Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2021eko apirilaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2194

ERABAKIA, 2021eko martxoaren 18koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak hartutakoa: aldatzea Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegia, Gobernu Kontseiluak 2010eko apirilaren 29ko bileran onartu zuena.

Gobernu Kontseiluak 2019ko urtarrilaren 31n onartu zuen UPV/EHUko doktorego eskolen oinarrizko arautegi berria. Arautegi horren arabera, master ofizialak Master eta Doktorego Eskolaren menpe egoteari utzi zioten, Graduondoko Sare Latinoamerikarrekoak izan ezik, eta ikastegien menpe egotera pasatu ziren.

Masterreko ikasketen antolaketa berri horrek eragina dauka UPV/EHUko ikastegietako kalitate batzordeetan. Izan ere, batzorde horien oinarrizko arautegiak 4. artikuluko 1. ataleko c) letran dioenez (Gobernu Kontseiluak 2010eko apirilaren 29an onartutako arautegia, 2010eko uztailaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua), batzorde horiek osatuko dituzte, besteak beste, tituluaren koordinatzaileek (egonez gero). Kontuan hartuta UPV/EHUko ikastegien artean alde handia dagoela bai master ofizialen kopuruari dagokionez bai master horietan matrikulatutako ikasle kopuruari dagokionez, beharrezko ikusten da aldatzea Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiko 4.1 artikuluko c) letra, ikastegiek autonomia handiagoa izan dezaten erabakitzeko zenbat izango diren master ofizialetako ordezkariak beren kalitate batzordeetan eta, horrela, hobeto funtziona dezaten.

Lege Zerbitzuak proposamen honen aldeko txostena egin du, eta unibertsitateko Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeari ere aurkeztu zaio, iritzia eman dezan.

Adierazitakoagatik guztiagatik, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Aldatzea UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiko 4.1 artikuluko c) letra (Gobernu Kontseiluak 2010eko apirilaren 29an onartutako arautegia, 2010eko uztailaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua). artikulu hori honela geratuko da idatzita:

c) Ikastegiari atxikitako titulu ofizialetako koordinatzaileak. Dena dela, masterren kasuan, Ikastegiko Kalitate Batzordearen Arautegian ezarriko da ordezkariak bat edo batzuk izango diren, kontuan hartuta master bakoitzean matrikulatutako ikasle kopurua, lanbide arautuetan jarduteko bidea ematen duten masterrak diren, edo bestelako irizpide objektiboak.

Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea. Argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean erabakia.

Leioa, 2021eko martxoaren 18a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.


Azterketa dokumentala