Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

52. zk., 2021eko martxoaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1499

76/2021 DEKRETUA, martxoaren 2koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailetako eta organismo autonomoetako behin-behineko langileen lanpostuen zerrendak onartzen dituen dekretua.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak 14. artikuluan ezartzen duenez, lanpostuen zerrendek barnean hartu beharko dituzte aurrekontuz hornituta dauden guztiak, funtzionarioentzat, langile lan-kontratudun finkoentzat eta behin-behineko langileentzat gordetakoak bereizita. Xedapen hori betetzeko, 44/2007 Dekretua argitaratu zen (44/2007 Dekretua, martxoaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartu zituen dekretua aldatzekoa). Dekretu horrek onartu zituen, hain zuzen ere, behin-behineko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendak, eta apirilaren 19ko 92/2005 Dekretua ordezkatu zuen, zeina deuseztatu egin baitzen 2006ko urtarrilaren 12an Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak emandako epaiaren bitartez. Ordutik hona, zenbait aldiz aldatu da aipatutako dekretu hori, eta, egun, apirilaren 9ko 189/2013 Dekretuaren bidez onartutako behin-behineko langileen lanpostuen zerrenda dago indarrean, egin zaizkion aldaketak barnean hartuta.

Lanpostuen zerrendak dira administrazioko barne-egiturak antolatzeko baliabideak. Beraz, aldian-aldian, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetzen diren eta aldeko ebazpena jasotzen duten aldaketak sartu behar dira lanpostuen zerrendetan, Gobernu Kontseiluaren 2002ko uztailaren 30eko Erabakian aurreikusitakoa betetzeko (erabaki horren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzura dauden behin-behineko langileen erregimen juridikoaren arautze orokorra eta estrukturalari buruzko proposamena), eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 18. artikuluari dagokionez.

Lanpostuen zerrenda honetan hauek daude zehaztuta: lanpostuen funtsezko ezaugarriak; lanpostuok betetzeko eskatutako eskakizunak, eta postuen ordainsari-erregimenari dagozkion zehaztapenak. Horretarako, apirilaren 12ko 78/2005 Dekretuaren 5.4 artikuluak xedatutakoa bete da –dekretu horretan daude araututa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta organismo autonomoetako lanpostuen zerrendak–, urtarrilaren 16ko 6/2007 Dekretuak emandako idazkeran, zeinak, batetik, betetzen baitu 2005eko azaroaren 18ko Epaiaren epaitzan aurreikusitakoa, eta, bestetik, bateratzen baititu uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 15. artikuluko eta Gobernu Kontseiluaren 2002ko uztailaren 30eko Erabakiko aurreikuspenak.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dira, eta sailen egitekoak eta jardun-arloak finkatzen. Hori dela eta, kasu batzuetan, aldatu egin behar izaten dira sailei atxikitako behin-behineko langileen lanpostu-zerrendak, dekretu horren arabera sail bakoitzari dagozkion betebeharrei aurre egiteko.

Horrenbestez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko martxoaren 2ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Behin-behineko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak onartzea. Zerrenda horiek dekretu honen eranskinean daude, eta apirilaren 9ko 189/2013 Dekretuaren bidez onartu ziren.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

I. eranskinean zerrendatutako aldaketek izan ditzaketen ondorioek 2020ko irailaren 8tik aurrerako atzeraeragina izango dute.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

II. eranskinean adierazitako aldaketek izan ditzaketen ondorioak dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrara.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Dekretu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko martxoaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala