
49. zk., 2021eko martxoaren 9a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (259 KB - 3 orri.)
- EPUB (220 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1377
EBAZPENA, 2021eko otsailaren 23koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Kimika Analitikoaren Sailaren arautegiaren aldaketa onartzeko dena.
Kimika Analitikoa sailaren arautegia 2012ko irailaren 27ko EHAAn argitaratu zen.
Aldaketa unibertsitateko Kimika Analitikoa saileko kontseiluak onetsi zuen 2021eko urtarrilaren 27ko bileran eta aldeko txosten juridikoa dauka.
Sailen Oinarrizko Arautegian, 4.3 artikuluan, jasotakoari jarraituz, idazkari nagusiak onartuko du, eskumenak eskuordetuta, Kimika Analitikoa Sailaren Arautegiaren aldaketa, betiere txosten guztiak aldekoak badira eta inork eskatu ez badu Gobernu Kontseiluan aurkezteko. artikulu horretan zehaztutakoaren arabera, bestalde, honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15ek, gutxienez.
Horregatik guztiagatik, ondokoa
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Kimika Analitikoa Sailaren arautegia onartzea, eranskinean zehazten den bezala.
Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.
Hirugarrena.– Kimika Analitikoa Sailaren arautegia indarrean sartuko da argitaratu eta hurrengo egunean.
Leioa, 2021eko otsailaren 23a.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
ERANSKINA
UPV/EHUKO KIMIKA ANALITIKOA SAILAREN ARAUTEGIA
1. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 3.1 artikuluaren zehaztapena.
1.– UPV/EHUko Kimika Analitikoa sailak Zientzia eta Teknologia Fakultatean dauka egoitza (Sarriena auzoa, z.g., 48940 Leioa).
2. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 8.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Kimika Analitikoa sailak atal hauek ditu:
a) Arabako Campuseko sail atala; egoitza: Farmazia Fakultatea, Unibertsitateko ibilbidea 5, 01006 Vitoria-Gasteiz.
b) Bizkaiko Campuseko sail atala; egoitza: Zientzia eta Teknologia Fakultatea, Sarriena auzoa, z.g., 48940 Leioa.
3. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 10.1 artikuluaren zehaztapena.
1.– Hauek izango dira saileko kontseiluaren osakideak: zuzendaria, idazkari akademikoa, irakasle-ikertzaile iraunkor guztiak eta irakasle ez-iraunkor doktore guztiak, sailari atxikitako gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkari bat, sailak ematen dituen zikloetako (graduko, masterreko eta doktoregoko) ikasleen bina ordezkari, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.
4. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko II. atalaren zehaztapena.
Kimika Analitikoa sailak Batzorde Iraunkorra izango du, Sailen Esparru Arautegiko II. atalean zehaztutakoari jarraikiz.
5. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 20.1 artikuluaren zehaztapena.
1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Deialdi bien artean hamar minutuko tartea egon beharko da. Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, euren ordezkoek.
6. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 22.4 artikuluaren zehaztapena.
4.– Kide anitzeko organoko kideek beren botoa eskuordetu ahal izango diote organoko beste kide bati. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.
7. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 24.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Hartutako erabakiak saileko iragarki ohol birtualean argitaratuko dira, gehienez ere hiru egun balioduneko epean, eta datuak babesteko legeria errespetaturik betiere. Gutxien dela, hilabetez egon behar dira jendaurrean, argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita.
8. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 27.4 artikuluaren zehaztapena.
4.– Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da eta, gehienez, bi agintaldi bete ahal izango ditu segidan.
9. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Kide anitzeko organoko kideren batek organoa utziz gero, idatziz jakinarazi beharko dio organoko idazkariari hilabeteko epean eta, betiere, kide anitzeko organoaren hurrengo bilera baino lehen. Idazkariak horren berri emango dio organoko buruari eta, zerrendari jarraituz (zerrendarik egonez gero), ordezko izan behar den pertsonari. Ordezkoari jakinaraziko zaio, era berean, kide anitzeko organoko kide izango dela ordezten duen pertsonari zegokion agintaldia amaitu arte.
10. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.
3.– Ordezkoek titularrak ordezkatuko dituzte titularrak kanpoan edo gaixorik daudenean, eta, oro har, arrazoi justifikatua dagoenean. Horretarako, bere egoeraren berri eman beharko dio organoko idazkariari gutxienez bilera baino 48 ordu lehenago. Idazkaria egon ezean, organoko buruari jakinaraziko zaio. Ordezkoa izendatuz gero, ezin izango da botoa eskuordetu.
11. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluaren zehaztapena.
Saileko kontseiluko hauteskundeetan onartuko da botoa aldez aurretik ematea, UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan aurreikusten den bezala.
RSS