Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

55. zk., 2021eko martxoaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1607

IRAGARKIA, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baitira Elmubas Ibérica, SL enpresak aurkeztutako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, lagun egiteko animalientzako pentsua fabrikatzeko Azpeitiko udalerrian (Gipuzkoa) duen ingurumen-baimenaren funtsezko aldaketa bideratzeko.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko.

Ingurumen-baimen integratuaren helburua da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihesteko baldintzak ezartzea, eta, hori ezinezkoa bada, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea eta kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea behintzat, ingurumena ahalik eta gehien babesteko.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onartu zuen Industriako Isurpenen eta uztailaren 1eko Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko 16/2002 Legea garatzeko Erregelamendua. Horren 15. artikuluak, funtsezko aldaketak izapidetzeko prozedura sinplifikatua arautzen du. Artikuluaren 5. puntuan xedatzen denez, dokumentazio osoa aurkeztu ondoren, organo eskudunak jendaurrean jarriko du, gutxienez hogei egunez.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2. apartatuan jasotako jardueren kasuan eta sustatzaileak hala eskatzen duenean, ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa egingo zaie obrak, instalazioak edo beste edozein jarduera egiteko proiektu publiko eta pribatuei.

Ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioaren prozedurak aurreikusten du proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jartzeko izapide bat, organo substantiboak gutxienez hogeita hamar egun balioduneko epean egin beharrekoa; aldez aurretik Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean eta haren egoitza elektronikoan iragarkia jarrita.

Bestalde, aipatutako testu bateginaren arabera, autonomia-erkidegoek ahalbidetu behar dute ingurumen-inpaktuaren jarduketak ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran sartzea, baldin eta nahitaezkoa bada eta eskumena autonomia-erkidegoarena bada.

Elmubas Ibérica SL-ren jardueraren kasuan (lagun egiteko animalientzako pentsuen fabrikazioa), bidezkoa da aldi bakar batean eta batera jartzea jendaurrean bai proiektu teknikoa bai ingurumen-inpaktuaren azterlana ere; ingurumen-baimen integratuaren funtsezko aldaketa eta ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa izapidetzeko.

Adierazitakoa dela-eta, AAI00335_MS_2020_002 espedientea jendaurrean jarri behar da, 30 egun balioduneko epean, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egoki ikusten diren alegazio edo oharrak aurkezteko. Informazio publikoaren izapidea bete behar duen instalazioaren espedientea ikusgai jarriko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa).

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 24a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala