Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2021eko apirilaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1966

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erabakia, baliabide ekonomikoak bideratzekoa desgaitasunak dituzten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak finantzatzeko 2021ean. Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusi ziren laguntzok.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko martxoaren 23ko saioan hartutako erabakiaren bidez, baliabide ekonomikoak bideratu ditu desgaitasunak dituzten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak finantzatzeko 2021ean. Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusi ziren laguntzok. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2021eko martxoaren 23ko saioan hartutako erabakia argitaratzen da, zeinaren bidez baliabide ekonomikoak bideratzen baitira desgaitasunak dituzten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak finantzatzeko 2021ean. Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusi ziren laguntzok.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
ERABAKI-PROPOSAMENA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUARENA, ZEINAREN BIDEZ BALIABIDE EKONOMIKOAK BIDERATZEN BAITIRA DESGAITASUNAK DITUZTEN PERTSONEN ENPLEGUA LAN-MERKATU ARRUNTEAN SUSTATZEKO LAGUNTZAK FINANTZATZEKO 2021EAN. EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN DESGAITASUNEN BAT DUTEN PERTSONEN ENPLEGAGARRITASUNAREKIN LOTURIKO PROGRAMAK ETA ZERBITZUAK ETA ENPLEGU ZENTRO BEREZIEN EUSKAL ERREGISTROA ARAUTZEKO URRIAREN 29KO 168/2019 DEKRETUAN AURREIKUSI ZIREN LAGUNTZOK

Urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa (2019ko azaroaren 28ko EHAA, 227. zk.; huts-zuzenketa, 2020ko urtarrilaren 24ko EHAA, 16. zk.). Bada, dekretu horren II. kapituluaren 1. atalean arautzen dira, hain zuzen ere, desgaitasunak dituzten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak.

Dekretu hori xedapen orokorra da, indarraldi mugagabea duena. Dekretu horren 7. artikuluan berariaz adierazten denez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki baten bidez, urtero ezarriko da 1. atalean araututako laguntzak finantzatzera bideratuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa.

Otsailaren 11ko 1/2021 Legearen bidez onartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko Aurrekontu Orokorrak, zeinetan jasota baitago laguntza hauek estaltzeko kreditua.

168/2019 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Dirulaguntzak emateko prozeduran errespetatu behar den publikotasun-printzipioa betez, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, jakinarazi behar da zein den laguntza hauek finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa; horrela, erabaki honen edukiaren berri emango da EHAAn, erakunde autonomo honen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Bestalde, 168/2019 Dekretuaren 8.3 artikuluak zentzu positiboa ematen dio administrazio-isiltasunari, baina Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak 9. apartatu berri bat sartu du Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluan, eta, apartatu horretan oro har dirulaguntzak emateko prozedura guztietarako ezartzen denaren arabera, eskabideak ezetsitzat joko dira baldin eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada horretarako ezarritako gehieneko epean. Segurtasun juridikoa dela eta, komeni da onuradun izan daitezkeenei jakinaraztea zer erregulazio aplikatu behar zaien laguntza hauei alderdi horri dagokionez, eta erabaki honetan jaso behar da hori.

Ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den datatik aurrera.

Desgaitasunak dituzten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2021eko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plan hori, 2020ko abenduaren 15eko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Erabaki hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus orrian argitaratu zen, «Laguntzak eta dirulaguntzak» apartatuan.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horren administrazio-kontseiluak, 2021eko martxoaren 23ko bilkuran, erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 700.000 euro bideratuko dira desgaitasunak dituzten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak finantzatzeko, 2021ean. Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren II. kapituluaren 1. atalean arautu ziren laguntzok.

Laguntzen bolumen osoak ez du gainditu behar zenbateko hori edo, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketaren bat onartzen baldin bada, aldaketak dakarren igoera egin ondorengo emaitza. Eguneratzerik izango balitz, EHAAn argitaratu beharko litzateke, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2.– Desgaitasunak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean kontratatzeko emandako laguntzak Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuko ditu % 50ean, Euskal Autonomia Erkidegoko EGIF 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan.

Bigarrena.– Desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean kontratatzeko laguntzen baldintzak eta erakunde onuradunen betebeharrak, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren ondoriozkoak.

1.– Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuak direnez, hauetan xedatutakoa aplikatu behar da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamendua (EB); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 Erregelamendua (EB), Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzekoa, eta ESS/1924/2016 Agindua, abenduaren 13koa, Europako Gizarte Funtsak 2014-2020 programazio-aldian diruz lagun ditzakeen gastuak zehazten dituena.

2.– Urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren II. kapituluaren 1. atalean eta 71. artikuluan aurreikusitako betebeharrak bete beharko dituzte laguntzen onuradunek, betebehar hauek batez ere:

a) Berariaz aipatzea, diruz lagundutako jarduketak jakinarazteko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kofinantzaketarekin batera, Europako Gizarte Funtsarena, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan gauzatua.

b) Gastuaren kontabilitate-erregistro bat bermatzea, kontabilitate-identifikazio bereizia edo kontabilitate-kode egokia duela.

c) Gutxienez 2027ra arte gordetzea diruz lagundutako kontratu guztiei buruzko dokumentazioa, badaezpada inoiz egiaztatzen bada deialdi honen arabera bete beharreko konpromiso eta betebehar guztiak bete direla.

d) Honako hauek eginiko egiaztatze-jarduketak onartzea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

3.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako zerrenda publikoan.

Hirugarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluaren 9. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua–, eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko epea igaro ondoren –urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren 8.3 artikuluan dago aurreikusita epe hori– ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira.


Azterketa dokumentala