Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2021eko martxoaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1215

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Urdulizko 33. Torrebarri eremuko plan partzialaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko azaroaren 6an, Urdulizko Udalak eskaera bat bete zuen, Urdulizko 33. Torrebarri eremuko plan partzialaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean sartu dira. Era berean, Urdulizko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun- epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen- txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio- elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Urdulizko 33. Torrebarri eremuko plan partzialaren aldaketa puntuala (aurrerantzean, plana); izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Urdulizko 33. Torrebarri eremuko plan partzialaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da atikoetan beharrezkoak diren atzeraemanguneak ezartzea eta indarrean dagoen plan partzialeko dokumentazio grafikoaren eta idatziaren artean dauden bat ez etortzeak zuzentzea. Horretarako, eremuan aurreikusi diren eraikinen atikoek izan beharreko gutxieneko atzeraemanguneak ezartzen ditu, eta parametro berri bat ere bai, komunikazio bertikaleko nukleoen atzeraemangunea zehazteko.

Bestalde, Planak lurzati eraikigarrien eta horien barne-banaketaren itxiturei buruzko artikuluak egokitzen ditu, altuera gehiagoko itxiturak eta indarrean den plangintzan zehaztutako materialez bestelakoak erabiltzea baimentzeko.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen edo ez erabakitzeko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ingurumenaren ikuspegitik, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak osatzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak har ditzan barnean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Planean jasotako jarduerek ez dute eraginik eremuaren erabilera orokorrean, eta ez dakarte azalera handitzea. Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo garrantzitsurik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo estatuko legeria ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren xede den eremua Urduliz udal-mugartearen mendebaldean dago, Sopela udalerriarekin mugan; lurzatiaren mugak Urdulizko arau subsidiarioetan daude ezarrita. Horren arabera, 33. Torrebarri eremuak 41.643 m2-ko azalera du.

Planaren eraginpeko eremuan kultur intereseko bi elementu daude: 3. Ustezko Eremu Arkeologikoa: Torre Barri eta Torrebarri jauregia (Urdulizko ondasun arkitektonikoen inbentarioko 4. fitxa). Plan partzialaren aldaketak ez du zuzeneko eraginik elementu horietan. Dena dela, plan partzialean jasota dagoen urbanizatze-lanetan, elementu horiekin ia tangenteak diren bideak proposatzen ditu, beraz, urbanizazio-proiektua gauzatzeko, kontuan hartuan beharko da ustezko eremu arkeologikoen babeserako araubidea, 6/2019 Legearen 65. artikuluan jasoa, eta jauregian kalterik ez egiteko behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira.

Eremua lurzoru urbanizagarrian dago; landaguneak eta bizitegi-eremu eraiki berriak tartekatzen dira. Ez dago natur elementu garrantzizkorik, ezta ingurumen-balio aipagarririk ere. Egin nahi diren jardueretatik erator litekeen arriskurik ere ez da hauteman.

Planean proposatzen diren jarduketak garrantzi gutxikoak dira (aldaketak eraikinen atiko-solairuaren azaleran eta lurzatien itxitura motan), beraz, ez da espero jarduketa horien ingurumen-inpaktuak indarrean den plan partzialaren garapenak sortuko dituenez bestelakoak izatea.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Urdulizko 33. Torrebarri eremuko plan partzialaren aldaketa puntualari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

– 33. Torrebarri eremuko plan partzialean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenari dagokionez, bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, 213/2012 Dekretuaren, urriaren 16koaren, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoaren, 31.2 artikuluan xedatuarekin bat, eta ezingo da etxebizitzak eta hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman, baldin eta baimena emateko unean kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

– Plan partzialean aurreikusitako urbanizatze-lanetan, 3. Ustezko Eremu Arkeologikoko Torre Barri eta Torrebari jauregia elementuekin (Urdulizko ondasun arkitektonikoen inbentarioko 4. fitxa) ia tangenteak diren bideak proposatzen ditu, beraz, plana gauzatzeko, kontuan hartuan beharko da ustezko eremu arkeologikoen babeserako araubidea, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluan jasoa, eta jauregian kalterik ez egiteko behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira.

– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko dira.

– Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki, obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak arlo honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

– Urdulizko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaio lurzoru-kutsaduraren zantzu oro, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan. Hala, natura-baliabideen erabilera zentzuzko eta efizientea bultzatuko da, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteaz bat. Horretarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Jarduketa-eremuan hautemandako flora aloktono oro kenduko da. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek gutxienez alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kantitatea edo kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea. Kontsumo txikiko argiztapen-sistemak erabiltzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Hiritartu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

– Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Urdulizko 33. Torrebarri eremuko plan partzialaren aldaketa puntualak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Urdulizko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Urdulizko 33. Torrebarri eremuko plan partzialaren aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala