Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2021eko martxoaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

DEUSEZTATUTAKO XEDAPENA

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
1882

AGINDUA, 2021eko martxoaren 24koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan derrigorrezko irakaskuntzen baliokideak diren atzerriko hezkuntza-sistemetako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan Espainia eta Euskal Herriko hizkuntza eta kultura irakasteko curriculuma eta gutxieneko ordutegia ezartzen dituena.

Maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuak, Espainian dauden atzerriko ikastetxeen erregimenari buruzkoak, arautu zuen atzerriko hezkuntza-sistemei dagozkien unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-mailak Espainian eskaintzen dituzten ikastetxeen erregimen juridikoa, edozein izanik ere ikastetxe horien titularraren nazionalitatea.

Ikastetxe horien baimentze- eta funtzionamendu-erregimenean kontuan hartu behar da, batetik, ikastetxeak sortzeko askatasunak eta Estatuen arteko harremanak zuzentzen dituen elkarrekikotasun-printzipioak bateragarri izan behar dutela; eta, bestetik, nazioarteko itunetan xedatu dena. Horrez gain, autonomia-erkidegoko araudian euskal herritarrek bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko beharrari buruz ezarritakoa bete behar da. Orobat, beste eskakizun bat ere ezarri da, alegia, Espainiako eta Euskal Herriko kulturari buruzko jakintzagaiak sartzea, Geografia eta Historiako edukiak abiapuntu hartuta. Maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan xedatutakoaren ondorioz, urteak dira Euskal Autonomia Erkidegoko atzerriko ikastetxeek bi hizkuntza ofizialak ezagutu behar direla ezarri zutela beren ikasketa-planean.

Lehen Hezkuntzarako Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura, eta Gizarte Zientziak, batetik, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura, eta Geografia eta Historia irakasgaietako ezarritako curriculumak erreferentziatzat hartuta, bestetik, momentuan indarrean dagoen Hezkuntzaren Lege Organikoaren arabera, curriculum horiek egokitu egin behar dira unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza -maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuak 3.1.a artikuluan aipatutako derrigorrezko irakaskuntzaren baliokide dena- emateko baimenduta dauden atzerriko ikastetxeen berariazko baldintzetara.

Euskal Autonomia Erkidegoan dauden atzerriko ikastetxeen ikasketa-planean jasota dago irakasteko erabiltzen duten atzerriko hizkuntza menderatzea eta bigarren atzerriko hizkuntza era praktikoan erabiltzeko gaitasuna lortzea. Hizkuntza-helburu horien barruan sartu dira, halaber, gaztelaniari eta euskarari buruzko irakaspenak, eta helburu horiek betetzeko metodologia berritzaileak eta integratzaileak sartu behar dira, ikasleei lagun diezaien atzerriko hezkuntza-sistemetako ikasketa-planetan eta agindu honetan eskatzen den hizkuntza-gaitasuna eskuratzen. Hori dela-eta, atzerriko ikastetxe guztietarako nahitaezkoak diren euskal curriculumeko irakaspenak hizkuntzen planteamendu integratutik sartzen dira. Ikastetxe bakoitzak autonomia nahikoa du askotariko hizkuntzak beren hizkuntza-proiektuaren arabera sartzeko.

2012ko martxoaren 12ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko atzerriko ikastetxeetan Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura, eta Geografia eta Historia irakaskuntzak arautzen dituenak, erkidegoan indarrean dagoen curriculumaren arabera ezarri zituen irakaskuntza horiek. Curriculum hori aldatu zuen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma ezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoak. Dekretu horrek bere seigarren xedapen gehigarrian ezartzen duenez, hezkuntza-eskumenak dituen sailak zehaztuko ditu, bere eskumenen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe baimenduek eman beharreko Espainiako eta Euskal Herriko hizkuntza eta kulturaren irakaskuntzak.

Hori horrela, 236/2015 Dekretuaren seigarren xedapenean xedatutakoa beteko duen agindu hau egiten da, bertan ezarritako curriculumari jarraikiz.

Hori guztia dela-eta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-esparrua.

1.– Agindu honen xedea da Oinarrizko Hezkuntzarako Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura, Gizarte Zientziak, eta Geografia eta Historia irakasgaietako irakaspenak ezartzea eta arautzea, honako bi dekretu hauetan xedatutakoaren arabera: maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan, Espainian dauden atzerriko ikastetxeen erregimenari buruzkoan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortzeko eta ezartzeko den abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuan.

2.– Agindu hau hezkuntza-sistemako derrigorrezko mailen pareko irakaskuntza arautuak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko atzerriko ikastetxeetan aplikatuko da, baldin eta atzerriko hezkuntza-sistema bateko ikasketak eta Espainiako eta Euskal Herriko hizkuntza eta kultura irakasten badituzte.

2. artikulua.– Curriculuma.

1.– Ikastetxe horiek Gaztelania eta Literatura, eta Euskara eta Literatura irakasgaietako curriculuma egokituko dute, Euskal Autonomia Erkidegoan irakats-arlo eta irakasgai horietako bakoitzerako indarrean dagoen curriculuma aintzat hartuta. Geografia eta Historia irakasgaiko curriculuma honako hauetatik egokituko da: Lehen Hezkuntzako Gizarte Zientzietako curriculumetik; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Geografia eta Historia irakasgaiko curriculumetik.

2.– Ikasturte berean hainbat hizkuntzek parteka ditzaketen hizkuntza-egiturei buruzko edukiak batera eman daitezke. Hala egiten denean, egitura komun horiek irakasteko hizkuntza gaztelania edo euskara ez bada, bermatu behar da ikasleek Gaztelania eta Literatura, eta Euskara eta Literatura irakasgaietako irakaspenak jasoko dituztela, edo irakaspenak gaztelaniaz edo euskaraz jasoko dituztela, hurrengo artikuluan aipatutako ordu-kopuruan, gutxienez. Nolanahi ere, otsailaren 19ko 1/1993 Legeko xedapen gehigarrietatik hamargarrenean ezarritakoaren arabera, Gaztelania eta Literaturako eta Euskara eta Literaturako irakaspenak batez ere hizkuntza horietan emango dira.

3. artikulua.– Ordutegia.

Atzerriko hezkuntza-sistema bat irakasten duten unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura eta Geografia eta Historia irakasteko gutxieneko ordutegia Euskal Autonomia Erkidegoan Lehen Hezkuntza eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten gainerako ikastetxeentzat abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak ezartzen duena izango da.

Dekretu horretan ezarritakoaren arabera, Gaztelania eta Literatura irakasteko gutxieneko ordutegia 1050 ordukoa izango da. Euskara eta Literaturako curriculuma emateko gutxieneko ordutegia 1050 ordukoa izango da. Gizarte Zientzietako, eta Geografia eta Historiako curriculuma emateko gutxieneko ordutegia 735 ordukoa izango da.

4. artikulua.– Irakasleak.

1.– Bigarren artikuluan aipatutako irakaspenak emango dituzten irakasleek Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eskatzen diren titulu-eskakizunak bete behar dituzte. Irakasle horiek gainerako irakasleek duten parte-hartze bera izango dute ikastetxeko organoetan.

2.– Atzerriko ikastetxeek artikulu honetan aipatutako irakasgaietako irakasleen artean aukeratu behar dute zuzendari teknikoa, irakasgai horiek koordina ditzan.

5. artikulua.– Ebaluazioa.

Irakasgai horiek ikastetxean emango diren gainerako irakasgaiei aplikagarri zaizkien arauen arabera ebaluatu eta kalifikatuko dira, eta ebaluazioen emaitzak dagozkien ikasketa-ziurtagirietan idatziz jasoko dira.

6. artikulua.– Tituluak eta ikasketak homologatzea eta baliozkotzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan dauden atzerriko ikastetxe baimenduetan ikasleek egingo dituzten ikasketak eta tituluak indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera baliozkotuko edo homologatuko dira.

7. artikulua.– Ikastetxeak ikuskatzea.

Agindu honen aplikazio-esparruan dauden atzerriko ikastetxeetan ikuskatzeak egingo ditu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, agindu honetan ezarritakoa betetzen duten ala ez egiaztatzeko.

8. artikulua.– Euskara eta Literatura irakasgaia ematetik salbuestea.

Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat oro har ezarritakoaren arabera egin behar da Euskara eta Literatura irakasgaia ematetik salbuesteko eskaera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko martxoaren 12ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta atzerriko hezkuntza-sistema bateko ikasketak eta Espainiako eta Euskal Herriko hizkuntza eta kulturari buruzko ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura, eta Geografia eta Historia irakasgaiak ezartzen eta arautzen dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Agindu honen garapena.

Baimena ematen zaio Hezkuntza Sailburuordetzari agindu hau interpretatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean sartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 24a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala