Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2021eko martxoaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
1419

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 3koa, Langileak Kudeatzeko zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren III. eranskina «Titulazioen eta espezialitateen taula». Agindu horren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasle-beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez onartu zen (2012-09-11ko EHAA) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan egon daitezkeen aldi baterako irakasle-beharrak estaltzeko hautagaien zerrendak kudeatzeko araudia; II. eranskinean, espezialitateen eta irakasgaien zerrenda dago, eta III. eranskinean, irakaskuntza-maila ezberdinetako espezialitateen zerrendetan sartzea ahalbidetzen duten titulazioen taulak.

Agindu horren azken xedapenetako bigarrenaren bidez, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza gaitzen da, behar izanez gero eta dagokion ebazpenaren bidez, ordezkaritza sindikalarekin negoziatu ondoren, ikasturtean zehar eta bereziki birbaremazio-prozesu bakoitza hasi aurretik, aipatutako taulan jasotako espezialitateren bat emateko gaitasuna emango duten titulazio berriak sar ditzan, edo lehendik daudenak alda ditzan. Horretarako, batzorde batek txertaketak, aldaketak eta baliokidetasunak ebaluatuko ditu eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari behar diren proposamenak egingo dizkio. Batzorde horretako kideak izango dira honako hauek: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako, Langileriaren Kudeaketako Zuzendaritzako, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzako eta Plangintza eta Antolaketako Zuzendaritzako teknikariak eta Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskatzaile bat.

Azaldutakoarekin bat etorriz, ordezkapenetarako hautagaien zerrendetan sarbidea ematen duten titulazio berriak gehi beharra ikusi da, aipatutako batzordeak titulazioen ikasketa-planak aztertu ondoren eta zerrenda horietako espezialitate jakin batzuk emateko egokiak diren aztertu ondoren.

Bigarren Hezkuntzako eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako hizkuntza-espezialitateen zerrendei dagokienez, sarbide-titulazioak berrikusi dira, kontuan hartuta beharrezkoa dela horietan hautagai berriak sartzea dauden ordezkapen-premiei aurre egiteko; horren ondorioz, sartzeko baldintzak zabaldu dira, batez ere 2. kidetasunarekin.

Beraz, horretarako eratutako batzordeak egin beharreko aldaketak ebaluatu eta sindikatuen ordezkariekin negoziatu ostean, hau

EBAZTEN DUT:

Honako aldaketa hauek egitea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren III. eranskinean («Titulazio eta espezialitateen taulak») –Agindu horren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan egon daitezkeen aldi baterako irakasle-beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia–:

– Irakaskuntzako espezialitate jakin batzuk emateko gaitzen duten titulazio berriak sartzea. Bigarren Hezkuntzako mailetako eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako hizkuntza-espezialitateen kasuan, kontuan hartuta titulazio asko gehituko direla, argiagoa izan dadin, sartzeko baldintza berriak osorik adierazi dira, egindako aldaketak barnean hartuta. Ebazpen honen eranskinean daude gehikuntza horiek.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zerrendak irekitzea.

Ebazpen honetan adierazitako aldaketak ez zaizkie aplikatuko hau indarrean sartu aurretik deituta egon diren zerrendak irekitzeko prozedurei.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zerrendak irekita mantentzea

Ebazpen honetan adierazitako aldaketak ez zaizkie aplikatuko hau indarrean sartu aurretik aurkeztu diren eskaerei, zerrendak irekita mantentzeko prozeduretan egin diren eskaerei, alegia.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zerrendak birbarematzeko prozesua

2021-2022ko ikasturterako zerrenden birbarematze-prozesuari aplikatuko zaizkio ebazpen honetan adierazitako aldaketak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen hau 2021eko irailaren 1etik aurrera jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 3a.

Langileak Kudeatzeko zuzendaria,

BLANCA MARIA GUERRERO OCEJO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala