Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2021eko otsailaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
769

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 31koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Usurbilgo Aginagako erdigunea berrantolatzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko abuztuaren 26an, Usurbilgo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Usurbilgo Aginagako erdigunea berrantolatzeko Plan Bereziari buruzkoa (aurrerantzean, Plana), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren barnean. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, 2020ko urriaren 10ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Eusko Jaurlaritzaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Usurbilgo Aginagako erdigunea berrantolatzeko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoren prozedura bete behar duen, edota, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Usurbilgo Aginagako erdigunea berrantolatzeko Plan Berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Usurbilgo udalerrian indarrean dagoen araudia 2013 urteko otsailean onartutako Arau Subsidiarioen Testu Bateratua da eta bertan Aginagako A-010 Errazti, A-011 Soroa, A-92.1 Sagastiluze eta A-93 Errastigaina eremuetako antolamendu xehakatua ezartzen da. Plan berezi honen bitartez Usurbilgo Arau subsidiarioetako A-010 Errazti, A-011 Soroa, A-92.1 Sagastiluze eta A-93 Errastigaina hiri-eremuetako antolamendu xehakatu berria ezarriko da. Plan honen helburua Aginagako kaxkoaren ingurua berrantolatzea da, gaur egun indarrean den Arau Subsidiarioen Testu Bategina ezinbesteko oinarritzat hartuta.

Jarduketa eremu honetarako bi proposamen nagusi daude: Aginagako erdigunetik autoa ateratzea eta bertako mugikortasuna berrantolatuko duen saihesbide berria sortzea, eta, saihesbide horri esker, etxebizitza berriak eraikitzea, erdigunearen zabalpen moduan.

Plan Bereziaren exekuzio eremua Aginagako erdigunetik ekialderuntz doan magalean garatzen da, 11.702,55 m2-ko azalera hartzen duelarik («A-010 Errazti» eremua (2.167 m²), «A-11 Soroa» area (2.620 m²), «A-92 Sagastiluze» eremuko «92.1» exekuzio unitatea (977 m²) eta «A-93 Errasti gaina» (5.580 m²)). Plan Berezi honek indarrean dagoen araudiarekiko aldaketak proposatzen ditu. Aldaketa horien helburua da indarrean dagoen antolamenduaren inguruan ikusitako desegokitasunak zuzentzea. Proposatzen diren aldaketak honakoak dira:

– Sahiesbidearen trazadura pixka bat aldatu eta zona batzuetan sahiesbidearen zabalera aldatu.

– Etxebizitza erabilera duten 8 partzela antolatu. Horietako bost partzeletan etxebizitza berriak eraikitzeko aukera dago eta, aldiz, beste hirutan egun dagoen eraikigarritasuna finkatzen da. Eraikigarritasuna finkatzen den partzelak honako hauek dira: «a.6 Etxe-Lorea», «a.7 Gure Lanetik» eta «a.8 Soroa» eta etxebizitza berriak proposatzen diren partzelak honako hauek dira: «a.1», «a.2», «a.3», «a.4» eta «a.05» partzelak.

– Antolamendu berriak lau espazio publiko edota berdegune nagusi ezberdin ditu: Etxe Lorea etxearen alboko plazatxoa eta berdegunea, Estrata kaleko beheko aldean kokatzen den erabilera tertziario berriko lokalaren aurrealdea, etxebizitza berrien aurreko lorategiak, eta antolamenduaren goiko partean, ingurunean integratutako berdegunea. Guztira, 3.125 m2-ko azalera espazio publiko edota berdegunetarako.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: planak hirigintza-antolamendu xehatuko zehaztapen berriak ezartzen ditu. Hori onartu eta gero, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: planaren eta antolamendu-eremuaren ezaugarriak aintzat hartuta, plan honek ez du aipatzeko moduko ingurumen-ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, bereziki, erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez; horrek isolamendu hobea ahalbidetuko du, baita energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoak izatea eta eraikinak inguruneko paisaian integratzea eragin ere, ahaztu gabe beste ingurumen-helburu batzuk ere beteko dituela. Halaber, planak ez dakar artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatzea, lehendik dauden hiri-garapenetan eragiten baitu.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: planaren eremua Aginagako erdigunean aurkitzen da. Azaleraren erdia baino gehiago aurretik hiritartutako lurzorua da, hainbat erabilera jasotzen dutelarik (etxebizitzak eta jarduera ekonomikoak batez ere). Gainontzeko azpieremuek, nahiz eta aurretik hiri-lurzorua bezala sailkatuta egon, landalurreko ezaugarriak mantentzen dute eta eremuko baratze-, frutarbola- eta belardi-erabilera dute. «6510 Altuera txikiko segalarre txiroak» Interes Komunitarioko Habitataren azalera txiki batzuk identifikatu dira eremuan, zehazki 0,16 ha.

Planaren eremuan honako zarata igorpen fokoak daude: Erriberako kalea, Estrata kalea eta N-634 errepidea. Etorkizuneko etxebizitzen garapena N-634ak mugatzen du hego eta mendebaldetik.

Planaren ingurumen-efektu nagusiak etxebizitza berrien urbanizazio- eta eraikuntza-lanen ondoriozkoak izango dira. Aurkeztutako zarata azterlanaren arabera etorkizuneko eraikinek bizitegi-erabilerako eremuetarako kalitate akustikoaren helburuak beteko ditu.

Ingurumen-inpaktuak baloratzeko, erreferentziatzat hartu beharko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Ildo horretan, Planean proposatutako jarduketek, indarreko hirigintza-antolamenduan aurreikusitakoari dagokionez irismen mugatua dutenez, ez dute eragingo efektuak larriagotzea, arau horietan aurreikusitakoaren aldean. Honenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

e) Plana egokia ote den ingurumenaren arloko Batasuneko edo Espainiako estatuko legedia ezartzeko: plana egokia da Batasuneko edo Espainiako estatuko ingurumen-legeak ezartzeko; hain zuzen ere, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari, airearen kalitateari, zaratari eta biodibertsitateari dagokienez.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Plan Bereziaren eremua Aginagako erdigunean aurkitzen da. Plan Bereziak 11.702,55 m2-ko azalera hartzen du, baina azaleraren erdia baino gehiago aurretik hiritartutako lurzorua da, zehazki 6.451,30 m2, hainbat erabilera jasotzen dutelarik (etxebizitzak eta jarduera ekonomikoak batez ere). Gainontzeko azpieremuek, azaleraren ia %40-k, nahiz eta aurretik hiri-lurzorua bezala sailkatuta egon, landalurreko ezaugarriak mantentzen dute eta eremuko baratze-, frutarbola- eta belardi-erabilera dute. «6510 Altuera txikiko segalarre txiroak» Interes Komunitarioko Habitataren azalera txiki batzuk identifikatu dira eremuan, zehazki 0,16 ha.

Planaren eremuan honako zarata igorpen fokoak daude: Erriberako kalea, Estrata kalea eta N-634 errepidea. Etorkizuneko etxebizitzen garapena N-634ak mugatzen du hego eta mendebaldetik. Aurkeztutako zarata azterlanaren arabera etorkizuneko eraikinek bizitegi-erabilerako eremuetarako kalitate akustikoaren helburuak beteko ditu.

Plan Bereziak antolatutako esparruan ez da ur-ibilgurik igarotzen eta ez da kultura ondarerik identifikatu; eremua ez da interes naturalistikoko eremua ezta ere korridore ekologikoen parte; ez du kutsatuta egon daitekeen lurzorurik, ezta uholde arriskurik ere; eta ezaugarri onuragarriak ditu akuiferoen urrakortasunari dagokionez.

Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen prebenitzeko, babesteko eta zu-zentzeko neurriak eta aurrerago zehazten diren neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Usurbilgo Aginagako erdigunea berrantolatzeko Plan Bereziari ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

– Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kon-trolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

• Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

• Hondakinak sortzea eta kudeatzea: hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

• Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

• Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

• Induskatutako lurzoruen kontrola: Usurbilgo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

• Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

• Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiak obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

• Jarduera-eremuan hautemandako flora aloktono inbaditzailea guztiz kenduko da (Buddleja davidii eta Cortaderia selloana). Halaber, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin –jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko–, Udalsarea 21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila.

• Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Urbanizatu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

• Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Usurbilgo Aginagako erdigunea berrantolatzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Usurbilgo Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Usurbilgo Aginagako erdigunea berrantolatzeko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriz hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 31.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala