Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2021eko apirilaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2202

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 25ekoa, Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez Araiako udal-mugartean (Araba) gas naturala banatzeko sarearen Markijanako hondakin-uren araztegi berrirako hargunea instalatzeko administrazio-baimena eman, hari dagokion proiektua onartu eta onura publikokoa dela deklaratzen baita.

Espediente zk.: 01CGY 202000007.

AURREKARIAK

1.– 2020ko abenduaren 14an, Nortegas Energía Distribución SAUk administrazio-baimena, proiektuaren onarpena eta onura publikoaren deklarazioa eskatu zituen proiektu hau egiteko: Araiako udal-mugartean (Araba) «Gas naturala banatzeko sarearen Markijanako hondakin-uren araztegi berrirako hargunea».

2.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean aurreikusitakoaren ondorioetarako, jendaurreko informazioaren izapideak egin ziren espedienteari zegokionez, haren iragarkia honako hauetan argitaratu baitzen: Aiarako Udalaren iragarki-oholean; 2021eko otsailaren 17an ALHAOn; 2021eko otsailaren 18an EHAAn; eta 2021eko otsailaren 4an «Diario Noticias de Álava» eta «El Correo» egunkarietan.

3.– Jendaurreko informazioaren izapidea egiten ari zelarik, 2021eko otsailaren 18an sail honek Aiarako Udalari proiektuaren separata bat bidali zion, eta udalak ez zuen baldintza teknikorik aurkeztu zegokion epearen barruan. Halaber, separatak bidali ziren Arabako Foru Aldundiko Errepide Zerbitzura eta URA-Uraren Euskal Agentziara 2021eko otsailaren 18an, eta haiek ere ez zuten baldintza teknikorik aurkeztu epe barruan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Gasa banatzeko sareak eraiki aurretik administrazio-baimena eskatzeko beharra honako hauetan dago xedatuta: Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legea; Gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretua; Gas Erregaiak Erabili eta Banatzeko Erregelamendu Teknikoa onartzen duen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretua; eta Gas erregaiak kanalizazio bidez banatu eta garraiatzeko instalazioei buruzko administrazio-baimenen prozeduren ekainaren 9ko 76/2020 Dekretua.

2.– Urriaren 7ko 34/1998 Legeak deklaratzen du onura publikokoak direla lege beraren IV. tituluan aipatutako instalazioak, hau da, kanalizazio bidez gas-erregaia banatzeko instalazioak.

3.– Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikatu behar diren gainerakoak oinarri hartuta, Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

1.– Administrazio-baimena ematea Nortegas Energía Distribución SAU enpresari, Araiako udal-mugartean (Araba) «Gas naturala banatzeko sarearen Markijanako hondakin-uren araztegi berrirako hargunea» instala dezan, eta instalazioaren proiektua onartzea.

2.– Baimendutako instalazioa onura publikokoa dela deklaratzea, bereziki; izan ere, deklarazio horrek berekin dakar, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 105. artikuluan xedatutakoaren indarrez (1998-10-08ko BOE), ukitutako ondasunak okupatzeko edo eskubideak hartzeko beharra, bai eta presako okupazioa egin eta ondorioak ezarri beharra ere, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak presaz okupatzeko deklaraziorako xedatutakoarekin bat etorrita.

Ebazpen hau ematen da 76/2020 Dekretuak xedatutakoaren arabera eta ondorengo baldintza orokorrak kontuan hartuz:

1.– Baimendutako instalazioa proiektu honen arabera egin beharko da: «Araiako udal-mugartean (Araba) gas naturala banatzeko sarearen Markijanako hondakin-uren araztegi berrirako hargunea (MOP 5 Bar)»; proiektuaren egilea Mario Chamorro Rebollo industria-ingeniari teknikoa da.

2.– Instalazioek bete beharko dute, batetik, Gas Erregaiak Erabili eta Banatzeko Erregelamendu Teknikoan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan xedatutakoa (uztailaren 28ko 919/2000 Errege Dekretua) eta, bestetik, egoki diren bestelako xedapen eta arau teknikoak.

3.– Dagokion baimena lortu beharko da onartutako proiektuaren oinarrizko datuak aldatzeko.

4.– Baimendutako instalazioa egiteko epea hiru urtekoa izango da, baimena ematen den egunetik aurrera.

5.– Nortegas Energía Distribución SAUk, urriaren 7ko 34/1998 Legeak 73.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, 785,06 euroko fidantza eratuko du 2 hilabeteko epean, betebeharrak beteko dituela bermatzeko.

6.– Instalazioetan egin behar diren azterketak, entseguak eta probak, orokorrak nahiz partzialak, indarrean dauden xedapenen arabera egin beharko dira, eta Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko zaizkio, behar besteko aurrerapenaz.

7.– Instalazio-lanak amaituta, agiri hauek aurkeztu behar dira Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzan: obra-zuzendaritzako ziurtagiriak; proben aktak, erregistro grafikoak barne; eta as-built planoak.

8.– Nortegas Energía Distribución SAUk instalazioak amaitu direla jakinarazi beharko dio lurralde-ordezkaritza honi, behin betiko gainbegiratu eta martxan jartzeko akta egin dezan, hori barik ezin izango baita martxan jarri.

9.– Baimen hau ematen da, lanak egiteko behar diren udalen, probintzien edo besteren eskumeneko baimenak edo lizentziak ezertan eragotzi gabe eta halakoak alde batera utzita; beraz, baimen honek ez du salbuesten eskatzailea haiek eskuratzeko obligaziotik.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita; hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 25a.

Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria,

JESÚS PASCUAL LORENTE.


Azterketa dokumentala