Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2021eko martxoaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
1895

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 5ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez irekitzen baita euskara eta euskal kulturako bost irakurle hautatzeko deialdia.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean, EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak honako helburu hau xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.

Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuak erabaki du Alemaniako Berlingo Freie Unibertsitaterako, Georgiako Ivane Javakhishvili Tiblisi State University Unibertsitaterako, Frantziar Estatuko Sorbonne Nouvelle Université eta Sorbonne Université Unibertsitateetarako, Estatu Batuetako Chicagoko Unibertsitaterako eta Alemaniako Leipzigeko Unibertsitateko irakurleak hautatzeko lehiaketa publikoaren deialdia egitea.

Hori dela eta,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da euskara eta euskal kulturako irakurleak hautatzea, honako unibertsitate hauetan aritzeko:

– Irakurle bat Alemaniako Berlingo Freie Unibertsitatea.

– Irakurle bat Georgiako Ivane Javakhishvili Tiblisi State University Unibertsitatea.

– Irakurle bat Frantziar Estatuko Sorbonne Nouvelle Université eta Sorbonne Université Unibertsitateak.

– Irakurle bat Estatu Batuetako Chicagoko Unibertsitatea.

– Irakurle bat Alemaniako Leipzigeko Unibertsitatea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan ikasturte bakoitzean bideratutako guztizkoa:

– Berlingo Freie Unibertsitaterako: hogeita hamahiru mila eta ehun (33.100) euro ikasturteko.

– Ivane Javakhishvili Tiblisi State University Unibertsitaterako: hamar mila (10.000) euro ikasturteko.

– Sorbonne Nouvelle Université eta Sorbonne Université Unibertsitateetarako: hogeita hamabi mila eta bostehun (32.500) euro ikasturteko eta mila seiehun eta laurogeita hamabost (1.695) euro ikasturteko.

– Chicagoko Unibertsitaterako: berrogeita hamalau mila zazpiehun eta laurogeita hamalau (54.794) dolar ikasturteko.

– Leipzigeko Unibertsitaterako: hogeita hemezortzi mila eta ehun (38.100) euro ikasturteko.

Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da irakurletza kokatuta dagoen herrialdeko eta unibertsitateko araudiarekin bat zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela.

Horretaz gain, kontuan izan behar da TSU Unibertsitateak eskola orduko 25 GEL-eko ordainsari gordina eskainiko diola irakurleari, baita kontratuari lotutako onurak ere, osasun asegurua barne. Gainera kontratatutako irakurleari Unibertsitatetik gertu hiri erdialdean apartamentua bermatuko dio, eta TSU-k ordainduko du hilero apartamentuaren alokairua, erabilerako gastuak ezik.

Unibertsitateetako transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da, Chicagoko Unibertsitatearen kasuan ezik, kasu horretan dolarretan izango da. Euroak beste dibisekiko dituen aldaketek ez dute eraginik izango EEIk egindako ordainketaren kopuru ekonomikoan.

3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

Berlingo Freie Unibertsitatetarako:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta euskarako C1 (3HE) maila edo baliokidea izatea, eta ingeleseko B2 maila eta alemaneko A2 maila egiaztatua izatea.

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza: euskara) gradua edo lizentzia dutenak lehenetsiko dira, baita euskararen 4HE egiaztatua izatea ere, 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

Ivane Javakhishvili Tiblisi State University Unibertsitaterako:

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza: euskara) gradua edo lizentzia izatea. Halakorik izan ezean, Giza zientzien, Gizarte-zientzien edo Letretan gradu edo lizentzia bat izatea (adibidez, hizkuntzak, filosofia, historia, hizkuntzalaritza, itzulpengintza) eta Giza zientzien, Gizarte-zientzien edo Letretan Masterra izatea. Euskara gaitasunean 3HE edo C1 mailako egiaztagiri baliokidea izatea eta gutxienez ingeleseko C1 maila egiaztatua izatea. Ingeles egiaztagiririk ez dutenen kasuan maila hori duten ala ez frogatzeko Unibertsitateak zoom bidezko elkarrizketa bat egin ahal izango die hautagaiei, behin Etxepare Euskal Institutuak hautagaien proposamena egin ondoren.

Euskal Ikasketetako masterrak lehenetsiko dira, baita euskararen 4HE edo C2 maila egiaztatua izatea ere, eta hizkuntzalaritza arloan artikuluak edo arlo horretako hitzaldiak, 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

Sorbonne Nouvelle Unibertsitaterako eta Sorbonne Université Unibertsitaterako:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta euskarako C1 (3HE) maila edo baliokidea izatea eta frantseseko B2 maila egiaztatua izatea. Frantses egiaztagiririk ez dutenen kasuan, maila hori duten ala ez frogatzeko, Unibertsitateak froga bat egin ahal izango die hautagaiei, behin Etxepare Euskal Institutuak hautagaien proposamena egin ondoren. Horretaz gain, Master titulazio bat izatea.

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza: euskara) gradua edo lizentzia dutenak lehenetsiko dira, baita euskararen 4HE egiaztatua izatea ere, 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

Chicagoko Unibertsitaterako:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta euskarako C1 (3HE) maila edo baliokidea izatea eta ingeleseko C1 maila egiaztatua izatea.

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza: euskara) gradua edo lizentzia dutenak lehenetsiko dira, baita euskararen 4HE egiaztatua izatea ere, 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

Leipzigeko Unibertsitaterako:

Unibertsitate graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta euskarako C1 (3HE) maila edo baliokidea izatea eta alemaneko B1 maila gutxienez izatea. Aleman egiaztagiririk ez dutenen kasuan, maila hori duten ala ez frogatzeko, Unibertsitateak froga bat egin ahal izango die hautagaiei, behin Etxepare Euskal Institutuak hautagaien proposamena egin ondoren.

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazioa (A Hizkuntza Euskara) gradua edo lizentzia dutenak lehenetsiko dira, baita euskararen 4HE egiaztatua izatea ere, 11. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

Bereziki baloratuko den meritua: soziolinguistikan, hizkuntza politiketan edo kultur kudeaketan eskarmentua izatea.

4. artikulua.– Lan-baldintza zehatzak helburuko unibertsitatearen arabera.

1.– Berlingo Freie Unibertsitaterako:

Eskola orduak: irakurleak asteko 19,25 eskola orduko lan karga izango du.

2.– Ivane Javakhishvili Tiblisi State University Unibertsitaterako:

Eskola orduak: irakurleak lanaldi osoko ordukako kontratua izango du (asteko 15 ordu arte jardun akademikoetan).

3.– Sorbonne Nouvelle Université eta Sorbonne Université Unibertsitateetarako:

Eskola-orduak: Irakurleak Pariseko Sorbonne Nouvelle Université Unibertsitatean Euskara I, Euskara II eta Euskara III izeneko irakasgaiak emango ditu, baita Kultura I eta Kultura II izenekoak ere. Irakasgai horien zama gehienez 192 ordukoa izango da ikasturteko. Horretaz gain, irakurleari dagokio Pariseko Sorbonne Université Unibertsitatean A1 eta A2 mailako bi ikasgai ematea, ikasturteko 39 ordu orotara, eta Euskal Kultura eta Zibilizazioko ikasgaia ematea, ikasturteko 13 ordu orotara.

4.– Chicagoko Unibertsitaterako:

Eskola-orduak: euskara eta euskal kultura irakaskuntzan 5 ikasgai emango ditu guztira, 132 orduko lan-karga izango du ikasturte osoan. Horretaz gain, lanaldi osoko lan-karga osatzeko, gaztelaniazko ikasgaiak emango ditu Unibertsitatean. Espainiar hizkuntzako ikastaroengatik ordaindu beharreko zenbatekoa Chicagoko Unibertsitateak ordainduko du.

Chicagoko Unibertsitateak gaztelaniako atalerako hautaketa prozesu propioa egingo du aldi berean, beraz euskara eta euskal kulturako irakurle hautagaiek Chicagoko Unibertsitateko hautaketa-prozesura ere aurkeztu behar dute. Horretarako, eskaera aurkeztu behar dute Chicagoko Unibertsitateko Chicagoko Unibertsitateko errekrutatze akademikoko enplegu-batzarraren bidez, honako esteka honetan: http://apply.interfolio.com/xxx.

5.– Leipzig Unibertsitaterako:

Eskola-orduak: gehienez 12 eskola-orduko jarduna astean.

5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak helburuko unibertsitatean.

Hautatuak deialdi honen helburu diren tokian tokiko unibertsitateei atxikiko zaizkie, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako eta unibertsitate bertako araudiaren araberako kontratua sinatuko dute eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Euskara eta euskal kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak helburuko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu tokian tokiko unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.

6. artikulua.– Irakurle izateak Etxepare Euskal Institutuarekiko honako konpromiso hauek onartzea ekarriko du, eta honako eskubideak izatea:

– Onartze-agiria sinatzea.

– Emandako ordutegia betetzea.

– Euskara eta euskal kulturaren programa didaktikoa egitea (ikasturte hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.

– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.

– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.

– Behean zehazturiko datarako helburuko unibertsitatera bertaratzea, klaseak ematen hasteko. Klaseak ematea ikasturte amaiera arte, hala badagokio luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, eta urteroko berritzea Unibertsitateak egindako aldeko txostenera baldintzatuta dago, betiere. Berlingo Freie Unibertsitateari dagokionez, hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez 2. ikasturtea osatu arte izango da irakurle postuan eta aldiz, Ivane Javakhishvili Tiblisi State University Unibertsitateari, Sorbonne Nouvelle Université eta Sorbonne Université Unibertsitateei, Chicagoko Unibertsitateari eta Leipzigeko Unibertsitateari dagokionez, hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez 4. ikasturtea osatu arte izan liteke irakurle postuan. Kasu hauetan guztietan, salbuespen gisa, eta betiere Etxepare Euskal Institutuak eta unibertsitateak euskal ikasketen sendotze estrategiarako egokitzat adostutako irizpide eta prozeduraz, aztertu ahal izango da behin-behinean luzatzeko aukera. Luzapen horren gehienezko epea urtebetekoa izango da, edo unibertsitatearekin euskal ikasketen indartzeko estrategiarako adostutako trantsizio epea.

Bertaratze datak:

– Berlingo Freie Unibertsitatera bertaratzea 2021eko urriaren 14a baino lehen, klaseak ematen hasteko.

– Ivane Javakhishvili Tiblisi State University Unibertsitatera bertaratzea, 2021eko irailaren 3a baino lehen, klaseak ematen hasteko.

– Sorbonne Nouvelle Université eta Sorbonne Université Unibertsitateetara bertaratzea, 2021eko irailaren 1a baino lehen, klaseak ematen hasteko.

– Chicagoko Unibertsitatera bertaratzea, 2021eko irailaren 15a baino lehen, klaseak ematen hasteko.

– Leipzigeko Unibertsitatera bertaratzea, 2021eko irailaren 1a baino lehen, klaseak ematen hasteko.

– 2021-2022 ikasturtea amaitutakoan, zerbitzuak ematen dituen departamenduaren oniritzia duen irakasle-memoria bat idaztea. Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken honek hitzarmena eta irakurlearen lana behar bezala doan ebaluatzeko.

– Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.

– Irakurleak konpromisoa hartzen du, halaber, Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko, bereziki euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroan.

– Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak eta abar zehaztuta.

7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.

Etxepare Euskal Institutuak ordainduko dizkio tokian tokiko unibertsitateari irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuak finantzatzeko zenbatekoak.

Tokian tokiko unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru-ekarpenak justifikatzea.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

1.– Hautagaiek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileen Plaza 1, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. Eskabidea aurrez aurre aurkezteko hitzordua eskatu behar da.

– Bide elektronikoa: www.euskadi.eus gunean aurkeztu ahalko dira eskabideak, artikulu honetako 2. atalean adierazitako helbidean. Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiltzeak –presentziala edo elektronikoa– ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

2.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukinzunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide hauetan daude ikusgai:

Berlingo Freie Unibertsitatea:

http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042313

Ivane Javakhishvili Tiblisi State University Unibertsitatea:

http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042312

Sorbonne Nouvelle Université eta Sorbonne Université:

http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042310

Chicagoko Unibertsitatea:

http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042309

Leipzigeko Unibertsitatea:

http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042310

3.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egin daitezke: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

4.– Identifikazio elektronikorako, onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

5.– Hautagaiek eskabidea egitean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

– Nortasun-agiria, AIZ edo pasaportearen kopia.

Espainiako nortasun-agiria baduzu, hautazkoa da fotokopia aurkeztea.

– Unibertsitate mailako tituluaren kopia.

Espainiako Unibertsitate bateko titulua baduzu, hautazkoa da fotokopia aurkeztea.

– Euskara-maila egiaztatzen duen agiriaren kopia.

HABE, EGA, IVAP edo Hizkuntza Eskola Ofizialeko Agiria baduzu, hautazkoa da fotokopia aurkeztea.

– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, hauek adierazita: helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak (teknikoak eta didaktikoak), eskoletarako ikasleekin erabiliko den oinarrizko bibliografia eta ikasleek bere gisara erabiltzeko bibliografia. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinema, antzerkia, eskultura eta abar) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, hauek adierazita: helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak (teknikoak eta didaktikoak), eskoletarako ikasleekin erabiliko den oinarrizko bibliografia eta ikasleek bere gisara erabiltzeko bibliografia. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez 9.000 karakterekoa (zuriuneak barne) izango da. Karaktere kopurua gainditzen duten proiektuak ez dira onartuko. Proiektu pedagogikoa euskaraz idatzia egongo da. Leipzigeko Unibertsitateari dagokionez, bereziki baloratuko da irakaskuntza digitalki lantzea.

– Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa eta abar) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak eskatutakoan, horrela Etxepare Euskal Institutuan agiri horiek egiaztatu ahal izango dira. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.

– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteko hilabeteko epea egongo da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

9. artikulua.– Hautagaiaren betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste Administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesdunak aurka egin ezean. Aurka eginez gero, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Hautagaiak espainiar nortasun agiririk edo pasaporterik ez duenean, pasaportearen fotokopia aurkeztu beharko du. Hautagaiak espainiarra ez den unibertsitate bateko titulua duenean, fotokopia aurkeztu beharko du.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin aldaketarekin bat eginez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Hautagaiak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Hautagaiak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

10. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko hautapen-batzordea eratuko da. Batzorde horren osaeran Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoei buruz esandakoa hartuko da kontuan.

Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da.

11. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaien hautapena honako baremo honen arabera egingo da, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:

1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez 5 puntu, honako irizpide hauen arabera:

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.

Gainerako graduak edo lizentziak, baldin eta 4HE egiaztatuta badute: 4 puntu.

Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Artearen gradu edo lizentziak: 2,5 puntu.

Gainerako gradu edo lizentziak: puntu 1.

Ivane Javakhishvili State University Unibertsitateari dagokionez:

1.–Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez 5 puntu, honako irizpide hauen arabera:

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.

Giza zientzien, Gizarte zientzien eta Letretako graduak edo lizentziak, baldin eta 4.HE egiaztatuta badute: 4 puntu.

Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Letretako gradu edo lizentziak: 2,5 puntu.

2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez 5 puntu, honako irizpide hauen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera.

Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.

Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 2 ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: puntu 1 ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0.5 puntu ikasturteko.

3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea, Gehienez 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko honako irizpide hauen arabera, betiere tokian tokiko unibertsitatearen berariazko eskakizuna ez bada:

A2 = 0.25 puntu.

B1 = 0.50 puntu.

B2 = 0.75 puntu.

C1 = puntu 1.

C2 = 1.5 puntu.

4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez 5 puntu, honako irizpide hauen arabera, betiere tokian tokiko unibertsitatearen berariazko eskakizuna ez bada:

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 3 puntu.

Bestelako doktoregoa: puntu 1.

Euskararen arloko masterra: 2 puntu.

Hezkuntzarekin edota hizkuntzekin erlazionaturiko masterra: puntu 1.

Bestelako masterra: 0.5 puntu.

Atzerriko Unibertsitateetan euskara irakasteko prestakuntza-ikastaroa: puntu 1.

IGI-CAP: 0.5 puntu.

Glotodidaktika ikastaroa: 0.5 puntu.

Excellence in Basque Studies / Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroa: 0.25 puntu.

5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez 5 puntu.

Proiektu pedagogikoaren ebaluazioan honako irizpide hauek erabiliko dira bai euskarako eta baita euskal kulturako programazioa aztertzean ere: zehaztasuna, tokian tokiko unibertsitatearekiko eta hartzaileekiko egokitasuna eta koherentzia honako atal hauetan (helburuak, edukiak, metodologia, baliabideen eta bibliografia). Proiektu pedagogikoko gehienezko puntuazio hori aipatutako atal horietako bakoitzean lortutako puntuen batezbestekoa izango da.

Leipzigeko Unibertsitatearen kasuan bereziki baloratuko da metodologia eta baliabideen atalean tresna digitalen erabilera egokia eta irakaskuntza digitalaren lanketa.

6.– Beste meritu batzuk: gehienez 2 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako parte-hartzea, argitalpenak, bestelako lan eta kudeaketa eskarmentua. Lan-eskarmentuari dagokionez, bereziki baloratuko da irakaskuntzan lan egin izana, 11.2 atalean jasotzen direnetatik at, interprete eta itzultzaile gisako eskarmentua eta kultur arloan lanean aritu izana. Irakaskuntzako edo itzultzaile gisa egindako lan eskarmentuari dagokionez lan egindako ordu kopuru zehatza eta lan hori zein hizkuntzatan egin den/irakaskuntzan emandako gaia zein izan den frogatzeko modua eman beharko da (kontratua/ziurtagiri ofiziala) eskarmentu hori baloratu ahal izateko.

Ivane Javakhishvili Tiblisi State University Unibertsitatearen kasuan, atal honetan bereziki baloratuko dira hizkuntzalaritza arloan artikuluak edo arlo horretako hitzaldiak.

12. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela. Epe hori igarota, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen baten bidez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan.

Hautapen-batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merituak 11. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta eta hautapen batzordeak ezarritako hurrenkeraren arabera, Etxepare Euskal Institutuak hiru proposatuko ditu. Unibertsitateak hiru horien artean egokien deritzona aukeratuko du. Hiru horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendaren hurrenkera jarraituta, Etxepare Euskal Institutuak zerrendako hautagai berriak proposatuko dizkio. Unibertsitateak hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.

Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitatetako ordezkariek eskubidea izango dute proposatutako hiru hautagaiak elkarrizketa batera deitzeko.

Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira honako kasu hauetan:

Eskabide bat bera ere aurkeztu ez bada.

Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.

Deialdi hau argitaratu ondoren, dagokion unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dena delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

13. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, Etxepare Euskal Institutuak Unibertsitateei proposatutako hautagaiak zehaztuz. Unibertsitateak izango dira azken erabakia hartzen dutenak.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.

14. artikulua.– Lanpostua esleitzea.

Unibertsitateak hala eskatzen badu, hautatuek medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, bere esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, tokian tokiko unibertsitateko euskara eta euskal kulturako irakurle izaera onartu beharko dute, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.

15. artikulua.– Lan-poltsa, ukoak eta ordezkapenak.

Behin Unibertsitate bakoitzeko irakurlea aukeratua izan denean, irakurletza bakoitzerako hautatuak izan ez diren hautagaiekin osatuko dira lan poltsak eta hautapen batzordeak emandako puntuazioaren araberako hurrenkera jarraituko dute. Etxepare Euskal Institutuak irakurle-postuan hutsuneak sortzen direnean egokia ikusiz gero lan poltsa horietara joko du.

Hautatuek 2021-2022 ikasturtea amaitu baino lehenago euren lanpostuei uko egiten badiote, ezingo dute berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan oinarritu ezean beraien ukoa.

Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak dagokion lan-poltsara joko du.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Eskatzailearen datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Euskal hizkuntza eta kultura irakurleak eta katedretarako irakasle gonbidatuak.

Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua.

Helburua: Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko unibertsitateetara bidalitako euskal hizkuntza eta kultura irakurleen zein katedretako irakasle gonbidatuen erregistroa eta kudeaketa.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da, aplikagarriak diren lege-eginbideak betetzeko.

– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Apirilaren 20ko 3/2007 Legea, Etxepare Euskal Institutua sortzekoa eta arautzekoa (2007/05/10eko EHAA, 89. zk.)

Hartzaileak: ez da daturik lagatzen.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du eskatzaileak, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: honako web-orri honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra:

www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:

www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf

ID: 0574

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edota administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2021eko martxoaren 5a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.


Azterketa dokumentala