Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

52. zk., 2021eko martxoaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1500

AGINDUA, 2021eko martxoaren 3koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez kentzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti-ustiategietan hegazti-gripearen aurkako prebentzio-neurriak.

2020an, H5N8 azpimotako hegazti-influentzaren hainbat foku agertu ziren etxe-hegaztietan, basa-hegaztietan eta hegazti gatibuetan, Euskal Autonomia Erkidegoa zeharkatzen duten hegaztien migrazio-ibilbide beretan.

Horregatik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko urtarrilaren 4ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti-ustiategietan hegazti-gripearen aurka hartu beharreko hainbat prebentzio-neurri ezarri ziren (2020ko urtarrilaren 14ko EHAA, 9. zk.). Neurri horiek biosegurtasuna, erregistroak eta datu-baseak, zaintza aktiboa eta zaintza pasiboa indartzera bideratuta zeuden.

Era berean, aipatutako 2021eko urtarrilaren 4ko Aginduaren bosgarren ebatzian ezartzen zen neurriak aldatu edo kendu egin zitezkeela inguruabar epizootikoak eta gaixotasunaren bilakaera kontuan hartuta.

Gaixotasunak ez du inolako eraginik Euskal Autonomia Erkidegoan, hegaztien migrazio-denboraldia amaitu da, eta, ondorioz, gaur egun dagoen osasun-arrisku txikia denez, urtarrilaren 4ko Aginduan aurreikusitako neurriak kendu behar dira. Alde horretatik, Foru Aldundietako abeltzaintza-zerbitzuek eta Eusko Jaurlaritzak 2021eko otsailaren 24an egindako bileran, gai hori jorratu zen, eta aho batez erabaki zen debeku hori kentzea gomendatzea.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Neurriak kentzea.

Indarrik gabe uzten dira Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 3ko Aginduan ezarritako neurriak, zeinaren bidez ezarri baitziren Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti-ustiategietan hegazti-gripearen aurkako hainbat prebentzio-neurri (2020ko urtarrilaren 14ko EHAA, 9. zk.).

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Hirugarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 3a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala