Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2021eko martxoaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1742

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 16koa, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoan doktoregoak kontratatuz eta doktorego industrialak eginez I+G proiektuak garatzeko laguntzen 2021eko deialdia. Bikaintek programa.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 8ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan doktoregoak kontratatuz eta doktorego industrialak eginez I+G proiektuak garatzeko Bikaintek programa arautzen da.

Agindu horren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, egokia da Euskal Autonomia Erkidegoan doktoreak kontratatuz eta doktorego industrialak eginez I+G proiektuak garatzeko laguntzen deialdia egitea – Bikaintek programa –, 2021eko ekitaldirako.

Horregatik guztiagatik, aipatutako aginduaren 12. artikuluan ezarritako ahalmenaren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da 2021eko ekitaldirako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 8ko Aginduan aurreikusitako laguntzen deialdia egitea. Agindu horrek Euskal Autonomia Erkidegoan doktoreak kontratatuz eta doktorego industrialak eginez I+G proiektuak garatzeko laguntzak arautzen ditu – Bikaintek programa.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko artikuluko helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 5.670.000 euro dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz.

2.– Doktore-titulua duten pertsonak erakunde onuradunek garatutako I+G proiektuetan aritzeko kontratatzeko lerroari dagokionez, aurrekontua 2.610.000 euro-koa da. 2021eko ekitaldiko ordainketa-kreditua 652.500 euro-koa da, eta konpromiso-kredituak: 1.305.000 euro 2022an, eta 652.500 euro 2023an.

Industria-doktoregaien lerrorako aurrekontua 3.060.000 euro-koa da. 2021eko ekitaldiko ordainketa-kreditua 750.000 euro-koa da, eta konpromiso-kredituak 780.000 euro 2022an, 780.000 euro 2023an eta 750.000 euro 2024an.

3.– Aurrekontu-ekitaldi honetan eman beharreko laguntzen bolumen osoa ebazpen honetan agertzen da, eta ez du gaindituko aipatutako kontsignazioa, edo hura eguneratzetik ondorioztatzen dena, indarrean dagoen legerian aurreikusitako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketaren erregimenaren arabera eta haiek ebatzi aurretik. Halakorik gertatuz gero, EHAAn jakinaraziko da, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen dagokion ebazpenaren bidez, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta ebazpen honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

2.– Eskabideak aurkezteko, espedienterako sarbidea izateko eta eskabidearen osteko izapideak egiteko, bide elektronikoa erabiliko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroa egoitza elektronikotik da eskuragarri, honako helbidean: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5.– Eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2021eko maiatzaren 17an amaituko.

4. artikulua.– Ebaluazio-organoaren osaera.

2021eko ekitaldian aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, bai eta laguntzak emateko proposamena egiteko ere, I+G proiektuak garatzeko laguntzak arautzen dituen Aginduaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-organoa eratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoan doktoretzak kontratatu eta doktorego industrialak egiteko Bikaintek Programaren barruan, eta Alberto Fernández González Teknologia eta Berrikuntzaren zuzendaria izango da burua. Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria, Leire Madariaga, izango da ordezkoa.

Kide hauek izango dira: Xabier Domínguez López de Lacalle (Gonzalo Martínez Martínez ordezkoa), eta Joseba Beldarrain Agirre, Ebaluazio Organoko idazkari-lanak egingo dituena (Natividad Niño Bartolomé ordezkoa).

5.artikulua.– Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak eta ordainsarien eta egonaldien zenbatekoak.

1.– Doktore tituluarekin kontratatutako pertsona bakoitzeko diru-laguntzaren urteko gehieneko zenbatekoa ez da 30.000 euro-tik gorakoa izango; industria-doktoregoen lerroan, zenbateko hori 26.000 euro-ra mugatzen da.

2.– Doktore titulua duten pertsonak kontratatzeko urteko gutxieneko ordainsari gordina 32.000 eurokoa izango da, eta industria-doktoregaiak prestatzeko, berriz, 20.000 eurokoa.

3.– Industriako doktoregaiek gehienez 6.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute prestakuntza-aldi osoan zehar egin beharreko egonaldi gisa, eta diruz lagun daitezkeen mantenu-gastuak ez dira 36 eurotik gorakoak izango egonaldiko egun bakoitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 16a.

Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,

Estíbaliz Hernáez Laviña.


Azterketa dokumentala