Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

52. zk., 2021eko martxoaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1504

AGINDUA, 2021eko martxoaren 3koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2021eko ekitaldian Euskadi literatura-sariak arautu eta horretarako deia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte eta kultura jarduerei eta horien hedapenari buruzko egitekoak eta jardun-arloak. Aipatutako eginkizunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren barruan eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren bidez Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen zaizkio.

Euskadi literatura-sariak hainbat modalitatetan ematen dira, eta aurreko urtean argitaratutako literatura lanen kalitatea saritzen dute, horrela literaturaren alorreko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzeko.

Urtero egiten da sari hauetarako deialdia, asmo bikoitzarekin: saritutako lanak zabaltzea eta egileak berak eta egin dituzten lanak ezagutaraztea.

Liburugintzaren eta literaturaren alorrean duten oihartzun eta garrantziagatik, sari hauek euskal literatura sustatzeko eta zabaltzeko tresnarik egokienetako bat bihurtu dira.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitekoa da, besteak beste, literatura-sorkuntza ahalbidetzen duten jarduerak sustatzea. Beraz, bere zeregina betetzeko, Sailak egoki deritzo Euskadi literatura-sariak, hainbat modalitatetan, arautzeari eta horretarako deialdia egiteari.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskadi literatura-sariak, haien zazpi modalitateetan, arautzea eta horretarako deia egitea:

a) Euskarazko literatura.

b) Gaztelaniazko literatura.

c) Euskarazko haur eta gazte literatura.

d) Euskarazko literatura itzulpena.

e) Literatura lanaren ilustrazioa.

f) Euskarazko saiakera.

g) Gaztelaniazko saiakera.

2.– Sarien asmoa da bizirik dauden egileek literatura genero horietan argitaratu duten lan nabarmenena saritzea, gai horietan adituak direnen arabera.

2. artikulua.– Sarien izaera.

1.– Euskadi literatura sariak 18.000 euro gordinez hornituta daude modalitate bakoitzeko. Diru-kopuru hori saritutako lanen egileei emango zaie. Saritutako pertsonek, era berean, Euskadi literatura sarientzat berariaz José Ibarrola Bellidok eginiko «Liburu Nabigatzailea» izeneko eskulturaren ale zenbatua jasoko dute.

2.– Horrez gain, saritutako lanaren egileek (euskarazko itzulpenaren kasuan salbu) beste 4.000 euro gordin ere jasoko dituzte, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean. Ediziorako kontratua 2022ko abenduaren 31 baino lehen sinatu beharko da.

3.– Lan baten egilea bat baino gehiago denean, eta besterik ez bada edizio-hitzarmenean azaltzen, ulertuko da haien parte-hartzea lanaren sorkuntzan berdina dela, eta beraz, sariaren diru-kopurua zati berdinetan banatuko da haien artean. Kasu hauetan, egileek «Liburu Nabigatzailea» eskulturaren ale bana jasoko dute.

3. artikulua.– Kudeaketa organoa.

Deialdi honen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko zuzendaritzari dagokio.

4. artikulua.– Literatura lanen betekizunak.

1.– Euskadi literatura sariak eskuratzeko aukera izango dute argitaratze unean bizirik dauden egileek idatzi, itzuli edo ilustratutako lanek. Lan horiek lehen aldiz 2020. urtean argitaratuak izan beharko dute, ISBN (International Standard Book Number) izan behar dute, eta zabalkundea egiteko bete beharreko lege-baldintzak bete beharko dituzte. Liburu kontzeptua zer den ulertzeko, Irakurketa, Liburu eta Liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen definizioa hartuko da kontuan, 2.a) artikuluaren arabera: «Liburua: lan zientifikoa, artistikoa, literarioa edo beste edozein motatakoa, liburuki bat edo gehiago izanda argitalpen bakarra eta era inprimatuan edo irakurgarria den beste edozein euskarritan argitaratu daitekeena. Liburuaren definizioan sartzen dira, agindu honetan xedatutakoarekin bat, liburu elektronikoak eta interneten edo etorkizunean ager daitekeen beste edozein euskarritan zabaldu edo argitaratzen diren liburuak, inprimatuak, ikusizkoak, ikus-entzunezkoak edo soinua duten material osagarriak, liburuarekin batera argitaratzen badira eta liburu beraren izaera bateratuaren barruan daudenak, eta baita beste edozein argitalpen-produkzio ere». Lege-gordailuan agertzen den urtea izango da argitaratze urtea. Lanaren zati idatziaren edo grafikoaren egileak pertsona fisiko bat edo bi izango dira.

2.– Hala ere, kasuan kasuko modalitatean sari hau azken hiru deialdietako batean jaso duten edo epaimahaiek saria jasotzeko proposatuak izan diren idazle, itzultzaile edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta goiko atalean zehaztutako baldintzak bete.

3.– Modalitate bakoitzaren betekizunak.

a) Euskarazko literatura: jatorriz euskaraz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2020. urtean argitaratuak.

b) Gaztelaniazko literatura: jatorriz gaztelaniaz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2020. urtean argitaratuak.

c) Euskarazko haur eta gazte literatura: jatorriz euskaraz idatzitako haur eta gazte literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2020. urtean argitaratuak.

d) Euskarazko literatura itzulpena: beste edozein hizkuntzatatik euskarara itzulitako literatura lan berriak, lehen aldiz 2020. urtean argitaratuak. Saria eskuratzeko aukera izango dute, baita ere, beste itzultzaile profesional batek gutxienez hamar urte lehenago argitaratutako lan beraren beste itzulpen batekin editatzen diren lanek.

e) Literatura lanaren ilustrazioa: liburu tankeran argitaratutako literatura lanak (albumak, liburu ilustratuak, nobela grafikoak, komikiak), ilustrazio-zati esanguratsua dutenak. Lanaren zati ilustratuak originala izan behar du, 2020. urtean argitaratua eta aurretik liburu moduan argitaratu gabea.

f) Euskarazko saiakera: jatorriz euskaraz idatzitako saiakera-lanak, lehen aldiz 2020. urtean argitaratuak.

g) Gaztelaniazko saiakera: jatorriz gaztelaniaz idatzitako saiakera-lanak, lehen aldiz 2020. urtean argitaratuak.

4.– Gainera, gaztelaniazko literatura, literatura lanaren ilustrazioa eta gaztelaniazko saiakera modalitateetan, egile guztiek hauetako baldintza bat gutxienez bete beharko dute:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jaio izana edo bertan administrazio-egoitza izatea agindu hau argitaratzen den unean, edo argitaratu aurretik ere administrazio-egoitza eduki izana urte batez gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan.

b) Gaztelaniazko literatura eta gaztelaniazko saiakera modalitatean, idazlea, pertsona fisiko bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko idazle-elkarteren baten barruan egotea. Literatura lanaren ilustrazio sarian, ilustratzailea, pertsona fisiko bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko ilustratzaile-elkarteren baten barruan egotea.

c) Saria irabazteko lana Euskal Autonomia Erkidegoko argitaletxe batean argitaratu izana, edo Euskadiko Editoreen Elkartearekin edo Euskal Editoreen Elkartearekin loturiko argitaletxe batean.

5.– Ezin izango dute sari hauetan parte hartu dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigor administratibo edo penalik eta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek ere, barne hartuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak.

6.– Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.

7.– Bakarrik lanaren parte grafikoa Ilustrazio modalitatean aurkezten bada, eta idatzizkoa beste modalitate batean, parte hartu ahal izango du lan berak sarietako bi modalitateetan. Obra bat modalitate batean baino gehiagotan aurkezten bada (Ilustraziokoa ez den beste batean), lehenengo aurkeztutako eskabidea bakarrik hartuko da kontuan.

5. artikulua.– Lanak, dokumentazioa aurkeztea eta epea.

1.– Modalitate bakoitzeko epaimahaikide bakoitzak sarirako hautagai bat edo bi aurkeztuko du. Obra aurkezten duen epaimahaikidearen ardura izango da argitalpen-baldintzak betetzen dituztela bermatzea.

2.– Epaimahaikideek bitarteko elektronikoz baliatuta aurkeztuko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez, artikulu honen 3. apartatuan adierazten den helbidearen bidez.

3.– Eskabideak elektronikoki izapidetzeko moduari buruzko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko hauetan eskura daitezke:

– Euskarazko literatura: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128123

– Gaztelaniazko literatura: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128124

– Euskarazko haur eta gazte literatura: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128125

– Euskarazko literatura itzulpena: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128126

– Literatura lanaren ilustrazioa: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128127

– Euskarazko saiakera: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128128

– Gaztelaniazko saiakera: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128129

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Hautagaiek 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta sarietan parte hartzeko baldintzak betetzeari dagokion akreditazioa beharrezkoa bada, deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak. Interesduna espresuki aurka agertzen bada, berak aurkeztu beharko ditu beharrezko agiriak.

Epaimahaikideek aurkeztutako hautagaien egileei posta elektronikoz jakinaraziko zaie haien parte hartzea sarietan, eta une horretan, gainera, administrazioarekiko komunikazio-kanala zein izatea nahi duten galdetuko zaie.

Sarirako hautagaiak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2021eko maiatzaren 31n amaituko.

6. artikulua.– Epaimahaiak.

1.– Sarirako hautagaiak aurkeztu, lanen kalitatea neurtu eta Euskadi literatura saria, kasuan kasuko modalitatean, nori egokituko zaion erabakitzea, modalitate bakoitzeko epaimahaia osatzen duten epaimahaikideei dagokie. Bost kidek osatutako epaimahaiak modalitate bakoitzeko Euskadi literatura saria emateko proposamena egingo du. Epaimahaikideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan. Batzordean parte hartzeagatik epaimahaikideek jasotako informazioa konfidentzialtasunez gordeko dute.

2.– Epaimahaia osatzeko orduan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, bere 3.7 artikuluan dioena beteko da.

3.– Epaimahaikideak modalitate bakoitzean:

a) Euskarazko literatura:

– Pako Aristi Urtuzaga, Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) proposatutakoa.

– Maria Jose Olaziregi Alustiza, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

– Asier Serrano Lasa.

– Jon Martin Etxebeste.

– Castillo Suarez Garcia.

b) Gaztelaniazko literatura:

– Aixa De la Cruz Regúlez, aurreko urteko irabazlea.

– Beatriz Celaya Barturen, Euskadiko Idazleen Elkarteak (AEE-EIE) proposatutakoa.

– Jesus Camarero Arribas, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

– Maria José Martínez Gutiérrez.

– Miguel González San Martín.

c) Euskarazko haur eta gazte literatura:

– Lore Agirrezabal Pertusa, Galtzagorri elkarteak proposatutakoa.

– Leire Diaz de Gereñu Lasaga, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

– Ziortza Onaindia Bereziartua.

– Igor Idoeta Irazabal.

– Xabier Etxeniz Erle.

d) Euskarazko literatura itzulpena:

– Idoia Santamaria Urkaregi, aurreko urteko irabazlea.

– Idoia Gillenea Mujika, Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) proposatutakoa.

– Iker Sancho Insausti, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

– Arantza Etxebarria Iturrate, Euskaltzaindiak proposatutakoa.

– Xabier Olarra Lizaso.

e) Literatura lanaren ilustrazioa:

– Miren Asiain Lora, aurreko urteko irabazlea.

– Asier Iturralde González de Alaiza, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE) proposatutakoa.

– Jon Mantzisidor Uria, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

– Mikel Valverde Tejedor.

– Yolanda Mosquera Fernández.

f) Euskarazko saiakera:

– Patxi Juaristi Larrinaga, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

– Aitor Zuberogoitia Espilla, Mondragon Unibertsitateak proposatutakoa.

– Amaia Bacigalupe De la Hera.

– Katixa Agirre Miguélez.

– Juan Ramon Makuso Mujika.

g) Gaztelaniazko saiakera:

– Borja Barragué Calvo, aurreko urteko irabazlea.

– Ainhoa Novo Arbona, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

– M.ª Jesus Pando Canteli, Deustuko Unibertsitateak proposatutakoa.

– Xabier Aierdi Urraza.

– Javier Camara Tobalina.

4.– Idazkari-lanetan Marta Merino Ortiz de Landaluce Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa arituko da. Iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez. Aurreko urteko sariaren irabazlea epaimahaian baldin badago, bera izango da epaimahaiburua. Gainerako kasuetan, epaimahaiko presidentea epaimahaikiderik zaharrena izango da.

5.– Modalitate bakoitzean, epaimahaikideek irizpide hauek hartuko dituzte kontuan.

a) Euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura eta euskarazko haur eta gazte literatura modalitateetan:

– Lanen kalitate literarioa. Gehienez: % 40.

– Originaltasuna. Gehienez: % 30.

– Literatura-hizkeraren egokitasuna. Gehienez: % 30.

b) Euskarazko literatura itzulpenaren modalitatean:

– Erregistroaren egokitasuna. Gehienez: % 40.

– Jatorrizkoaren izpiritua bereganatzea. Gehienez: % 30.

– Balio eta hizkuntza literarioen erantzuna. Gehienez: % 30.

c) Literatura-lanaren ilustrazioaren modalitatean:

– Ilustrazioen kalitatea. Gehienez: % 40.

– Originaltasuna. Gehienez: % 30.

– Hizkuntza grafikoaren egokitasuna. Gehienez: % 30.

d) Euskarazko saiakeraren eta gaztelaniazko saiakeraren modalitateetan:

– Lanen kalitatea. Gehienez: % 40.

– Sormena eta landutako gaiaren originaltasuna. Gehienez: % 30.

– Erabilitako hizkuntzaren egokitasuna. Gehienez: % 30.

7. artikulua.– Sariari buruzko erabakia.

1.– Epaimahai bakoitzak bere modalitatean saria emateko proposamen arrazoitua egingo du. Erabakiak botoen gehiengoaren arabera emango dira eta, berdinketarik egonez gero, presidentearen botoak ebatziko du. Epaimahaiko idazkariak bertako jardun eta erabakien berri jasoko du aktan, baita epaia funtsatzen duen deliberamendu arrazoitua ere.

2.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bidezko Agindua emango du, Euskadi Saria modalitate bakoitzean zein lanek merezi izan duen izendatzeko. Agindu hori sei hilabeteko epean saridun bakoitzari jakinaraziko zaio, Agindu hau buletinean argitaratzen denetik aurrera.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, saritutako pertsona eta lanekin, eta hedabideetan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bidera ditzakeen zabalkunde-ekintzak egin ahal izango dira.

4.– Modalitate bakoitzean saria inori eman gabe uztea ere erabaki ahal izango da, epaimahaiaren iritziz lan bakar batek ere beharrezko kalitate-baldintzak betetzen ez baditu.

5.– Sari-ematea berariaz antolaturiko ekitaldi batean egingo da.

8. artikulua.– Sariaren ordainketa.

1.– Saria ematen duen Agindua hartutakoan, gehienez hiru hilabeteko epean sariaren ordainketa egingo da. Aurretik saridunek onartu egin beharko dute saria. Horretarako hamar eguneko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, saridunek ez badiote sariari berariaz eta idatziz uko egiten, saria onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Saritutako lanaren egileari (itzulpenaren modalitatean izan ezik) bere lana jatorrizko hizkuntza ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua egiteko eman beharreko diru-kopuruari dagokionez, zenbateko hori ordainduko da Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan egiaztatu ondoren kontratua sinatu dela, betiere hurrengo urteko ekitalditik aurrera. Horretarako, kontratuaren kopia bidali beharko da 2022ko abenduaren 31 baino lehen.

3.– Bestalde, saritutako lanaren egileak berak aukeratutako hizkuntzara itzulitako eta argitaratutako lan horren bi ale bidali beharko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara, editatu eta, gehienez, hilabeteko epean, beti ere 2023ko abenduaren 31 baino lehen.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: Euskadi Literatura Sariak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa – 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:

– Euskarazko literatura: www.euskadi.eus/dbao/0128123

– Gaztelaniazko literatura: www.euskadi.eus/dbao/0128124

– Euskarazko haur eta gazte literatura: www.euskadi.eus/dbao/0128125

– Euskarazko literatura itzulpena: www.euskadi.eus/dbao/0128126

– Literatura lanaren ilustrazioa: www.euskadi.eus/dbao/0128127

– Euskarazko saiakera: www.euskadi.eus/dbao/0128128

– Gaztelaniazko saiakera: www.euskadi.eus/dbao/0128129

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 3a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala