Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2021eko otsailaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
HEZKUNTZA SAILA
836

AGINDUA, 2021eko urtarrilaren 14koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena eta Hezkuntzako sailburuarena. Haren bitartez, «Arratiako Zulaibar Lanbide Ikastegia» ikastetxe pribatuari baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoan titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua izateko.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1998ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako ikastetxe pribatuei baimena ematen zaie erdi edo goi mailako lanbide heziketako prestakuntza zikloak emateko (1999ko otsailaren 11ko EHAA).

Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak oinarria jarri zuen honako hiru azpisistemak integratzeko: hasierako Lanbide Heziketa, hezkuntza-sistemari dagokiona; Lanerako Lanbide Heziketa; eta Etengabeko Prestakuntza, azken bi horiek Enplegurako Lanbide Heziketaren sisteman txertatutakoak.

Integraziorako baliabide berri gisa, legeak 11. artikuluan aurreikusten du Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak sortzea. Ikastetxe integratuak dira tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko heziketa-eskaintza guztiak eskaintzen dituztenak, eta administrazioek, dituzten eskumenen baitan, mota horretako ikastetxeak sortu eta baimendu ditzakete, betiere, ezartzen diren baldintzekin eta betekizunekin.

Abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuak, Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuen oinarrizko baldintzak arautzen dituenak, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 11. artikuluan ezarritakoa garatzen du, eta 5. eta 6. artikuluan, hurrenez hurren, definitu egiten ditu ikastetxe integratuen xedeak eta funtzioak.

Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezartzen da zein ikastetxek eman ditzaketen ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzak, eta 2.a) puntuan beren-beregi aipatzen dira Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak ezartzen ditu Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuek bete behar dituzten baldintzak, eta 8. artikuluan xedatzen du hezkuntzaren eta enpleguaren alorrean eskumena duten sailek baimendu ditzaketela Lanbide Heziketako ikastetxe pribatu integratuak, agindu bateratu baten bidez eta ikastetxe pribatuaren titularrak hala eskatuta, dekretu honetan eta aplikagarri diren arauetan ezarritako baldintzen arabera.

Bigarren Hezkuntzako Arratiako Zulaibar Lanbide Ikastegia Ikastetxe Pribatuak eskatuta, hasiera eman zaio Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua izateko baimen-espedienteari. Espedientea izapidetuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoan titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxe Integratuak baimentzeko prozedura ezartzen duen Enpleguko eta Gizarte Poliketako sailburuaren eta Hezkuntzako sailburuaren 2017ko martxoaren 14ko Aginduak ezartzen dituen baldintzak baieztatu eta egiaztatu ondoren,

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua baimentzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Arratiako Zulaibar Lanbide Ikastegia Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Pribatua Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua bilakatzen da, ondorengo datuekin:

a) Izen generikoa: Lanbide Heziketako Ikastetxe Pribatu Integratua.

b) Izen espezifikoa: «Arratiako Zulaibar Lanbide Ikastegia».

c) Kode zenbakia: 48003990.

d) Titularra: «Bilboko Elizbarrutia».

e) Helbidea: Zulaibar auzoa 17.

f) Herria: Plaza.

g) Udala: Zeanuri.

h) Lurralde historikoa: Bizkaia.

«Arratiako Zulaibar Lanbide Ikastegia» titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua, Hasierako Lanbide Heziketaren irakaskuntzei dagokienez, Hezkuntza Sailaren mendeko Ikastetxe Publiko Integratu bati atxikituko zaio.

2. artikulua.– Heziketa-eskaintza eta ikasleak.

1.– Ikastetxeak bere prestakuntza-jardueretan sartuko dituen irakaskuntzak hauek izango dira: hasierako Lanbide Heziketari dagozkionak, enplegua hobetzeko ekintzei dagozkienak, eta langileen bizialdi osoko irakaskuntzari dagozkionak. Jarduera horiek lan-ingurunearen premiei erantzun behar diete, betiere sailen eta organo eskudunen baimena izanik.

2.– Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. apartatuan adierazitakoaren arabera, eraldatutako Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuek, baimenduta dituzten multzo edo arlo profesionalei dagozkien prestakuntza-eskaintzaz gain, lanbide-informazio eta -orientazioko zerbitzuak ere eskainiko dituzte, bai eta, hala badagokio eta araudi espezifikoan zehaztutakoaren arabera, beste ikaskuntza ez formal batzuen bidez eta lan-eskarmentuaren bidez –kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren sistema nazionalaren esparruan– lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak eta kalitatezko prestakuntza ere, enplegagarritasuna, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen duten beste zerbitzu batzuekin batera.

3. artikulua.– Hezkuntza administrazioak baimendutako irakaskuntzak.

1.– Lanbide-arloa: Elektrizitatea eta elektronika.

a) «Elektrizitatea eta elektronika», oinarrizko lanbide-heziketako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

b) «Instalazio elektroteknikoak eta mekanika», oinarrizko lanbide-heziketako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

c) «Instalazio elektrikoak eta automatikoak», erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

2.– Lanbide-arloa: Fabrikazio mekanikoa.

a) «Elementu metalikoen fabrikazioa», oinarrizko lanbide-heziketako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

b) «Mekanizazioa», erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

c) «Fabrikazio mekanikoko diseinua», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

d) «Fabrikazio mekanikoko produkzioa», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

3.– Lanbide-arloa: Gizarte eta kultura zerbitzuak.

a) «Mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arreta ematea», erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

b) «Haur hezkuntza», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

4. artikulua.– Lan-administrazioak baimendutako irakaskuntzak.

1.– Lanbide-arloa: Elektrizitatea eta elektronika.

a) «Eraikinetan telekomunikazio-azpiegiturak muntatzea eta mantentzea», profesionaltasun-ziurtagiria.

b) «Behe-tentsioko instalazio elektrikoak muntatzea eta mantentzea», profesionaltasun-ziurtagiria.

c) «Eraikinetan instalazio elektroteknikoak eta telekomunikazioetakoak muntatzeko operazio osagarriak», profesionaltasun-ziurtagiria.

2.– Lanbide-arloa: Eraikuntza eta obra zibila.

a) «Eraikuntzako proiektuak eta obrak kontrolatzea», profesionaltasun-ziurtagiria.

3.– Lanbide-arloa: Fabrikazio mekanikoa.

a) «Fabrikazio mekanikoko produktuen diseinua», profesionaltasun-ziurtagiria.

b) «Txapa metalikoko piezak ekoizteko trokelak fabrikatzea», profesionaltasun ziurtagiria.

c) «Txirbil-harroketa bidezko mekanizazioa», profesionaltasun-ziurtagiria.

5. artikulua.– Gobernu-partaidetza eta koordinazio-organoak.

1.– Titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak, gutxienez, pertsona bakarreko gobernu-organo hauek izango ditu: zuzendaria, ikasketa-burua eta idazkaria.

2.– Era berean, kide anitzeko partaidetza-organo hauek izango ditu: Gizarte Kontseilua eta Irakasleen Klaustroa.

6. artikulua.– Aldatzea edo baliogabetzea.

Baimena aldatzeko edo baliogabetzeko, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8.5 artikuluan eta 2017ko martxoaren 14ko Aginduaren 10. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gizarte Kontseilua eratzea.

Irakasleen klaustroa eratu ondoren, ikastetxearen zuzendaritzaren ekimenez, Gizarte Kontseilua osatu eta martxan jartzeko behar diren jarduera guztiak egin beharko dira, Ikastetxea Integratua martxan jarri eta, gehienez ere, urtebeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu hau indarrean jarriko da 2021-2022 ikasturte hasieran.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaie Hezkuntzako sailburuari edo Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Errekurtsoak aurkezteko epea, kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 14a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala