Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2021eko martxoaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1780

AGINDUA, 2021eko martxoaren 10ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez 2021eko dirulaguntza-deialdia egiten baita Estatuko eta/edo nazioarteko lehiaketetan parte hartu duten kirol-klubetan eta kirol-instalazio edo gimnasioetan COVID-19ak 2020ko ekitaldian eragin dituen ondorioak arintzeko.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bidez, COVID-19aren pandemiak Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-instalazio, gimnasio eta kirol-klubetan eragin dituen ondorio kaltegarriak arintzeko dirulaguntza-lerro bat ezartzen du.

COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan bildutako neurrietako bat izan zen etetea kirol-jarduerak egiteko establezimenduak jendearentzat zabaltzeko aukera. Neurri horiek Euskadiko zein Estatuko araudian txertatu dira, eta kirol-esparruan parte-hartzaileen eta ikusleen pilaketa ahalik eta gehien saihesteko aplikatu izan dira azken hilabeteetan, maila bateko edo besteko murrizketekin.

Lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuak –zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2ak eragindako infekzioen hedapenari eusteko– neurri hauek ezarri zituen, besteak beste: federatuen lehiaketak eten, kirol-instalazioetako gehieneko edukiera murriztu, eta kirol-lehiaketa, -ekitaldi eta -ikuskizunetara joan zitekeen pertsona kopurua gutxitu. Neurri horien guztien ondorioz, kirol-esparruko erakundeen diru-sarreren murrizketa oso handia (edo erabatekoa) izan zen.

Ezohiko deialdi hau egiten da Eusko Jaurlaritzarentzat oso garrantzitsua delako herritarren jarduera fisikoa eta kirol-asoziazionismoa sustatzea eta kirolaren antolamendu-egitura pribatuak babestea. Kirol-sektorea da pandemiaren ondorioak luzaroen jasango dituenetako bat, bere jarduera aldi baterako etenda geratu baita, erabat edo partzialki. Deialdi honen bidez, ahal den neurrian arindu nahi dira jarduera profesionalen erabateko eteteak edo etete partzialak deialdian sartutako kirol-eremuko erakundeetan izan dituen ondorioak.

Laguntza-programa hau premiazkoa denez, prozedurak bizkorra izan behar du; ezinbestekoa da hori, gaur egungo egoeran. Izan ere, eskabide asko jasotzea aurreikusten da, eta ahalik eta azkarren izapidetu behar dira denak. Gainera, komenigarritzat jo da laguntzak kudeatzea, halako eran non gastu publikoa kudeatuko baita efikazia- eta efizientzia-printzipioak aplikatzea ahalbidetuko duten kontrolak errespetatuz.

Laguntzari esker lortu nahi den oinarrizko helburua zera da: kirol-jarduerari eusten laguntzea, eta, horrela, Euskadin egoitza duten establezimenduen erakunde titularren egoera arintzea –hain zuzen ere, osasun-krisiari erantzuteko hartu diren neurrien ondorioz bizi duten egoera–.

Azaldutakoa aztertu ondoren, egokitzat jo da laguntza-lerro baten deialdia egitea, prozedura bizkor baten bidez eta gastu publikoaren kudeaketaren arloan efikazia- eta efizientzia-printzipioak aplikatzea ahalbidetuko duten kontrolak errespetatuz, adierazitako helburua ahal bezain laster lortu ahal izateko.

Horretarako, eta sustapen-neurri hori Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotakoen artean dagoenez –2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartua eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratua–, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa dagoenez,

Honako hau:

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Agindu honen xedea da pandemiak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko agintari publikoek hartutako neurrien ondorioz pertsona juridiko pribatuek (oinarrietan ezarritako betekizunak betetzen dituztenek) 2020an izan duten galera ekonomikoa arintzera bideratutako dirulaguntzak emateko oinarriak onartzea.

2.– Honen bidez, deialdia egiten zaie adierazitako laguntzak lortzeko interesa duten erakundeei.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– 2021eko ekitaldirako, agindu honetan araututako laguntzak finantzatzera bideratutako aurrekontu-zuzkidura milioi bat berrehun mila (1.200.000) eurokoa da guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2021eko aurrekontuen kontura.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da aurrekontu-baliabideen arabera, indarrean dagoen legerian aurreikusitako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketaren araubideari jarraikiz, prozedura ebatzi aurretik. Hori gertatzen bada, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agindu bat emango du, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

3.– Laguntzak esleitzeko, lehiarik gabeko aldibereko konkurrentzia-prozedura bati jarraituko zaio, eta, prozedura horretan, deialdiaren xede diren laguntzak eskuratu ahal izango dituzte eskatutako betekizun objektibo eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen duten eskabide guztiek, garaiz eta forman eginak badira. Horretarako, 4.2 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoak kontuan hartuta kalkulatuko da eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa.

4.– Artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan aipatzen den deialdiaren zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, dirulaguntzak dagozkien zenbatekoekin emango dira; bestela, kalkulu horren araberako zenbatekoei aurre egiteko behar besteko baliabide ekonomikorik ez badago, zenbatekoen murrizketa lineala aplikatuko da, zuzkidura estaldura osorako nahikoa den arte.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak eta laguntzak lortzeko betekizunak.

1.– Artikulu honetan ezarritako betekizun orokorrak eta espezifikoak betetzen dituzten pertsona juridiko pribatuek lortu ahal izango dituzte deialdi honetan bildutako laguntzak:

A) Deialdi honen ondorioetarako, honako betekizun hauek betetzen dituztenak hartuko dira kirol-instalazioak edo gimnasioak kudeatzen dituzten erakundetzat:

– Kirol-instalazioak edo kirol-ekipamenduak kudeatzen dituzten eta Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren honako epigrafe hauetakoren bateko jarduerak egiten dituzten enpresak edo erakundeak:

8551 (kirol- eta aisialdi-hezkuntza)

9311 (kirol-instalazioen kudeaketa)

9313 (gimnasioetako jarduerak)

9319 (beste kirol-jarduera batzuk)

– Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratuta dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-instalazioak edo kirol-ekipamenduak kudeatzen dituzten kirol-klubak.

– Dagokion establezimendu edo zentroan langileren bat aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean eduki izana 2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra bitarteko aldian. Zentro edo establezimendu bat baino gehiagorako eskatzen badute laguntza, denek bete beharko dute betekizuna.

– Enpresa-jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratuta egotea eta lantokia bertan egotea.

– Ekonomia jardueren gaineko zergan 2020ko martxoaren 14a baino lehen alta emanda egotea.

– Eskaeraren egunean aktibo jarraitzea.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira honako hauek:

– % 50etik gorako kapital publikoaren partaidetza duten kirol-instalazioak edo gimnasioak.

– Enpresa pribatuek emakida-erregimenean edo administrazio-kontratuaren erregimenean kudeatutako kirol-instalazio publikoak, kontratu hori enpresa adjudikaziodunaren arrisku eta menturazkoa denean izan ezik. Azken kasu horretan, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 34. artikuluaren arabera oreka ekonomikoa berrezarri duten erakundeak ere kanpoan geratuko dira (errege lege-dekretu hori COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena da).

B) Deialdi honen ondorioetarako, honako betekizun hauek betetzen dituztenak hartuko dira kirol-klubtzat:

– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egotea.

– Alarma-egoeraren deklarazioa argitaratu aurretik (hots, 2020ko martxoaren 14a baino lehen) Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatuta egotea.

– Euskal kirol-federazioetako bati atxikita egotea.

– Dirulaguntza honen laguntza ekonomikoa jaso dezaketen kirol-klubtzat hartzen dira 2020. urtean Estatuko eta/edo nazioarteko txapelketa edo probetan parte hartu dutenak.

– Dagokion establezimendu edo zentroan langileren bat aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean eduki izana 2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra bitarteko aldian. Zentro edo establezimendu bat baino gehiagorako eskatzen bada laguntza, denek bete beharko dute betekizuna. Kirol-kluben kasuan, lan-kontratua duten jokalarien kasuak ez dira kontuan hartuko betekizun horri begira.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira honako hauek:

– Liga profesionaletako kirol-klubak edo sozietate anonimoak.

2.– Nolanahi ere, kanpo geratzen dira sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak, bai eta kapitalean edo gobernu-organoetan nagusiki administrazio publikoen edo haien mendeko entitateen partaidetza duten beste batzuk ere.

3.– Aurreko apartatuan aurreikusitakoa ez ezik, erakunde onuradunek honako betekizun hauek ere bete beharko dituzte:

a) Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Organo kudeatzaileak ordainketa egin aurretik eta automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla. Edonola ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, bere kontura aurkeztu beharko ditu egoera hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak.

b) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharren ordainketan egunean egotea.

Laguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta egotea. Halaber, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da jasotako dirulaguntza itzultzea, itzulketa-prozedura bat amaitu ondoren hori ebazten denean.

c) Erakunde onuradunek ez dute izango dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dien zehapen penal edo administratiborik, eta ez dute izango horretarako desgaitzen dituen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexuan oinarritutako diskriminazioagatik gertatutakoak barne.

d) Dirulaguntzen onuradun-izaera lortzeko, ezinbestekoa izango da erakunde onuradunak ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. zenbakian aurreikusitako gainerako zirkunstantzietako batean.

e) Erakunde eskatzaileek aktibo jarraitu behar dute eskaeraren datan.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Erakunde onuradunari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa eskabidean adierazitako establezimenduan edo lantokian 2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra arte altan emanda dauden langileen gehieneko kopuruaren arabera ezartzen da, honako taula honi jarraikiz:

1-3 langile: 3.000 euro.

4-9 langile: 4.000 euro.

10 langile edo gehiago: 5.000 euro.

3.– Establezimendu edo zentro bakoitzeko laguntza bakarra emango da, eta erakunde bakoitzeko bost establezimendutarako emango da gehienez.

4.– Erakunde batek hainbat establezimendutarako eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu (bost gehienez), langileen guztizko kopurua establezimenduen guztizko kopuruarekin zatituko da, eta emaitza hori erabiliko da zenbatekoa zehazteko. Kasu guztietan, langileen guztizko kopurua zenbatzeko garaian, kontuan hartuko dira aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean dauden, lan-harremana etenda duten edo jarduera amaituta duten soldatapeko langile aktibo guztiak, lanaldi osoan zein partzialean dihardutenak. Zenbaketatik kanpo geratuko dira lan-kontratua duten kirolariak.

5. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Establezimendu edo kirol-klub bakoitzeko eskaera bat aurkeztuko da; nolanahi ere, erakunde batek haietako batzuentzat (bostentzat gehienez) eskatu ahal izango ditu laguntza horiek, bakoitza bere eskaerarekin. Erakunde batek hainbat establezimendu eta/edo zentrotarako eskaerak aurkezten baditu, lehenik aurkeztutakoak baino ez dira kontuan hartuko, onar daitezkeen zentroen gehieneko kopuru hori osatu arte. Gainerakoak ezetsi egingo dira.

2.– Kirol-klub batek kirol-instalazioetarako dirulaguntza ere eska badezake, eskaerak bereiz aurkeztu beharko dira, eta bakoitzari dagozkion betekizunak beteko dira.

3.– Agindu honen babesean dirulaguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea hilabete izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

4.– Erakundeek bide elektronikotik izapidetu beharko dute dirulaguntza nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Eskatzaileek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan zein 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistro elektronikoetan aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak eta justifikazioak.

5.– Erakunde interesdunek euskadi.eus egoitza elektronikoaren bitartez eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte eskaerari lotutako izapide guztiak, honako helbide honetan:

www.euskadi.eus/servicios/1200001

Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektronikotik, honako webgune honen bitartez egingo dira:

http://www.euskadi.eus/micarpeta

6.– Erakunde eskatzaileek euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta dokumentu erantsiak. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

7.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskatutako betekizunen egiaztapena eta eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Erakunde eskatzaileek eskabidea eta horretarako taxututako eranskina bete beharko dituzte. Horien artean, honako atal hauen erantzukizunpeko adierazpena txertatuko da:

1.– Erakundea ez dagoela lotuta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan zehaztutako kausetako bati.

2.– Erakunde eskatzaileari buruzko datuen adierazpena. Datuen artean, berariaz zehaztu beharko dira laguntza-eskaeraren xede den establezimenduaren kokapena eta izena, baita eskabidean aipatzen den establezimendua alta emanda dagoen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren epigrafea ere. Kirol-kluben kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroko erregistro-zenbakia eta inskripzio-data zehaztu beharko dira.

3.– 2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra bitarteko plantilla osoari buruzko datuen, haren kategoriaren eta laguntza-eskaeraren xede den establezimendu edo lantokiko langile bakoitzaren gizarte-segurantzako zenbakiaren adierazpena.

4.– Laguntza-eskaeraren xede den lantokia edo establezimendua EAEn kokatuta dagoela, 2020ko martxoaren 14a baino lehen abian zegoela eta dirulaguntza eskatzen den datan abian jarraitzen duela.

5.– Ez duela ezarrita dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dion epai irmo bidezko zehapen penal edo administratiborik, ez eta horretarako desgaitzen duen legezko debekurik ere.

6.– Ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako ezein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan. Sartuta badago, prozeduraren edo prozeduren identifikazioa jakinarazi beharko du.

7.– Ez dagoela zigortuta dirulaguntza eta laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluari jarraikiz.

8.– 2019ko, 2020ko eta 2021eko zerga-ekitaldietan laguntzak jaso dituen ala ez, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako araubideari lotuta daudenak (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa de erregelamendu hori). Halakorik jaso badu, zenbatekoa eta erakunde emailea adierazi beharko ditu.

9.– Erakunde eskatzaileak ez duela administrazio publiko baten edo gehiagoren % 50etik gorako partaidetza (zuzenekoa edo zeharkakoa).

10.– Erakunde eskatzaileak administrazio edo entitate publiko edo pribatu bati laguntza eskatu diola eta/edo haren laguntza bat jaso duela.

11.– Deialdi honetan erakunde onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen dituela.

Arrisku eta menturazko adjudikazio-araubideko erakunde adjudikazioduna bada, kontratuaren kopia autentikoa.

Erakunde interesduna ez da behartuta egongo administrazioek egindako dokumentuak aurkeztera, baldin eta baimena ematen badu dirulaguntza-deialdi hau kudeatzen duen organoak dokumentu horiek kontsulta edo eska ditzan. Erakunde interesdunak dokumentuak kontsultatzeko edo eskuratzeko baimena eman duela ulertuko da, prozeduran berariaz kontrakoa adierazi ezean.

7. artikulua.– Eskaeren eta dokumentazioaren akatsen zuzenketa.

Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentazioak agindu honetan ezarritako betekizun guztiak betetzen ez badituzte edo haien edukia nahikoa ez bada, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko eskatuko zaio eskatzaileari, eta ohartaraziko zaio hori egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioak eskaerari buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du horrelakoetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Eskaera bide elektronikoz aurkeztu behar duen erakunderen batek presentzialki aurkezten badu, bide elektronikoz aurkezteko betebeharra duela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskaera bide elektronikoz egiten den eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugak ezertan galarazi gabe, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira edozein administraziok edo beste entitate publiko edo pribatu batek helburu berarekin ematen dituen dirulaguntzekin, laguntzekin, diru-sarrerekin edo beste baliabide batzuekin.

9. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta errekurtsoak.

1.– Deialdia kudeatzeko zereginak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari dagozkio, eta zuzendaria izango da kudeaketa-organoa.

2.– Deialdian aurkeztutako eskaerak bidezko prozeduraren bitartez izapidetuko dira, eta ebazpena Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak emango du.

3.– Hartzen den ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak eman edo, hala badagokio, ezetsi behar diren, eta, ematen badira, pertsona edo erakunde onuradunen izena edo izen soziala eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko ditu. Ezetsitako eskaeren kasuan, eskatzaileen identitatea edo izen soziala eta ezespenaren oinarri diren arrazoiak jasoko ditu.

Gainera, jakinaraziko du laguntzak Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitakoari lotuta daudela (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori).

4.– Aurreko apartatuan aipatutako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren ondorioak izango ditu. Ebazpena argitaratzen den egunean bertan, horren berri emango zaie eskaeran gailu elektroniko bat eta/edo posta elektronikoko helbide bat adierazi duten interesdunei.

6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta aurreko apartatuan ezarritako argitalpena egin ez bada, interesdunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.9 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, dirulaguntza jasotzeko eskaera ezetsitzat hartu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

7.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak pertsona eta erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta egotea. Prozedura laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntzarekin edo itzultzeko betebeharra ezartzearekin amaitzen bada eta itzulketa ordainketa egiteko borondatezko epean egiten ez bada, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera lortzeko debeku bat urratu izanagatik.

10. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Laguntza ordaindu ahal izateko, beharrezkoa izango da pertsona edo erakunde onuraduna Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroan alta emanda egotea. Erregistroan alta emanda ez badago edo erregistroan agertzen diren banku-datuak aldatu nahi baditu, dagokion inprimakia bete beharko du, ezarritako ereduaren arabera, honako webgune hauetan: https://www.euskadi.eus/altaterceros eta https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Emandako laguntza ordainketa baten bidez gauzatuko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik 11. artikuluan adierazitako epea igaro ondoren, betiere aurretik onuradunak laguntzari uko egiten ez badio.

3.– Ez da ezein ordainketarik egingo, onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituen bitartean edo itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorduna den bitartean.

4.– Laguntzak ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta egotea.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen xede diren laguntzen pertsona eta erakunde onuradunek, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntzaren emakida jakinarazteko komunikazioa jaso eta hamar eguneko epean onuradunak ez badio berariaz eta idatziz uko egiten dirulaguntzari, hura onartzen duela ulertuko da.

b) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, haien funtzioen esparruan, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dioten informazioa ematea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi diren eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozeduren berri ematea.

e) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako laguntzari dagokionez egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak onartzea.

f) Administrazio-agintaritzak SARS-CoV-2ak eragindako infekzioen hedapenari aurrea hartzeko ezartzen dituen neurri espezifikoen esparruan, laguntza jaso duen zentro edo establezimenduaren jarduerari eustea, laguntza ordaindu eta 3 hilabetez gutxienez.

12. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Laguntzaren pertsona edo erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan aurreikusitako betebeharren bat betetzen ez badu, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, onuradunari entzun eta dagokion prozedura bideratu ondoren, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du.

2.– Gainera, emandako laguntza ordaindu bada, jasotako zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesaren eskakizuna deklaratu ahal izango dira, dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte edota zordunak itzulketa egiten duen egunera arte (lehenago eginez gero), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

3.– Eta, hori guztia, bidezkoak diren gainerako ekintzak galarazi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu).

4.– Itzulitako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira bidezkoak diren lege-ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

13. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis arauari lotuta geratuko dira (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko da erregelamendu hori, eta 2013ko abenduaren 24ko EBAOn argitaratu zen, L352). Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati emandako de minimis laguntzen guztizko zenbatekoa 200.000 eurokoa izango da, gehienez, hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan. Muga hori aplikatzeko, adierazitako erregelamenduaren 2.2 artikuluan aurreikusitako «enpresa bakarraren» definizioari jarraitu beharko zaio.

Laguntzaren eskatzaileak 2019ko, 2020ko eta 2021eko zerga-ekitaldietan jasotako de minimis laguntzen gaineko aitorpena egin beharko du, de minimis laguntza berriak adierazitako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela frogatzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza.

Helburua: 2021. urtean, kirol-instalazio, gimnasio eta kirol-klubetan COVID-19ak eragin dituen ondorioak arintzera bideratutako dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua nahitaezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz egin beharreko eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina).

Hartzaileak: datu pertsonalak arlo horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie.

Eskubideak: eskubidea duzu zure datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, baita datu horien tratamendua mugatzeko edo nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaltzen denez. Informazio gehigarria: datuen babesaren arloko informazio gehiago lortu ahal izango duzu honako web-helbide honetan: www.euskadi.eus

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdi honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) bildutako oinarrizko araudian aurreikusten den dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatuko zaio, hargatik eragotzi gabe azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoa (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean; epeak, kasu batean zein bestean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira zenbatzen.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 10a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala