Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2021eko otsailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1016

AGINDUA, 2021eko otsailaren 16koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, agindu honen huts-zuzenketa egiten duena: Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Agindua, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautzen dituena, eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituena.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuak 18.2.b) artikuluan xedatzen duenez, argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariak zuzenduko ditu, baldin eta nabarmenak badira, dokumentuen esanahia aldatzen ez badute, eta nahasbiderik ez sortzeko komeni bada.

Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 18.2.c) artikuluak ezartzen du, argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak maila bereko xedapen baten bitartez zuzenduko direla, baldin eta nabarmenak ez badira eta horiek zuzentzearen ondorioz dokumentuaren edukia edo esanahia benetan edo itxuraz aldatzen bada.

Hutsak aurkitu dira 2020ko irailaren 9ko Aginduan (2020ko irailaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 191. zk.), eta zuzendu egiten dira. Zehazki, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarrituriko komunikazio-gaitasuneko mailak egiaztatzeko prozesuetan parte hartzeko behar den adinari buruzko xedapena zuzendu da, kontuan hartuta beharrezkoa den adina euskaltegietako eta helduentzako euskara-irakaskuntza duten beste zentro homologatuetako ikasle izateko, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera (179/2003 Dekretua, uztailaren 22koa, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duena).

Era berean, gramatikari, zenbakiei edo izendapenei loturiko beste alderdi batzuez gain, deialdi eta azterketaldi hitzen erabilera ere zuzendu da testuan zehar, bai eta 50. artikuluan jasotako arau-igorpena ere; eta 11.6, 12.6, 43.2 eta 53.2 artikuluei berriro idatzi dira bertan jasotako xedapenen edukiaren irismena argitzeko.

– 2020/3876 (31/7) orrialdean, 11.6 artikuluan, honako hau esaten duenean:

«Ikasle bat matrikulatuta dagoen ikastaroko helburu-mailara iritsi ez, eta euskaltegiko mailaren atalasearen gaineko ebaluazioan HEOCean zedarritutako helburu-maila horren aurreko maila gainditzen badu, HABEren euskaltegietako ikasleentzako hurrengo deialdian gainditutako maila horretan matrikulatu ahal izango da, Agindu honen III. kapituluan ezarritako irizpide eta jarraibideak betez.»

Honela esan behar du:

«Ikasle bat matrikulatuta dagoen ikastaroko helburu-mailara iritsi ez, eta euskaltegiko mailaren atalasearen gaineko ebaluazioan HEOCean zedarritutako helburu-maila horren aurreko maila gainditzen badu, HABEren euskaltegietako ikasleentzako hurrengo azterketaldian gainditutako maila horretan matrikulatu ahal izango da, agindu honen III. kapituluan ezarritako irizpide eta jarraibideak betez.»

– 2020/3876 (31/8) orrialdean, 12.2 artikuluan, honako hau esaten duenean:

«Egiaztatzegintzaren proba egiteko, ezinbesteko baldintza izango da egiaztatze-proba hori egingo den egunean hamasei urte beteta edukitzea.»

Honela esan behar du:

«HABEk euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleentzako egiten dituen egiaztatzegintza-deialdietan matrikulatzeko, azterketariak ikasgu horietako ikasle izateko uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoa bete beharko du. Agindu honetako 14. artikuluan aurreikusitako HABEren egiaztatzegintzarako beste deialdi-motetan matrikulatzeko, ezinbesteko baldintza izango da azterketariak hamasei urte beteta izatea izena eman nahi duen azterketaldiko matrikula egiteko epearen barruan».

– 2020/3876 (31/8) orrialdean, 12.4 artikuluan, honako hau esaten duenean:

«Hautagai bakoitza maila bakar batean matrikulatu ahal izango da sei hilean behin egiten den deialdi bakoitzean, HABEren deialdi mota guztiak kontuan harturik.»

Honela esan behar du:

«Hautagai bakoitza maila bakar batean matrikulatu ahal izango da sei hilean behin egiten den azterketaldian, HABEren deialdi mota guztiak kontuan harturik.»

– 2020/3876 (31/8) orrialdean, 12.5 artikuluan, honako hau esaten duenean:

«Euskaltegian mailaren atalasearen gaineko ebaluazioa gainditzen duten ikasleek aukera izango dute ebaluazio-data horren ondorengo HABEren euskaltegietako ikasleentzako hurrengo bi deialdietan matrikulatzeko.»

Honela esan behar du:

«Euskaltegian mailaren atalasearen gaineko ebaluazioa gainditzen duten ikasleek aukera izango dute ebaluazio-data horren ondorengo HABEren euskaltegietako ikasleentzako hurrengo bi azterketaldietan matrikulatzeko.»

– 2020/3876 (31/8) orrialdean, 12.6 artikuluan, honako hau esaten duenean:

«Lehen deialdian entzumen- eta irakurmen-probak bakarrik gainditu dituen B1, B2, C1 eta C2 mailetako ikasleari trebetasun-proba horietako emaitzak gordeko zaizkio bigarren deialdirako, eta, honenbestez, idazmen- eta mintzamen-probak bakarrik egin beharko ditu. Halaber, entzumen- eta irakurmen-probak ez ezik, idazmeneko proba ere gaindituko balu, soilik mintzamen-proba egin beharko luke bigarren deialdian.»

Honela esan behar du:

«Deialdi bakoitzeko lehen azterketaldian entzumen- eta irakurmen-probak bakarrik gainditu dituen B1, B2, C1 eta C2 mailetako ikasleari trebetasun-proba horietako emaitzak gordeko zaizkio deialdi bereko bigarren azterketaldirako, eta, honenbestez, idazmen- eta mintzamen-probak bakarrik egin beharko ditu. Halaber, entzumen- eta irakurmen-probak ez ezik, idazmeneko proba ere gaindituko balu, soilik mintzamen-proba egin beharko luke bigarren deialdi bereko azterketaldian.

Horrezaz gain, HABEren zuzendaritza nagusiak lege-xedapenez babestutako egoeratan dauden azterketarien kasuei egoki eta zuzen erantzuteko, urte bakoitzeko deialdiaren oinarrietan ahalbidetu dezake, aurreko azterketaldian egoera horretan zegoen azterketariak parte hartzerik izan ez badu, egindako matrikula-ordaina egintzat ematea, eta hala badagokio, jadanik lortutako emaitzak hurrengo azterketaldirako gordetzea, baita urte bateko bigarren azterketalditik hurrengo urteko lehen azterketaldirakoak ere».

– 2020/3876 (31/8) orrialdean, 15.1.a) artikuluan, honako hau esaten duenean:

«Euskaltegietako edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei zuzendutako deialdiek lehentasuna izango dute HABEk burutzen dituen egiaztatzegintza-jardunbideen artean, eta gutxienez urtero bitan deituko ditu HABEren zuzendariak, ebazpenez.»

Honela esan behar du:

«Euskaltegietako edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei zuzendutako deialdiek lehentasuna izango dute HABEk burutzen dituen egiaztatzegintza-jardunbideen artean. Gutxienez, bi azterketaldi deituko ditu urtero HABEren zuzendariak, ebazpenez.»

– 2020/3876 (31/8) orrialdean, 15.1.b) artikuluan, honako hau esaten duenean:

«(...) ikasleek egiaztatze-deialdian matrikulatu aurretik.»

Honela esan behar du:

«(...) ikasleak egiaztatze-deialdian matrikulatu aurretik.»

– 2020/3876 (31/9) orrialdean, 15.2 artikuluan, honako hau esaten duenean:

«Helduei zuzendutako sarbide libreko deialdi irekiak, bertsio klasikoan, papera euskarri, edo euskarri digitalean era elektronikoan. Urtean bitan euskaltegiko ikasleentzako azterketaldien data bertsuetan egingo diren deialdi irekietan, azterketariak hizkuntza-trebetasun bakoitzean duen komunikagaitasuna ebaluatuko da, elkarreraginean eta bitartekaritzan, trebetasun bateratuen arabera egituratuko diren atazen bidez.»

Honela esan behar du:

«Helduei zuzendutako sarbide libreko deialdi irekiak, bertsio klasikoan, papera euskarri, edo euskarri digitalean era elektronikoan. Urtean bitan, euskaltegiko ikasleentzako deialdien data bertsuetan deituko diren azterketaldi irekietan, azterketariak hizkuntza-trebetasun bakoitzean duen komunikagaitasuna ebaluatuko da, elkarreraginean eta bitartekaritzan, trebetasun bateratuen arabera egituratuko diren atazen bidez.»

– 2020/3876 (31/11) orrialdean, 18. artikuluan, honako hau esaten duenean:

«Matrikularen ordainari dagokionez, deialdi bakoitzaren matrikula-epealdia irekitzen denean, HABEk eskainitako jardueren prezio publikoak finkatzeko, indarrean dagoen araudiaren araberako prezioak aplikatuko dira.»

Honela esan behar du:

«Matrikularen ordainari dagokionez, azterketaldi bakoitzaren matrikula-epealdia irekitzen denean, HABEk eskainitako jardueren prezio publikoak finkatzeko, indarrean dagoen araudiaren araberako prezioak aplikatuko dira.»

– 2020/3876 (31/12) orrialdean, 20.6 artikuluan, honako hau esaten denean:

«6.– Horretarako, HABEren Ebaluazio- eta Egiaztatzerako Arloak prestatu dituen proben pilotatze-saioak programatuko ditu urtero, xede izanik, proba horien bideragarritasunari, fidagarritasunari eta baliozkotasunari buruzko datu eta informazioak eskuratzeko xedez, eta halaber testatu ahal izateko: (...).»

Honako hau esan behar da:

«6.– Horretarako, HABEren Ebaluazio- eta Egiaztatzerako Arloak prestatu dituen proben pilotatze-saioak programatuko ditu urtero, xede izanik, proba horien bideragarritasunari, fidagarritasunari eta baliozkotasunari buruzko datu eta informazioak eskuratzea, eta halaber testatu ahal izateko: (...).»

– 2020/3876 (31/20) orrialdean, 30.1 artikuluan, honako hau esaten denean:

«Ikasleek HABEren egiaztatzegintzarako deialdiren batean matrikula egitean eskatu beharko dute egiaztatzegintza-proben egokitzapena.»

Honako hau esan behar du:

«Ikasleek HABEren egiaztatzegintzarako azterketaldiren batean matrikula egitean eskatu beharko dute egiaztatzegintza-proben egokitzapena.»

– 2020/3876 (31/25) orrialdean, 43.2 artikuluan, honako hau esaten duenean:

«– Salbuespenezko egoeretan, azterketa-lekua eta eguna aldatzea, betiere deialdi bakoitzaren ebazpenetan ezarritako baldintzak eta epeak bete direnean.»

Honako hau esan behar da:

«– Salbuespenezko egoeretan, azterketa-lekua eta eguna aldatzea, betiere deialdi bakoitzaren oinarrietan ezarritako baldintzen eta epe-mugen arabera.»

– 2020/3876 (31/27) orrialdean, 46.3 artikuluan, honako hau esaten duenean:

«Egiaztatzegintza-deialdien kasuan, ziurtagirien eraginkortasun-data deialdiaren behin betiko emaitzak argitaratzen diren egunekoa izango da.»

Honako hau esan behar du:

«Egiaztatzegintza-deialdien kasuan, ziurtagirien eraginkortasun-data azterketaldiaren behin betiko emaitzak argitaratzen diren egunekoa izango da.»

– 2020/3876 (31/27) orrialdean, 48. artikuluan:

– Goiburuan, honako hau esaten denean:

«48. artikulua.– HEOCaren gaitasun-mailei buruzko ziurtagirien Erregistroa.»

Honako hau esan behar da:

«48. artikulua.– HEOCean zedarrituriko komunikagaitasun-mailen ziurtagirien HABEren Erregistroa.»

– Artikuluaren testuan, honakoaren ordez:

«Agindu honetan xedatutakoaren arabera euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek eta deialdietako azterketariek egiaztatzen dituzten euskararen gaitasun-mailak HEOCaren gaitasun-mailen ziurtagirien HABEren Erregistroan inskribatuko dira. Erregistro honetan, pertsona bakoitzari buruzko identifikazio-datuekin batera, egiaztatutako HEOCaren gaitasun-maila edo mailak eta egiaztatze-data jasoko dira.»

Honakoa esan behar da:

«Agindu honetan xedatutakoaren arabera euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek eta deialdietako azterketariek egiaztatzen dituzten euskararen gaitasun-mailak HEOCean zedarrituriko komunikagaitasun-mailen ziurtagirien HABEren Erregistroan inskribatuko dira. Erregistro honetan, pertsona bakoitzari buruzko identifikazio-datuekin batera, egiaztatutako HEOCaren gaitasun-maila edo mailak eta egiaztatze-data jasoko dira.»

– 2020/3876 (31/28) orrialdean, 50. artikuluan («Datu pertsonalen babesa»), 1. puntuaren hirugarren paragrafoan, bigarren gidoiaren ondoren datorren testuak honela dio:

«Euskararen ezagutza egiaztatzeko ziurtagiriak HABEren erregistroan inskribatzea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduaren 19. artikuluan xedatutakoaren arabera.»

Baina honela esan behar du:

«HEOCean zedarrituriko komunikagaitasun-mailen ziurtagirien HABEren Erregistroan inskribatzea, agindu honen 48. artikuluan xedatutakoaren arabera.»

– 2020/3876 (31/29) orrialdean, 53. artikuluan, 2. puntuan, honako hau esaten denean:

«Urteroko deialdi horrek xede du euskaltegietako ikasleei diru-ordaina ematea azkeneko bi ikasturtetan egindako ikastaroetan matrikulatzeko egindako diru-ekarpenengatik.»

Honela esan behar du:

«Urteroko deialdi horrek xede du euskaltegietako ikastaroetan matrikulatutako ikasleei, gehienez ere, azkeneko bi ikasturteetako matrikulengatik egindako diru-ekarpenengatiko diru-ordaina ematea.»

– 2020/3876 (31/29) orrialdean, 53. artikuluan, 4. puntuan, honako hau esaten denean:

«Agindu honen 54.3 artikuluan»

honako hau esan behar da:

«artikulu honen 3. apartatuan».

– 2020/3876 (31/30) orrialdean, bigarren xedapen iragankorrean, lehen paragrafoan, honako hau esaten denean:

«35.2»

honako hau esan behar da:

«35.3».

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 16a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala