
46. zk., 2021eko martxoaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (240 KB - 3 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
1286
EBAZPENA, 2021eko otsailaren 19koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren arabera autokontsumo elektrikorako energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiteko 2020. urteko laguntza-programaren oinarrien aldaketa ebazten den.
Aurrekariak
I.– EEEko zuzendari nagusiak 2020ko urtarrilaren 17an emandako Ebazpenaren bidez (EHAAn argitaratua, 19. zk., 2020ko urtarrilaren 29a), autokontsumo elektrikorako energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiteko 2020ko laguntza-programa onartu eta deitu zen, eta haren oinarri arautzaileak argitaratu ziren.
II.– EEEko zuzendari nagusiak 2020ko azaroaren 23an emandako Ebazpenaren bidez (EHAAn argitaratua, 246. zk., 2020ko abenduaren 10a), eta Ebazpen horretan azaldutako arrazoiengatik, autokontsumo elektrikorako energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiteko 2020. urteko laguntza-programaren epeak luzatu ziren.
2020ko azaroaren 23ko Ebazpen hori dela-eta, honako hauetarako epea:
(i) Autokontsumo elektrikorako energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiteko 2020. urteko laguntza-programan eskaerak aurkezteko epea, 2021eko ekainaren 30era arte luzatu zen, edo, hala badagokio, laguntza-programa horretarako aurrekontua agortu arte.
(ii) Autokontsumo elektrikorako energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiteko 2020ko laguntza-programari atxikitako proiektuak guztiz egikaritu eta fakturatzeko epea, 2021eko urriaren 31ra arte luzatu zen; eta
(iii) Autokontsumo elektrikorako energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiteko 2020ko laguntza-programari atxikitako proiektuen ordainketa-eskaera egiteko eta egikaritzearen egiaztagiriak aurkezteko epea, 2021eko azaroaren 15era arte luzatu zen.
III.– Laguntza-deialdiaren 6. oinarriko lehen atalak honako hau ezartzen du:
6.1 Laguntzen zenbatekoaren muga.
Laguntzen deialdi honen kontura gauzatuko diren jardunetan, proiektu bakar batek edo bakoitzak jaso dezakeen gehieneko dirulaguntza berrogei mila (40.000) eurokoa izango da; halaber, onuraduneko jaso daitekeen gehieneko dirulaguntza berrogei mila (40.000) eurokoa izango da. Muga horiek kasu guztietan izango dira aplikagarriak, salbu eta instalazio fotovoltaiko berrien kasuan, sare elektrikora konektatuta eta autokontsumoa helburutzat dutenak, indarrean dagoen araudiaren arabera, instalazioaren benetako potentzia izendatua 800 kWp (> 800 kWp) baino handiagoa denean, azken hauetarako diru-muga ehun mila (100.000) eurokoa izango delarik. Ez dira inola ere gaindituko proiektu mota bakoitzerako ezarritako ehunekoak, 4. oinarrian azaltzen direnak.
6. oinarriko lehen atalean onuradun bakoitzeko ezarritako gehieneko laguntza osoaren muga hori dirulaguntzaren diseinu eta estrategia jakin batzuen ondorio da. Horien arabera, EEEk urteko aldietarako deitzen ditu bere laguntza-programak.
Hala, programa horiei lotuz, urteko deialdi horretan onuradunentzako laguntzak ezin du oinarrietan xede horretarako ezarritako gehieneko muga gainditu.
IV.– EEEko zuzendari nagusiaren 2020ko azaroaren 23ko Ebazpenaren bidez ebatzitako epe-luzapenak berekin ekarri du autokontsumorako energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiteko 2020. urteko laguntza-programaren indarraldiak hasiera batean aurreikusitako epea gainditzea, eta, ondorioz, 2021eko ekitaldirako, autokontsumo elektrikorako energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiteko laguntza-programa berri baten deialdia egin beharrik ez izatea.
Hala, autokontsumo elektrikorako energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiteko 2020. urteko laguntza-programaren dirulaguntzak, 2020an hasitako proiektu eta jardunetara ez ezik, 2021ean egikaritzen hasi eta betiere 2021eko urriaren 31 baino lehen amaitzen direnetara ere bideratzeko aukera izango da.
V.– 2020. urtean egikaritutako proiektu eta jardunetarako laguntzak eskatu eta lortu ondoren 2021ean ere laguntza-programa horretarako proiektuak aurkezteko interesa dutenak deialdiaren 6. oinarriko lehen atalean ezarritako mugarekin ez zigortzeko helburuarekin, 6. oinarri horretan onuradun bakoitzeko ezarritako laguntzaren zenbatekoaren muga aldatzea komeni da.
VI.– Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuaren arabera, EEEko zuzendari nagusiak dauka eskumena Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabakiak betearazteko eta Zuzendaritza Kontseiluak baimendutako dirulaguntza eta laguntza-deialdiak onartu eta kudeatzeko, eta oinarri horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bitartez hedatuko direla bermatu behar da.
Azaldutako guztia dela-eta, honako hau
Ebazten dut:
Lehenengoa.– Autokontsumo elektrikorako energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiteko 2020. urteko laguntza-programaren 6. oinarriko lehen atala aldatzea, horrenbestez, honela idatzita geratuko delarik:
6. oinarria.– Dirulaguntzetarako muga orokorrak:
«6.1 Laguntzen zenbatekoaren muga.
Laguntzen programa honen kontura gauzatuko diren jardueretan, proiektu bakar batek edo bakoitzak jaso dezakeen gehieneko dirulaguntza berrogei mila (40.000) eurokoa izango da; halaber, onuraduneko urtean jaso daitekeen gehieneko dirulaguntza berrogei mila (40.000) eurokoa izango da. Muga horiek kasu guztietan izango dira aplikagarriak, salbu eta instalazio fotovoltaiko berrien kasuan, sare elektrikora konektatuta eta autokontsumoa helburutzat dutenak, indarrean dagoen araudiaren arabera, instalazioaren benetako potentzia izendatua 800 kWp (> 800 kWp) baino handiagoa denean, azken hauetarako diru-muga ehun mila (100.000) eurokoa izango delarik. Ez dira inola ere gaindituko proiektu mota bakoitzerako ezarritako ehunekoak, 4. oinarrian azaltzen direnak.»
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako auzitegietan, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Bilbao, 2021eko otsailaren 19a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
IÑIGO ANSOLA KAREAGA.
RSS