
59. zk., 2021eko martxoaren 24a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (274 KB - 3 orri.)
- EPUB (222 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
1739
EBAZPENA, 2021eko otsailaren 10ekoa, Trafikoko zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari egindako kudeaketa-gomendio honen akordioa: Gidariak Prestatzeko Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastaroari buruzko 5.2 oinarrian adierazitako prestakuntza presentzialaren faseko irakaste-jarduna gauzatzea (2019ko urtarrilaren 23ko Ebazpeneko deialdia; urtarrilaren 31ko EHAA, 23. zk.).
Trafiko Zuzendaritzari dagokio, egitekoen artean, Gidariak Prestatzeko Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu nahi dutenentzako ikastarorako deialdia egitea, urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuak xedatutakoaren babespean, Segurtasun Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuak 17.4.a) artikuluan Trafiko Zuzendaritzari emandako eskumenekin bat etorriz, eta urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Motor Ibilgailuen Gidarien Eskola Partikularrei buruzko Erregelamenduak ematen dituen eskumenen arabera.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluaren arabera, Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzukoak administrazio bereko edo beste bateko organoei edo erakundeei gomendioan eman dakizkieke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago. Gomendioak ez dakar, ordea, ez eskumenaren titulartasuna lagatzea ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea.
Trafiko Zuzendaritzak ez dauka beharrezko baliabiderik Gidariak Prestatzeko Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastaroetako prestakuntza presentzialaren faseko irakaste-jarduna gauzatzeko.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak esperientzia zabala eta egiaztatua dauka herritarren segurtasunera bideratutako zerbitzu publikoak ematen dihardutenei behar duten prestakuntza profesionala ematen.
Hori dela eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren gomendio uzten da Gidariak Prestatzeko Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko prestakuntza presentzialaren faseko irakaste-jarduna gauzatzeko kudeaketa.
Denek jakin dezaten, kudeaketa-gomendioa ebazpen honen eranskin gisa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea xedatzen dut.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 10a.
Trafikoko zuzendaria,
SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.
ERANSKINA
KUDEAKETA MATERIALA GOMENDIOAN UZTEKO AKORDIOA, SEGURTASUN SAILEKO TRAFIKO ZUZENDARITZAREN ETA POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIAREN ARTEKOA, GIDARIAK PRESTATZEKO IRAKASLEAREN GAITASUN AGIRIA LORTZEKO IKASTAROARI BURUZKO 5.2 OINARRIAN ADIERAZITAKO PRESTAKUNTZA PRESENTZIALAREN FASEKO IRAKASTE-JARDUNA GAUZATZEKO (DEIALDIA 2019KO URTARRILAREN 23KO EBAZPENAREN BIDEZ EGIN ZEN)
Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 10a.
HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Sonia Díaz de Corcuera Ruiz de Oña, Trafikoko zuzendaria.
Bestetik, Andrés Zearreta Otazua, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia.
HAU ADIERAZTEN DUTE:
Trafiko Zuzendaritzak –eraginkortasuna helburu– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari eskatzen dio bere gain har dezala Gidariak Prestatzeko Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdiaren 5.2 oinarriko irakaste-jardunaren kudeaketa materiala, hau da, bertaratuta jaso behar den prestakuntzaren faseko irakaste-jardunari dagokiona (2019ko urtarrilaren 23ko Ebazpeneko deialdia; urtarrilaren 31ko EHAA, 23. zk.), klausula hauekin bat etorriz:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Gehieneko ikasle-kopurua.
Ikastaroetara bertaratutako ikasleak talde eta txandatan banatuko dira, beharrezkoa bada; eta, horrela, talde bakoitzean ez da ezein kasutan 24 baino ikasle gehiago izango.
Bigarrena.– Bertaratzeko fasearen iraupena.
Bertaratzeko faseak 10 asteko iraupena izango du. Epe hori luzatu egingo da, baldin eta fase horretan herriko jairik, autonomia-erkidegokorik edo estatukorik egokitzen bada, jai horiek errekuperatu egin behar baitira.
Hirugarrena.– Emango diren ikasgaiak.
Ikasgai hauek irakatsiko dira bertaratzeko fasean:
– Helduen prestakuntza eta irakasteko trebetasunak.
– Oinarrizko bizi-euskarria.
– Araudia, bide-segurtasuna eta garraioa.
– Giza faktorea bide-segurtasunean.
– Bide-segurtasuna: ibilgailua eta bidea.
– Mekanika eta gidatze ekonomikoa.
– Gidatzen irakasteko praktikak.
– Errefortzuak edo errekuperazioak.
– Tutoretza presentziala.
Laugarrena.– Gomendio utzitako atazak.
Hirugarren klausulan adierazitako gaiei buruzko prestakuntza eman beharraz gainera, ataza hauek ere utzi dira gomendioan:
– Irizpide teknikoak eta pedagogikoak planifikatu, koordinatu eta bateratzea irakasle-taldearen artean; horretarako, gutxienez, hiru bilera egingo dira, fase presentzialaren hasieran, erdian eta amaieran.
– Etengabeko jarraipena egitea, eta ikasleen bertaratzea zorrotz zaintzea.
– Prozesuan zehar, parte-hartzaile bakoitzaren aprobetxamendua ebaluatzea, ikasle bakoitzari horren berri ematea, eta errefortzu- edo errekuperazio-saioetarako deitzea, baldin eta irakasle-taldearen iritziz horiek behar baditu. Aprobetxamendu-maila, oro har, ebidentzia-sistema baten bidez ebaluatuko da, eta, beharrezkoa bada, jakintzen, trebetasunen eta jarreren globalizazioa eta integrazioa egiaztatzen duten proba objektiboen bidez.
– Trafiko Zuzendaritzari eskatzen duen informazio guztia ematea, prestakuntzari eta ikasleei dagokienez, eta, batik bat, ikasleen aprobetxamendu- eta bertaratze-mailei dagokienez.
– Txanda bakoitza bukatu ondorengo astean, txosten bat idaztea eta Trafiko Zuzendaritzari jakinaraztea, alderdi hauen berri emanez:
1) Ikasleen bertaratze-hutsen zerrenda, huts horiek erabat justifikatuta eta dokumentatuta direla.
2) Aprobetxamendu-mailaren arabera, epaimahai kalifikatzaileari gai edo ez-gai gisa deklaratzeko proposatzen zaizkion ikasleen zerrenda.
Bosgarrena.– Gastuak.
Prestakuntza presentzialaren fasean parte hartzen duten ikasleek zuzenean ordainduko dizkiote prestakuntza-gastuak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari, Gidariak Prestatzeko Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdiaren bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera (2019ko urtarrilaren 23ko Ebazpeneko deialdia; urtarrilaren 31ko EHAA, 22. zk.).
Seigarrena.– Indarraldia.
Kudeaketa-gomendioa indarrean izango da baliabide hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bigarren puntuan aipatutako fase presentziala amaitu arte.
Agiri honen edukiarekin ados daudenez, eta horrela jasota gera dadin, alderdi biek kudeaketa-gomendioa formalizatzeko tresna hau sinatzen dute, eta, denek jakin dezaten, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea xedatzen dute.
Trafikoko zuzendaria,
SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia,
ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.
RSS