Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2021eko apirilaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2201

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 8koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-baimen integratua ematen baita Plastigaur SAk Andoaingo Ama Kandida hiribideko z.g. (Gipuzkoa) helbidean sustatzen duen plastikozko produktuak fabrikatzeko instalazio bat jartzeko.

AURREKARIAK

2019ko uztailaren 11n, Plastigaur SAk ingurumen-baimen integratua emateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari jarraikiz, plastikozko produktuak fabrikatzeko haren instalazioetarako, Andoaingo udalerrian (Gipuzkoa).

Halaber, 2019ko otsailaren 20an, enpresaren jarduera hirigintzarekin bateragarria dela egiaztatzeko txostena eskatu zion Plastigaur SAk Andoaingo Udalari.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Plastigaur SAk sustatutako proiektua jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, egoki ikusten ziren alegazioak aurkezteko. Horretarako, proiektua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu zen, 2020ko urriaren 6an.

Jendaurrean jartzeko epea amaitu ostean, Andoaingo Udalak alegazioak aurkeztu dituela egiaztatu da. Ebazpen honetan erantzuten zaie.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, 2020ko azaroaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Andoaingo Udalari, Añarbeko Urei, URAri, Segurtasun Sailari eta Osasun Sailari.

2021eko otsailaren 16an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, sustatzailearen esku utzi zen espediente osoa. Epea amaituta, Plastigaur SAk ez dio alegaziorik proposatu ebazpen-proposamenari.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hura lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen isurtzeen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein garatzen duten instalazioak ustiatzeko. Ildo horretatik, 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Plastigaur SA enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: saneamendu-sare orokorrera isurtzeko baimena, atmosferara isurketak egiteko baimena, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, hondakinak sortzeari eta atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, aginduzko txostenak igorriz.

Lehenago aipatu dugun Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua toki-agintarientzat loteslea izango da baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 39. artikuluak xedatzen duenez, neurri guztiak hartuko dira lizentziak eta baimenak eskuratzera bideratutako administrazio-prozedurak koordinatzeko. Adierazitako aginduak aplikatuz, Plastigaur SA enpresaren ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran sartuta daude Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapide guztiak.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak kontuan izan dituela, bai instalazioak gehienez igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai, ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako Batzordearen 2007ko abuztuko BREF dokumentuaren (Europan erreferentzia diren teknika erabilgarri onenak disolbatzaile organikoen bidezko azaleren tratamenduan) edukiak kontuan hartu dira.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertuta, ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Plastigaur SAk sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Goian adierazitako izapideak azaldutako guztiari jarraikiz amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.

Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratu hau emateko, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) xedatutakoaren arabera.

Honako hauek ikusi dira: Sailburuordetza honen 2021eko otsailaren 13ko Ebazpen-proposamena; 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteari buruzkoa; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Plastigaur SA enpresari (helbide soziala: Andoaingo Ama Kandida hiribidea, z.g.; IFK: A-20214623) Andoaingo udalerrian plastikozko produktuak fabrikatzeko instalazio bat jartzeko ingurumen-baimen integratua ematea, ebazpen honen bigarren apartatuan zehaztutako baldintzen arabera.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria honetan:

«10.1. Material, objektu edo produktuen gainazalak disolbatzaile organikoez tratatzeko instalazioak, batez ere distira emateko, estanpatzeko, estaltzeko eta koipegabetzeko, iragazgaizteko, itsasteko, lakatzeko, garbitzeko edo inpregnatzeko; disolbatzaile organikoak kontsumitzeko ahalmenak orduan 150 kg baino gehiagokoa edo urtean 200 tona baino gehiagokoa izan behar du».

Instalazioa Andoaingo Ama Kandida hiribideko z.g. helbidean dago, eta 16.000 m2-ko azalera du guztira. Horietatik, 7.500 m2 azalera estaliari dagozkio.

Plastigaur SA enpresak polietilenozko filma, zakuak, poltsak eta strech hood deiturikoak ekoizten ditu, eta hainbat film polimeriko inprimatu eta ijezten ditu. Produktua honako talde hauetan sailkatzen da:

– Hirugarren mailako enbalajea. Multzokatzeko film erretraktila, anonimoa (inprimaketarik gabe).

– Bigarren mailako enbalajea. Multzokatzeko film erretraktila, inprimatua.

– Lehen mailako enbalajerako film inprimatua.

– Lehen mailako enbalajerako film anonimoa.

– Lehen mailako enbalajerako film anonimo ijeztua.

– Lehen mailako enbalajerako film ijeztu eta inprimatua.

Jarduera hiru atal handitan banatzen da:

– Polietilenozko estrusioa.

– Lehengaiak hartzea.

– Estrusioa.

– Film polimerikoak inprimatzea eta ijeztea:

– Inprimaketak.

– Ijezketa.

– Enbalajea.

– Biltegiratzea eta bidaltzea.

– Bulegoa.

Lehengaiak hartzea.

Lehengai nagusia dentsitate txikiko polietilenozko galautsa da. Materiala zisterna-kamioietan jasotzen da, eta horiek biltegiratze-siloak elikatzen dituzte. 65 eta 85 tona arteko edukiera duten 21 silo daude. Zisterna-kamioiek astean 15 edo 20 aldiz deskargatzen dute materiala, gutxi gorabehera.

Siloetatik, zirkuitu itxian elikatzen dira estrusio-makina bakoitzean dauden tarteko siloak. Halaber, siloen artean lehengaiak aldatzeko instalazio bat dago, eta instalazio horrek arazketa-sistema bat du.

Gainerako lehengaiak, tintak, enbalajeak, zakuetako galautsak eta abar pabiloiaren barruan edo pabiloiaren ekialdeko teilapean jaso eta biltegiratzen dira.

Estrusioa.

Atal honetan, galauts-polietilenoa hainbat formatutan eraldatzen da. Ekoitzitako formatuaren geruzen arabera (geruza bat, hiru edo bost) aldatu egiten dira ekoitzitako plastikoaren ezaugarriak.

Eraldaketa hori film puztuko estrusio-makinetan egiten da. Polietileno-galautsa azken produktu bihurtzen da tenperatura altuen bidez (190 ºC inguru).

Horrez gain, atal honetan 2 koloretako inprimaketa oso sinpleak egiten dira (logotipoak, datak, etab.), Video Jet inprimagailuen bidez.

Inprimaketa.

Atal honetan, metodo flexografiko bidez hainbat izaeratako film polimerikoak inprimatzen dira (polietilenoa, polipropilenoa, poliesterra, poliamidak eta abar), eta hainbat izaeratako filmak ijezten dira, egitura desberdinak eratuz.

Inprimaketa flexografikoaren bidez tinta transferitzen da anilox arrabol batetik (xafla fotopolimeriko bat erabiliz) substratura (film polimerikoa). Plastigaur enpresak 8 koloreko danbor zentraleko bi inprimaketa-makina flexografiko, estrusio-makina bitan integratutako bi inprimagailu flexografiko eta beste inprimagailu mugikor bat ditu.

Inprimaketa flexografikoaren prozesuan erabilitako tintek oinarri disolbatzailea dute, eta disolbatzaileen ehunekoa ez da beti berbera. Diseinuak inprimatzeko behar diren tintak (bezeroak zehaztutako diseinua) Plastigaur SAko langileek formulatzen dituzte, oinarrietatik abiatuta eta disolbatzaile-ehuneko desberdinekin. Oinarriak eta disolbatzaileak dispensing izeneko eremuaren barruan daude, inprimaketa-eremutik bereizita.

Tintak formulatu ondoren, inprimagailuko tintontzietara eramaten dira eta irabiagailuetan isurtzen dira (tinta isuri ondoren, horien estalkiak ixten dira). Makinak tinta horiek ematen dizkio anilox arrabola eta atorra (bezeroak zehaztutako diseinua duen plantxarekin) dauden gorputz bakoitzari (Plantxak garbitzeko mahai bat dago. Polywash 3000 erabiltzen da garbitzeko likido gisa. Garbiketak 5-10 minutu irauten ditu plantxaren tamainaren arabera, eta egunean 5 garbiketa-ziklo egiten dira gutxi gorabehera).

Polietilenozko filma makinaren erdiko danborrean dauden gorputz guztietatik igarotzen da, diseinua osatu arte. Materiala gorputz guztietatik igarotzen denean, makinaren bukaeran bobinatzen da.

Makina txiki bat dago tinta-latak garbitzeko, eta makina horretan disolbatzailea erabiltzen da agente desinkrustatzaile gisa. Bidoiak garbitzean sortutako disolbatzaile zikina disolbatzaileak destilatzeko makinan berreskuratzen da. Bi instalazioak dispensingerako gunean daude.

Enbalajea.

Inprimatu ondoren, produktua kartoizko mandriletan bobinatzen da; gero, horiek plastiko erretraktilarekin enbalatu eta bezeroari igortzeko biltegiratzen eta etiketatzen dira.

Mandrilak mozteko makina bat dago, etenka lan egiten duena. Mandrilak mozten dira (kartoizkoak izan ohi dira), azken produktuaren tamainara egokitzeko. Ebakitzean sortutako hautsa zikloi txiki batera xurgatzen da, eta bertan, dekantatu eta zakuetan biltegiratzen da.

12 estrusio-makina daude (45.000 tonako gaitasuna urtean), baita ijezteko makina bat (4.000 tonako gaitasuna urtean), 2 inprimagailu (8.000 tonako gaitasuna urtean) eta 2 birbobinagailu ere. Plastigaur SA enpresak 2.000 litroko edukiera duen aireko gasolio-biltegi bat du, eta biltegi horrek horma bikoitzeko kubeta bat du, fluido termikoko galdan erregai gisa erabiltzeko. Era berean, eguzki-plaka fotovoltaikoak ditu bere instalazioetan, eta Iberdrolaren sarera igortzen dira (autokontsumorako baimenik ez duelako).

Plastigaur SA enpresaren urteko energia-kontsumoa 15.270.621 KWh energia elektriko eta 28.172 litro gasoliokoa da.

Atmosferara isuritako kutsatzaile nagusiak karbono organikoa (inprimaketa-prozesuetan, disolbatzaileen destilazioan, tinten prestaketan eta abarretan sortuak), CO eta NxOy dira (galdarako errekuntzan sortuak).

Hozteko zirkuituan sortutako hondakin-urak eta ur sanitarioak Gipuzkoako Urak partzuergoaren kolektorera bideratzen dira.

Plastigaur SA enpresak berak kudeatzen du garbitzeko disolbatzailearen hondakina, destilagailu batean, gero berriz erabili ahal izateko; bertan, garbiketa-prozesuan erabilitako disolbatzaile guztiak tratatzen dira. Egunero 960 l disolbatzaile berreskuratzen dira, gutxi gorabehera.

Sortutako hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak ekipoak mantentzeko eta instalazioa mantentzeko jarduera orokorretan (substantzia arriskutsuak dituzten ontziak, olio erabilia, xurgatzaileak eta trapu kutsatuak, fluoreszenteak, pila alkalinoak) eta inprimatzeko eta destilatzeko jardueretan (hondakin-tintak, destilagailuko lohiak) sortzen dira batik bat.

Plastigaur SAren jardueran teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, BREF txosten europar honetan jasota daudenak: «Best Available Techniques (BAT) Reference Document on Surface Treatment Using Organic Solvents including Preservation of Wood and Wood Products with Chemicals» (2020). Europako Batzordearen Erabaki hau ere aplikatzen da: «Batzordearen 2020/2009 Betearazpen Erabakia (EB), 2020ko ekainaren 22koa, industria-emisioei buruz eskuragarri dauden teknika onenei buruzko ondorioak ezartzen dituena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz, gainazalak disolbatzaile organikoekin tratatzeko, zura eta zuretik eratorritako produktuak produktu kimikoen bidez kontserbatzea barne hartuta».

Proiektuak, besteak beste, teknika erabilgarri onenak direla pentsa daitekeen neurri hauek biltzen ditu: ingurumen-kudeaketarako sistema ziurtatua (mantentze prebentiborako eta zuzentzailerako plan bat dauka); energia kudeatzeko sistemak; horren arriskutsuak ez diren substantzien erabilera (R esaldirik gabe).

Bigarrena.– Andoaingo udalerrian (Ama Kandida hiribidea, z.g.), Plastigaur SAk sustatutako plastikozko produktuak fabrikatzeko jarduera burutzeko honako baldintza eta betebehar hauek ezartzea:

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunaren gainean Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Plastigaur SA enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

B.1.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.1.– Baldintza orokorrak.

Plastigaur SAren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira igorpen atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango emisio ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurtzerik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-jariakinak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, jariakinen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Proiektuan aipatzen diren atmosferako kutsaduraren inguruko neurriak beti beteko dira, bereziki hautsa ez isurtzeko neurriak, hala nola agregakin-multzoak ureztatzea edo bideak garbitzea.

Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

B.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren (atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenaren eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) katalogoan bilduta dauden jarraian adierazten diren jarduerekin lotutako honako foku konfinatu hauek ditu plastikozko produktu erregogorrak fabrikatzeko Plastigaur SAren instalazioak:

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Foku ez-sistematiko horietariko bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, igorpenen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada, igorpen-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

B.1.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira gaindituko emisioen muga-balio hauek:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Isuri-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da. Ikusten bada isurketaren muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

Zenbait jardueratan disolbatzaileak erabiltzeagatik sortzen diren konposatu organiko lurrunkorren isurketak murrizteko urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko du.

Halaber, urtarrilaren 8ko 1/2013 Dekretuan (konposatu organiko lurrunkorrak isurtzen dituzten instalazioei buruzkoa) ezarritakoa bete beharko du eta, bereziki, dekretu horretan garatzen den segimendu eta kontrolerako betebeharra.

B.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: fokuetako hondakin-gasak husteko tximiniek, fokuen sekzioak, neurketarako tokiak, laginketarako guneek, neurketa-portuek, irisgarritasunak eta segurtasunak eta zerbitzuek.

Zehaztugabeko isuriak minimizatzeko, instalazioak modu egokian diseinatu eta mantenduko dira, jarioak antzemateko ekipamenduak erabiliko dira eta ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da.

B.2.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

B.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: plastikozko produktuen fabrikazioa.

(Ikus .PDF)

B.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emariak eta bolumenak.

(Ikus .PDF)

B.2.3.– Isurketaren muga-balioak.

Isurketaren ohiko kutsadura-parametroak, kutsadura izan dezaketenak, honako hauek izango dira soil-soilik, bakoitzerako zehazten diren gehieneko balioekin:

(Ikus .PDF)

Taula honetako mugak hartzen dira kontuan, egindako saiakuntzari lotutako ziurgabetasuna aintzat hartuz.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketaren muga-balioak lortzeko. Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, aipatutako kalitate-helburuak isuriaren ondorioz urratzen ez direla ziurtatzeko. Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isurketa onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege-dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen da (azken errege-dekretu horren bidez, Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen da, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituena).

B.2.3.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Arazte-instalazioek edo hondakin-uren zuzenketa-neurriek jarduera hauek izango dituzte, funtsean:

– Hozteko zirkuituko purgen hustuketak emaria neurtzeko ekipo bat (totalizatuaren erregistroarekin) eduki beharko du.

– Hozteko zirkuituetako hustuketa-puntuek lagin bat hartzeko gune bat izan beharko dute.

– Hozteko zirkuituaren aldizkako hustuketak aldez aurretik jakinarazi beharko zaizkio Gipuzkoako Ur Kontsortzioari.

– Plastigaur SA enpresak kontrol-kutxatilan hartutako urteko kanpo-analitika bat aurkeztu beharko du, eta haren entsegu-txostena Gipuzkoako Ur Kontsortzioko Isurketen Kontrolerako Bulegora bidali beharko da.

– Plastigaur SA enpresak hozteko zirkuituetako purgen laginak hartzeko puntuan hartutako kanpo-analitika bat aurkeztu beharko du urtero, eta haren entsegu-txostena Gipuzkoako Ur Kontsortzioko Isurketen Kontrolerako Bulegora bidali beharko da.

Kutxatila bat izango da saneamendu-sare orokorreko hargunearen aurretik; kutxatila horrek isurien lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango ditu. Kutxatilak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala behar denean.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Plastigaur SA enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Kasu honetan, efluentea kontrolatzeko (on-line kontrolak), nahitaezkoa izango da elementu hauek izatea, totalizatuaren erregistroarekin:

– Hozteko zirkuituko purgatze- eta hustuketa-uren emari-neurgailua.

B.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, ezaugarritu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, lehentasunez instalazio haietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, Ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa eragotzi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da, baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Andoaingo Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, 180/2015 Errege Dekretua (zeinaren bidez, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen baita) eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei Eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta martxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, hondakinen lekualdaketak direla-eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarrita dagoena bete beharko da.

B.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Honako hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020rako Ingurumeneko Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioztapena kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzea. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenari jarraikitzen diotela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa bada, ezaugarritze zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzekotan. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Plastigaur SAk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Plastigaur SA enpresak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Plastigaur SAk, PCB eduki dezaketen gailuak dituen heinean, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu 1378/1999 Errege Dekretuak, abuztuaren 27koak, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituenak zehaztutako baldintzak, eta 228/2006 Errege Dekretuak, otsailaren 24koak, errege-dekretu hori aldatzen duenak, xedatzen dituenak.

k) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamenduak, ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean eman zuenak, adierazten dituen substantziak erabiltzen baditu, Plastigaur SAk berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Plastigaur SA enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

m) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Plastigaur SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluari jarraikiz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea baita, Plastigaur SAk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoak, 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez badu Plastigaur SA hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

o) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Plastigaur SA, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

p) Apartatu honetako e) eta f) apartatuetan (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta l), m) eta n) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

q) Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, Plastigaur SAk 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzkoa) 3. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) «LER 080318 Inprimagailuen toner-hondakinak» izeneko hondakinaren kasuan, hondakin horrek ispilu-sarrera du gaur egun indarrean dagoen hondakinen Europako zerrendan. Bada, horiek hondakin ez-arriskutsutzat hartuko dira, baldin eta lehenengo aldiz ebaluatu baino lehen ezaugarritzen badira; ezaugarritze horren emaitzak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali beharko dira, proposatutako kudeaketa egokia ote den egiaztatzeko. Hondakina arriskutsua dela erabakiz gero, ebazpen honetako B.3.1 apartatuan zehazturikoa aplikatu beharko da.

b) Bigarren apartatuko B.3 azpiapartatuan bereiztearen eta hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoen inguruan xedatutakoari jarraituz, «udal-hondakinen nahasketa» izeneko hondakinak ezingo du baliotu daitekeen hondakin-frakziorik izan. Horri dagokionez, egungo egoeran Euskal Autonomia Erkidegoan baliotu daitezkeen hondakin-frakzioak hauek dira: papera eta kartoia, egurra, plastikoak, metal ferrikoak eta metal ez-ferrikoak.

c) Hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei dagokienez bigarren apartatuko B.3 azpiapartatuan xedatutakoaren arabera, hondakinak balorizatu egin beharko dira, eta balorizatzaile baimendun bati eraman beharko zaizkio horretarako. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina baloratzeari.

d) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio –hornitzaileari–, erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztatzaile baimendu bati emango zaizkio.

e) Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balorizatzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.

f) Oro har, hustu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, justifikatu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Plastigaur SAk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

g) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik identifikazio-agiria bete beharko da; otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen ezaugarritzea (dekretu haren bidez arautu zen hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea).

h) Balorizatzeko edo ezabatzeko asmoz, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

i) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Plastigaur SA, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

j) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Plastigaur SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

k) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluari jarraikiz, Plastigaur SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

l) Apartatu honetako f), g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), h), j) eta k) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

B.4.– Ontziak merkatuan jartzea.

Plastigaur SA enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituenez, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, Ontzien Gaineko Urteko Adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

Era berean, Plastigaur SAk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Plastigaur SA enpresak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta ontzi hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Plastigaur SA enpresak, urte natural batean zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere jarraian zehaztutako kantitateetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira bada bakarrik;

– 50 tona, altzairua bada bakarrik;

– 30 tona, aluminioa bada bakarrik;

– 21 tona, plastikoa bada bakarrik;

– 16 tona, egurra bada bakarrik;

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soil-soilik badira;

– 350 tona, hainbat material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu;

Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

B.5.– Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Plastigaur SAk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Halaber, 9/2005 Errege Dekretuan, urtarrilaren 14koan, 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan, eta abenduaren 16koan, xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak egikaritzeko, 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena: https://www.euskadi.eus/informazioa/lurzoru-kutsatuen-eta-lurpeko-uren-gaineko-arauzko-eskakizunak-aplikatzea-ingurumen-baimen-integratua-behar-duten-instalazioetan/web01-a2ingkut/eu/

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denari jarraikiz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) ezaugarritu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, ezaugarritze horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horrek hondeatutako materialen 500 m3 gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurzoruen ezaugarritzearen emaitzak eta horien azken helmuga adierazi beharko dira. Horrez gain, hondeatutako materiaren berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida: https://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-cd1f-4503-bafa-f54fa80d9a44&Cod=945c8d73-130b-4e34-ac67-5ab96dfb55ae&Idioma=eu-ES

f) Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen ezaugarritzea. Oro har, laginketa gauzatzeko, gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen ezaugarritze-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen ezaugarritzea. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da; eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako EBA-A ebaluazioko balio-adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Horrez gainera, 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 22. artikuluaren 2. zenbakian dioenaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz betiere.

B.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko altueran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko beharrezko altuera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Isurketa atmosferikoak kontrolatzea.

C.1.1.– Kanpoko kontrolak.

a) Plastigaur SA enpresak isurien kontrola egin beharko du, informazio honi jarraituz:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, 212/2012 Dekretuan, urriaren 16koan, ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan azaldutako isurketa-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, isurketa bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.

C.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluan (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskinean (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

C.1.3.– Disolbatzaileak erabiltzeagatik isuritako Konposatu Organiko Lurrunkorren kontrola.

117/2003 Errege Dekretuak, urtarrilaren 31koak, zenbait jardueratan disolbatzaileak erabiltzeagatik sortzen diren konposatu organiko lurrunkorren isurketak murriztekoak xedatutakoaren aplikazio-eremuan aurkitzen den merkataritza-elkartea denez, Plastigaur SAk urtero bidali beharko du, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barnean, 1/2013 Dekretuak, urtarrilaren 8koak, konposatu organiko hegazkorrak igortzen dituzten instalazioei buruzkoak, 9.1 artikuluan zehazten duen dokumentazioa.

Urte jakin batean Plastigaur SAren disolbatzaile-kontsumoa urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretuak II. eranskinean ezartzen duen urteko kontsumoaren atalasera iritsi ez bada, instalazioak soilik igorri beharko du urteko disolbatzaile-kontsumoaren taula, 1/2013 Dekretuaren 9.2 artikuluak agintzen duen moduan.

1/2013 Dekretuaren 9.1 eta 9.2 artikuluetan aipatzen diren dokumentuak bidaltzeko, https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/airea/ helbide elektronikoan dauden txantiloiak erabili beharko dira, bertan dauden giden jarraibideen arabera.

Plastigaur SAk, ekoizpen-aldaketak egiten dituelako edo lehengai berriak erabiltzeagatik, aurreikusiko balu 117/2003 Errege Dekretuaren, urtarrilaren 31koaren II. eranskinean barnebilduta egoteari utzi egin behar diola, behar bezala arrazoitu beharko du zio hori EAEn konposatu organiko lurrunkorrak isurtzen dituzten instalazioen zerrendan duen inskripzioa baliogabetzeko, 1/2013 Dekretuak 8. artikuluan agintzen duen eran, eta, behar izanez gero, ingurumen-baimen integratuan dituen atmosferarako isurketen baldintzak aldatu ahal izateko.

C.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Isurketen kontrolen emaitzak hauei bidaliko zaizkie:

– Gipuzkoako Ur Kontsortzioari, laginak hartzen dituztenetik hilabeteko epearen barruan.

– Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetzari, ebazpen honetako bigarren apartatuko C.6 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.

d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.

e) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

f) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko B.2.3 azpiapartatuan ezarritako mugak.

C.3.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

C.4.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urtean behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

C.5.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz: https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2inguru/eu/

Hala, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarri diren baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik, gertatutakoaren berri izan ondoren, bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, helbide elektroniko hau erabilita: ippc@euskadi.eus

Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten badira kontrolak, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

C.6.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barnean hartu beharko du.

Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen zenbatespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko B.3 azpiapartatuan ezarritakoari jarraikiz (azpiapartatu horren izena: «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak»), baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

D.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (17.542 Ehun inpregnatuak, gogortuak edo materia plastikoz estaliak egitea), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Plastigaur SAk lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Plastigaur SAk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuaren B.3 azpiapartatuan ezarritakoari jarraikiz.

D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Plastigaur SAk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen bateratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

D.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Halaber, atmosfera eta ingurune urtarra kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Nabeen barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez by-pass bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. By-pass horretan aurreikusi gabeko isurketa bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko luke, dagokion txostena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako h) letran adierazitakoari jarraituz).

Debekatutako substantzia isurtzeko berehalako arriskua balego, horren berri urgentziaz emango dio erabiltzaileak Gipuzkoako Ur Kontsortzioari, hark instalazioak babesteko neurri egokiak har ditzan.

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta orokorrean, lantegian sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

d) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabilioi estali eta itxiak eduki beharko dira.

e) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak, ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek bete egin beharko dituzte produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak.

g) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta efikaziaz esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta norbera babesteko ekipo bereziak.

h) Gorabeherarik gertatuz gero, agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere). Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorria eta zergatiak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik badago.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Andoaingo Udala berehala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Istripua non, zergatik eta zer ordutan gertatu zen.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ezusteko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

i) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu izango dela, prozesu etengabe batekoa bada, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

j) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

E) Babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daiteke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) Urtean behin, otsaileko azken eguna baino lehenago, Plastigaur SAk aurreko urtean atmosferara eta uretara isuritako isurtzeei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Isurtzeen eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programari jarraikiz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) Instalazioen aldaketa oro helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete ondoren egin beharko da: http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc. Halaber, organo honi onarpena eskatu beharko zaio, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategineko 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Industriako Igorpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

H) Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hirugarrena.– 16-I-01-000000000418 erregistro-kodea esleitzea Plastigaur SAk Andoaingo Ama Kandida hiribidean (z.g.) ustiatutako instalazioari. Hona hemen helbidea: UTM (ETRS89) 30N; X: 579470; Y: 4786260.

Laugarrena.– Ingurumenaren finantza-bermea.

a) Ingurumenaren finantza-bermea.

Plastigaur SAk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua onartzen duena), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 24. artikuluaren arabera. Obligazioa izanez gero, 1. eta 2. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea izan beharko dute. Bestalde, 3. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea eduki beharko dute urriaren 10eko TEC/1023/2019 Aginduaren 2. artikuluan ezarritako epeetan. Hala badagokio, finantza-bermea eratu ondoren, eta betiere adierazitako data baino lehen, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta hark IV.2 eranskinean jasotako informazioa jaso beharko du gutxienez. Erantzukizunpeko adierazpen hori Eusko Jaurlaritzak emandako prozedura telematikoaren bidez bakarrik aurkeztu behar da.

Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan eta, aldiro, jardueran, instalazioan edo funtsezko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera.

Urteko ingurumena zaintzeko planarekin batera finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-berme motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

b) Ingurumen-erantzukizuna.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa dena dela, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik egon gabe ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

Bosgarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako igorpenen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Isurtzeak nabarmen murritz daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beharrezkoa denean beste teknika batzuk erabiltzea.

d) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

e) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

g) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

h) Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2 eta 3. zenbakietan ezarritakoari jarraikiz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Seigarrena.– Alderdi hauei sei hilabeteko gehieneko epean erantzuteko eskatzea Plastigaur SAri:

– Plastigaur SA 3. lehentasun-mailako operadore gisa dago sailkatuta ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera. Agindu horren bidez ezartzen da, hain zuzen ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen azken xedapenetako laugarrenean aurreikusten diren eta APM/1040/2017 Aginduak aldatzen duen ministerio-aginduak onartzeko lehentasun-ordena eta egutegia.

Urriaren 10eko TEC/1023/2019 Aginduak ezartzen du Ingurumen Erantzukizunaren urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jardueretan –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatutakoetan– nahitaezko finantza-bermea eratzea noiztik eska daitekeen.

Hori dela eta, honako hauek aurkeztu beharko ditu, 2021eko urriaren 16a baino lehen, ingurumen-organo honetan: erantzukizunpeko adierazpena, ingurumen-arriskuen azterketa eta, hala badagokio, nahitaezkoa zaion finantza-bermea edo ingurumen-erantzukizunari buruzko Legearen 28.b) artikuluan adierazitako nahitaezko finantza-bermea eratzeko salbuespenetako bat dela justifikatzen duen dokumentazioa.

– Ebazpen honen arabera eguneratutako ingurumen-zaintzaren programa.

Zazpigarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, plastikozko produktuak fabrikatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Plastigaur SAk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Zortzigarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Bederatzigarrena.– Baimen hau baliogabetzat jotzeko arrazoitzat hartuko dira honako hauek:

– Ebazpen honen seigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez badu epearen barruan, baldin eta interesdunak ez badu behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Plastigaur SA enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

Hamargarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Plastigaur SA enpresari, Andoaingo Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Hamaikagarrena.– Ingurumen-baimen integratu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamabigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 8a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.

ERANSKINA
ALEGAZIOEN ANALISIA

Ingurumen-organoak entzunaldi-izapidea egin du, Plastigaur SAk Andoainen sustatutako jarduerari dagokion ingurumen-baimen integratua emateko prozeduraren esparruan, eta honako alegazio hauek jaso dira:

Alegazioa:

«Zarata-neurketak indarreko araudiarekin eta zaratatik babesteko udal-ordenantzarekin kontrastatu behar dira, eta ez IPPC prozedura hau izapidetu aurretik jarduerari ezarritako neurri zuzentzaileekin».

Erantzuna:

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak honako hau dio 4. artikuluan:

«4. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidego osorako organoen eskumenak.

Eskumen hauek dagozkie Euskal Autonomia Erkidego osorako organoei:

(...)

k) Ingurumeneko baimen bateratuaren araubidearen eraginpeko jarduerak gainbegiratu, ikuskatu eta zehatzea.

l) Dagokien ekintza-esparruaren barruan hots-kutsaduraren arloko araudia betetzen dela kontrolatzea, beharrezko neurri zuzentzaileak har daitezen eskatzea, beharrezko neurriak betetzen ez direnean dagozkion mugak adieraztea eta egindako arau-hausteen ondoriozko administrazio-zehapenak xedatzea.

(...)»

Bestalde, 6. artikuluak, «Udalen eskumenak» izenekoak, ez du ezartzen ingurumen-baimen integratuaren araubideari atxikitako jarduerei gainbegiratze orokorrik egin behar zaiela.

Horregatik, ezarri beharreko neurri zuzentzaileak kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudian eta kutsadura akustikoaren arloko araudi sektorialean oinarrituko dira.

Alegazioa:

«Poligonoak hondakin-urak biltzeko sistema duenez, Plastigaur SAk ur horiek kolektorera isurtzeko baimena eskatu beharko dio Gipuzkoako Ur Kontsortzioari, Udalak erakunde horri lagatzen baitio udal-kolektorera egindako isurien kudeaketa».

Erantzuna:

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak honako hau ezartzen du 11.b artikuluan –ingurumen-baimen integratuaren helburuari buruzkoan–: «Kutsaduraren prebentziorako eta kontrolerako sistema bat edukitzea, Administrazioaren esku-hartze bakar batean batuko dituena hondakinen sorreraren eta kudeaketaren arloan lehendik dauden ingurumen-baimen guztiak, tartean udal-hondakinak eta hondakin arriskutsuak erraustekoak, bai eta, hala behar denean, hondakinak isurtzekoak, ur kontinentaletara –eta saneamendu-sistema integralera– isurtzekoak eta lehorretik itsasora isurtzekoak ere, eta, bestetik, airearen kutsadurari buruzko ingurumen-xedapenak, konposatu organiko lurrunkorrei buruzkoak barne».

Bestalde, honako hau dio arau horren 17. artikuluak, «Txostenak» izenekoak: «Informazio publikorako aldia amaitutakoan, ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunak espedientearen kopia bana bidaliko die, jasotako alegazio eta oharrekin batera, beren eskumeneko gaiei buruzko iritzia azaldu behar duten organoei».

Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak kontsulta egin dio Gipuzkoako Ur Kontsortzioari, Plastigaur SA enpresarentzako ingurumen-baimen integratua izapidetzeko eskumena duen organoa den aldetik.

Horregatik guztiagatik, ez da eskaera baietsiko.


Azterketa dokumentala