Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2021eko otsailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1020

28/2021 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Emergentziak Erakundeko zuzendari gerentearena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Emergentziak Erakundean Erizaintzako Adjuntuaren lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egiten den.

Emergentziak Erakundean Erizaintzako Adjuntuaren lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarrien arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

– Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea dagokion lanbide-taldean: B1.

– B1 lanbide-taldeari dagokion titulazioa edukitzea.

– B1 lanbide-taldean 4 urteko lan-esperientzia gutxienez edukitzea.

– Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako betebeharrak.

2.– Kontuan hartuko diren merezimenduak.

Lanpostu honetan aritzeko interesgarriak eta baliotsuak diren beste merezimendu batzuk aurkeztu ahal izango dira.

3.– Euskararen ezagutza.

Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, eta berau garatzen duten arauek, xedatutakoaren arabera baloratuko da.

4.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetzako Emergentziak Erakundeko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, helbide honetan: María Díaz de Haro 53, 48010 Bilbao. Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran.

Interesdunek eskabidea datu pertsonal guztiekin, eta dokumentatutako curriculum vitae-rekin batera, bidali beharko dute. Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Kontuan hartzeko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango.

6.– Hautatzeko prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merituak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedurari amaiera ematen dion Ebazpena.

Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea) Osakidetzako Emergentziak Erakundeko zuzendari gerentearen ebazpenaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bilbao, 2021eko otsailaren 4a.

Emergentziak Erakundeko zuzendari gerentea,

OSCAR ALLER GARCIA.


Azterketa dokumentala