Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2021eko martxoaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1861

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntual bati buruz. Aldaketak honako hauei eragiten die: 7-OD Azken Portu eremuan kokatutako Lanpardo kaleko 1 zenbakiko lurzatiari eta 12-3-OD Kortazar eremuan kokatutako Kortazar lurzatiari.

AURREKARIAK

2020ko azaroaren 25ean, Zarauzko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa puntual bati (aurrerantzean, Plana) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa eman zezan, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Aldaketak honako hauei eragiten die: 7-OD Azken Portu eremuan kokatutako Lanpardo kaleko 1 zenbakiko lurzatia; eta 12-3-OD Kortazar eremuko Kortazar lurzatia. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikaturik, 2020ko abenduaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira.

Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Zarauzko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; Lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa puntualari buruz. Zarauzko Udalak sustatutako aldaketa horrek honako hauei eragiten die: 7-OD Azken Portu eremuan kokatutako Lanpardo kaleko 1 zenbakiko lurzatia; eta 12-3-OD Kortazar eremuko Kortazar lurzatia. Hurrengo hauek jasoko ditu txostenak:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Indarrean dagoen Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (aurrerantzean, HAPO), zeina 2008ko otsailaren 13an onetsi baitzen, ezartzen du 7-OD Azken Portu eta 12-3-OD Kortazar eremuetako hirigintza-araubidea, hor baitaude kokatuta, hurrenez hurren, aipatutako aldaketaren xede diren Lanpardo kalea 1eko eta Kortazarko lurzatiak.

Beraz, indarrean dagoen HAPOren arabera, 7-OD Azken Portu eremuko Lanpardo kalea 1eko lurzatia (aurrerantzean, Azken Portuko lurzatia) irakaskuntzako ekipamendu gisa kalifikatua dago, eta egun erabiltzen ez den eraikin bat du. Aldaketaren xede den esparrua Zarauzko hirigunearen hego-mendebaldean dago, eta 1.860 m2-ko azalera du. Iparraldetik, terraza modura atondutako espazio publiko batekin egiten du muga; mendebaldetik, Lanpardo kalearekin; hegoaldetik, Lanpardo, Urdaneta eta Herrikosoro kaleen artean zirkulazioa banatzen duen biribilgunearekin; eta ekialdetik, Urdaneta kalearekin.

Bestalde, 12-3-OD Kortazar eremuko Kortazarko lurzatia (aurrerantzean, Kortazarko lurzatia), bizitegi-erabilerarako kalifikatuta dagoen arren, gaur egun ez du inolako eraikinik, eta aparkaleku gisa erabiltzen da uda partean. Kortazarko lurzatiaren azalera 4.750 m2 ingurukoa da, eta muga hauek ditu: iparraldetik Gipuzkoa kalea, mendebaldetik Kortazar kalea, hegoaldetik Lapurdi kalea eta ekialdetik Mintegi kalea.

Horrela, bada, Zarauzko HAPOren aldaketa puntualaren helburua da, Azken Portuko eta Kortazarko esandako lurzati horiei dagokienez, sustapen sozialeko etxebizitzak sustatzea, alokairu araubidean, Azken Portuko lurzatian eta, aldi berean, Kortazarko lurzatiari buruzko hiri-antolamenduaren aldaketa izapidetzea, hain zuzen ere, gaur egun bizitegi-kalifikazioa duen lurzatian ekipamendu publiko bat instalatu ahal izateko.

Xehetasunetara etorrita, honako hauek dira HAPOren aldaketaren xede diren esparru bakoitzerako antolamendu-irizpideak:

7-OD Azken Portu eremuan kokatuta dagoen Lanpardo kaleko 1. zenbakiko lurzatia (edo Azken Portuko lurzatia).

– Lurzatiak –gaur egun ekipamendu komunitario gisa kalifikatuta dago– bizitegi-erabilerako kalifikazioa izango du.

– Antolamenduz kanpokotzat jo da lehendik dagoen irakaskuntza-eraikina, azken urteotan erabiltzen ez dena.

– Bizitegi-erabilpena izango duen eraikuntza-bolumen bakarra garatzea aurreikusten da, «U» forman, oinarria lurzatiaren iparraldearekin lerrokatuta dela eta «besoak» Urdaneta eta Lanpardo kaleekin lerrokatzen direla. Gizarte-sustapeneko 25 etxebizitza izango ditu, alokairuan, guztira 2.500 m2-ko eraikigarritasunarekin.

– Eraikuntzaren gehieneko profila BS+IV izango da. Ekialdeko besoak BS+IV altuera izango du eta beheko solairuaren kota +13,50 izango da. Bolumenaren gainerako zatia BS+III altueran garatuko da eta beheko solairuaren kota +17,00 izango da.

– Beheko solairuetan ekipamendu publiko bat instalatzea ahalbidetzen da, 576 m2-ko azalerarekin.

– 2.223 m2 aurreikusi dira guztira, garaje-plaza, trasteleku, bizikleta-biltegi eta sestra azpiko erabilera osagarrietarako (bi solairu).

– Lurpeko garajeetarako sarbidea lurzatiaren ipar muturretik bideratuko da, Urdaneta kaletik.

– Proposatutako espazio libreak lorategiak eta igarobideak izango dira, oinezkoentzat, batez ere, HAPOn proposatutako oinezkoen ibilbide-sareari lotuta.

12-3-OD Kortazar eremuko Kortazarko lurzatia.

– Lurzatia, gaur egun bizitegi-erabilerarako kalifikatuta badago ere, aurrerantzean ekipamendu publiko gisa kalifikatuko da.

– Eraikuntza-bolumen bakarra planteatzen da, BS+IV altuerakoa eta «U» forman, oinarria lurzatiaren iparraldearekin lerrokatuta eta «besoak» Mintegi eta Kortazar kaleekin lerrokatzen direla.

– Sestra gaineko eraikigarritasuna 9.186 m2-koa izango da guztira. Ekipamendurako aurreikusitako gehieneko eraikuntza-profila BS+IV izango da. Gainera, 913 m2 bideratuko dira guztira beheko solairuko arkupetara.

– Nolanahi ere, eraikinak lurzatiaren % 50 okupatuko du gehienez (sestra gainean).

– Sestra azpiko ekipamenduari dagokionez, garajeak eta instalazio osagarriak garatzea ahalbidetuko du, guztira 5.777 m2-ko azalerarekin, bi solairutan.

– Hutsik dagoen lurzatiaren gainerako partea espazio libreen sistema orokorretara bideratuko da.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako marko bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, behin plana onartu ostean, xehetasun-azterketa bat egin beharko da Kortazarko lurzatirako, eta eraikuntza-proiektu bat Azken Portuko lurzatirako, urbanizazio-obra osagarriak barne direla. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planaren xede den eremuaren kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuta, ez da hauteman bateraezintasunik sektore- eta lurralde-plangintza aplikagarriarekin, ingurumenaren ikuspegitik.

c) Plana egokia den edo ez ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko; batez ere, garapen jasangarria sustatzeko: Planak erraztu eta/edo bide ematen du jada urbanizatutako lurzorua okupatu eta optimizatzeko, ez baita artifizialdu gabeko lurzorurik okupatu beharko aurreikusitako erabileretarako. Gainera, egokia da, halaber, urbanizazio eta eraikingintza jasangarriko neurriak hartzea planteatzeko, baliabideen erabileran eta hondakinen murrizketan eta aprobetxamenduan efizientzia sustatzen duten irizpideak kontuan hartzeko eta eraikinen aurrezpen eta efizientzia energetikoa zein energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko, Plana garatuko duten proiektuetan.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasun eta osasun, ingurumen, hondakinen kudeaketa, kutsadura akustiko eta uren alorrean indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako legedia txertatzeko, ingurumenaren arloan.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

HAPOren aldaketaren xede diren esparruak Zarauzko hiri-bilbean txertaturik daude, eta, bi kasuetan, hiri-lurzoruaren barruan sartzen dira. Zehazki, Azken Portuko lurzatiak –hirigunearen hego-mendebaldean dago– irakaskuntza-eraikin bat du, gaur egun erabiltzen ez dena, eta haren inguruan, zuhaitzez hornitutako berdegune bat. Kortazarko lurzatia, berriz, hirigunearen ekialdean dago kokatua eta urbanizazio perimetrala duen orube bat da. Udan aparkaleku gisa erabiltzen da. Lurzati horretan dagoen landaretza bakarra erruderal-nitrofiloa da.

Azken Portuko lurzatiari dagokionez, ondoren adierazten diren hauek dira ezaugarri eta baldintzatzaile nabarmenenak:

– Lurzatian dagoen irakaskuntza-eraikinaren inguruan lorategi tankerako berdegune bat dago, zenbait zuhaitz-espezierekin: pagoak (Fagus sylvatica), ezkiak (Tilia platuphyllos), urkiak (Betula pendula), Atlaseko zedroa (Cedrus atlantica).

– Lurzati honetan eragiten duten zarata-iturri nagusiak AP-8ko zirkulazioa eta inguruko kaleetako –Urdaneta, Herrikosoro.– hiri-zirkulazioa dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zarataren Mapa Estrategikoen arabera, Azken Portuko lurzatia AP-8ren eraginpeko eremuan dago.

Kortazarko lurzatiari dagokionez, honako baldintzatzaile hauek nabarmentzen dira:

– Lurzatia interes hidrogeologikoa duen eremu baten gainean dago; izan ere, porositatea dela-eta iragazkortasun handiko gainazaleko metaketaz osatua dago. Hala ere, akuiferoak kutsatzeko arrisku oso txikia duela uste da.

– Era berean, lurzatia hezeguneen inbentario nazionaleko (HIN) «A1G3 Iñurritzako itsasadarra» hezegunearen perimetro mugatuaren barruan dago, hiri-lurzoru gisa sailkatutako eremu baten barruan.

– Iñurritza ibaia, Getaria-Higer kostaldeko ur-masan itsasoratu aurreko azken zatian, 250 metro ingurura pasatzen da Kortazarko lurzatiaren ekialdetik. ES2120009 Iñurritza Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Iñurritzako biotopo babestua lurzatitik 200 metro ingurura daude, ipar-ekialdera.

– Honako hauek dira Kortazarko lurzatitik hurbileneko zarata-iturriak: Euskotren trenbidea (Bilbao-Hendaia), eremuaren hegoaldeko mugatik hurbil igarotzen dena; lurzatia inguratzen duten kaleetako hiri-zirkulazioa, batez ere Gipuzkoa kalekoa, eta N-634 errepidea, urrunago, eremuaren iparraldetik pasatzen dena.

Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan sartzen diren Eremu Babestuen Erregistroan, aldaketaren xede diren bi lurzatiak eta Iñurritza ibaiaren arroaren gainerakoa sartzen dira, Iñurritzako estuarioari dagokion mantenugaien ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuen barruan.

Bi lurzatiak Zarautz izendapenarekin ezagutzen den ikuspen-arroan daude, paisaia-balio txikia dute, eta bertako paisaia oso arrunta da. Jarduketa-eremukoak ez dira paisaia katalogatuak.

Planaren xede diren lurzatietan ez da hauteman interes geologikoa duen tokirik, ez eta Korridore Ekologikoen Sareko elementurik ere. Esandako lurzatietan, ez da identifikatu kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere. Lurzatiak ez daude uholde-arriskuko eremuetan eta ez da hauteman, horien artean, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik.

Aurrekoa ikusita, Planetik ondorioztatuko diren jarduketak kontuan hartuta, hasteko eta behin irizten zaio ingurumen-baldintzatzaile garrantzitsuena lurzatien egoera akustikoaren ingurukoa dela. Bestalde, aintzat hartzekoa da Planak proposatzen dituen jarduketak garatzetik etor daitezkeen ondorioak, funtsean, eraikinak eraitsi eta eraikitzeko lanekin lotutakoak izango direla. Obra horien ondorioz, lurrak mugitu eta soberakinak sortuko dira, hondakinak ere bai, ustekabeko isuriak gertatzeko arriskua egongo da, eta, ondorioz, lurzorua eta lurpeko urak kaltetu daitezke, emisio atmosferiko eta akustikoek eragozpenak sor diezazkiekete herritarrei, eta abar. Izan ere, biztanleria-dentsitate handiko hiri-ingurunea da.

Iñurritza ibaiari eta naturagune babestuei dagokienez (ES2120009 Iñurritza KBE eta Iñurritzako biotopo babestua Kortazarko lurzatitik hurbil daude, 250 bat metrora, hego-mendebaldera), proposatzen diren jarduketen ezaugarriak eta eraginpeko ingurunea kontuan hartuta, hau da, adierazitako eremu babestuetatik bereizita, eremu urbanizatuak, errepideak eta eraikinak tarteko direla, ez da hauteman, hasteko eta behin, zuzeneko eragin nabarmenik (ibilguaren morfologiari, intereseko landarediari, faunari eta berorren habitatari dagokienez), ez eta zeharkakorik ere (uren eta habitaten kalitatea gutxitzea, obren ondoriozko emisio atmosferikoak eta akustikoak, faunari eragozpenak eragitea, etab.), betiere, Plana gauzatzetik eratortzen diren jarduketak hemen proposatzen den jarduketa-motari dagozkion prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriekin egiten badira.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa puntualari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea ez dadin beharrezkoa izan –aldaketak honako hauei eragiten die: 7-OD Azken Portu eremuan kokatutako Lanpardo kaleko 1 zenbakiko lurzatia; eta 12-3-OD Kortazar eremuko Kortazar lurzatia–, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Planetik eratorritako proiektuak egikaritzeko hartu beharko diren beste neurri batzuk:

Zaratari buruzko neurriak:

Zaratari dagokionez, zarata-iturri nagusia AP-8 autobidea da, planaren xede den Azken Portu lurzatia azpiegitura horren eragin-eremuaren barnean geratzen baita. Horrenbestez, eremuan egin nahi den jarduketa orotarako, azpiegitura horren organo kudeatzailearen baimena jaso beharko da.

Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenek eremu akustiko horietan aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

Ondorioz, Azken Portuko lurzatiaren kasuan, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik 2 metro inguruko altueran, eraiki gabeko eremuetan; eta altuera orotan, fatxada leihodunak daudenean, eraikitako inguruneetan) baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzenduta daudenak ere, esparruaren arabera (egongelak edo logelak izan) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala eta berariaz justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Bestalde, eraikuntza-prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, etab. Behar diren neurriak hartu beharko dira, bestalde, jardueren garapenak eraginik izan ez dezan lurzoruan eta lurpeko uretan, ez eta inguruneko ibilguetan ere.

– Obrak, bai eta lurzorua erabili beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Zuhaitzak bota eta sastrakak garbitu behar direnean, edo obrako sarbideei eta kontratistaren instalazio-guneei dagozkien lanak egin behar direnean (besteak beste, makineria-parkea, obra-etxolak, eta obrako materialen eta hondakinen behin-behineko pilaketa-eremuak), ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideari jarraituko zaio, eta eremu iragazgaiztuetan kokatuko dira aipatutako lan guztiak.

– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko jardueren ondoriozkoak barne.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Zarauzko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Gainera, obrako hondakinak birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko –bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea–, jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-jardueren trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

– Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen.

– Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (17. lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza, 2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrietatik sortutako energia kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez diren neurrian, ez dela aurreikusten Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa puntualak –aldaketak honako hauei eragiten die: 7-OD Azken Portu eremuan kokatutako Lanpardo kaleko 1 zenbakiko lurzatia; eta 12-3-OD Kortazar eremuko Kortazar lurzatia– ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez zaiola ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin beharko.

Hirugarrena.– Zarauzko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko horrek indarraldia galduko du eta dagozkion ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa puntuala –aldaketak honako hauei eragiten die: 7-OD Azken Portu eremuan kokatutako Lanpardo kaleko 1 zenbakiko lurzatia; eta 12-3-OD Kortazar eremuko Kortazar lurzatia– onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 2a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala