Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2021eko otsailaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
1056

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 29koa, Trafikoko zuzendariarena, Gidari Eskola Pribatuko Zuzendariaren Gaitasun Agiria lortzeko hautaprobarako deialdia egiten duena.

Urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuak xedatutakoaren babesean, urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak 17.4.a) artikuluan Trafiko Zuzendaritzari emandako aginpideekin bat, urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Motor Ibilgailuen Gidarien Eskola Partikularrei buruzko Araudiaren 48. artikuluan jasotako eskumenen arabera, hautaprobarako deia egiten zaie Gidari Eskola Pribatuko Zuzendariaren Gaitasun Agiria lortu nahi dutenei. Hauek dira oinarriak:

Lehenengoa.– Hautaprobaren araubidea eta Gidari Eskola Pribatuko Zuzendariaren Gaitasun Agiria ematea.

Ebazpen honetako eskakizunak beteta, hautaproba honetarako onartzen eta gaitzat hartzen direnek eska dezakete Gidari Eskola Pribatuko Zuzendariaren Gaitasun Agiria ematea.

Bigarrena.– Parte hartzeko eskakizunak.

1.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte, onartuak izango badira:

– Eskaera egitea aldez aurretik.

– Bide Prestakuntzako Irakaslearen edo Gidari Eskola Pribatuko Irakaslearen Gaitasun Agiria izatea, eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik emana, urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren 47. artikuluaren arabera. Europar Batasuneko beste estatu batzuetan edo Europako esparru ekonomikoaren gaineko akordioa sinatu duten beste estatu batzuetan irakasle-lanetan jardun dutenek agiri bidez egiztatu beharko dute hori, azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorrita.

– Gidari Eskola Pribatuko Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko probetan inskribatzeko gastu eta eskubideen tasa ordaindu izana; betiere, hirugarren oinarriaren 3. zenbakiak ezarritakoaren arabera eta irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuan ezarritakoarekin bat etorrita. Dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasei eta prezio publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen da.

2.– Aurreko apartatuan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte prozeduran parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako bete ere.

3.– Hautaproban onartua izateko eta parte hartzeko, aski izango da eskabidean adieraztea parte hartzeko exijitutako betekizun guzti-guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna delarik erreferentzia.

4.– Hala ere, hautaproban edo geroztiko izapideetan –dagokion gaitasun-agiria eman arte– jakiten bada hautagairen batek ez duela betetzen eskatutako baldintza bat edo batzuk, edo egiaztatutako ziurtagiritik ondorioztatzen bada eskabideak akatsak edo faltsukeriak dituela, Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzea galarazteko moduan, epaimahaiburuak, interesdunari entzun ondoren, hautagaia hautaprobatik kanporatzeko proposamena egingo du.

5.– Hautagaiek eskabidean ematen duten informazio guztia zein hautaketa-prozesu honi buruzko datuak Trafiko Zuzendaritzak tratatuko ditu eta «Gidari-eskolak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko ditu. Horren xedea da Gidari Eskola Pribatuko Zuzendariaren Gaitasun Agiria lortzeko hautaketa-prozesuaren izapideak erraztea.

Xede horren oinarrian interes publikoa dago, baita Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean jasotako lege-betebeharra betetzea ere.

Hautatzen diren pertsonei buruzko datuak gordeko dira espediente horiek gordetzeko egutegiak ezartzen duen denbora-tartean zehar. Hautatu gabeko pertsonei buruzko datuak hautaketa-prozesua amaitu ondoren ezabatuko dira. Interesdunek datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, ezabatzeko eta transferitzeko, eta datuen tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko eskubideak, eta tratamendu automatizatuan baino oinarritzen ez diren erabakiak jasan behar ez izateko eskubidea ere erabili ahal izango dituzte, hala badagokie, Trafiko Zuzendaritzan, helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1) Epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2) Aurkezteko modua.

Proba honetan parte hartu nahi dutenek Interneten egin ahal izango dute eskabidea, eta, horretarako, helbide elektroniko honetako eskabide-eredua bete beharko dute: www.trafikoa.eus.

Interneteko eskabidea Eusko Jaurlaritzaren KZgune zentro publikoen bidez egin daiteke. KZguneen zerrenda eta kokapena helbide elektroniko honetan ikus daitezke: www.kzgunea.eus

2.– Eskabidearen edukia eta ondorioak.

Izangaiek hautaprobarako onartuak izateko eta bertan parte hartzeko, eskabideko atal guztiak bete behar dituzte, eta tasa ordaindu. Era berean, zinpeko aitorpena edo promesa egin beharko dute, proba honetan parte hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adierazteko.

Izangairen batek ez baditu tasak ordaintzen eskabideak aurkezteko epean, prozeduratik kanpo geratuko da, 2.1 apartatutan prozesuan onartua izateko eskatzen den baldintza ez betetzeagatik. Hala eta guztiz ere, ordaindutako zenbatekoa okerra izanez gero, errekerimendua egingo zaio izangaiari, hamar egun balioduneko epean zuzen dezan okerra.

3.– Eskabideak aurkezteagatiko tasak ordaintzea.

Deialdi honek 2.1 oinarrian aurrez ikusitako baldintza betetzeko, eskabideak aurkezteko epean ordaindu beharko da tasa, erakunde hauen edozein sukurtsaletan ordaindu ere: Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, SabadellGuipuzcoano, CaixaBank, Bankoa, Banco Santander eta Bankia, edo beste erakunde batzuen txartelak baliatuta.

Tasa ordaintzeko, bi aukera daude:

– Lineaz kanpoko ordainketa: aipatu diren erakunde finantzario laguntzaileen bulego-sarearen edozein puntutara joatea eta sistemak emandako ordainketa-gutuna aurkeztea. Ordainketa-gutunak barra-kodea duenez, kutxazain automatikoaren bidez ordain daiteke, kutxazainak irakurketa optikoa edo datuak eskuz sartzeko aukera badu.

– Lineako ordainketa: banku-sukurtsalera joan gabe, banka elektronikoaren sistemaren bidez ordaintzea, betiere aipatutako erakunderen batean banka elektronikoaren bezeroa izanez gero. Modalitate hori eguneko 24 orduetan erabil daiteke.

Hau da tasa horren zenbatekoa: 45,96 euro.

Tasa ordaintzen ez bada edo ordaindutako zenbatekoa okerra bada, oinarri hauen 3.2 apartatuan zehaztutako ondorioak etorriko dira. Nolanahi ere, tasa ordaintzea eta ordainagiria aurkeztea ez da nahikoa izango; izan ere, eskabidea osorik eta behar den epean aurkeztu behar da, 3.1 oinarriaren arabera.

Eskatutako tasa kasu honetan bakarrik itzuliko da: zerga-egitatea gauzatzen ez denean subjektu pasiboari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik; horrenbestez, ez da tasarik itzuliko hautaketa-prozesutik kanpo geratu bada, interesdunari egozteko moduko arrazoiengatik. Kanporatzea gertatzen bada deialdian eskatutako betekizunak ez betetzeagatik edo agiriak ez aurkeztegatik, ez da itzuliko tasa.

Laugarrena.– Hautagaiak probarako onartzea.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, epaimahaiburuak ebazpena emango du, eta onartutakoen eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrenda onartuko. Behin-behineko zerrendaren kontrako erreklamaziorik aurkeztu nahi izanez gero, ebazpen horretan zehaztutako epean aurkeztu beharko dira.

Epaimahaiak alegazioak aztertu ondoren, halakorik bada behintzat, epaimahaiburuak ebazpen bidez argitaratuko du hautaproba egiteko onartuen behin betiko zerrenda, eta, horrekin batera, proba non, zein egunetan eta zein ordutan den adieraziko du.

Inoiz ikusi edo detektatuz gero norbaitek ez dituela betetzen ebazpen honetan eskatutako betekizunak, errekerimendu hau egingo zaio: hamar balioduneko epean zuzen dezala okerra edo aurkez ditzala beharrezko agiriak.

Eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada aurreko paragrafoan finkatzen den epearen barruan, edo dokumentazio hori eta aurrekariak arteztuta ikusten bada dena delakoak ez dituela betetzen ebazpen honetan eskatutako baldintzak, alegazioak aztertu ondoren, ebazpena emango da: gerta daiteke pertsona hori deialdi honetatik kanpo geratzea, hargatik eragotzi gabe onartzeko eskabidean egindako faltsukerien ondoriozko erantzukizuna.

Eskabidean edo proban zehar egitatezko errakuntzarik edo errakuntza materialik edo aritmetikorik ikusiz gero, edonoiz konpon daiteke, ofizioz edo interesdunak eskaturik.

Bosgarrena.– Probaren garapena.

Onartutako guztientzat egingo da proba, deialdi bakarrean, Vitoria-Gasteizen.

Proba honelakoa izango da: emandako inprimakian idatziz erantzun beharko zaie berrogei galderari gehi erreserbako lauri. Galderak deialdi honen seigarren oinarrian zehaztutako programako gaiei buruzkoak izango dira. Galdera bakoitzak bi edo hiru erantzun alternatibo izango ditu, eta bat bakarra izango da zuzena.

Probaren iraupena: minutu bat galdera bakoitzeko.

Proba etengo zaio, eta ez-gai kalifikazioa deklaratuko, proban zehar ordena nahasten duenari edo proban iruzurra edo iruzur-ahalegina egiten duenari, darabilen modua edo prozedura edozein dela ere.

Parte hartzaileak hauetako batekin azaldu beharko dira probara: indarreko NANa edo bizileku-txartela edo identitate-txartela, edo, halakorik ezean, pasaportea. Dokumentu horiek aurkeztea eska diezaioke epaimahaiak proba egiten ari den edonori, eta dokumentu horiek ez aurkezteak hau ekarriko du: proba egitera ez onartzea eta prozesutik kanpo uztea.

Seigarrena.– Programa.

Hau da probarako programa:

1.– Gidari-eskola partikularrak erregulatzeko araudia.

2.– Gidarien eta ibilgailuen izapidetze administratiboa.

3.– Enpresak antolatu eta kudeatzeari buruzko ezagutza orokorrak eta haiek gidari-eskola partikularrei aplikatzea.

4.– Antolakundeen psikologia.

Proba horretarako programa zehatza gai eta guzti adieraziko du epaimahai kalifikatzaileak informazio-ohar baten bidez aurrerapen nahikoarekin.

Zazpigarrena.– Kalifikazio-sistema.

Probako kalifikazioak gai eta ez-gai izango dira.

Gai deklaratua izateko, erantzun zuzena eman beharko zaie proba osoaren 40 galderetatik 34ri.

Proba hori gainditzea, hain zuzen ere, Gidari Eskola Pribatuko Zuzendariaren Gaitasun Agiria lortzeko eta emateko oinarria izango da, Gidarientzako Eskola Partikularren Erregelamendu Erregulatzailea onesten duen 1295/2003 Errege Dekretuaren 47. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Zortzigarrena.– Proban lortutako kalifikazioen zerrenda.

Proba kalifikatutakoan, gainditu dutenen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Zerrenda hori behin betiko bihurtuko da alegazioak aztertu ondoren, halakorik aurkezten bada.

Bederatzigarrena.– Informazioa.

Deialdian jasotako informazioaz gain beharrezko eta osagarri diren beste informazio batzuk honako hauetan jaso eta emango dira ezagutzera: onartutakoen, bazter utzitakoen eta proba gainditu duten hautagaien zerrendetan hain zuzen ere. Informazio horiek Interneteko helbide honetan argitaratuko dira: www.trafikoa.eus

Hamargarrena.– Errekurtsoak.

Epaimahaiaren behin betiko ebazpenen eta izapide-egintzen aurka –azken horiek gaiaren funtsari zuzenean edo zeharka eragiten badiote eta deialdian aurrera egiteko ezintasuna badakarte edo legezko interesei edo eskubideei kalte konponezina badakarkiete–, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Trafikoko zuzendariari, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoaren arabera.

Era berean, interesdunek beren interesak defendatzeko komenigarritzat jotzen duten beste edozein errekurtso jar dezakete.

Hamaikagarrena.– Kalifikazio-epaimahaia.

1.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoetarako xedatutakoarekin bat jardungo du epaimahai kalifikatzaileak. Hala, ebazpen hau interpretatzeko orduan plantea daitezkeen zalantzak eta gaiak ebazteko, behar duen adina aldiz bilduko da.

Epaimahaiari dagozkio: batetik, probak garatu eta kalifikatzea; bestetik, oinarri hauek aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak ebaztea, eta, azkenik, oinarrietan aurreikusi gabeko kasuetan zer egin behar den ebaztea. Epaimahaiak bilkura bakoitzaren akta egingo du.

Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, hau izango da epaimahaiaren egoitza:

Gidari Eskola Pribatuko Zuzendariaren Gaitasun Agiria lortzeko epaimahaia.

Trafiko Zuzendaritza

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Honakoak izango dira epaimahai kalifikatzailearen kideak:

Epaimahaiburua: M.ª Victoria Dueñas Beltrán de Heredia andrea.

Ordezkoa: Ander Hormaetxe Azumendi jauna.

Epaimahaikideak:

M.ª Jesús Iturralde Arriaga andrea.

Carolina Fernandez Santos andrea.

Naiara Molinuevo González andrea.

Ordezkoak:

Iñaki Eguiara Garay jauna.

M.ª Victoria Fernández García andrea.

Elisabeth Navarro Lizarralde andrea.

Idazkaria: M.ª Esther Montes Pereda andrea.

Ordezkoa: Idoia Berasain Teruelo andrea.

Gainera, epaimahai kalifikatzaile horretako kide izango dira Gobernu Zentraleko Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari hauek:

Titularra: Justiniano Redondo Bermejo jauna, Arabako Trafikoko probintzia-burua.

Ordezkoa: Esther Martín Jiménez andrea, Bizkaiko Trafikoko probintzia-burua.

2.– Hautaprobaren epaimahai kalifikatzailean parte hartzea honela ordainduko da: zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari gisa parte hartzen dutenei ere araudi bera aplikatuko zaie.

Hamabigarrena.– Gaitasun-agiria ematea.

Proban gai kalifikazioa lortzen dutenek tasa hau ordaindu beharko dute: Gidari Eskola Pribatuko Zuzendariaren Gaitasun Agiria emateari dagokiona.

Hamahirugarrena.– Azken xedapena.

Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Segurtasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47. eta 48. artikuluekin lotuta 112.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 29a.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.


Azterketa dokumentala