Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2021eko otsailaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
760

AGINDUA, 2020ko urriaren 19koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira Mundukide Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak.

Ikusi eta aztertu da fundazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2019ko irailaren 5ean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren erregistroan eskabide bat sartu zen telematikoki, Mundukide Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazioaren Patronatuak erabaki zuen, 2018ko ekainaren 19an, aldaketa horiek egitea, estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko.

Bigarrena.– Eskabidearekin batera, estatutuen aldaketari buruzko eskritura publikoa aurkeztu zen, zeina 2019ko maiatzaren 22an egiletsi baitzen, Antonio Román de la Cuesta Galdiz Arrasateko notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 447).

Eskritura publikoarekin batera, 2018ko ekainaren 25ean Arrasaten egindako ziurtagiria aurkeztu zen, Patronatuak 2018ko ekainaren 19an egindako bilerarena. Bilera horretan, aho batez onartu zen fundazioaren estatutuak egokitzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera. Zehazki, artikulu hauek aldatzen dira: 1, 2, 8, 10, 12, 13, 14, 15, 17, 19 eta 21.a; gainera, 8 (bis), 10 (bis) eta (19 bis) artikuluak eransten dira.

Hirugarrena.– 2020ko uztailaren 13ko idazkiaren bidez, bidalitako dokumentazioan atzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zion Fundazioen Erregistroak fundazioari; hau da, aldaketaren ondoriozko estatutuen testu bategina.

Laugarrena.– Aurreko eskaeran atzemandako akatsak zuzentzeko, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren erregistroan eskritura publiko bat sartu zen 2020ko uztailaren 24an, zeina 2020ko uztailaren 23an egiletsi baitzen Antonio Román de la Cuesta Galdiz Arrasateko notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 519). Horrekin batera, estatutuen testu bategina ere aurkeztu zen.

Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren zerbitzu teknikoek espedientea aztertu dute, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, fundazioek lege horretara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, lege hori indarrean jartzen denetik bi urteko epean.

Hirugarrena.– Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Mundukide Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak, agindu honen datarekin. Aldaketa horiek bat datoz 2019ko maiatzaren 22an Antonio Román de la Cuesta Galdiz Arrasateko notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin (protokolo-zenbakia: 447). Fundazioaren Patronatuak erabaki zuen aldaketa horiek egitea, 2018ko ekainaren 19an.

Eskritura publiko hori zuzendu egin zen, notario beraren aurrean 2020ko uztailaren 23an egiletsitako eskritura publikoaren bidez (protokolo-zenbakia: 519).

1.– Aldatzea fundazioaren estatutuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitu daitezen.

2.– Aldatzea fundazioaren estatutuetako 1, 2, 8, 10, 12, 13, 14, 15, 17, 19 eta 21. artikuluak.

3.– Eranstea 8 (bis), 10 (bis) eta (19 bis) artikuluak.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 26a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala