
33. zk., 2021eko otsailaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (288 KB - 5 orri.)
- EPUB (222 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
HEZKUNTZA SAILA
835
AGINDUA, 2021eko urtarrilaren 14koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, eta Hezkuntzako sailburuarena. Haren bitartez, «Salesianos Urnieta» ikastetxe pribatuari baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoan titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua izateko.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1998ko ekainaren 16ko Aginduaren bidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako ikastetxe pribatuei baimena ematen zaie erdi edo goi mailako lanbide heziketako prestakuntza zikloak emateko (1998ko uztailaren 3ko EHAA).
Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak oinarria jarri zuen honako hiru azpisistemak integratzeko: hasierako Lanbide Heziketa, hezkuntza-sistemari dagokiona; Lanerako Lanbide Heziketa; eta Etengabeko Prestakuntza, azken bi horiek Enplegurako Lanbide Heziketaren sisteman txertatutakoak.
Integraziorako baliabide berri gisa, legeak 11. artikuluan aurreikusten du Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak sortzea. Ikastetxe integratuak dira tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko heziketa-eskaintza guztiak eskaintzen dituztenak, eta administrazioek, dituzten eskumenen baitan, mota horretako ikastetxeak sortu eta baimendu ditzakete, betiere, ezartzen diren baldintzekin eta betekizunekin.
Abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuak, Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuen oinarrizko baldintzak arautzen dituenak, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 11.artikuluan ezarritakoa garatzen du, eta 5. eta 6. artikuluan, hurrenez hurren, definitu egiten ditu ikastetxe integratuen xedeak eta funtzioak.
Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezartzen da zein ikastetxek eman ditzaketen ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzak, eta 2.a) puntuan beren-beregi aipatzen dira Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak ezartzen ditu Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuek bete behar dituzten baldintzak, eta 8. artikuluan xedatzen du hezkuntzaren eta enpleguaren alorrean eskumena duten sailek baimendu ditzaketela Lanbide Heziketako ikastetxe pribatu integratuak, agindu bateratu baten bidez eta ikastetxe pribatuaren titularrak hala eskatuta, dekretu honetan eta aplikagarri diren arauetan ezarritako baldintzen arabera.
Bigarren Hezkuntzako «Salesianos Urnieta» Ikastetxe Pribatuak eskatuta, hasiera eman zaio Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua izateko baimen-espedienteari. Espedientea izapidetuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoan titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxe Integratuak baimentzeko prozedura ezartzen duen Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren eta Hezkuntzako sailburuaren 2017ko martxoaren 14ko Aginduak ezartzen dituen baldintzak baieztatu eta egiaztatu ondoren,
XEDATZEN DUGU:
1. artikulua.– Titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua baimentzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8. artikuluak ezartzen duenaren arabera, «Salesianos Urnieta» Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Pribatua Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua bilakatzen da, ondorengo datuekin:
a) Izen generikoa: Lanbide Heziketako Ikastetxe Pribatu Integratua.
b) Izen espezifikoa: «Salesianos Urnieta».
c) Kode zenbakia: 20005270.
d) Titularra: «Padres Salesianos».
e) Helbidea: Ergoien 6.
f) Herria: Urnieta.
g) Udalerria: Urnieta.
h) Lurralde historikoa: Gipuzkoa.
«Salesianos Urnieta» titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua, Hasierako Lanbide Heziketaren irakaskuntzei dagokienez, Hezkuntza Sailaren mendeko Ikastetxe Publiko Integratu bati atxikituko zaio.
2. artikulua.– Heziketa-eskaintza eta ikasleak.
1.– Ikastetxeak bere prestakuntza-jardueretan sartuko dituen irakaskuntzak hauek izango dira: hasierako Lanbide Heziketari dagozkionak, enplegua hobetzeko ekintzei dagozkienak, eta langileen bizialdi osoko irakaskuntzari dagozkionak. Jarduera horiek lan-ingurunearen premiei erantzun behar diete, betiere sailen eta organo eskudunen baimena izanik.
2.– Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. apartatuan adierazitakoaren arabera, eraldatutako Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuek, baimenduta dituzten multzo edo arlo profesionalei dagozkien prestakuntza-eskaintzaz gain, lanbide-informazio eta -orientazioko zerbitzuak ere eskainiko dituzte, bai eta, hala badagokio eta araudi espezifikoan zehaztutakoaren arabera, beste ikaskuntza ez formal batzuen bidez eta lan-eskarmentuaren bidez –kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren sistema nazionalaren esparruan– lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak eta kalitatezko prestakuntza ere, enplegagarritasuna, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen duten beste zerbitzu batzuekin batera.
3. artikulua.– Hezkuntza administrazioak baimendutako irakaskuntzak.
1.– Lanbide-arloa: Arte grafikoak.
a) «Arte grafikoak», oinarrizko Lanbide-heziketako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.
b) «Inprimaketa grafikoa», erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.
c) «Argitalpen inprimatuen eta multimedia argitalpenen diseinua eta edizioa». Edukiera: ziklo 1.
2.– Lanbide-arloa: Elektrizitatea eta elektronika.
a) «Instalazio elektriko eta automatikoak», erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.
b) «Automatizazioa eta robotika industriala», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.
c) «Sistema elektrotekniko eta automatizatuak», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.
3.– Lanbide-arloa: Instalatze- eta mantentze-lanak.
a) «Mantentze-lan elektromekanikoak», erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.
4. artikulua.– Lan-administrazioak baimendutako irakaskuntzak.
1.– Lanbide-arloa: Administrazioa eta kudeaketa.
a) «Zuzendaritzarako laguntza», profesionaltasun-ziurtagiria.
2.– Lanbide-arloa: Arte grafikoak.
a) «Argitalpen-produktu multimedien garapena», profesionaltasun-ziurtagiria.
b) «Produktu grafikoen diseinua», profesionaltasun-ziurtagiria.
c) «Gillotinatzea eta tolestea», profesionaltasun-ziurtagiria.
d) «Inprimaketa-formaren ezarpena eta lorpena», profesionaltasun-ziurtagiria.
e) «Offset bidezko inprimaketa», profesionaltasun-ziurtagiria.
f) «Serigrafia-inprimaketa eta tanpografia», profesionaltasun-ziurtagiria.
g) «Erreprografia», profesionaltasun-ziurtagiria.
h) «Elementu grafikoen tratamendua eta maketazioa aurreinprimaketan».
i) «Trokelaketa», profesionaltasun-ziurtagiria.
3.– Lanbide-arloa: Elektrizitatea eta elektronika.
a) «Eraikinetan helburu berezietarako instalazio elektrikoak jartzeko proiektuak garatzea», profesionaltasun-ziurtagiria.
b) «Industria-automatizazioko sistemen proiektuak garatzea», profesionaltasun ziurtagiria.
c) «Eraikinetan telekomunikazio-azpiegiturak muntatzea eta mantentzea», profesionaltasun-ziurtagiria.
d) «Behe-tentsioko instalazio elektrikoak muntatzea eta mantentzea», profesionaltasun-ziurtagiria.
e) «Automatizazio-sistema industrialak muntatzea eta zaintzea», profesionaltasun-ziurtagiria.
f) «Datu-sare lokaletako telefonia-sistemak eta azpiegitura muntatzea eta mantentzea», profesionaltasun-ziurtagiria.
g) «Sistema domotiko eta inmotikoak muntatzea eta mantentzea», profesionaltasun-ziurtagiria.
h) «Eraikinetan instalazio elektroteknikoak eta telekomunikazioetakoak muntatzeko operazio osagarriak», profesionaltasun-ziurtagiria.
4.– Lanbide-arloa: Energia eta ura.
a) «Eguzki-instalazio fotovoltaikoak muntatzea eta mantentzea», profesionaltasun-ziurtagiria.
5.– Lanbide-arloa: Fabrikazio mekanikoa.
a) «Elektrodo estalizko eta tig bidezko soldadura», profesionaltasun-ziurtagiria.
6.– Lanbide-arloa: Informatika eta komunikazioak.
a) «Web teknologiak erabilita aplikazioak garatzea», profesionaltasun ziurtagiria.
7.– Lanbide-arloa: Instalatzea eta mantentzea.
a) «Tresneria industrialaren mantentze eta muntatze mekanikoa», profesionaltasun-ziurtagiria.
8.– Lanbide-arloa: Segurtasuna eta ingurumena.
a) «Ingurumen-kudeaketa», profesionaltasun-ziurtagiria.
9.– Lanbide-arloa: Gizarte eta kultur zerbitzuak.
a) «Enplegurako lanbide-heziketako irakaskuntza», profesionaltasun-ziurtagiria.
5. artikulua.– Gobernu-partaidetza eta koordinazio-organoak.
1.– Titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak, gutxienez, pertsona bakarreko gobernu-organo hauek izango ditu: zuzendaria, ikasketa-burua eta idazkaria.
2.– Era berean, kide anitzeko partaidetza-organo hauek izango ditu: Gizarte Kontseilua eta Irakasleen Klaustroa.
6. artikulua.– Aldatzea edo baliogabetzea.
Baimena aldatzeko edo baliogabetzeko, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8.5 artikuluan eta 2017ko martxoaren 14ko Aginduaren 10. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gizarte Kontseilua eratzea.
Irakasleen klaustroa eratu ondoren, ikastetxearen zuzendaritzaren ekimenez, Gizarte Kontseilua osatu eta martxan jartzeko behar diren jarduera guztiak egin beharko dira, Ikastetxea Integratua martxan jarri eta, gehienez ere, urtebeteko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.
Agindu hau indarrean jarriko da 2021-2022 ikasturte hasieran.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaie Hezkuntzako sailburuari edo Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Errekurtsoak aurkezteko epea, kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 14a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
RSS