
64. zk., 2021eko martxoaren 30a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (288 KB - 9 orri.)
- EPUB (225 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1860
AGINDUA, 2021eko martxoaren 22koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bitartez erabakitzen baita Euskadin energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozedura hastea.
Klima-aldaketaren ondorio kaltegarriei buruzko kontzientzia gero eta handiagoa da, eta, horren ondorioz, energia- eta ingurumen-esparruko dokumentu estrategikoen eta plangintza-dokumentuen segida onartu da. Dokumentu horien helburu ia komuna da jatorri berriztagarriko iturriek protagonismo handiagoa hartzea energia-iturri gisa.
Oro har, energia berriztagarriek ingurumenean izango duten eragina oso ona izango dela esan daiteke, energia-ekoizpenaren deskarbonizazioa dela-eta; horrela, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuko dira. Gainera, baliabide berriztagarriak eskuratzeak ez ditu baliabide ez-berriztagarrien hornikuntzaren berezko inpaktuak sortzen; izan ere, zuzenean lortzen da, erauzketa inbaditzailerik, hornikuntzarik edo baliabideen garraiorik gabe, adibidez petrolioaren deribatuekin gertatzen den moduan. Era berean, egoera horrek laguntza emango du EAEko energia-sektorearen independentzia handiagoa lortu dadin, lurraldearen erresilientzia handitu dadin klima-aldaketaren aurrean, eta ekonomia zirkularra bultzatu dadin.
Energia berriztagarrien garapena ere onuragarria izango da eragile gehienentzat; izan ere, negozio-aukerak eta enplegu berdea sortuko dira, landa-eremuetan biztanleria finkatuko da eta administrazioek arlo horretan dituzten garapen jasangarriko helburuak beteko dira.
Hala ere, energia mota horren abantaila energetiko, sozial, ekonomiko, teknologiko eta ingurumenekoak eztabaidaezinak diren arren, mota honetako instalazioen bitartez lurzorua okupatzeak nahiko eragin handia izan dezake Euskal Autonomia Erkidegoan, zalantzarik gabe. EAEko lurraldearen gaineko eragina, energia berriztagarrien garapenak eragindakoa, desberdina izango da erabilitako teknologiaren arabera.
Ondorioz, teknologia horiek klima-aldaketarekin, paisaiarekin, kultura-ondarearekin, ingurune sozioekonomikoarekin, segurtasunarekin eta osasunarekin eta ingurumen-balioekin bateragarriak direla bermatzeko, beharrezkoa da eremu horiekin zerikusia duten plangintza-, kudeaketa- eta legegintza-tresna guztiak sakon aztertzea, ondorioztatu ahal izateko energia berriztagarrien ezarpenak, haiekin bateragarria izateaz gain, haien gidalerro, helburu eta jarduketa-ildo asko indartuko dituela.
Beraz, instalazio horien kokalekuak aurreikustea eta hautatzea funtsezko erabakia da, eta egin nahi den lurralde-planak horri erantzun nahi dio, jatorri berriztagarriko energia-aprobetxamendurako kokaleku egokienak identifikatu, hautatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan integratuz, hori guztia ingurumen-faktorea kontuan hartuta, garrantzitsuenetarikoa den aldetik.
Araudiaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legeak beharrizan horren berri ematen du, eta Eusko Jaurlaritzari agintzen dio Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko.
Ildo horretan, 2019ko otsailean, Eusko Legebiltzarrak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Plan horretan, energia eolikoarekin batera, beste energia berriztagarri batzuen ezarpena ere planifikatuko da lehentasunezko helburu gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa areagotzeko asmoz.
Era berean, uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onartzen dituenak, aipatutako Plana egin beharra ezartzen du.
Agindu horietatik abiatuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egingo du, energia berriztagarrien mapa definituko duen plangintza-tresna bat eduki ahal izateko. Horretarako, eskuragarri dauden teknologiek ahalbidetzen dituzten modalitate guztiak hartuko dira kontuan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen Lehenengo Xedapen Gehigarrian ezarritakoaren babesean, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala lege horretan lurralde-plan partzialetarako ezarritakoaren arabera izapidetu beharko da.
Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuak lurralde-plangintza onartzeko prozeduren printzipio orokorrak ezartzen ditu, eta printzipio horiek ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedurarekin integratzen ditu; besteak beste, herritarren parte-hartzeari eta informazio publikoari buruzko c) apartatuan.
Dekretu horren 3.1 artikuluak ezartzen duenez, formulazioari hasiera emateari buruzko ebazpenarekin batera, herritarren parte-hartzeari buruzko programa egin beharko da, eta, programa horretan, behar adina helburu, estrategia eta mekanismo ezarriko dira, herritarrek eta elkarteek parte hartzeko eskubidea izan dezaten. Hori dela-eta, partaidetza-prozesu bat diseinatu da hitzartze publikorako mekanismo gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko energia berriztagarrien lurralde-eredu berriaren oinarriak modu sozialean eta partaidetzaren arabera definitu ahal izateko. Prozesu hori Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko eta izapidetzeko prozedura osoan garatuko da.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozedurari hasiera ematea erabakitzea.
Bigarrena.– Herritarren parte-hartzeari buruzko programa aurkeztea, martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoa betetzeko (dekretu horren bidez, lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dira).
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 22a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
María Aranzazu Tapia Otaegui.
ERANSKINA
SARRERA
Eranskin honek herritarren parte-hartzeari buruzko programa laburbiltzen du, hain zuzen ere Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko garatu beharrekoa.
XEDEA ETA HELBURUAK
Erakundeen, gizarte-eragile interesdunen eta, oro har, herritarren ekarpenak hasieratik jasotzea funtsezko oinarria da Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartua izan dadin. Ekarpen horiek ahalik eta modurik gardenenean jaso behar dira, eta euskal herritarrekin ahalik eta modurik adostuenean.
Lurralde Plan Sektoriala idazteko partaidetza-prozesua hitzartze publikoko mekanismo bat da, Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa EAEko energia berriztagarrien esparruko eredu berriaren oinarriak modu sozialean eta partaidetzaren arabera definitzeko.
Beraz, Herritarren Parte-hartzeari buruzko Programak definitzen du zein den Eusko Jaurlaritzaren parte-hartze publikoaren estrategia Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala prestatzeko prozesuan, eta idazketa-prozesuaren faseetako bakoitzean garatzen du parte-hartze hori.
Parte-hartze publikoaren proposamenak bi punturen arteko oreka onargarria bilatu behar du: alde batetik, parte-hartzea ahalik eta zabalena eta malguena izatea herritar guztientzat; eta, bestetik, egituraketa operatibo eta praktikoa zehaztasunez finkatuta egotea. Modu horretan, idazketa-taldeak eta Lurralde Plan Sektoriala egiteko eta onartzeko eskumena duten organoek parte-hartzearen berri izango dute, sintetizatu ahal izango dute, eta aintzat hartuko dute. Horrela, argi eta zehatz jakin ahal izango da zein den Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren iritzia, onartu nahi den lurralde-antolamendurako tresnari buruz. Beste alde batetik, pandemiak sortu duen salbuespenezko egoerarekin ere bat etorri beharko du.
Esparru horretan, hauek dira aurkeztutako partaidetza-prozesuak lortu nahi dituen helburu espezifikoak:
– Planaren berri ematea EAEko biztanleei.
– Partaidetza-prozesuan egin beharreko ekintzak eta jarduerak diseinatzea.
– Helarazi beharreko mezuak eta prozesu honen faseetan erabili beharreko komunikazio-euskarriak proposatzea.
– Planaren diagnostiko-faseko ekarpenak jasotzea.
– Bildutako informazioa bahetzea, antolatzea eta egituratzea, eta informazio hori Plana idazteko prozesuaren egiturara eta terminologiara egokitzea.
– Plana idatzi duen taldeari ekarpenak egitea, planean sar ditzan.
EGITURA ETA IRISMENA
Partaidetza-prozesua abiarazteko oinarria funtsezko bi dokumentu dira: Partaidetza Plana eta Oinarrizko Dokumentua.
Partaidetza Planaren funtsezko edukia eranskin honetan jasotzen da. Hain zuzen ere, Partaidetza Plana partaidetza-prozesuaren ibilbide-orria ezartzen duen dokumentua da, eta erakunde interesdunen eta, oro har, herritarren lankidetza definitzen eta artikulatzen du, energia berriztagarrien etorkizuneko lurralde-ereduaren definizioan bertan. Parte-hartzeari buruzko proposamen honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean aurreikusitako parte-hartze publikorako bidea zabaldu nahi da, herritarren aurretiko parte-hartze maila zabalagoa sortuz eta antolatuz; hartara, Lurralde Plan Sektoriala onartzeko prozesuaren plangintza-dokumentuak prestatzeko faseetan ere jardun ahal izango da.
Oinarrizko Dokumentua dokumentu tekniko bat da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindakoa. Dokumentu horretan, partaidetza-tresnen bidez landu beharreko gaiak zerrendatzen dira, eta eduki teknikoen laburpen bat izango da, aipatutako prozesua abian jartzeko abiapuntu gisa erabiliko dena.
Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialeko Herritarren Parte-hartzeari buruzko Programa etengabeko prozesu gisa hartu behar da: informazio- eta prestakuntza-prozesu gisa, azterketa- eta partaidetza-prozesu gisa (eduki irekiei buruzko kontsulten eta eztabaiden bitartez), eta, azkenik, horiei buruzko ondorioen eta iritzi sintetikoen prozesu gisa.
Aniztasuna funtsezko printzipioa da edozein partaidetza-prozesutan. Horregatik, aintzat hartuko dira herritarren eta eragile soziopolitiko, kultural, akademiko eta ekonomikoen aniztasuna eta pluraltasuna, lurraldean dauden diskurtso guztiak irudikatu nahian. Hori guztia egituratzeko, kontuan hartuko da interesdun-mota desberdinak daudela eta profil bakoitzak premia eta kezka desberdinak dituela; beraz, aurreikusten diren jarduketek errealitate eta testuinguru guztiak hartu beharko dituzte kontuan. Helburua hau da: aztertu beharreko gaiekiko interesa edo harremana izan dezaketen eragile-mota guztiak (banakakoak eta kolektiboak) ordezkatuta egotea saio bakoitzean. Gainera, eragile horiek hautatzeko, eta partaidetzan oreka bermatzeko asmoz, aniztasun-irizpideak hartuko dira kontuan, hala nola lurraldetasuna, adina eta generoa.
Bestalde, komunikazioa oinarrizko tresna da partaidetza-prozesuan zehar eta ondoren, bai informazio-tresna gisa bai partaidetza-jarduerak dinamizatzeko tresna gisa. Komunikazioaren eremuan, funtsezkoak dira hizkuntza teknikoa hartzaileari egokitzea eta mezuaren komunikazio edo transmisio publikoa egitea, arreta berezia jarriz euskararen sustapenean eta genero-ikuspegian, modu horretan prozesua berdintasunez garatuko dela sustatzeko. Horrela, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunezko parte-hartzea bermatuko duen prozesu bat diseinatu ahal izango da, kontuan hartuta gizonen eta emakumeen egoera, baldintza eta premia desberdinak.
Azkenik, prozesuak partaidetzarako zenbait mekanismo eta bide ezarri beharko ditu, lurraldeko herritarren eta eragileen gaitasunak eta premiak kontuan hartuta. Horrela, parte hartzeko eskubidea eta horren irismen-mailak bermatuko dira.
Helburu horiek lortzeko asmoz, espazio bat antolatuko da Irekian, eta, bertan, partaidetza-prozesu osoa monitorizatuko da eta horren berri emango da, prozesuaren gardentasunerako tresna izan dadin eta prozesuaren eta planaren eduki guztiak zentralizatu ditzan.
PARTAIDETZA-PROZESUAREN FASEAK
Partaidetza-prozesua elkarren segidako 4 fasetan egituratzen da. Prozeduraren fase bakoitzean, tresnak eta ekintzak zehaztuko dira, eta ekintza horietako batzuk gainjarri egingo dira denboran zehar.
Hauek dira partaidetza-prozesua osatzen duten faseak:
– 1. fasea: Prestaketa.
– 2. fasea: Aurretiazko kontsultak.
– 3. fasea: Parte-hartzea.
– 4. fasea: Ondorioa.
Faseetako bakoitzean, herritarren partaidetzarako mekanismo egokiak zehazten dira, tartean sartuz parte-hartze eraginkorragoa bermatuko duten tresnarik aktiboenak eta dinamikoenak. Faseen hurrenkera eta edukia funtsezkoak dira, prozesuak behar bezala funtziona dezan.
1. fasea: Prestaketa.
Hasierako etapa da. Bertan, prozesuaren alderdi guztien oinarriak planifikatu eta zehaztu behar dira: parte-hartzearen egitura, ekintzak, zabalkundea edo komunikazioa, eragileen koordinazioa eta informazio-bilketa.
Fase hau, batez ere, barne-mailan garatuko da, eta prestaketa-jarduerak egingo dira bertan, honako hauek zehazteko asmoz:
– Parte hartzeko ekintzak behin betiko zehaztea.
– Parte hartuko duten eragile-taldeen egitura eta eginkizunak.
– Prozesuaren eta edukien zabalkundea edo komunikazioa.
Prestaketa-fase honetan sortuko den dokumentazioa honako hau izango da:
– Partaidetza Plana. Eranskin honetan laburbiltzen dena da, eta honako hauek ezartzen ditu: egitura metodologiko orokorra; ekintzen deskribapen zehatza, barne hartuta denborak eta egutegia, eta ekintza bakoitzean parte hartuko duten eragileak; eta prozesu osoko kudeaketa-, bilketa- eta gainbegiratze-sistemak.
– Eragileen mapa. Energiaren arloarekin lotutako EAEko eragile sektorialak funtsezkoak dira Energia Berriztagarrien LPSa egiteko partaidetza-prozesuan. Eragile horiek definitzeko, Eragileen Mapa bat prestatuko da, eta hor bilduko dira EAEko energiaren esparruan esanguratsuak diren eragile guztiak, eta parte-hartzeari buruzko dinamika espezifikoak egingo dira eurekin, beren ikuspegia eta proposamenak helarazteko aukera izan dezaten.
Eragile adierazgarrien tipologia jakin bat adieraz daiteke, behin-behinean; izan ere, prozesuan zehar eragile gehiago identifikatu ahal izango dira, eta eragile horiek osatu egin dezakete tipologia hori.
• EAEko klusterrak (bereziki, energia-baliabideak modu intentsiboagoan erabiltzen dituztenak).
• Enpresa-elkarteak eta sindikatu-elkarteak.
• EAEko energia-sektoreko enpresak.
• Energia modu intentsiboan erabiltzen duten eragileak.
• Unibertsitatearen eta prestakuntzaren esparrua.
• Ingurumen arloko aldarrikapenetan eta kezka sozialetan inplikatutako kolektiboak eta plataformak.
• Ikerketa eta berrikuntza zientifikoarekin lotutako eragileak, zentro teknologikoak.
• Landa-eremuekin eta nekazaritza- eta baso-eremuekin espezifikoki lotutako eragileak.
– Testuingurua zehazteko hasierako dokumentua edo parte hartzeko gida. Dokumentu hori testuingurua osatzeko erabiliko da, eta identifikatutako sektoreekin lan-bilerak egin baino lehen ere erabiliko da.
Hizkuntza irisgarria izango du, formatu elebidunean, eta estilo bisuala erabiliko du batez ere, errazago interpretatu ahal izateko EAEko eta erreferentziazko beste lurralde batzuetako energia berriztagarriekin lotutako elementuen egoerari, bilakaerari eta prospekzioari buruzko datu teknikoak.
Dokumentu hori publikoa izango da; beraz, proiektuaren webgunean argitaratuko da eta parte hartzen duten eragile guztiei bidaliko zaie, dinamiketan parte hartu baino lehen.
Dokumentu bizia izango da, prozesu osoan zehar aldatuz joango dena.
– Komunikazioa. Identifikatu egingo dira garatu beharreko zereginak, komunikatu beharreko prozesuaren mugarri nagusiak, kanalak, protokoloak, mezuak eta planteatutako estrategiak. Modu horretan, ahalik eta zabalkunde handiena bermatuko da biztanleria orokorraren eta kolektibo espezifikoen artean.
– Dibulgaziorako materialak. Fase honetan, sentsibilizaziorako/prestakuntzarako behar den dokumentazioa prestatuko da.
– Jardueren Memoria. Une horretara arte egindakoa jasotzen duen dokumentua, fase bakoitzaren amaieran eguneratuko dena.
2. fasea: Aurretiazko kontsultak.
Funtsezko fase honetan, Energia Berriztagarrien LPSaren hasierako planteamendua baliozkotzen da eragile parte-hartzaileekin, garapen egiaztatuagoa eta partekatuagoa bermatzeko. Fase honetan, gerora prozesuan parte hartuko duten eragileen inplikazioa ahalbidetzen da.
Bloke honen barruan, jarduera hauek egingo dira:
– Bilera eta dinamika sektorialak.
– Bilera eta dinamika instituzionalak.
– Eragileen parte-hartzeari buruzko ondorioen dokumentua prestatzea.
Aurrez aurreko bilerak egiterakoan, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz, behar diren prebentzio- eta segurtasun-neurri guztiak hartuko dira kontuan, eta, ahal den neurrian, bilera horiek saihestu egingo dira eta, batez ere, bide telematikoa aukeratuko da.
Fase honetan, dokumentazio hau sortuko da:
– Bildutako informazioa erregistratzea. Eragileen parte-hartzeari buruzko ondorioen dokumentua. Agiri horretan jasoko dira eragileen ikuspegia eta iritziak, eta partaidetza-prozesuaren dinamiketan jasotako proposamenak. Dokumentu hori eguneratu egingo da 2. eta 3. faseetan.
Eranskin gisa, eragileen parte-hartzetik jasotako proposamen guztien zerrenda izango du.
– Jardueren Memoria. Fase honetan egindako jarduerekin eguneratua.
3. fasea: Parte-hartzea.
Aurreko faseetan deskribatutako lanen helburua da fase hau behar bezala garatuko dela bermatzea, hauxe baita partaidetza-prozesuaren muina.
Jakin ahal izateko zeintzuk diren elkartuta ez dauden herritarrek energia berriztagarrien arloan dituzten kezkak eta ardurak, aurrera jarraituko da herritarren partaidetza-prozesuarekin (dagoeneko hasita dagoena). Horrek lagunduko du prozesua sozializatzen eta LPSa herritarren ikuspegitik idazteko kontuan hartu beharreko trakzio-elementuak antzematen.
Horretarako, aurreko fasean bezala, partaidetza hainbat bidetan egituratuko da, online motako parte-hartzearen eta aurrez aurreko parte-hartzearen artean banatuta. Kontuan hartuta COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondoriozko egoerak baldintzatu egin dezakeela aurrez aurreko parte-hartzea, ahalegina egin beharko da, batez ere, online formatuko tresnak eta jokamoldeak bideratzeko.
LPSaren behin-behineko dokumentua hobeto egiteko proposamenak hitzartzeko prozesuak honelakoa izan behar du:
– Irekita egongo da partaidetza-maila guztietan (informazioa, kontsulta, ebaluazioa eta hitzartzea) inplikatu nahi duten EAEko eragile eta pertsona guztiei.
– Gardena izango da eragileen pertzepzioak eta balorazioak biltzeko eta kudeatzeko sisteman.
– Adostua izango da egitura metodologikoan (gaiak, mugak eta balizko hobekuntzak) eta egitura hori ekintzetan finkatzean.
– Inklusiboa izango da euskal gizartearen aniztasunari, sentsibilitateei eta kodeei dagokienez.
– Eraginkorra izango da, berrikuspen-prozesuan sar daitezkeen proposamenak egiteko gaitasunari dagokionez.
– Berritzailea izango da, EAE energia berriztagarrien esparruko kultura berri batean kokatzeko gaitasunean; betiere, arlo, sektore eta eragileen arteko lankidetzan oinarrituta.
Horretarako, fase honetan hainbat ekintza planteatzen dira, eskala guztietako eragile eta herritarrei zuzenduta. Bloke honen barruan, 2 jarduera nagusi daude:
– Komunikazio- eta partaidetza-kanalak sortzea, identifikatutako eragileek parte har dezaten. Jarduera pedagogikoak sortuko dira, eskala bakoitzak euskal lurralde osoan izango duen zereginari buruzko hausnarketa sustatzeko.
– Parte hartzeko eta pertzepzioak jasotzeko ekintzak. Partaidetza- eta informazio-prozesua koordinatuko da, eskala guztietan: toki mailan, eremu funtzionalean, lurralde historikoaren mailan eta EAEn.
Parte hartzeko moduak honako hauek izan daitezke:
• Online motako parte-hartzea.
• Aurrez aurreko parte-hartzea.
• Gaikako foroak.
• Jarraipen-lanak, partaidetza instituzional eta sozialeko espazioen bitartez. Lanoi amaiera emateko, herritarren parte-hartzeari buruzko ondorioen dokumentu bat prestatuko da.
COVID-19ak sortutako egoera dela-eta, proposatutako aurrez aurreko dinamikak telematikoki egingo dira.
3. fase honetan, dokumentazio hau sortuko da:
– Dibulgaziorako materiala.
– Parte-hartzearen eta jasotako informazioaren ekarpenen erregistroa.
– Jardueren Memoria. Fase honetako jarduerekin eta egindako lanei buruzko txostenarekin eguneratutakoa.
4. fasea: Ondorioa.
Prozesua ixteko faseak helburu hauek izango ditu:
– Aurreko faseetako emaitzak antolatu eta egituratuko dituen Amaierako Dokumentua prestatzea, Energia Berriztagarrien LPSaren aurrerapen-dokumentua egiteko prozesuan txertatzeko eta/edo baloratzeko.
– Parte-hartzaile guztiei zuzendutako itzulera irekia, prozesuari, ondorioei eta lortutako emaitzei dagokienez.
Fase hau, azken batean, itxiera partziala da, prozesuari falta zaion partea prestatzeko.
4. faseko dokumentazioa.
– Parte-hartzearen inguruko ekarpenen azken dokumentua. Dokumentu honek prozesu osoaren ondorioak bilduko ditu, eta, hain zuzen ere, hauxe izango da talde teknikoak erabiliko duen dokumentu nagusia, Energia Berriztagarrien LPSaren aurrerapen-dokumentua prestatzeko orduan.
– Dibulgaziorako materiala. Dibulgazio-txostena osatu egingo da, fase honetan garatutako materialarekin.
– Jardueren Memoria. Fase honetan egindako jarduerekin eguneratua.
– Partaidetza-prozesuaren eta egindako komunikazio-lanen ebaluazio-txostena.
Itxierako etapan, egindako lan guztia bueltatuko da, eta ondorioak idatziko dira, gero aurrerapen-dokumentuari erantsiko zaizkionak. Horretarako, Energia Berriztagarrien LPSaren Aurrerapen Dokumentua eta Hasierako Dokumentu Estrategikoa idazteko ardura duen talde teknikoak prozesuaren memoria publikoa sortuko du, honako hauek bilduko dituena:
– Egindako prozesuaren azalpena.
– Prozesuaren adierazle kuantitatibo nagusiak.
– Jasotako iritzi eta ekarpenen deskribapena.
– Energia Berriztagarrien LPSaren Aurrerapen Dokumentuan eta Hasierako Dokumentu Estrategikoan jasotako ekarpenen deskribapena, baita jaso gabe geratu direnena ere; kasu horretan, jaso gabe utzi izana justifikatzen duten arrazoiak emango dira.
– Prozesuaren balorazio globala, emandako balioari dagokionez.
Dokumentu horrek behar besteko zabalkundea izango du, prozesuaren berariazko kanalen eta Sailaren kanal orokorren bidez.
ONDORENGO IZAPIDETZE-FASEETAKO PARTE-HARTZEA
Aurreko faseetan deskribatutako partaidetza-prozesua modu honetan garatuko da: aurre-aurrerapenarekin hasitako fasean garatuko da (Oinarrizko Dokumentua), eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak LPSa hasieran onartzen duenean amaituko da.
Hasierako onarpenetik aurrera, herritarren partaidetza-prozesua aktibo mantenduko da zenbait mekanismoren bidez; hain zuzen ere, emaitzen berri eman, horien zabalkundea egin eta publikoki bueltatzeko mekanismoen bidez.
RSS