Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2021eko martxoaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1617

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 25ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Sopelako plangintzako arau subsidiarioen aldaketari buruz, Irun-Bat gasolindegian.

AURREKARIAK

2020ko abenduaren 7an, Sopelako Udalak eskaera bat bete zuen ingurumen-organoaren aurrean, Sopelako plangintzako arau subsidiarioen aldaketari buruzko –Irun-Bat gasolindegian– ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean sartu dira. Horrez gain, izapideak abian zirela jakinarazi zitzaion Sopelako Udalari.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Sopelako arau subsidiarioen aldaketa Irun-Bat gasolindegian (aurrerantzean, Plana); izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sopelako plangintzako arau subsidiarioen aldaketari buruzko –Irun-Bat gasolindegian– ingurumen-txosten estrategikoa egitea, baldintza hauen arabera:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Irun-Bat erregai-zerbitzugunea indarrean dauden Sopelako plangintzako arau subsidiarioek azpiegituren sistema orokor gisa kalifikatutako lurzoru batean dago, lurzoru urbanizaezinean. 10.586 m2-ko azalera du guztira, eta Loiola Ander Deuna kalearen bi ertzetan dago. BI-2122 errepidearekin bat egiten du, Sopelako herrigunetik igarotzen den tartean.

Planaren helburua da «gasolindegi-zerbitzugune» gisa kalifikatutako lurzoruan gara daitezkeen erabileren araudia ezartzea, erabilera nagusiaren, hau da, erregai-horniduraren, osagarri gisa, baita eremuaren barruan etorkizunean proposatzen diren eraikinek bete beharko dituzten hirigintza-parametroak zehaztea ere.

Horretarako, arau subsidiarioetako 5.5.3 artikulua «Sistema orokor bakoitzaren zehaztapen espezifikoak» aldatzen da, eta, hori egiteko, beste puntu bat sartzen da, «J) Gasolindegi Sistema Orokorreko Azpiegiturak», sistema horren balizko handitzeak arautzeko. Era berean, 2.6 artikulua «Ibilgailu motordunekin lotutako jarduerak» aldatzen da, «Erregai-zerbitzugunearen erabilera» atalari dagokionez.

Planak ez dio eragiten eremuaren erabilera orokorrari, eta ez dakar azalera handitzerik. Planak erregai-zerbitzugunearen funtzionamendu- eta ustiapen-aukerak handitzea ahalbidetuko du, zerbitzugunea behar berrietara egokituz. Zehazki, jarduketa hauek planteatzen dira:

Eskuinaldean, Getxo-Sopela norabidean:

– Tailerraren zerbitzurako aparkaleku berri bat sortzea, 221,56 m2-ko azalerakoa, 7 ibilgailurentzako neurriarekin.

– Haurrentzako jolas-eremu bat jartzea.

– Zerbitzuen egungo eraikina handitzea, azalera 48 m2 handituz.

– Ibilgailuak garbitzeko kabinako etxola teknikoa 12,00 m2 handitzea.

– Ibilgailuak kargatzeko hornidura elektrikoko bi ekipo instalatzea.

Ezkerraldean, Sopela-Getxo norabidean:

– Gaur egun asfaltatuta dagoen azalera 500 m2 handitzea, garbitze-eremuko zirkulazio-, aparkamendu- eta maniobra-mugimenduak hobetzeko; horrela, irteera zuzena sortuko da zerbitzu hori soilik erabiltzen duten ibilgailuentzat. Handitze horrek garbiketa-ekipoak eta -makinak lekuz aldatzea dakar, eta egungo lorategi-eremuaren zati bat okupatzea.

– 10,50 m2-ko azalera handitzea zerbitzuen egungo eraikina.

– 12,50 m2-ko azalerako biltegi berri bat eraikitzea, lorezaintzako eta garbiketako produktuak eta makineria txikia biltegiratzeko.

– Kafetegirako eraikin osagarri berri bat eraikitzea, 130,5 m2-ko azalerakoa.

– Garbiketa-boxak eta garbiketa-zubia lekuz aldatzea. Adierazitako jarduketak garatzea ahalbidetuko duen azalera lortzeko, dauden garbiketa-boxak eta garbiketa-zubia lekuz aldatu behar dira, ibilgailuen zirkulazioari eragiten ez dioten beste leku batzuetan kokatuta.

– Ibilgailuak kargatzeko elektrizitate-hornidurako hiru aparatu jartzea.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen zehazteko asmoz.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

Plana garatzeak berekin dakar erregai-horniduraz gain beste zerbitzu batzuk ere jartzea, jarduera nagusiari eragin gabe, jarduera hori ez baita aldatuko.

b) Zer neurritan eragiten duen planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ingurumenaren ikuspegitik, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak osatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak har ditzan barnean. Plana dagoeneko urbanizatuta dagoen lurzoruaren gainean garatzen da, eta, beraz, baztertuta geratzen dira lurzoru urbanizaezineko ingurune naturalen afekzioak, hala nola habitat-, landaretza-, eta fauna-afekzioa, nekazaritza arloko afekzio sektoriala, eta abar, ez baita zuzeneko interakziorik gertatzen planaren eta ingurumeneko gisa horretako alderdien artean.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsuak: planak eragindako jarduketek ez dute garapen berrietarako azalera handituko, ezta egoera naturalean dauden lurzoruak okupatuko ere. Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo garrantzitsurik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo estatuko legeria ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Irun-Bat gasolindegiari dagokion azpiegituren sistema orokorrak 10.586 m2-ko azalera du guztira. Loiola Ander Deuna kalearen bi ertzetan dago. BI-2122 errepidearekin bat egiten du, Sopelako herrigunetik igarotzen den tartean.

Planaren xede den esparrua erabat artifizializatutako eremua da, eta bertan dauden landareak apaingarriak dira. Eskuineko ertzean, Barrikarako norabidean, eta gasolindegia baino beheragoko kotan, Lemotza erreka dago. Ibaiertzeko landaredia oso degradatuta dago, eta landare-espezie inbaditzaile ugari ditu (Arundo donax eta Cortaderia selloana, adibidez), sasiak, lorategiko zuhaixkak gasolindegiaren ondoko eremuan, eta, toki batzuetan, ereinotzak.

Lemotza erreka, eremu horretan, «hobetu beharreko tarte» gisa katalogatzen da bisoi europarrarentzat, Bizkaiko Lurralde Historikoan espezie hori kudeatzeko planaren arabera. Segur aski, planaren garapenaren ondoriozko jarduketek ez dute eraginik izango ibilguan.

Uholde-arriskuei dagokienez, eremuaren hegoaldean dagoen azalera oso txiki bati 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldien orbanak eragiten dio, eta horrek, nolanahi ere, gasolindegiko lorategi-eremu batzuei soilik eragingo lieke.

Gasolindegia «Galea-Barrikako Paleorrasa» interes geologikoko lekuaren eremuaren barruan dago. Interes geologikoko leku hori Galea lurmuturretik (Getxo) Barrikara doan eremu zabala da, 7,2 km-ko eta 1 km-ko zabalerako banda batean zehar, eta Sopela, Berango, Barrika eta Getxoko udal-mugarte gehienak biltzen ditu. Aurreikusitako jarduerek ez dute eraginik izango interes geologikoko leku horretan.

Esparru horretan ez da aurkitu bestelako ingurumen-balio garrantzitsurik, ez dago naturagune babesturik, natura-intereseko beste espaziorik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik.

Sopelako arau subsidiarioen aldaketa puntualak ingurumenean izan ditzakeen ondorioak izango dira erregai-zerbitzuguneko zenbait instalazio birmoldatzeko, handitzeko, eraikitzeko eta lekuz aldatzeko obrak egiten diren bitartean sortzen direnak. Funtzionamendu-fasean ez da aurreikusten egungo funtzionamendutik eratorritakoez bestelakoak izan daitezkeen ingurumen-eragin gehigarririk.

Egindako inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, jarduerak perimetroan –handitu ondoren– sortuko dituen zarata-mailak egungoen baliokideak izango dira, eta ez dira gaindituko Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak.

Ingurumen-ondorioak baloratzeko, indarrean dagoen udalerri-plangintzan aurreikusitako egoera hartuko da erreferentzia gisa. Planak aldatu egiten du erregai-horniduraren jarduera nagusiari lotutako erabilera baimenduen zerrenda. Proposatzen diren handitzeak eta aldaketak ez dira oso garrantzitsuak (egungo denda-eraikinak handitzea, biltegi eta kafetegi berri bat eraikitzea eta barneko zirkulazio-eremuak berrantolatzea). Horiek guztiak erregai-zerbitzugunearen egungo esparruan garatzen dira, eta ez da handitzen erabilera horretara bideratutako azalera.

Hori guztia kontuan hartuta, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen prebenitzeko, babesteko eta zuzentzeko neurriak eta hurrengo atalean zehazten diren neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio garrantzitsurik izango dutenik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Sopelako arau subsidiarioen aldaketari –Irun-Bat gasolindegian– ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira Planean.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

3.1.– Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen diren bi kokalekurekin. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

3.2.– Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, etab. Behar diren neurriak hartuko dira Planeko jarduketen garapenak eraginik izan ez dezan Lemotza errekaren ibilguan.

– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

– Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki, obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak arlo honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen.

– Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; lorategi-eremuetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Eraikuntza jasangarriagoa sustatzeko, Planaren babesean garatzen diren eraikin berrien energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak hartuko dira. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak: lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.

– Energia: berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura: edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak: ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera: gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea. Kontsumo txikiko argiztapen-sistemak erabiltzea.

– Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Sopelako plangintzako arau subsidiarioen aldaketak –Irun-Bat gasolindegian– ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Sopelako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez ere lau urteko epean, Sopelako plangintzako arau subsidiarioen aldaketa –Irun-Bat gasolindegian– onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 25a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala