Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

31. zk., 2021eko otsailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
786

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 28koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko dena.

UPV/EHUko Estatutuetan, 180. artikuluan, jasota dago errektoreak ebazpen bat emango duela, argitara emango dena, bere eskumenak taldekideei eskuordetzeko, eta, era berean, ebazpen horretan argi eta garbi adieraziko duela zein errektoreordek egingo dion ordezkoa kanpoan edo gaixorik dagoenean.

Bestalde, UPV/EHUko Estatutuetako 183.3 artikuluan zehaztutakoaren arabera, errektoreordeek errektoreari lagunduko diote bere lanean, eta gainera beraiei beren-beregi eskuordetutako edo beren gain utzitako zereginak gidatu eta koordinatuko dituzte. Era berean, Estatutuetako 186. artikuluan eta hurrengoetan idazkari nagusi eta gerente karguak daude araututa.

2017ko otsailaren 3ko EHAAn argitaratu zen Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Ebazpena, gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazten dituena, eta eskumenak eskuordetzekoa; gerora, 2018ko apirilaren 19ko ebazpenaren bidez eta 2019ko urriaren 24ko ebazpenaren bidez aldatu egin zen (2018ko maiatzaren 4ko EHAA eta 2019ko azaroaren 5eko EHAA, hurrenez hurren).

2020ko azaroaren 26ko hauteskundeetan UPV/EHUko errektorea hautatu ondoren, beharrezkoa da eskumenen egungo eskuordetzeak aldatzea gobernu talde berriaren egiturara egokitzeko, eta, hain zuzen ere, hori da ebazpen honetan zehaztuko dena.

Adierazitakoagatik guztiagatik, eta unibertsitateko Estatutuetako 178. 180. eta 181. artikuluek ematen dizkidaten eskumenen babesean, eta urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, 183., 187., 191., 197. eta 198. artikuluetan zehaztutakoarekin bat, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Errektorearen eskumenak gobernu taldeko kideei eskuordetzea I. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Zehaztea errektorearen gobernu taldearen funtzionamendu arloak, bat etorrita ebazpen honen II. eranskinean zehaztutakoarekin.

Hirugarrena.– Urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, 10. artikuluan zehaztutakoarekin bat, errektoreak berenganatu egin dezake delegazio bidez ebatzi beharreko gai baten edo batzuen ardura, arrazoi teknikoek, ekonomikoek, juridikoek edota gizartearen edo lurraldearen aldetikoek hala eskatzen dutenean.

Laugarrena.– Eskumenak eskuordetuta aritzean hartuko diren ebazpenetan egoera horren aipamena egin beharko da, eta UPV/EHUko errektorearen erabakitzat hartuko dira. Beraz, amaiera emango diote administrazio bideari.

Bosgarrena.– Eskumenak eskuordetzeko orain arte argitaratu diren ebazpen guztiak indargabetuta geratuko dira errektorearen eskumenen eskuordetzeak eta gobernu taldearen funtzionamendu arloak zehazten dituen ebazpen hau argitaratzen denean.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Leioa, 2021eko urtarrilaren 28a.

UPV/EHUko errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

I. ERANSKINA
GOBERNU TALDEKO KIDEEN ESKUMENAK ETA ERREKTOREAREN ESKUMENAK ESKUORDETZEA

Lehenengoa.– Gobernu taldea.

1.– Gobernu taldeko kide dira: errektorea, gobernuaren buru izango da; errektoreordeak; idazkari nagusia; eta gerentea.

2.– UPV/EHUko Estatutuetako 115.2 eta 197. artikuluetan zehaztutakoa betetzeko, euskarako errektoreordea eta unibertsitateko campus bakoitzerako errektoreorde bat izendatuko dira.

3.– Era berean, errektoreordeak izendatuta, errektorearen gobernu taldearen egitura osatzen duten arloetako bat edo batzuk beteko dira.

Bigarrena.– Gobernu taldeko kideen eskumenak.

1.– UPV/EHUko Estatutuetako 183.3 artikuluarekin bat, errektoreorde bakoitzak ebazpen honen bidez izendatua izan deneko arloari atxikita dauden zerbitzuetako jarduerak bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatuko ditu, errektoreak emandako jarraibideak kontuan izanda eta beste errektoreordeekiko koordinazioan, bereziki campusetako errektoreordeekiko deszentralizazio gaietan (campusetan egituratzeko ereduaren antolaketa eta garapenerako oinarrietan zehaztuak; Gobernu Kontseiluak onartua), eta pertsonalaren arloan espezifikoak diren organoei kalterik egiteke.

2.– Campusetako errektoreordeek Unibertsitateko Estatutuetako 197. eta 198. artikuluetan zehaztutako eskumenak izango dituzte, eta horietan zehaztutako eginkizunak beteko; horiez gain, campusetan deszentralizatuta dauden funtzionamendu arloei lotukoak ere izango dituzte.

Horien artean daude:

a) Campuseko kirol eta kultura jarduerak bultzatu eta antolatzea.

b) Esperientzia Gelen jarduera akademikoa antolatzea.

c) Unibertsitateko politika orokorren babesean eta campus bakoitzeko lurralde historikoko erakunde publiko eta pribatuekin elkarlanean, ikerketa jarduera eta ekintzaileen jarduera sustatzea eta enpresak sortzeko ekimenak bultzatzea eta sustatzea, boluntarioen eta garapenerako lankidetzaren arloko ekintzak bultzatzea eta ingurugiro gaietan sentsibilizatzeko ekintzak sustatzea, arreta berezia eskainiz unibertsitateko garraioaren eskaintza hobetzeko gaiari.

d) Unibertsitate egoitzen eskaintza zabaltzeko politika diseinatzea eta garatzea.

e) Campusean unibertsitate giroa osotasunean bizi ahal izatea erraztuko duten laguntza zerbitzuak diseinatu eta gestionatzea (Estatutuetako 154. artikulua), arreta berezia eskainita premia bereziak dauzkaten pertsoneei.

3.– Euskararen arloko errektoreordeak Unibertsitateko Estatutuetako 115., 117. eta 118. artikuluetan zehaztutako eginkizunak beteko ditu.

4.– Idazkari nagusiak Estatutuetako 187. artikuluan aipatutako eginkizunak beteko ditu.

Idazkari nagusiaren zuzendaritzapean lege arloko laguntza emango zaie unibertsitateko gobernu eta ordezkaritza organoei, hau da: laguntza eta oholku emango du lege arloko gaietan, bai eta epaiketetako ordezkaritza eta defentsa gaietan ere prozesu judiazialean UPV/EHU prozesuko parte denean.

5.– Gerenteak laguntza eskainiko die gobernu taldeko kideei, kasuan kasuko eginkizunen arloan.

Estatutuetako 191. artikuluan jasotakoari jarraikiz, bere gain hartuko ditu baliabide ekonomiko eta finantzarioen eta ondarearen gestioa, administrazio eta ekonomia gaietako zerbitzuen zuzendaritza eta antolaketa lanak eta gainontzeko zerbitzuen administrazioaren koordinazioa. Hori guztia, Estatutuei jarraituz berari dagozkion gainontzeko funtzioez gain.

Hirugarrena.– Eskumenak eskuordetzea.

1.– Gobernu taldearen egiturari jarraituz arlo bakoitzerako izandatu den errektoreordeari eskuordetzen zaizkio kasuan kasuko esparruan errektoreak dituen eskumenak, kalterik egin gabe sektore publikoko kontratazioaren arloan xedatutakoari.

2.– Eskumenak eskuordetuta, campusetako errektoreordeak unibertsitatearen ordezkariak izango dira, kasuan kasuko campusean, unibertsitateko irakasle eta ikertzaile iraunkor berriek lanpostuak hartzen dituztenean.

3.– Idazkari nagusiari eskuordetzen zaio agintari publikoen aurrean unibertsitatearen ordezkari ofiziala izateko errektoreak daukan eskumena lege eta administrazio arloan. Batez ere, unibertsitateak herriaren defendatzailearekin eta arartekoarekin eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin, bai eta aldezlearekin ere, dituen harremanetan, ondorio horietarako zerbitzu guztiek aurrera eraman ditzaketen jarduerak bultzatu eta koordinatuz.

Idazkari nagusiari eskuordetzen zaizkio, era berean, ondorengo arloetan errektoreak dituen eskumenak:

a) Administrazio elektronikoa planifikatzea eta sustzea, Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko errektoreordearekin koordinatuta, eta horretarako eratzen den organoaren baitan.

b) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eta genero arrazoiengatik edo bestelako arrazoiengatik diskriminaziorik ez izateko politikak diseinatzea eta ezartzea unibertsitateko arlo guztietan: irakaskuntzan, ikerketan, transferentzian, zientziaren zabalkundean eta gestioan.

4.– Gerenteak ondoko eskumenak izango ditu eskuordetuta:

a) Administrazio eta zerbitzuetako langileen buru izango da.

b) Administrazio eta zerbitzuetako langileak hautatzea, izendatzea eta kontratatzea, karrerako funtzionarioak izendatzea eta lan kontratuko langile finkoak kontratatzea izan ezik, hori errektoreak berak egingo baitu.

c) Eranskin honetako 4. puntuko 4. atalean zehaztutakoak, sektore publikoko kontratazioaren arloan.

d) Zergen alorrean, beste administrazio batzuen aurrean unibertsitatearen ordezkari izatea UPV/EHUk zergapeko legez jarduten duenean.

e) UPV/EHUren ordezkari izatea finantza erakundeetan honakoak egin behar direnean: banku kontuak ireki edo itxi; diruzaintzako kontrola; abalak eskatu beste erakunde batzuetan aurkezteko; kreditu txartelak bertan behera utzi.

f) Unibertsitatean ezarri behar den laneko arriskuen prebentziorako politika antolatu, garatu eta gauzatzea.

5.– Eskumen eskuordetzak kontuan hartuta, errektoreordeei, idazkari nagusiari eta gerenteari dagokie eskumen hauek egikaritzea.

a) Beren arloko hitzarmenak sinatzea, esparruko arautegiei jarraituz eta Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendu Arautegian zehaztutakoaren babesean. Sinatutako hitzarmenen berri eman beharko zaio idazkari nagusiari Hitzarmenen Erregistroan jasotzeko, bai eta eragindako errektoreordeei ere.

b) Prozedurei amaiera emateko egintzak egitea eta agiriak eta erabakiak ematea, bai eta horren berri ematea eragindako hirugarrenei ere.

c) Gobernu taldeko kideek, eskuordetuta dituzten eskumenen babesean, egindako egintzen kontra jarritako berraztertze errekurtsoak ebaztea.

d) Informazio publikoa eskuratzeko eskariak izapidetu eta ebaztea, beren eskumeneko gaiei dagozkienean, bat etorrita Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak dioenarekin, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauek diotenarekin ere.

Laugarrena.– Eskuordetutako beste eskumen batzuk.

1.– Kide anitzeko organoetako presidente kargua.

Unibertsitateko errektoreari jarraian adierazitako organo edo batzordeetako buru izatea dagokio lege, estatutu eta arautegian adierazitakoaren arabera, baina eskuordetu egingo ditu ondokoaren arabera:

1.1.– Unibertsitateko Irakasleen Batzordea.

Irakasle-ikertzaileen arloa esleituta daukan errektoreordeari eskuordetzen dio Unibertsitateko Irakasleen Batzordeko buru izatea (Unibertsitateko Estatutuetako 48.1 artikuluan jasotako batzordea).

1.2.– Graduko Batzordea.

Graduaren eta hezkuntza berrikuntzaren arloa esleituta daukan errektoreordeari eskuordetzen dio Graduko Batzordeko bileretan buru izatea.

1.3.– Graduondoko Batzordea.

Graduondokoaren eta etengabeko prestakuntzaren arloa esleituta daukan errektoreordeari eskuordetzen dio Graduondoko Batzordeko bileretan buru izatea.

1.4.– Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordea.

Ikerketako arloa esleituta daukan errektoreordeari eskuordetzen dio Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeko buru izatea (Unibertsitateko Estatutuetako 99. artikuluan jasotako batzordea).

1.5.– Ekonomia Batzordea.

Koordinazio gaien arloa esleituta daukan errektoreordeari esleitzen dio Gobernu Kontseiluak eskuordetutako Ekonomia Batzordeko buru izatea.

1.6.– Laneko Segurtasun eta Osasunerako Campusarteko Batzordea.

Gerenteari eskuordetzen dio batzorde honetako buru izatea.

1.7.– Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordea.

Idazkari nagusiari eskuordetzen dio batzorde honetako buru izatea.

2.– Diziplina gaiak.

Errektoreak dauka diziplina arloan pozedura hasi eta izapideak egiteko eskumena, bai eta zigorrak jartzekoa ere, baina eskumen horiek irizpide hauei jarraikiz eskuordetzen ditu:

a) Ikasleen hutsegiteak arinak direnean, kasuan kasuko ikastegiko dekano eta zuzendariari.

b) Irakasle eta ikertzaileek egindako diziplina hutsegiteen kasuan, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeari.

c) Administrazio eta Zerbitzuetako langileen diziplina hutsegiteen kasuan, gerenteari.

3.– Hauteskunde gaiak.

Errektoreari dagokio hauteskundeen arloan sor daitezkeen errekurtsoak aztertzea, kasuan-kasuan ezar daitekeen arautegiaren arabera.

4.– Sektore publikoko kontratazioa.

1.– Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen arabera, kontratazio organoen berezko ahalmenak errektoreak izango ditu, eskuordetu egin ahal izango dituen arren unibertsitateko Estatutuetako 230.1 artikuluaren babesean.

Estatutuetako artikulu horri jarraikiz, UPV/EHUko gerenteari eskuordetzen zaizkio bost milioi euroko aurrekontua edo handiagoa (BEZ gabe) duten kontratuak, kontratu txikiak izan ezik. Azken kontratu horiek UPV/EHUren Aurrekontuetako Gestio Ekonomikoaren Araubide Orokorreko 2. atalean aipatzen diren gune organikoetako organo arduradunei eskuordetzen zaizkie.

Aipatutako gune organikoen gestio ekonomikoaren arduradun biak (lehenengo eta bigarren sinatzailea) unibertsitateko organoak badira, unibertsitateko Estatutuetako 11. artikuluaren arabera, lehenengoak izango du eskuordetza; arduradun bietako bat ere ez bada unibertsitateko organoa, kasuan kasuko errektoreorde eskudunak izango du.

Edonola ere, erantzukizunari dagokionez, beharrezkoa izanez gero, erabaki honen arabera eskumena eskuordetuta izango dutenei aplikatuko zaie Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legeko hogeita zortzigarren xedapen gehigarrian adierazitakoa.

2.– Euskal Herriko Unibertsitateko Kontratazio Mahai Iraunkorra kide hauek osatuko dute, bai mahai hori egotea nahitaezkoa denean, bai mahaia egotea aukerakoa denean:

a) Mahaiburua: Kontratazio Zerbitzuko burua; pertsona hori kanpoan edo gaixorik badago, beste edozein arrazoirengatik ez badago, edo lanpostua hutsik badago, Kontratazio Zerbitzuari atxikitako gestioko teknikari batek ordezkatuko du.

b) Mahaikideak:

– UPV/EHUko Administrazio Kontratazioko Lege Aholkularitzako Atalaren burua; pertsona hori kanpoan edo gaixorik badago, beste edozein arrazoirengatik ez badago, edo lanpostua hutsik badago, kontratazioaren arloko lege aholkularitzako eginkizunak dituen teknikariak ordezkatuko du.

– Kontratazio Zerbitzuari atxikitako gestioko teknikari bat.

– Barne Kontroleko Zerbitzuko burua; eta pertsona hori kanpoan edo gaixorik badago, beste edozein arrazoirengatik ez badago, edo lanpostua hutsik badago, aipatutako zerbitzuari atxikitako auditore batek ordezkatuko du.

– Kontabilitate Zerbitzuko burua; eta pertsona hori kanpoan edo gaixorik badago, beste edozein arrazoirengatik ez badago, edo lanpostua hutsik badago, aipatutako zerbitzuari atxikitako gestioko teknikari batek ordezkatuko du.

c) Idazkaria: Kontratazio Zerbitzuari atxikitako gestioko teknikari bat.

Funtzionamendu araubidea izango da sektore publikoaren kontratuei buruzko lege eta arauetan xedatutakoa, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoen gainean xedatutakoa.

5.– Baimenak.

Ikastegietako dekano eta zuzendariei eskuordetzen zaizkie baimenak izapidetzeko eta emateko eskumenak, beti ere, baimenak 15 egunetik gorakoak ez badira. Hori guztia 2003ko apirilaren 1eko erabakiari jarraituz (2003ko apirilaren 16ko EHAA).

6.– UPV/EHUko egiturak sortu, aldatu edo kentzea eta nortasun juridiko bereizia daukaten egituretan UPV/EHU partaide eta sortzaile izatea.

Kasuan kasuko egituraren xedeak nagusiki eragindako arloko eskumenak eskuordetuta dituen errektoreordeari eskuordetzen zaizkio unibertsitateko egiturak sortu, aldatu eta kentzeko beharrezko diren jarduerak bultzatu, izapidetu eta kudeatzeko errektoreak dituen eskumenak, bai eta UPV/EHUk nortasun juridiko bereizia duten beste egitura batzuk sortu eta horietan parte hartzekokoak ere.

Bosgarrena.– Eskuordetutako eskumenak gauzatzean sortutako arazoak ebaztea.

Errektoreak ebatziko ditu ebazpen honen bidez eskuordetutako eskumenak gauzatzean sortzen diren arazoak edo zalantzak; guztia bat etorrita Estatutuetako 161. artikuluarekin.

Seigarrena.– Sinadura eskuordetzea.

Gobernu taldeko kideek beren mendeko langileei eskuordetu ahal izango diete ebazpen honetan eskuordetutako eskumenei buruzko ebazpenak eta gainerako administrazio jarduerak sinatzea, ezarritako baldintzetan eta irismenarekin.

II. ERANSKINA
ERREKTOREAREN GOBERNU TALDEAREN EGITURA ETA FUNTZIONAMENDU ARLOA

Lehenengoa.– Gobernu taldearen funtzionamendu arloak.

Errektorearen gobernu taldea funtzionamendu arlo hauen arabera antolatuko da:

1.– Ikerketaren arloa.

Arlo honetan gai hauek biltzen dira:

a) UPV/EHUn ikerketa jarduera programatzea eta bultzatzea.

b) UPV/EHUk parte hartzea ikerketa jardueretan, mota guztietako erakunde pribatu zein publikok, bertako zein beste herrialde batzuetakoek, bultzatuak eta deituak.

c) Irakasleen ikerketa jardueraren ebaluazioa.

d) Ikerketako Zerbitzu Nagusiak eta azpiegitura zientifikoak.

e) Unibertsitate biblioteka eta informazio zientifikoa eta dokumentazioa erabiltzeko baliabideak.

f) Ikerketa jardueraren etika.

g) Ikerketako laguntza programei buruzko erabakiak.

h) Kontratu berriak egiteko edo horien jarraipena egiteko edo kontratuak luzatzeko jarduerak, bai ikertzaileen kasuan, bai prestakuntza bidean egonik proiektuen, hitzarmenen edo dirulaguntza zuzezen bidezko finantzaioa daukaten ikertzaileen kasuan.

i) Unibertsitatearen ordezkari izatea UPV/EHU kide duten erakundeen gobernu organoetan (bereziki ZTBES), beste errektoreordetza batzuei berariaz dagozkien eskumenei kalterik egin gabe.

j) Erakunde publiko eta pribatuetan unibertsitatearen ordezkari izatea eta haiekin lankidetzan aritzea ikerketa, transferentzia eta berrikuntza sustatzeko, beste errektoreordetza batzuei berariaz dagozkien eskumenei kalterik egin gabe.

k) UPV/EHUko unibertsitate institutuak eta ikerketa egiturak, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzarekin koordinatuta.

2.– Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloa.

Arlo honetan gai hauek biltzen dira:

2.1.– Zientzia eta gizarte garapena:

a) Nazioarteko Bikaintasun Campusa (Euskampusa) eta Mugaz Gaindiko Euroeskualdeko Campusa hedatzeko ekintzen koordinatzea.

b) EHU Taldea egituratuko duen politika antolatzea.

c) UPV/EHUko Zientzia Parkea, unibertsitate insitutuak eta ikerketako UPV/EHUko beste egitura batzuen jarripen eta antolaketa jarduerak, Ikerketaren arloko Errektoreordetzarekin koordinatuta.

d) Lankidetza publiko-pribatua eta unibertsitate-enpresa ekimenak eta elkarkidetza publiko-pribatuak bultzatzea eta, egoki denean, sortzea.

e) Unibertsitatearen ordezkari izatea UPV/EHU kide duten erakundeen gobernu organoetan (bereziki ZTBES), beste errektoreordetza batzuei berariaz dagozkien eskumenei kalterik egin gabe.

f) UPV/EHUk nazioartean daukan egoera aztertzea eta jarraipenerako prospektiba lana, Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko Errektoreordetzarekin koordinatuta.

g) Jasangarritasunaren eta gizarte konpromisoaren arloan (kudeaketa, irakaskuntza, ikerketa eta transferentziaren arlokoan) jarduera estrategiak garatzea, bat etorrita Garapen Jasangarriko Helburuekin.

h) Erakunde publiko edo pribatuekin lankidetza jarduerak, jasangarritasun eta gizarte konpromisoaren esparruan.

i) Gizartearekin biltzeko solasguneak eta eztabaidaguneak, Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzarekin koordinatuta.

2.2.– Transferentzia eta zabalkundea:

a) Erakunde publiko eta pribatuetan unibertsitatearen ordezkari izatea eta haiekin lankidetzan aritzea ikerketa, transferentzia eta berrikuntza sustatzeko, beste errektoreordetza batzuei berariaz dagozkien eskumenei kalterik egin gabe.

b) Ikerketan sortutako jakintza transferitzea, sustatzea eta merkaturatzea; horretarako behar diren kontratuak sinatu ahal izango ditu.

c) Estatutuetako 97. artikuluan zehaztutako kontratuak sinatu eta gainbegiratzea, egoki denean.

d) Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko Bulegoa eta transferentzia gestionatzeko entitateak, unibertsitateak parte hartzen duenetan.

e) Ikerketatik eratorriko jabetza intelektual edo industrialaren eskubideetan izena emateko edo erregistratzeko baimenak eta eskariak.

f) Unibertsitatean sortzen diren ekintzailetza jarduerak, enpresa ekimenak eta enpresak sortzekoak diseinatzea, koordinatzea eta garatzea. Babesa eta mezenasgoa.

g) Ikerketa eta zientzia gizartean zabaltzeko estrategia.

h) Irakasleen transferentzia eta zabalkunde jarduera ebaluatzea.

i) Zientzia Astea antolatzea eta egitea, bai eta ezagutza zabaltzeko beste antzeko jarduera batzuk ere, hala nola, Ikertzaileen Europako Gaua.

3.– Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloa:

Arlo honetan gai hauek biltzen dira:

3.1.– Gradua:

a) UPV/EHUren harremanak unibertsitate aurreko ikasketak ematen dituzten ikastetxeekin.

b) Unibertsitatera sartzeko probak.

c) Graduko titulu ofizialeko ikasketen informazio akademikoa eta gestioa, beste arlo batzuei berariaz emandakoak izan ezik.

d) Graduko ikasketa ofizialetako tituluak, egiaztagiri akademikoak eta Tituluaren Europar Gehigarria (TEG) ematea.

e) Arlo akademikokoak izanik beste errektoreordetza batzuei emandako eginkizunak koordinatzea.

f) Graduko ikasketa ofizialetako beken deialdi ofizialen gestioa.

g) Graduko tituluak ezarri eta kentzeko eskariak egiaztatzea eta baimenak ematea, eta titulu horiek Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan sartzeko eskariak.

h) Graduko ikasketa ofizialen jarraipena eta titulazioen akreditazioa, eta enplegagarritasun, nazioartekotze eta irakaskuntza berrikuntzako bektoreak hobetzea bultzatzea errektoreordetza eskudunekin koordinatuta.

i) Ikastegiak UPV/EHUra atxikitzea graduko ikasketak emateko, eta ikastegi horien koordinazio eta kontrol lana.

j) Graduko ikasketa ofizialekin lotutako jarduera guztiak edo ikasketa horien ondorioz eragindakoak, erakunde edo administrazioaren aurrean egin beharrekoak edo interesatuek eskatutakoak, betiere, arautegietan jasota badaude edo arautegiak betez egin beharrekoak badira.

3.2.– Hezkuntza berrikuntza:

a) Ikastegien eta antolaketa unitateen prozesuen kalitatea ebaluatzeko laguntza, bai eta UPV/EHUn eskaintzen diren titulazioen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuena ere.

b) Irakasle-ikertzaileen prestakuntza unibertsitatearen helburu estrategikoekin bat etorrita, eta irakasle-ikertzaileen arloko eskumenak dituen errektoreordetzarekin koordinatuta.

c) Berrikuntza programak ezartzea eta zabaltzea titulazioak hobetzeko irakaskuntza berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enplegagarritasunaren arloetan, beste errektoreordetzekin koordinatuta.

d) UPV/EHUko irakasleen irakaslana ebaluatzeko sistema diseinatzea.

e) Kalitatearen kudeaketa eta emaitzen eta praktika egokien difusiorako prestakuntza.

f) Kalitate agentziekin harremanak.

4.– Graduondokoaren eta etengabeko prestakuntzaren arloa.

Arlo honetan gai hauek biltzen dira:

4.1.– Graduondokoa:

a) Graduondoko titulu ofizialetako ikasketak (masterrak eta doktoregokoak) ezarri eta kentzeko egiaztapenak eskatzea eta baimenak ematea, beste arloko batzuei berariaz esleitutakoak izan ezik.

b) Graduondoko titulu ofizialetako ikasketen gestioa eta planak eta informazio akademikoa, beste arlo batzuei berariaz esleitutakoak izan ezik, eta titulu horiek Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan sartzeko eskariak.

c) Graduondoko ikasketa ofizialetako tituluak, egiaztagiri akademikoak eta Tituluaren Europar Gehigarria (TEG) ematea.

d) Graduondoko ikasketa ofizialen jarraipena eta titulazioen akreditazioa, eta enplegagarritasun, nazioartekotze eta irakaskuntza berrikuntzako bektoreak hobetzea bultzatzea errektoreordetza eskudunekin koordinatuta.

e) Graduondoko ikasketa ofizialetako beketarako deialdi ofizialen gestioa.

f) Graduondoko ikasketa ofizialekin lotutako jarduera guztiak edo ikasketa horien ondorioz eragindakoak, erakunde edo administrazioaren aurrean egin beharrekoak edo interesatuek eskatutakoak, betiere, arautegietan jasota badaude edo arautegiak betez egin beharrekoak badira.

g) Doktoregoko atzerriko tituluen parekotasuna zehaztea.

h) Ikastegiak UPV/EHUra atxikitzea graduondoko ikasketak emateko, eta ikastegi horien koordinazio eta kontrol lana.

4.2.– Berezko tituluak eta etengabeko prestakuntza:

a) Baimenak berezko tituluetako ikasketetarako eta etengabeko prestakuntzako beste ikasketa batzuetarako, adibidez Esperientzia Geletarako, bai eta etengabekoa ez den prestakuntzako ikastaroetarako ere.

b) Berezko ikasketen informazio akademikoa eta gestioa, bai eta etengabeko prestakuntzako ikasketei buruzkoa ere.

c) Tituluak, diplomak eta egiaztagiriak.

d) Harremanak erakunde publiko eta pribatuekin eta profesionalen elkargoekin etengabeko prestakuntzaren arloko premiak antzemateko eta premia horiei erantzun bat emateko.

e) Onlineko irakaskuntza bultzatzea eta eCampusa garatzea eta eguneratzea.

f) Aipatutako ikasketekin lotuta erakunde edo administrazioaren aurrean egin beharreko jarduera guztiak, edo ikasketa horien ondorioz eragindakoak, edo interesatuek eskatutakoak, betiere, arautegietan jasota badaude edo arautegiak betez egin beharrekoak badira.

5.– Ikasleak eta enplegagarritasunaren arloa.

Arlo honetan gai hauek biltzen dira:

5.1.– Ikasleak:

a) Unibertsitatera sartzeari buruzko informazioa unibertsitatera etortzekoak diren ikasleentzat: UPV/EHUri buruzko informazioa eta horren zabalkundea; ikasleak erakartzea; ikasleei laguntza eta informazioa ematea matrikula egiteko fasean.

b) Unibertsitatean dauden ikasleentzako laguntza (ikastaroak, bekak, jarduerak...).

c) Premia bereziak dituzten ikasleen ikasketa premiez arduratzea eta erantzuna ematea.

d) Unibertsitateko kideentzako laguntza psikologikoa Psikologia Aplikatuko Zerbitzuaren bidez.

e) Ikasle ohien elkarteekin (EHUalumni) harremanak: kanpoko jarduerak bultzatzea eta zabaltzea.

f) Ikasleen kontseiluek sustatutako jarduerak antolatzeko eta egiteko laguntza.

g) UPV/EHUko ikasleen elkarteekin harremanak.

h) UPV/EHUko gobernu organoetan ikasleek duten partaidetzaren jarraipena.

i) Desgaitasunen bat daukaten unibertsitateko kideentzako laguntza eta haien eskakizunei erantzutea.

j) ENLIGHT Europako unibertsitateen proiektua eta proiektu horren barruan UPV/EHUn egiten diren jarduerak koordinatzea eta bultzatzea.

k) Graduondoko Sare Latinoamerikarra koordinatzea eta sare hori beste unibertsitate batzuetara eta jakintza arloetara zabaltzeko estrategia.

5.2.– Enplegagarritasuna:

a) Lan mundura sartzeko ikasleentzako prestakuntza, bai eta lan mundurako trantsizio aldian informazioa eta orientabidea ematea, campuska eta politika orokorrari jarraituz.

b) Curriculumeko eta curriculumetik kanpoko praktiken gestioa.

c) Euskal sare sozioekonomikoko erakunde publiko eta pribatuekiko harremanak, bai eta beren elkarteekikoak ere, prestakuntza duala garatu eta ezartzeko eta unibertsitateko tituluen enplegagarritasuna hobetzeko; hori guztia campusekin eta Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuarekin koordinatuta.

d) Kultura ekintzailea ikasleen artean sustatzeko jarduerak koordinatzea eta jarraipena egitea –campusetako ekintzailetza programen barruan egiten direnak– eta gazte ekintzailetzarako beken gestioa.

6.– Euskararen, kulturaren eta nazioartekotzearen arloa.

Arlo honetan gai hauek biltzen dira:

6.1.– Euskara:

a) Euskararen jakite-mailaren egiaztapenak.

b) IRIen eta AZPkoen hizkuntza prestakuntza eta hobekuntza, irakasle-ikertzaileen arloko eskumenak eskuordetuta dituen errektoreordetzarekin eta gerentziarekin koordinatuta.

c) Irakats materialak euskaraz egitea bultzatzea.

d) Euskarazko hizkuntza baliabide digitalak sustatzea.

e) Euskara sustatzeko eta nazioko zein atzerriko foroetan euskara hedatzeko eta ikusgarri egiteko jarduerak bultzatzea.

6.2.– Kultura:

a) Artearen eta kulturaren arloko prestakuntza, ikerketa, parte hartzea eta hedakuntza, campusetako errektoreordetzen eta kasuan kasuko arloen laguntzarekin eta haiekin koordinatuta, eta, era berean, bertoko zein atzerriko eragile akademikoen eta kulturaren arlokoen laguntzarekin eta haiekin koordinatuta.

b) Hezkuntzak, irakaskuntzak, ikerketak eta kulturak aurrera egin dezaten interesgarriak diren lan zientifiko, tekniko eta artistikoak editatzea, koeditatzea eta horiei zabalkundea ematea.

6.3.– Nazioartekotzea:

a) Atzerriko unibertsitateekin edo beste mota bateko erakundeekin lankidetzan aritzeko jarduerak, batez ere mugaz gaindiko campusarekin eta Enlightekin.

b) Ikasleak, irakasle-ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak atzerriko beste erakunde batzuetakoekin trukatzeko jarduerak gestionatzea eta sustatzea.

c) Mugikortasun programen gestioa.

d) Atzerritik datozen ikasleei harrera egitea.

e) Graduaren eta hezkuntza berrikuntzaren eta graduondokoaren errektoreordetzekin lankidetzan aritzea UPV/EHUko titulu ofizialen «nazioartekotze bektorea» hobetzeko eta bultzatzeko.

f) Erakunde publiko eta pribatuekin lankidetza jarduerak, atzerritarrentzako euskara eta gaztelania ikastaroen arloan, zein unibertsitatean ofizialak ez diren beste hizkuntza batzuen arloan; hori guztia beste errektoreordetza batzuei berez dagozkien arloei kalterik egin gabe.

g) Irakats eskaintzan hizkuntza ez-ofizialak, batez ere ingelesa, sartzea eta bultzatzea.

h) Irakasleen egiaztagiriak hizkuntza ez ofizialetan emateko eskolak.

i) Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak nazioarteko foroetan duen presentzia eta atzerrian bere ikusgarritasuna eta proiekzioa sustatzeko beharko liratekeen ekintzen inguruko beste edozein eginkizun.

7.– Irakasle-ikertzaileen arloa.

Arlo honetan gai hauek biltzen dira:

7.1.– Irakasle eta ikertzaile irudiei buruzko araudia:

a) Hautaketa, prestakuntza eta sustapena.

b) Egoera akademikoak eta administrazio eta lan arlokoak.

c) Bateragarritasunak.

d) Eskubideak eta betebeharrak.

e) UPV/EHUrekiko harremana amaitzea.

f) Baimenak.

g) Ordainsariak.

h) Izendapenak eta kontratazioak.

7.2.– Irakasle-ikertzaileen plantilla eta irakats jarduera:

a) Irakasle-ikertzaileen plantilla planifikatu eta gestionatzea.

b) Irakats lana esleitzeko prozesua koordinatzea.

c) Esleitutako irakats jarduna bete egiten dela zaintzea.

d) Sailekin, ikastegiekin eta gizarte ordezkariekin bitartekari lana irakasle-ikertzaileen arloko gaietan.

8.– Eraldaketa digitalaren eta komunikazioaren arloa.

Arlo honetan gai hauek biltzen dira:

8.1.– Eraldaketa digitala:

a) IKT zuzentzea eta baliabide digital guztiak modernizatzea eta egungo premietara egokitzea.

b) Administrazio Elektronikoa hobetzea horretarako ezarritako organoaren baitan eta Idazkaritza Nagusiarekin koordinatuta.

8.2.– Komunikazioa eta koordinazioa.

a) Diziplina arteko proiektuak koordinatzea.

b) Unibertsitatearen plangintza estrategikoa eta emaitzak aztertzea.

c) Barne kontroleko zerbitzuaren jarduera koordinatzea eta jarraipena egitea.

d) Ekonomia eta finantza arloko politika koordinatzea.

e) UPV/EHUren jarduera ekonomikoen nondik norako orokorrak zehaztea, Gobernu Kontseiluak emandako xedapenei jarraikiz.

f) Errektorearen ordezkari izatea unibertsitate barruko organoetan, ekonomia arloari dagokionean.

g) Unibertsitatearen barne eta kanpoko komunikazioaren gestioa eta informazio eskariei eta kontsulta guztiei erantzutea.

h) UPV/EHUren egoera eta nazioartean daukan egoera aztertzea, jarraipena egitea eta prospektiba lana, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzarekin koordinatuta.

i) Unibertsitatearen irudi korporatiboa kanpoan zabaltzera zuzendutako jarduerak.

j) Informazio estatistikoaren koordinazioa.


Azterketa dokumentala