Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

37. zk., 2021eko otsailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
958

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 15ekoa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bitartez hasiera ematen baitzaio Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastien Paisaia Kulturala (Araba) monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun deklaratu zuen ekainaren 3ko 89/2014 Dekretua aldatzeko espedienteari. Era berean, interesdunei entzunaldia ematen zaie eta jendaurrean jartzen da aipatutako espedientea.

Uztailaren 17ko 265/1984 Dekretuaren bidez (1984ko abuztuaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua), La Hoyako Esparru Arkeologikoa (Guardia) Monumentu Historiko-artistiko nazional eta babestu deklaratu zen. Adierazpen hartan ez zen zehaztu esparruaren mugaketa, ez eta babes-araubidea ere.

Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legea onartu ondoren, eta haren Lehenengo Xedapen Gehigarriak xedatzen zuena kontuan hartuta, historiko-artistiko gisa deklaratutako ondasunak Interes Kulturaleko Ondasuntzat hartu eta izendatu ziren.

Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Eskumen oso hori baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, eta haren Lehenengo Xedapen Gehigarrian ezarri zen aurreko arauaren arabera Interes Kulturaleko Ondasun gisa deklaratutako ondasunak Kalifikatutako Kultura Ondasuntzat joko zirela.

1996an, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen maiatzaren 23ko Ebazpenaren bidez, espedientea ireki zen, besteak beste, La Hoyako Esparru Arkeologikoa mugatzeko, eta ebazpen horren I. eranskin gisa eremu hori mugatzeko proposamena sartu zen.

Geroago, Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastien Paisaia Kulturala (Araba) monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun deklaratu zuen ekainaren 3ko 89/2014 Dekretuan sartu zen La Hoya Herrixka, aipatutako monumentu-multzoan sartuko ziren eta aldez aurretik deklaratuta eta babestuta zeuden Eremu Arkeologikoen artean (aipatutako dekretuaren IV. eranskina). Era berean, La Hoya Herrixkaren Eremu Arkeologikoaren mugaketa grafikoki jaso zen aipatutako dekretuaren II. eranskineko A-2/6 planoan (aipatutako planoaren 55. elementua), 1996an argitaratutako mugaketaren arabera.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea indarrean sartu zenean, La Hoya Herrixka, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea indarrean jarri aurretik interes kulturaleko deklaratu zena, babes bereziko kultura-ondasuntzat jo zen, mota horretako ondasunei dagokien babes-araubide juridikoaren mende geratuta. Orain arte ez du babes-araubide berezirik izan.

Ondorio horietarako, 6/2019 Legearen 36. artikuluak hau xedatzen du lehen apartatuan: «Babes berezia duten kultura-ondasunak lege honetan aurreikusitako babes-araubidearen bitartez arautuko dira, bai eta ondasun bakoitzaren deklarazioan ezartzen den berariazko araubidearen bitartez ere».

Urteotan Eremu Arkeologiko horren gaineko ezagutza areagotu egin denez, eta eremu horretan aplikatu beharreko araubide bakarra araubide orokorra dela kontuan hartuta, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko Zerbitzu Teknikoek txostena egin dute, eta, bertan, egiaztatu da komenigarria dela ekainaren 3ko 89/2014 Dekretua aldatzea, eta horretarako aukera ere badagoela. Modu horretan, ekainaren 3ko 89/2014 Dekretuaren II. eranskinean jasotako La Hoya Herrixkaren mugaketa doitu ahal izango da, bai eta Eremu Arkeologiko horretarako babes-araubide berezia ezarri ere.

Zerbitzu teknikoek egindako ebazpen-proposamena aztertu ondoren, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 12. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastien Paisaia Kulturala (Araba) monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun deklaratu zuen ekainaren 3ko 89/2014 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera ematea, eranskin berri bat sartzeko bertan. Eranskin horretan, La Hoya Herrixkarentzako babes-araubide berezia jasoko da eta haren mugak zehaztuko dira.

Espediente hori hastearekin batera, ondasuna babesteko araubide berezia berehala eta behin-behinean aplikatuko da.

Bigarrena.– Denbora-tarte batez, ekainaren 3ko 89/2014 Dekretua aldatzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzea eta interesdunei entzunaldia ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketa berrian eta ebazpen honen II. eranskinean jasotzen den babes-araubide berezian oinarrituta.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 eguneko epean, egoki iritzitako alegazioak eta dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan xedatutakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Guardiako Udalari eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari jakinaraztea prozedura hau hasteak eten egiten dituela, ondasun higiezinen kasuan, eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, bai eta lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubide berezian ezarritakoaren arabera.

Babestutako eremuan ezinbestean obraren bat egin beharko balitz, Arabako Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko litzateke derrigorrean.

Laugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenekin bat etorriz.

Bosgarrena.– Espedienteari hasiera emateko ebazpen honen berri ematea Guardiako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jendeak haren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 15a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

I. ERANSKINA
LA HOYA HERRIXKAREN MUGAKETA BERRIA

La Hoya Herrixka harresiz inguratutako esparruaren mugen barruan dago. Indusketa arkeologikoei esker, harresiaren barruan Burdin Aroko Herrixka gotortu baten egiturak daudela egiaztatu da, bai eta inguruan beste eremu bat dagoela ere, Herrixka ondo kontserbatzeko aukera ematen duena.

Inguru hori finkatzeko irizpidea, azken urteotan egindako lan arkeologiko ugarietatik lortutako emaitzez gain, aztarnategia babestu beharra izan da; hain zuzen ere, aztarnategiarekin zerikusirik ez duen edozein kutsadura bisualetik babestu beharra. Horretarako, inguruaren topografiaren berezko elementuak erabili dira euskarri gisa: errekak, bideak eta abar.

Muga horiek zehatzago identifikatzeko, 1. planoa gehitu da eranskin honetan.

La Hoya Herrixkaren mugaketa horretan oinarrituta, aldatu egiten da A-2/6 planoa, Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastien Paisaia Kulturala (Araba) monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun deklaratu zuen ekainaren 3ko 89/2014 Dekretuko II. eranskinean jasotakoa eta 2014ko ekainaren 13ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutakoa (111. zk.). Haren ordez, 2. zk.-ko planoa gehitu da, eranskin honetan jasotakoa.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
LA HOYA HERRIXKAREN BABES-ARAUBIDE BEREZIA

1.– Zonifikazioa.

Bi eremu daude:

1.– 1. eremua. Zaintza Zorrotzeko Eremua.

Horren barruan daude 474, 475 eta 816. katastro-partzelak, eta, hain zuzen ere, hortxe daude museo bihurtutako herrixkaren hondarrak eta Interpretazio Zentroa.

2.– 2. eremua. La Hoya Herrixka babesteko eremua.

Hauek dira 2. eremuaren mugak: 1. eremuaren mugaketa-lerroa, eta ondoren zehazten diren mugak. Iparraldean, inguruaren mugak bat egiten du Errotarien Bidearekiko mugakide diren partzelen iparraldeko mugarekin: 472. partzelaren ipar-mendebaldeko erpinetik hasi, eta 471, 470, 469, 436, 437, 814, 440 eta 441. partzeletatik pasatuz. 441. partzelaren ipar-ekialdeko erpinetik, mugak hegoalderantz egiten du, eta 441, 811, 433, 430, 429, 428, 810, 422, 421 eta 420. partzelen ekialdeko mugatik doa, hegoalderantz. 420. partzelaren hegoaldeko erpinera iristean, Interpretazio Zentrora sartzeko aldaparen hasierarekin eta La Hoya Herrixkako museo-eremuarekin bat etorriz, mendebalderantz egiten du, 483, 484, 485, 486, 818 eta 490. partzelen hegoaldeko mugan. 490. partzelaren hego-mendebaldeko erpinetik, iparralderantz egiten du bira, eta bere mugak bat egiten du 490, 489, 488, 819, 820, 473 eta 822. partzelen mendebaldeko mugarekin, eta, berriz ere, 472. partzelara iristen da, non Errotarien Bidearekin egiten baitugu topo, eremu arkeologikoaren iparraldeko mugarekin bat eginez.

2.– 1. eremuaren babes-araubide berezia.

1.– Irizpide orokorra.

Eremu arkeologiko honen babes-maila bereziarekin bat etorrita, eremu honetan jarraitu beharreko irizpidea da ez baimentzea aztarnategi arkeologikoa arriskuan jarri edo honda dezakeen erabilerarik eta jarduerarik: ez soilik higiezinen hondarrak suntsitzeari dagokionez (ikusteko moduan daudenak nahiz lurpean ezkutatuta daudenak), baizik eta gordailu arkeologikoaren ordena historikoa eralda dezakeen edozein jarduera ere.

2.– Baimendutako erabilerak.

Lehen adierazitakoaren arabera, eremu horretan baimendutako erabilerak zientifikoak eta kulturalak izango dira soilik.

Babes-araubide honetan zehazten diren erabilerak eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ondorengo arauetan adierazten ez diren erabilera eta jarduera guztiak bateraezinak izango dira emandako babesarekin.

3.– Baimendutako esku-hartzeen erregimena.

Planteatutako esku-hartzeak soilik izango dira ingurua finkatzekoak, kontserbatzekoak eta/edo zaharberritzekoak eta balioa ematera bideratutakoak, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 64. artikuluan aipatutakoak ere.

Irizpide orokorraren arabera baimendutako esku-hartzeak jarraian adierazten den moduan ulertu beharko dira, eta, nolanahi ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan (bereziki 1., 4. eta 5. apartatuetan) eta 35., 37. eta 38.3 artikuluetan ezarritakoa errespetatu beharko da. artikulu horietan, eremu arkeologikoetan esku-hartzeak egiteko irizpideak eta baldintzak ezartzen dira:

1) Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 64. artikuluan aipatutako esku-hartze arkeologikoak.

Ezinbestekoa da aurrez pentsatutako plan baten bidez lan egitea, eta aurki daitezkeen hondakinen gaineko jarduketa-aurreikuspenak jasotzea plan horretan.

2) Zaharberritzea.

Zaharberritze-lanak egiteko, zaharberritu nahi denari buruzko azterketa zehatza egin beharko da, horretarako metodologia arkeologikoa aplikatuz. Azterlan horrek multzoaren berreraikuntza zehatza eta balioztatzea ziurtatuko duten oinarriak eta irizpideak ezarri beharko ditu, haren eraikuntza- eta okupazio-historiaren arabera (azterketa eta ikerketa horren emaitza gisa). Gainera, ez du kanpoko irizpiderik ezarriko.

Interes eta kontserbazio-maila handia duten aztarnategi-zatiak zaharberrituko dira, horien azterketa arkeologikoa amaitu ondoren.

Zaharberritze-prozesu oro aztarnategiari balioa emateko programa global baten barruan sartuko da. Horretarako, gaian adituak diren pertsonak egongo dira zuzendaritza-taldean, eta horien artean arkeologia-arloko profesionalak, erabakigarriak izango direnak jarduerak arautuko dituzten irizpideak ezartzeko orduan, hondakinak modu fidelean berreraikitzeari dagokionez.

Erabilitako teknikak eta materialak edozein direla ere, bermatuta geratuko da horien bitartez aztarnategian aplikatutako tratamenduak itzulgarriak izango direla, eta ez dela horien aztarnarik geratuko.

Multzoko parteren bat apurtzen bada, berreraiki ahal izango da, baldin eta hori egitea beharrezkotzat jotzen bada multzoa ulertu eta interpretatzeko; hala ere, berreraikitze-mailak ez du multzoaren ikuspegia menderatuko. Nolanahi ere, berreraikuntzak fidela izan beharko du jatorrizko egiturarekiko, azterketa arkeologikoak ezarritako jarraibideen arabera. Hain zuzen ere, azterketa horrek berreraiki beharreko zatiari buruzko informazio zehatza eta sinesgarria eman beharko du, bai eta horretarako irizpideak ere. Ahal dela, jatorrizko materialak berrerabiliko dira, edo, bestela, kolorez, formaz, egituraz eta abarrez antzekoak diren materialak. Hala ere, jatorrizko egituraren zatia eta berreraikia argi bereiztea izango da errespetatu beharreko arau nagusia.

3) Finkapena eta kontserbazioa.

Aztarnategi arkeologikoetako egiturak, materialak eta abar (harresia, eraispeneko elementuak, hobia, betegarria, bizitokietako egituren hondarrak, hormak, zutoin-zuloak, materialak eta abar) babesteko egiten diren jarduketa, tratamendu eta esku-hartzerik berehalakoenak dira, aipatutako elementuak finkatzeko eta sendotzeko egiten direnak, ez daitezen hondatu, hobeto ikus daitezen, eta beraiei buruzko ulermena eta zabalkundea ahalbidetu dadin. Batez ere, ikuspuntu historiko-arkeologikotik esanguratsuak diren egiturei aplikatuko zaie.

Finkapenerako eta kontserbaziorako programak sustatu beharko dira, aztarnategian egin beharreko jarduerak artikulatzeko. Modu horretan, aztarnategia zainduta egongo dela bermatuko da, babes-araubide honen babespeko edozein jarduera egiten den bitartean eta egin ondoren.

Programa horiek Arabako Foru Aldundiko kultura-ondarearen arloan eskumena duen sailak artikulatu beharko ditu, arkeologiako profesionalen aholkularitzarekin betiere. Era berean, prozesu horiek itzulgarriak izango dira beti.

Nolanahi ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 68.2 artikuluaren arabera, finkatzeko, zaharberritzeko edo balioa emateko proiektu orok Arabako Foru Aldundiaren baimena izan beharko du.

4.– Jarduera kulturalak eta aztarnategiaren zabalkundea.

Jarduera kulturalak garatu eta sustatu ahal izango dira leku hori eta bertako ondarearen balioaren zabalkundea egiteko eta ezagutarazteko, baldin eta jarduera horiek bateragarriak badira aztarnategiko hondakinak kontserbatzearekin.

1. eremuaren mugen barruan egin beharreko jarduera kultural horietako edozein Arabako Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen sailak sustatzen ez duenean, aldez aurretik Arabako Foru Aldundian arkeologiaren arloan eskumena duen organoaren baimena beharko da, ziurtatu ahal izateko jarduera hori bateragarria dela aztarnategiaren kontserbazioarekin.

5.– Eraikuntzakoak ez diren erabilera eta jarduera baimenduak.

Eraikuntza arloko erabilera eta jarduerei dagokienez, soil-soilik baimenduko dira ingurua babestea helburu dutenak, bai eta ikerketa edota zabalkunde kulturalerako bideratuta dauden eta horretarako beharrezkotzat jotzen diren eraikinak eta instalazioak ere (esate baterako, Interpretazio Zentroaren eraikina).

Eraikin horretako instalazioak kontserbatzeko, birmoldatzeko, hobetzeko edo berritzeko egiten diren esku-hartzeek eraginen bat baldin badute eraikin horren zorupean edo museoaren gainerako esparruan, azterketa arkeologikoa egin beharko da aldez aurretik, eta Arabako Foru Aldundian ondare arkeologikoaren arloko eskumena duen organoak baimendu beharko ditu aipatutako esku-hartzeak.

3.– 2. eremuaren babes-araubide berezia.

1.– Irizpide orokorra.

Eremu honetan jarraitu beharreko irizpidea honako hau da: aztarnategiaren inguruko paisaiari kalte egin diezaioketen erabilerak eta jarduerak ez onartzea, edo kutsadura bisuala edo akustikoa sor dezakeen (eta, ondorioz, ingurua behatzeari eta inguruaz gozatzeari kalte egin diezaiokeen) elementurik ez instalatzea, bai eta lurpean egon daitezkeen hondar arkeologikoak kontrolik gabe suntsitzea saihestea ere.

2.– Erabilera eta jarduera baimenduak eta debekatuak.

1) Nekazaritza- eta abeltzaintza-arloko erabilera.

Gaur egungo nekazaritza- eta abeltzaintza-arloko erabilera baimentzen da lurzoru urbanizaezinean.

Ezin da abeltzaintza-ustiategi intentsiborik ezarri.

2) Industria-arloko erabilera.

Debekatuta daude industria-arloko erabilera guztiak, baita upategiak ere, edozein neurritakoak direla ere.

3) Eraikuntza-arloko erabilerak eta jarduerak.

Debekatuta daude eraikuntza-arloko erabilerak eta jarduerak, honako helburu hauetakoak izan ezik: hornidura-, saneamendu-, elektrizitate- edo komunikazio-azpiegiturak lurpetik eraikitzea, bai eta 2. eremu honetan sartutako partzelei zerbitzua ematen dieten bideak konpontzea eta mantentzea ere.

Era berean, eraikin aurrefabrikatuak aldi baterako instalatzea onartzen da, betiere lurperatutako azpiegituretarako baimendutako proiektuak gauzatzearekin lotuta badaude edo, landa-lanak dituztelako, hala jokatzea eskatzen duten ikerketa-jarduerak egin behar badira. Dagokion obra edo jarduera amaitzen denean, aldi baterako eraikuntza horiek kendu egin beharko dira, eta okupatu dituzten lursailak jatorrizko egoerara itzuli beharko dira edo ingurumena lehengoratzeko tratamendua jaso beharko dute.

4) Bideen erabilera.

Partzeletara sartu beharra duten ibilgailuen zirkulazioa onartzen da, baldin eta 2. eremuan dauden bideek zerbitzua ematen badie partzela horiei.

5) Aldez aurreko baimenak eta gainjarritako baldintzak.

60 cm-ko sakonerako edo gehiagoko lurrak hondeatu edo mugitu beharra eskatzen duten lanak (lur-iraulketak, lurpe-lanketak edo bestelakoak) dituzten nekazaritza-jarduerek, babes-araubide honen arabera baimendutako edozein eraikuntza-jardueraren kasuan bezala, Arabako Foru Aldundian arkeologia-ondarearen arloko eskumena duen organoaren aldez aurreko baimena beharko dute, eta organo horren aurrean proiektu arkeologiko bat aurkeztu beharko da, eska daitezkeen gainerako administrazio-baimenak eta hirigintza-lizentziak eman aurretik.

Edozein esku-hartze arkeologiko amaitzen denean, agerian geratutako egiturak eta hondar higiezinak euren ingurunean integratzea sustatuko da, eta eraikuntzaren bideragarritasuna, kanalizazioa edo dena delakoa bateratu egingo da egitura horien kontserbazioarekin eta balioa ematearekin.


Azterketa dokumentala