eremu gisa dago katalogatuta, EAEko Hegazti Nekrofagoen Kudeaketa Planaren arabera.

Era berean, eremua «Ulia-Jaizkibel Kostako Sektorea» babes-eremuan kokatuta dago; abifaunak goi-tentsioko linea elektrikoetan talka ez egiteko eta ez elektrokutatzeko babes-eremuan, alegia. Hala ere, Iberdrolaren goi-tentsioko aireko linea (hor dago instalatuta desegingo den aire-transformadorea) ez dago jasota 2018ko ekainaren 18ko Ebazpenean, zeinetan zehazten baitira 1432/2008 Errege Dekretuaren xedapen teknikoekin bat ez datozen eta egokitu egin behar diren goi-tentsioko aireko linea elektrikoak.

Proiektuaren xede den eremuan altuak dira lursailen iragazkortasuna eta akuiferoak kutsatzeko urrakortasuna.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.

Bestalde, neurri hauek eta kontrolerako izendatutako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena xedatuko duen ebazpenak finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintzen agiri guztietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Zentzu horretan, apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

D.1.1.– Bai obrak eta bai lurzorua okupatzea dakarten operazio osagarriak proiektuaren mugen barruan burutuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak bai eta kontratistaren instalazio-guneak ere –makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–. Obrako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa ahalik eta gehien mugatuko da aipatutako mugetatik kanpo, eta obretara lehendik dauden bideetatik sartuko da.

D.1.2.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko lirateke; aldez aurretik, ebazpen honen D.10 puntuan adierazten den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.

D.1.3.– Landaredia naturala ebakitzea saihestuko da, zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez duten eremuetan. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta balizatu beharko dira jarduketa-eremuaren inguruan Batasunaren intereseko habitat gisa identifikatuta dauden eremuak, gaur egungo transformazio-zentroaren kanpoaldean. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako D.10 apartatuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen D.11 apartatuko lan-programan jasoko dira.

Zuhaitzak botatzea edo eskokatzea beste aukerarik ez bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Aplikagarriak diren prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak jarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

D.2.1.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

D.2.2.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

Ebazpen honen D.11 apartatuan aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.

D.2.3.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa egongo da, berehala erabili ahal izateko, ustekabeko isuririk edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua eta abar.

D.2.4.– Hormigoizko upelen garbiketa horretarako egokitutako eremuetan egingo da. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere zuzenean isuri lurzorura. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, ebazpen honen D.6 apartatuan ezartzen diren baldintzak beteko dira.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

D.4.– Kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta hautsa aireratzea murrizteko neurriak.

D.4.1.– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak igaro osteko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai jarduketen eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Beharrezkoa izanez gero, makinak dabiltzan eremuak ureztatzeko sistema bat edukiko da.

D.4.2.– Hala badagokio, obra-gunearen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

Ebazpen honen D.11 apartatuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

D.4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Obra-faseak dirauen artean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako neurri babesleak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorra, zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea, zarata egiten den ordu kopurua murriztea, obretan erabilitako tresnak egiten duten zarata kontrolatzea, eta abar.

D.5.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.3.– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horren 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasunen hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.6.2.– Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat; eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honen D.11 apartatuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.6.3.– Baimendutako zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko orduan, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

D.6.4.– Obren hondeaketetako soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluan jasotako aurreikuspenak aplikatuz.

D.6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta, duten tipologia dela-eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

D.6.6.– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

D.6.7.– Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.8.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi baterako pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.6.9.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada (haitzuloak agertzen badira, adibidez), lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.8.– Obrak integratzeko eta lehengoratzeko neurriak.

D.8.1.– Obraren eraginpeko eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, bai eta kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumena leheneratu behar denean, lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira egin beharreko lanen artean, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landareztatze-lanak ere.

D.8.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak leheneratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.

D.8.3.– Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez hedatzeko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko aipatutako espezieek kutsatuta egon litekeen lurrik.

D.8.4.– Berme-aldian, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

D.9.– Obraren garbiketa eta akabera.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako D.6 puntuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek (baldintza-agiriak gai horiei buruz adierazitako eginkizunei buruzkoak), aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

D.11.– Lan-programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egin beharko ditu, jarraian datozen azpiapartatuetan azaltzen diren gaiei buruz. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta Obren zuzendariak berariaz onartu beharko ditu; aurrez, txosten bat egin beharko du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Makineriaren parkearen eta obrako materialak, lurrak eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeko eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.

– Jarduera-eremuaren inguruko Batasunaren intereseko habitat gisa deskribatutako eremuaren balizatze eta seinaleztapenaren kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauen arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa egiterakoan, sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa bete beharko da, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi beharko zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintzen agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.3.– Leheneratzearen arrakastaren kontrola.

Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako gainazalen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

E.4.– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, eta han bilduko dira ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta leheneratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, leheneratzea egin eta bi urtera.

Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, hartutako laginen xehetasunak emanda.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez, gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskapen-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarria den araudia betetzeko.

F) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, aldatu egin ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

G) Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.

Agiri horiek Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bateratua.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, lur-mugimenduei buruzko balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.6 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egiten hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Hori igaro, eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Pasaiako Udalari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 17a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala