Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2021eko otsailaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
837

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 22koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta argitaratzea (hitzarmen-kodea: 86100302012017).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2020ko abenduaren 18an, REGCONen aurkeztu zen aipatutako hitzarmenaren aldaketa partzialari buruzko dokumentazioa.

Bigarrena.– Aipatutako hitzarmenaren sinatzaileek izendatu zuten erregistratzeko, gordailutzeko eta argitaratzeko eskabidea izapidetu behar zuen pertsona.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta saila bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) Lan eta Enplegu Saila sortzen du 2. artikuluan, eta 6. artikuluan, berriz, lan-harremanen arloko lan-legeria betearazteko eskumena, besteak beste, esleitzen dio sailari. Bestalde, dekretu horren xedapen iragankor bakarrak adierazten duenez, azken xedapenetako lehenengoan aurreikusitakoa gauzatzen den bitartean, indarrean jarraituko dute Jaurlaritzako Lehendakaritzaren eta Jaurlaritzako sailen egitura eta egitekoak zehazten dituzten arau organikoek, eta, beraz, indarrean jarraituko du Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak. Besteak beste, sail horren egitekoak dira Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro Telematikoa zuzentzea eta kudeatzea, erregistro hori arautzen duen dekretuan eta gainerako arauetan ezarritakoari jarraituz.

Bigarrena.– Prozedura honetan aplikatu beharreko funtsezko araudia xedapen hauetan dago jasota: 713/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 28koa, lan-hitzarmenak eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoa, eta 9/2011 Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzkoa.

Hirugarrena.– Aurkeztutako akordioa inskriba daitekeen egintza bat da, Lan-hitzarmenak eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Dekretuaren 2.1.a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 85., 88., 89. eta 90. artikuluetako betekizunen arabera sinatu da.

Inskripzio-eskabidea eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eskaerak, eta, beraz, Euskadiko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea akordioa inskribatu eta gordailutu dadin Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan, eta horren berri alderdiei jakinaraztea.

Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 22a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

ANGEL LAPUENTE MONTORO.

«EUSKADIKO ETXEBIZITZA ETA LURRA SA» (VISESA) ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOAREN ALDAKETA PARTZIALA EGITEKO AURREAKORDIOAREN AKTA

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 26a.

I.– Hauek bildu dira: alde batetik, «Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA» (Visesa) sozietate publikoko zuzendari nagusia, eta, bestetik, Visesako langileen legezko ordezkaria. Negoziazio-mahaiak beharrezkotzat jo du orain indarrean dagoen Visesaren hitzarmen kolektiboko zenbait manu aldatzea.

II.– Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren 2017ko otsailaren 16ko Ebazpenaren bitartez, «Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA» (Visesa) sozietatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta erregistratu zen. Ebazpen hori 2017ko martxoaren 20ko EHAAn argitaratu zen, 55. zenbakian.

III.– Hitzarmen kolektiboaren 2. artikuluaren arabera, hitzarmena 2016ko uztailaren 1etik 2020ko ekainaren 30era egongo da indarrean, eta, azken eguna iritsi baino bi hilabete aurretik alderdietako batek ere berariaz salatzen ez badu, isilbidez urtebeteko ondoz ondoko aldietarako luzatu dela ulertu beharko da. Hitzarmena salatu ondoren ere, indarrean jarraituko du, ordezkatuko duen hitzarmena lortu arte.

Bestalde, hitzarmenaren lehenengo xedapen gehigarriak adierazten du hitzarmen kolektiboaren berrikusketa partzialaren prozesua hasi ahalko dela, baldin eta hasieran hitzartutako epea iraungitzeagatik salaketarik egin ez bada. Alderdiek berrikusketa partziala negoziatzeko betebeharrak ez du ekarriko hitzarmena indargabetzea, ezta eraginkorra izatea ere, harik eta berriro negoziatutako kontuak indarrean jartzen diren arte.

IV.– Negoziazio Mahaiak, aurreko atalean aipatutako alderdiek osatzen dutenak, honako hau

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– 24. artikuluaren (Lan-denbora) 1. apartatuaren edukia aldatzea, eta honela idatzita uztea:

24. artikulua.– Lan-denbora.

1.– Urteko lanaldia.

Urteko lanaldia gehienez 1.592 ordukoa izan ahalko da, eta modalitate orotan bete ahalko dira ordu horiek.

Aurrekoa gorabehera, artikulu honetan urteko lanaldiaren guztizkoaren eta antzinatasunagatik har daitezkeen baimen-egunen eta askatasunez eta norberaren kontuetarako har daitezkeen egun libreen inguruan ezarritakoari dagokionez, hurrengo urteetarako aplika daitekeen lanaldia EAEko Administrazioko langileentzat ezarritako berbera izango da.

Urtero zehazten diren opor-egunak, askatasunez hartzeko egunak eta norberaren kontuetarakoak dagokien urte naturalaren barruan hartuko dira,

Bigarrena.– 33. artikuluaren (Oporrak) 11. apartatuaren edukia aldatzea, eta honela idatzita uztea:

33. artikulua.– Oporrak.

11.– Oporrak dagokien urte naturalean hartu ahal izango dira, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.

Hirugarrena.– 94. artikuluaren (Informazio eta Komunikazio Teknologien erabilera demokratikoa) edukia aldatzea, eta honela idatzita uztea:

94. artikulua.– Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) erabilera demokratikoa.

Bai enpresak bai Visesan lan egiten duten pertsonek Informazio eta Komunikazio Teknologia (IKT) berriek ematen dituzten tresnak etikoki eta zuzen erabiliko dituzte, produktibitatea hobetzeko, jardun profesionala errazteko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.

1.– IKTen erabilera egokiaren inguruan enpresak duen politikari dagokionez:

Enpresak lana modu produktiboan egiteko tresna eta prestakuntza egokiak eman behar dizkie pertsonei.

Enpresak argi eta garbi emango die pertsonei segurtasun-politikaren berri, IKT tresnak erabiltzeari buruz indarrean dagoen erregelamendua ezagutu eta uler dezaten, bai eta haien eskubideak eta betebeharrak eta segurtasun-politika urratzearen ondoriozko zehapenak ere.

Enpresak ez du informazio-teknologiez abusatuko pertsonen kontrolean eta zaintzan. Horrenbestez:

Enpresak langilearengan izan lezakeen kontrola eta zaintza ezin da egin aurretik langileen ordezkariei jakinarazi gabe.

Oro har, enplegatuak erabiltzen dituen komunikabide elektronikoen edozein ikuskapen egiteko, zantzu argiak egon behar dira langileak bide horien erabilera bidegabea edo abusuzkoa egiten duela. Nolanahi ere, ikuskapen hori lan-ordutegian eta langileen ordezkari baten aurrean egin beharko da, hala eskatzen bada, eta, betiere, enplegatuaren duintasunari eta intimitateari zor zaion errespetuarekin.

– Babes-sistemak, gakoak edo enkriptatzeko sistemak erabiliko dira hirugarren batzuk ez daitezen sartu lan-tresnetan, eta, betiere, frogatu egin beharko da erabilera «bidegabeak» langile horrek berak egin dituela.

Langileari esleitu zaion ordenagailuan sartzeko, edota enpresak eman dion posta elektronikoaren kontua begiratu eta bisitatu dituen webguneei buruzko informazioa eta ordenagailu horrekin egindako transakzioei buruzkoa jasotzen duten artxibo historikoetan sartzeko, langilearen berariazko baimena beharko da, behar bezala justifikatutako kasuetan salbu. Hala dago ezarrita maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoaren 2.2 artikuluan eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 20.3 artikuluan ezarritakoarekin.

Langilearen ordenagailuan sartzeko, justifikatutako interesa egon beharko du enpresaren aldetik, bertako langileek egindako ekintzak direla-eta, enpresaren erantzukizuna sor lezaketen portaerei aurre hartu, antzeman, kontrolatu eta saihestu ahal izateko. Ekintza horiek IKT tresnak edo posta elektronikoaren kontua erabiltzetik erator daitezke, birusak kontrolatzeko aldian behin egiten diren kontroletatik, eskatu gabeko mezu elektronikoen bidalketa masiboetatik, delitu zantzuak daudenean, edota langilearen aldetik kontratuarekiko fede ona hausten duen portaeraren bat dagoenean, hain zuzen ere, enpresaren esku-hartzea justifikatuko lukeena.

Informazio-sistemak mehatxuak jasaten ari badira eta berehala esku hartu behar bada, enpresak aldez aurretik jakinarazi gabe kontsultatu ahalko ditu artxiboak, bai langileen ordenagailuetakoak bai zerbitzari zentraletakoak, hala, mehatxua identifikatu eta neutralizatzera bideratutako informazioa lortzeko. Jarduketa horretan datu pertsonalak edo konfidentzialak tratatzen badira, ondoren jakinaraziko zaie eraginpeko pertsonei eta langileen ordezkariei.

2.– IKT tresnak erabiltzeko langileen eskubideak eta betebeharrak.

Langileek IKT tresnak behar bezala erabiltzeko eta enpresaren segurtasun-politika betetzeko konpromisoa hartzen dute.

Erakundearen IKT tresnak enpresarenak dira, eta langileek enpresaren barruan egiten duten lan profesionalean produkzio-jarduerari lotutako helburuetarako bakarrik erabil ditzaten ematen ditu.

Lan-malgutasuna errazteko, Visesako langileek Visesaren IKT tresnak erabili ahalko dituzte, baina baldintza hauek bete beharko dituzte: segurtasun-politika errespetatzea eta segurtasun-mehatxurik ez eragitea, zentzuz eta gehiegikeriarik gabe egitea, Visesari kalterik ez egitea eta langileei dagozkien eginkizunei ez eragitea.

3.– Sindikatuaren, langilearen eta ordezkarien arteko informazio-eskubideak.

Langileek aukera izango dute erakunde sindikalekin harremanetan jartzeko.

Gai sindikalei buruzko iragarki-taula birtual bat egongo da, langileak eta haien legezko ordezkariak hobeto komunika daitezen.

Laugarrena.– Hemen adostutakoa kontuan hartuta, aldatutzat eman behar dira «Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA» (Visesa) enpresaren indarreko hitzarmen kolektiboaren zenbait artikulu (goian adierazitakoak). Gainerako artikuluak berdin utziko dira, 2017ko martxoaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (55. zk.) argitaratutako testuan jasota dagoen bezala.

Bosgarrena.– Akta honen sinatzaileek erabaki dute testua Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzara helaraztea, espresuki eskatuta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin behar dena edukitzea.

Eta hala jasota gera dadin, bilkura bukatutzat eman da, eta bertaratuek akta sinatu dute goian adierazitako tokian eta egunean.


Azterketa dokumentala