Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2021eko martxoaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1279

AGINDUA, 2021eko martxoaren 1ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita sail horretako lanpostu bat –Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzaren goi-kargudunaren idazkaria, 520010 kodea, 64. dotazioa– izendapen askez betetzeko deialdi publikoa.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean, Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzaren goi-kargudunaren idazkari lanpostua hutsik dagoenez (520010. kodea, 64. dotazioa), Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, eranskinean adierazitako lanpostua izendapen askearen sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du sailak. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek, lanpostuen zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean daude zehaztuta).

2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratatik har dezakete parte deialdian, honako egoera hauetan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek.

Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, baldin eta espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, baldin eta lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskatzaileek, datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa zehaztuta, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean langileen gaietako eskumena duen zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak 15 egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitae»a erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta, zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko egitekoak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntza-ezagupenak.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako egitekoekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu guztiak.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.

Hautagaia deitutako lanpostuaren egitekoetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte harzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera gehienez hilabeteko epean. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak epean hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Ebazpen hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako hautagaia egokia dela beste hautagaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean legeen arabera eta lanpostu-zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.

Deialdia hutsik geratuko dela deklaratu ahal izango da, hautagaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman zuen organoari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 1a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA

Deitutako lanpostua: Goi-kargudunaren idazkaria.

– Kodea: 520010.

– Dotazioa: 64.

– Kidegoak: C1 Administraria / C2 Administrari laguntzailea.

– Destino-osagarriaren maila: 18.

– Berariazko osagarria: VI-A.

– Kokapena: Teknologia eta Estrategia Zuzendaritza.

– Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

– Hizkuntza-eskakizuna: 2.

– Derrigortasun-data: 1990-10-31.

– Berariazko ezagutzak: –


Azterketa dokumentala