
43. zk., 2021eko martxoaren 1a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (323 KB - 9 orri.)
- EPUB (239 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1179
10/2021 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko hitzarmena argitaratzea, Vitoria-Gasteizen, Bilbon eta Donostian dauden zaintza erradiologikoko estazioetako datuak erabili, kudeatu eta eskuratzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta dagokion publizitatea emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko hitzarmena, Vitoria-Gasteizen, Bilbon eta Donostian dauden zaintza erradiologikoko estazioetako datuak erabili, kudeatu eta eskuratzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 24a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 24KO 10/2021 EBAZPENARENA
HITZARMENA, SEGURTASUN NUKLEARREKO KONTSEILUAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, VITORIA-GASTEIZEN, BILBON ETA DONOSTIAN DAUDEN ZAINTZA ERRADIOLOGIKOKO ESTAZIOETAKO DATUAK ERABILI, KUDEATU ETA ESKURATZEKO
HAUEK BILDU DIRA
Batetik, Josep Maria Serena i Sender jauna, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren izenean eta hura ordezkatuz, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko presidentea den aldetik, eta azaroaren 5eko 1440/2010 Errege Dekretuak (2010eko azaroaren 22ko BOE, 282. zk.) emandako eskumenak betez. Kargu horretarako martxoaren 29ko 227/2019 Errege Dekretuaren bitartez izendatu zuten (2019ko martxoaren 30eko BOE, 77. zk.).
Bestetik, María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, irailaren 7ko 23/2020 Dekretuaren bidez hala izendatuta (2020ko irailaren 8ko EHAA, 177. zk.), eta Gobernu Kontseiluaren 2021eko urtarrilaren 26ko baimenaz baliatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean adostasuna emateko eta hitzarmena sinatzeko, Eusko Jaurlaritzako Lege Zerbitzuaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 62. artikuluan araututa dagoen bezala.
Eta, bestetik, Eva Ferreira García andrea, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, kargu horretarako izendatua urtarrilaren 19ko 10/2021 Dekretuaren bitartez (2021eko urtarrilaren 25eko EHAA, 17. zk.), unibertsitate horren izenean eta hura ordezkatuz, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatutakoak, 20. artikuluan xedaturiko eskumenen babesean.
Alderdiek hitzarmen hau formalizatzeko behar besteko lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta, horretarako,
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Honako zeregin hauek agintzen zaizkio Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari (aurrerantzean, Kontseilua ere bai) Segurtasun Nuklearreko Kontseilua sortzeari buruzko apirilaren 22ko 15/1980 Legean:
– Instalazio nuklearren eta erradioaktiboen eta erradiazio ionizatzaileak erabiltzea dakarten jardueren ingurumen-inpaktu erradiologikoa ebaluatzea, aplikatu beharreko legedian ezarritakoaren arabera.
– Lurralde nazional osoko ingurumenaren kalitate erradiologikoa kontrolatzea eta zaintzea, Espainiako Estatuak arlo horretan dituen nazioarteko betebeharrak betez, eta administrazio publikoek dauzkaten eskumenak gorabehera.
– Ingurumeneko zaintza erradiologikoaren arloan eskumena duten agintariekin lankidetzan aritzea, instalazio nuklearren edo erradioaktiboen eragin-eremuetatik kanpo.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren (aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoa edo Autonomia Erkidegoa) eskumena da ingurumen- eta ekologia-politiken legedia garatzea eta Estatuko oinarrizko legedia betearaztea, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 11.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Halaber, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari dagokio «ingurumenaren zaintza erradiologikoa, eta arlo horretan esleituta dauzkan beste egiteko guztiak, bai hala araututa dagoelako, bai Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak hala agindu diolako, ezertan eragotzi gabe Osasun Sailak arlo horretan esleituta dauzkan eskumenak», Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 11.1.e) artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuarekin lotuta.
Hirugarrena.– Euskal Herriko Unibertsitatearen (aurrerantzean, halaber, UPV/EHU) helburuen artean dago «jakintza sortu, kritikatu eta zabaltzea eta jakintzaren aurrerabidea eta gizartearen garapena sustatzea, ikerketaren bitartez eta ikerketaren emaitzak gizarteratuz», otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuak onartutako Estatuetako 4. artikuluan ezartzen denaren arabera.
Laugarrena.– Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak 1992az geroztik Ingurumen Erradiazioa Zaintzeko Programa bat dauka (Revira programa), estatu mailakoa. Programa horren xedea da ingurumenaren kalitate erradiologikoa etengabe zaintzea eta informazio egokia eskuratzea balizko istripu erradiologiko edo nuklear baten ondorioak ebaluatzeko.
Etengabeko zaintzako Estazio Automatikoen Sarea (EAS) programa horren barruan dago, eta estazio horietako bat Donostian dago.
Bosgarrena.– 1995eko ekainaren 28an, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean akordio bat sinatu zen, apirilaren 22ko 15/1980 Legean aurreikusitako eginkizunen aginduari buruzkoa. Horrela, hirugarren xedapen gehigarria bete zen, Kontseiluari esleitutako eginkizunak autonomia-erkidegoei agintzeko aukera ezartzen duena. Eginkizun horiek gauzatzeko, Kontseiluak berak adostutako irizpide orokorrak bete beharko dira.
Akordio hori 1996ko apirilaren 24an jarri zen indarrean, eta, ondoren, 2010eko azaroaren 25ean, eginkizunak agintzeko hitzarmena handitzeko berrikuspen-akordio bat sinatu zen, 1995eko ekainaren 28koa.
Agindutako egitekoen artean, ingurumenaren zaintza erradiologikoaren arloan, Autonomia Erkidegoan ingurumenaren zaintza erradiologikoa egitea dago, Kontseiluak Espainiako lurralde osorako ezarritako edo onartutako helburu horretarako programekin bat etorriz, eta ados jarrita adostu beharreko baldintzetan. Halaber, aginduan jasota dago Kontseiluak aukera duela Autonomia Erkidegoak bere ekimenez egitea erabakitzen duen programa espezifikoetan parte hartzeko, elkarrekin adostutako baldintzen arabera.
Seigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoak zaintza erradiologikoko bi estazio automatiko ditu, bata Vitoria-Gasteizen eta bestea Bilbon. Estazio horiek UPV/EHUko gainbegiratze- eta kontrol-zentro batetik kudeatzen eta erabiltzen dira, garapen propioko kudeaketa- eta eragiketa-sistema baten bitartez.
Zazpigarrena.– Autonomia Erkidegoak Bilboko eta Vitoria-Gasteizko estazioen kudeaketa- eta eragiketa-sisteman sartu nahi du Donostiako EASeko estazioa.
Zortzigarrena.– Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak, Estatu osoan legez esleituta dauzkan ingurumen-zaintza erradiologikoko zereginen barruan, Vitoria-Gasteizen eta Bilbon dauden EAEko estazioetako datuak izan nahi ditu. Izan ere, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak estazio horietako datuak jasotzen baditu, EAEko EASen estaldura handituko da; zehazki, biztanleria-nukleo handietan eta kanpotik datozen salgaiak sartzeko eremu batean.
Bederatzigarrena.– 2000ko abenduaren 28an, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, Vitoria-Gasteizen, Bilbon eta Donostian dauden zaintza erradiologikoko estazioetako datuak erabili, kudeatu eta eskuratzeko.
Hamargarrena.– Aipatutako administrazio publikoen artean lankidetza eraginkorra ezartze aldera, alde batetik, Vitoria-Gasteizko eta Bilboko estazioa EASen kudeaketa- eta eragiketa-sisteman sartzea eta integratzea ahalbidetzeko, eta, beste alde batetik, Donostiako EASeko estazioa EAEko zaintza estazioen eragiketa- eta kudeaketa-sisteman sartzea eta integratzea ahalbidetzeko, alderdiek adostu dute dokumentu honetan dagokion lankidetza-hitzarmena formalizatzea, aurreko azalpenean adierazitakoa ordeztuko duena. Hori guztia honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da oinarri tekniko-administratiboak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoaren, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean, Kontseiluak Bilbon eta Vitoria-Gasteizen dauden EAEko zaintza erradiologikoko estazio automatikoek neurtutako datuak izan ditzan eta Autonomia Erkidegoak Kontseiluaren Donostiako EASeko estazioko datuak izan ditzan.
Bigarrena.– Alderdien betebeharrak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoak konpromiso hauek hartzen ditu:
a) Beharrezkoak diren jarduerak egitea Kontseiluak Bilboko eta Vitoria-Gasteizko estazioetako datuak izan ditzan.
b) Bilboko eta Vitoria-Gasteizko estazio automatikoen eragiketa- eta kudeaketa-sistema diseinatzea eta garatzea, datuak jasotzeari eta bidaltzeari dagokionez EASekin bateragarria izateko irizpideekin.
c) Kontseiluari Bilboko eta Vitoria-Gasteizko estazioen egoera operatiboaren berri ematea, eta aldez aurretik jakinaraztea egin daitezkeen aldaketa teknikoak edo operatiboak. Aldaketek ez dute eraginik izango Kontseiluak hitzarmen honi jarraikiz jasotzen duen informazioan.
d) Urtean berrogeita hamahiru mila (53.000,00) euro ordaintzea, Bilboko eta Vitoria-Gasteizko estazioetako eragiketetarako, mantentze-lanetarako eta datuak jasotzeko gastuak ordaintzeko. Zenbateko hori UPV/EHUri ordainduko zaio.
2.– Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak konpromiso hauek hartzen ditu:
a) Kontseiluaren eta Autonomia Erkidegoaren gainbegiratze- eta kontrol-zentroak konektatzeko beharrezkoak diren lanak kudeatu, erraztu eta laguntzea, ziurtatzeko Bilboko eta Vitoria-Gasteizko estazioetako datuak Kontseiluan jasotzen direla eta Donostiako EASeko estazioko datuak Euskal Autonomia Erkidegoan jasotzen direla.
b) Donostiako EASeko estazioko datuak Autonomia Erkidegoko estazioen gainbegiratze- eta kontrol-zentrora etengabe eta modu bateragarrian bidaltzen direla ziurtatzea, estazio horien eragiketa- eta kudeaketa-sistemen ezaugarriei dagokien fidagarritasun mailarekin.
c) Euskal Autonomia Erkidegoari Donostiako EASeko estazioaren egoera operatiboaren berri ematea eta Donostiako estazioari eragin diezaiokeen EASeko edozein aldaketa teknikoren edo operatiboren berri ematea aldez aurretik. Aldaketek ez dute eraginik izango Autonomia Erkidegoak hitzarmen honi jarraikiz jasotzen duen informazioan.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko zaintza erradiologikoko estazioen jardueren eta kudeaketen arduradunei aholkularitza teknikoa ematea estazio horien funtzionamenduarekin lotutako gaietan.
e) Urtean hamasei mila eta hemezortzi (16.018,00) euro ordaintzea, Bilboko eta Vitoria-Gasteizko estazioetako eragiketetarako, mantentze-lanetarako eta ekipamendua birjartzeko gastuak partez ordaintzeko. Zenbateko hori Euskal Herriko Unibertsitateari ordainduko zaio. Era berean, ekarpen ez-diruzko bat ere egingo du, bere baliabideak emanez, lau mila zazpiehun eta hogeita lau euro eta hamahiru zentimotan (4.724,13) balioetsia.
3.– Euskal Herriko Unibertsitateak konpromiso hauek hartzen ditu:
a) Autonomia Erkidegoari aholkularitza ematea estazio erradiologiko automatikoak erosteari dagokionez.
b) Bilboko eta Vitoria-Gasteizko estazioen mantentze-, prebentzio- eta konponketa-lanak egitea.
c) Kontseiluaren eta Autonomia Erkidegoaren gainbegiratze- eta kontrol-zentroak konektatzeko beharrezkoak diren lanak kudeatu, erraztu eta laguntzea, ziurtatzeko Bilboko eta Vitoria-Gasteizko estazioetako datuak Kontseiluan jasotzen direla eta Donostiako EASeko estazioko datuak Euskal Autonomia Erkidegoan jasotzen direla.
d) Bilboko, Vitoria-Gasteizko eta Donostiako estazioen egoera operatiboaren eta estazio guztietan neurtutako balioen berri ematea Autonomia Erkidegoari.
e) Anomalia erradiologikoren bat atzemanez gero, UPV/EHUk berehala eman beharko die horren berri akordio honetako beste bi alderdiei. Sei hilean behin, UPV/EHUk txosten bat prestatuko du, non jasoko baitira estazioen jarraipenari, datuek denboran izandako bilakaerari eta Autonomia Erkidegoko egoera erradiologikoa ezagutzeko beharrezkoak diren alderdi guztiei buruzko datuak, besteak beste.
f) Bilboko eta Vitoria-Gasteizko estazioetako datuak Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko EASen gainbegiratze- eta kontrol-zentrora etengabe eta modu bateragarrian bidaltzen direla ziurtatzea, sare horren ezaugarriei dagokien fidagarritasun mailarekin.
Hirugarrena.– Baldintza ekonomikoak.
1.– Hitzarmena indarrean egongo den lau urteetarako, berrehun eta laurogeita hamalau mila bederatziehun eta hirurogeita zortzi euro eta berrogeita hamar zentimoko (294.968,50) guztizko ekarpena egingo da. Euskal Autonomia Erkidegoak berrehun eta hamabi mila (212.000,00) euro emango ditu, eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak laurogeita bi mila bederatziehun eta hirurogeita zortzi euro eta berrogeita hamar zentimo (82.968,50).
2.– Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren hitzarmenerako ekarpena bitan bereiziko da: batetik, diruzko ekarpen bat, hirurogeita lau mila eta hirurogeita hamabi (64.072,00) eurokoa, eta ekarpen ez-diruzko bat, hemezortzi mila zortziehun eta laurogeita hamasei euro eta berrogeita hamar zentimokoa (18.896,50). Gastu eta zerga guztiak sartuta daude bi parteetan.
3.– Honela banakatzen dira behin-behinean alde bakoitzak hitzarmenaren testuan deskribatutako baldintzetan egitea hitzematen duten diruzko ekarpenak, betiere horiek finantzatzeko kreditu egokia eta behar bestekoa badago eta hitzarmena alderdietako batek indargabetu ez badu:
(Ikus .PDF)
4.– Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako zenbatekoa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ordainduko dio Euskal Herriko Unibertsitateri, honako data eta zenbateko hauen arabera:
(Ikus .PDF)
5.– Kontseiluak, berriz, aurreko taulan zehaztutako zenbatekoa ordainduko dio UPV/EHUri urte bakoitzeko azken hiruhilekoan.
6.– Zenbateko horiek ordaindu aurretik, Euskal Herriko Unibertsitateak bigarren klausulako 3.d) atalean aipatutako jardueren txostena aurkeztu beharko du. Txosten horrek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko organo eskudunen oniritzia jaso beharko du aurretik.
Laugarrena.– Indarraldia eta iraunaldia.
Hitzarmen honetan dokumentatutako akordioa alderdien adostasunarekin gauzatuko da, eta Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren jarriko da indarrean. Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du.
Epe hori amaitu baino lehenago, edozein unetan, alderdiek, ados jarrita, hitzarmena beste lau urterako luzatzea hitzartu ahal izango dute, baldin eta kreditu egokia eta behar bestekoa badago.
Bosgarrena.– Datuen konfidentzialtasuna eta babesa.
Alderdiek fede onez onartzen dute beren erakundeek hitzarmen honetan jasotako jarduerak aurrera eramatearen ondorioz lortutako datuen erabilera murrizteko tratamendua. Datu horiek Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen esku geratuko dira, eta horien iturriak aipatu beharko dituzte datuak hedatzean.
Hitzarmen honen xede diren estazioetako batean anomalia erradiologikoren bat atzemanez gero, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak informazio hori hedatzeko irizpideak ezarriko dituzte elkarrekin ados jarrita.
Hitzarmen hau gauzatzean, alderdiek Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak ezarritako segurtasun-neurriak eta Eragingarritasun Eskema Nazionalaren eta Segurtasun Eskema Nazionalaren gomendioak eta irizpideak onartuko dituzte, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 156. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Seigarrena.– Hitzarmeneko konpromiso ekonomikoen justifikazioa.
Hitzarmenaren finantza konpromisoei dagokienez, UPV/EHUk, erakunde hartzaile gisa, egindako jardueren kostua justifikatzeko txosten ekonomikoa aurkeztuko du. Txosten horrek honako hauek jasoko ditu:
– Gastuen zerrenda sailkatua, eta bertan alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, zer datatan eman den, eta, hala badagokio, ordainketa-data.
– Fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-indar baliokidea duten edo administrazio-eraginkortasuna duten agiriak, aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan sartzen direnak; eta, hala badagokio, ordainketaren frogagiria.
– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen zerrenda zehatza, jardueraren zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa adierazita.
Hala badagokio, gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezartzen diren kopuruak gainditzen dituenean, UPV/EHUk, konpromisoa kontratatu aurretik, gutxienez hiru aurrekontu eskatu beharko ditu, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik merkatuan horiek egiten dituen behar beste erakunderik ez dagoenean izan ezik. Aurkeztutako eskaintzak justifikazioari erantsi behar zaizkio, edo, hala dagokionean, dirulaguntza-eskabideari. Eskaintza horietatik bat aukeratzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak beteko dira, eta aukeratutako eskaintza merkeena ez denean, txosten bat erantsi beharko da arrazoitzeko zergatik aukeratu den.
Kontseiluak eta Autonomia Erkidegoak hitzarmen honetan nork bere gain hartutako diruzko ekarpenak hitzartutako funtsen transferentziaren bidez gauzatuko dira.
Kontseiluak egin beharreko ekarpen ez-diruzkoa organo eskudunak horri buruz emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.
Zazpigarrena.– Hitzarmenaren likidazioa.
Hitzarmena betetzeak eta azkentzeak hitzarmenaren likidazioa egitea ekarriko du, alderdi bakoitzak onartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen direla egiaztatze aldera.
Horretarako, hitzarmena azkendu ondoren, alderdiek jardueren txosten bat egingo dute, koordinazio-taldeak zehaztutako edukiekin, alderdi bakoitzak hitzarmen honetan beteko dituela hitzemandako konpromisoei buruz. Koordinazio-taldeak akta batean onartuko ditu, hala badagokio, jardueren txostenak.
Koordinazio-taldeari aurkeztuko zaio hitzarmenaren seigarren klausulan ezarritako txosten ekonomikoaren egiaztapena, eta alderdi finantzatzaileek izendatuko dituzte funtsak behar bezala aplikatzen direla gainbegiratuko dituztenak, eta dagokion aktan onartuko dute.
– Likidazioa eginda, jardueren zenbatekoa txikiagoa bada UPV/EHUk beste alderdietatik jasotako funtsak baino, hark Euskal Autonomia Erkidegoari eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari itzuli beharko die soberakina, bakoitzaren ekarpenen proportzioa kontuan hartuta, likidazioa onartu eta hilabeteko epean. Itzulketa epe horretan egiten ez badu, zenbateko hori berandutze-interesarekin gehituta itzuli beharko die hilabeteko epean, bat etorrita sektore publikoko finantza-jarduera arautzen duten eta aplikatu behar diren xedapen orokorretatik ondorioztatzen denarekin.
– Likidazioa eginda, UPV/EHUren jardueren zenbatekoa handiagoa bada beste alderdietatik jasotako funtsak baino, haiek unibertsitateari itzuli beharko diote aldea, hitzarmen honetan hitzemandako zenbatekoaren mugarekin.
Zortzigarrena.– Koordinazioa eta jarraipena.
Jardueren jarraipena eta koordinazioa egiteko eta horiek mantentzeko asmoz, jarraipen-talde bat eratuko da, hiru kidez osatua, alderdi bakoitzak honela izendatuta:
– Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren izenean, Larrialdietako eta Babes Fisikoko Zuzendariordetzaren titularra.
– Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean Instalazio Erradioaktiboen Zerbitzuko burua.
– Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean, Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Saileko Zaintza Erradiologikoko Laborategiko zuzendaria.
Jarraipen-taldeak zeregin hauek izango ditu:
a) Hitzarmenaren xedea eraginkortasunez betetzen dela ziurtatzea, eta hitzarmena ahalik eta ondoen gauzatzeko beharrezko diren neurriak proposatzea.
b) Ingurumenaren zaintza erradiologikoa egiteko, datuak trukatzeko eta horiek aztertzeko egin beharreko jarduerak koordinatzea hitzarmenaren esparruan, zaintza horri buruzko aldizkako txostenak igortzea eta jasotzea, eta jarduteko irizpideak finkatzea.
c) Hitzarmena betetzeko jardueretan interpretazio- eta aplikazio-arazoak sortuz gero, horiek konpontzea.
Bederatzigarrena.– Hitzarmena ez betetzea.
Alderdietako batek hitzarmeneko betebeharrak edota konpromisoak betetzen ez baditu, hitzarmena iraungi egin liteke. Halakoetan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio adostutakoa bete ez duen alderdiari, hilabeteko epean bete ditzan betegabetzat jo diren betebeharrak edo konpromisoak.
Errekerimendu hori hitzarmenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako jarraipen-taldeari eta sinatu duten gainerako alderdiei jakinaraziko zaie.
Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan konpromisoak bete gabe jarraitzen badu, errekerimendua jakinarazi zuen alderdiak hitzarmena baliorik gabe uzteko arrazoia jakinaraziko die sinatzaileei, hitzarmena salatu nahi duela adieraziz, eta, beraz, hitzarmena azkendu egingo da.
Hamargarrena.– Aldatzea eta azkentzea.
Hitzarmen hau aldatzeko aukera egongo da soilik hiru alderdiek hala nahi badute eta berariaz hori adierazten badute.
Honako hauek dira, aurreko klausulan ezarritakoaz gain, hitzarmena azkentzeko arrazoiak:
a) Alderdietako batek hitzarmena salatzea. Salaketa hori arrazoitua izan beharko da, eta ebazpena indarrean jarri baino hiru hilabete lehenago jakinarazi behar da gutxienez.
b) Hitzarmenaren indarraldia hura luzatzeko erabakirik hartu gabe amaitzea.
c) Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.
Hamaikagarrena.– Desadostasunak.
Hitzarmen hau aplikatzean desadostasunik sortuz gero, alderdiek elkarrekin adostuta konponduko dituzte, baldin eta konponbidea baliagarria bada. Horretarako, desadostasuna sortu eta planteatu ondoren, alderdi bakoitzak ordezkari bat izendatuko du. Ordezkari horiek ados jartzen ez badira, alderdiek ekitatezko arbitraje bidez konponduko dute desadostasuna. Helburu horretarako, elkarrekin izendatuko dituzte hiru arbitro, hizpide duten gaian adituak. Arbitraje-ebazpena gehiengoz erabakiko da, eta alderdiek ezingo dute apelatu.
Hala ere, xedaezinak diren gaietan, arbitrajea, hala badagokio, aplikatu beharreko lege berezi eta orokorrek xedatutakoaren arabera egingo da. Arbitrajea egokia ez bada, eztabaidagaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan mende jarriko dira, administrazio-bidea amaitu ondoren, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.
Hamabigarrena.– Hitzarmenaren publikotasuna.
Hitzarmen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 65. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hamahirugarrena.– Araubide juridikoa.
Hitzarmen hau administratiboa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko zaio. Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legetik kanpo dago, eta administrazio-zuzenbidearen arau orokorren, administrazio onaren printzipioen eta ordenamendu juridiko orokorraren mende.
Alderdiek hitzarmen honekiko adostasun osoa adierazi dute, nork bere egoitzan, data eta sinadura elektronikoekin.
Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren aldetik,
JOSEP MARIA SERENA I SENDER.
Euskal Herriko Unibertsitatearen aldetik,
EVA FERREIRA GARCÍA.
RSS