Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

55. zk., 2021eko martxoaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
1601

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 9koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzak emateko 2021eko deialdia egiten baita.

Ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuak (2019ko ekainaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120 zk.) arautzen ditu ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak.

Dekretu horren 7. artikuluak ezarritakoaren arabera, bidezkoa da ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzak emateko 2021eko ekitaldirako deialdia egitea.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, 2021eko otsailaren 16an egindako bileran, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10. artikuluak ematen dizkion ahalmenekin bat etorriz, erabaki zuen eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari proposatu zion deialdi-ebazpen hau onartzea, bai eta hura emateko oinarrizko irizpideak ere.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da ekainaren 18ko 90/2021 Dekretuan (2019ko ekainaren 26ko EHAA, 120. zk.) araututako laguntzen 2021eko deialdia egitea. Dekretu horren bidez, ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzak arautzen dira, gatazka-testuinguruetan eta beste indarkeria-egoera batzuetan krisi humanitarioak jasaten dituzten biztanleentzat, eremu humanitarioan erabiltzen diren nazioarteko estandarren bitartez identifikatuta.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Ekintza humanitarioko proiektuetarako diru-zuzkidura 6.000.000 eurokoa da –ondoz ondoko lehia-prozeduraren bidez emanak–.

2.– Esku-hartze bakoitzeko, gehienez ere, 200.000 euroko dirulaguntza eslei daiteke.

3.– Afrikan eginiko ekintza humanitarioko proiektuen ekimenei emango zaie lehentasuna. Helburu horrekin, Afrikan gauzatu beharreko 10 proiektu finantzatu ahal izateko behar den diru-kopurua gordeko da, betiere laguntzen araudiak eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskabide nahikoak aurkezten badira. Geratzen den gerakina emateko, eskabideak heldu diren hurrenkerari jarraituko zaio zorrozki, edozein dela ere eskabidea aurkezten den lurraldea eta testuingurua, funtsak agortu arte.

4.– Ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzetara bideratutako funtsak agortzen badira –ondoz ondoko lehia-prozeduraren bidez emanak–, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– 2021eko aurrekontu-ekitaldi osoan aurkeztu ahal izango dira ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzen eskabideak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hala ere, dirulaguntza-modalitate horretan esleitutako diru-zuzkidura agortzen bada, eskabideak aurkezteko epea amaitu egingo da, EHAAn horren berri ematen den egunean.

2.– Erakunde bakoitzari, banaka edo taldeka, gehienez 3 eskabide eman ahal izango zaizkio.

3.– Eskabidea aurkezteko, bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Laguntzak eta dirulaguntzak atalean), edo, bestela, http://www.elankidetza.euskadi.eus webgunean (Deialdiak atalean).

4.– Eskabidea egiteko, eskabide normalizatua erabiliko da –www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Laguntzak eta dirulaguntzak atalean) eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian (Deialdiak atalean) eskuratu daiteke–. Eskabide hori behar bezala betetzeko, web-orrian ezarritako formatu, jarraibide eta agirien arabera egin beharko da.

5.– Eskaera egin osteko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egitekoak, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta egoitza elektronikoaren eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orriaren bidez egingo dira.

4. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Aurreko artikuluan aipatutako hautaketa-batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:

– Batzordeburua: Alazne Camiña Izkara andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.

– Batzordekidea: M.ª Pilar Diez Arregui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

– Idazkaria: Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Aholkularitza Juridikoko arduraduna.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4 artikuluak dioenez, erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztirako zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.

Hori kontuan izanik, 2021eko aurrekontu-ekitaldian ematen diren dirulaguntza guztien % 7koa izango da erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa. Hau da, 3.320.228 euro, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honek hizpide dituen dirulaguntzek honako hauek xedatutakoa bete behar dute: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia (horren erregelamendua 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Hirugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 9a.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.


Azterketa dokumentala